Honek dena aldatu beharko luke (Bikila)

Urte dezente igaro dira Ramon Fernandez Duranen Kapitalismo globalaren porrota eta Antropozenoa irakurri nituela, lagungarriak borrokalari eta pentsalari nekaezin baten azken ekarpenak bizi dugun mundu petral honen nondik norakoak hobeto ulertzeko. Metodologia zorrotz eta zehatz erabiliz, erakusten digu kapitalismo globalak talka egin duela biosferarekin, zuzen-zuzenean goazela amildegira, kapitalismoa ez badugu beste sistema batez ordezkatzen.

More…

Gezurra ari du (Maria del Rio)

Elurrik ez momentuz hasi berri den neguan, baina gezurrak, aldiz, gero eta maizago ikusi eta entzun ahal ditugu, leihotik begiratzerakoan, baita albistegietan ere. Fake news aroan bizi garen honetan, gaur bezalako egunetan, Inozente egunean, ohikoak ziren albiste bitxiak desagertzeko bidean egon daitezke. Izan ere, ez ditugu faltan botako, eguneroko ogia bilakatu baitzaizkigu gezurrezko albisteak.

More…

Laguntzak? Ez, eskubideak (Maria del Rio)

Alde nabarmena baitago bata eta bestearen artean, besteak beste, laguntzak eskatu eta eskubideak aldarrikatu egiten direla. EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea, 2008ko abendukoa, helburu nagusi batekin onartu zen: gizarte prestazioak eta zerbitzuak unibertsalizatzea. Hala, adinekoen egoitzak, zentro okupazionalak, familia harrera zerbitzua, indarkeria matxista jasaten dutenentzako laguntza psikosoziala edo gizarteratzeko eguneko zentroak bezalako zerbitzuak pertsona guztien esku jartzea zen onartu zeneko asmoa, bakar batzuen pribilegioa izan ez zedin.

More…

Iragana ahazteko lasterketa

Azken asteotan, industria turismoaren hausnarketari lotuta, Jaurlaritzak euskal industriaren ondare baliabide nagusiak indarrean jarri nahi izan ditu. Eskainitako bisita gidatuen, zineforumen eta bestelakoen helburua industria baliabideen garrantziaz sentsibilizatzea izan da. Arkitekturan eta hirigintzan adituak ez garenontzat, jakintza horien izaera politikoa birgogoratzeko aukera ere izan da.

Gure orain-oraingo historia industriari erabat lotuta dagoela ukaezina da eta horrek eragin handia du gure gaurko gizartean; horregatik, jaso dugun ondarea gure izaeraren ezaugarria dela esan dezakegu. Zoritxarrez, industria ondarea desagertzen ari da, Jaurlaritzaren bultzadarekin 20 urtean hondarrak modu sistematikoan suntsitzen joan dira ia-ia oihartzunik gabe. Horren harira sortutako gizarte eztabaida eta batez ere izandako erantzuna, salbuespenak salbuespen, oso eskasa izan da. Akaso Kukutzaren defentsa izan da salbuespen horietariko bat. Baina gaur egun asko da oraindik arriskuan dagoena, iragana ahazteko lasterketak jarraitzen du.

Suntsipenarekin batera 90eko hamarkadatik aurrera hirien birsortzea gertatu zen. Bereziki adierazgarria da Bilbon gertatutakoa, hiria kontsumo turistikoko marka bihurtu nahi izan da; hiriaren erdialdea behintzat. Itxuran ederragoa eta errentagarriagoa da, baina ez jasangarriagoa; eta batez ere arimarik gabeko hiri bilakatu dute.

Edozelan ere, ondareari buruzko politiken helburua ezin da izan memoria monumentalizatzea, malenkonian murgiltzea eta finean turismo industriako kontsumo produktu bilakatzea. Halere, gero eta homogeneoagoak diren herri eta hirietan industriaren aztarnak elementu bereizgarriak dira. Zaharberritu daitezke eta bizia eman ahal zaie, Europan zehar adibideak ugariak dira. Hiriei nortasun berria emateak ez baitu esan nahi iragana ukatu behar denik. Hirian bizi garenok ezin gara izan idatzi ez dugun antzerki baten aktoreak. Nazio Batuetako Garapen Jasangarrirako 2030 agenda ospetsuak zehazten duenez, hirigintza parte-hartzailea, integratua eta jasangarria izan behar da. Baina era berean, kultur ondarea babestu eta zaintzeko eginkizuna ezartzen du. Ez dezagun gure iragan hurbila hain erraz ahaztu.

GARAn argitaratua

Eskubideen urteurren gazi-gozoa

Maria del Rio – Alternatiba

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zenetik 70 urte bete direla, urtemugari eskainitako batzarra egin berri da Bilbon. “Erronka berriak” goiburua izanik, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen garapenaren balantzea egin zen, baita geroaz hausnartu ere, airean galdera kezkagarria utzita: ba al dute etorkizunik giza eskubideek?

Nazio Batuen 1948ko adierazpena aski ezaguna da, eta inork ezin du zalantzan jarri mugarria izan zela giza eskubideen historian. Eskubideak sustatzeko eta babesteko nazioarteko sistema testu horretatik sortzen da, eta munduan estandar izaera aitortu zaio.

Alabaina, egungo munduko egoera erabat nahasia eta aldakorra da. Europan muturreko eskumaren gorakada etengabea da; giza eskubideen diskurtsoak lehentasuna galdu du, eta eskuma agenda politikoa finkatzeko gaitasuna irabazten doa; gainera, Trump, Salvini eta Bolsonaroren modukoak gero eta ohikoagoak dira. Egoera kezkagarri honen aurrean, giza eskubideen hauskortasuna onartu beharra dago: atzera egiteko zinezko arriskua ukaezina da. Batzarrean aniztasunaren, errefuxiatuen eta nazioarteko terrorismoaren kudeaketan sakondu zen bereziki. Hortaz, gaurkotasun handiko eztabaida, alegia, «askatasuna edo segurtasuna» dilema, mahai gainean egon zen une oro.

Ezin dugu ahaztu giza eskubideak osasuna, hezkuntza eta etxebizitza ere badirela. Horiei guztiei eraso zaie krisiaren aitzakiapean hartutako austeritate politikekin. Berdintasunik eza gero eta nabariagoa denean, giza eskubideen diskurtsoaren oinarria diren berdintasuna eta duintasuna politika publiko ororen ardatza izatea ozenki eskatzea baino ez dugu. Beraz, nahitaezkoa da izaera eraldatzailea eta haustura gaitasuna duten mugimenduak sustatzea eta babestea, eta horren adibide ona da feminismoen gorakada. Azken finean, beldurraren diskurtso boteretsuari aurre egin beharra dago, eta horretarako, gizarte ehuna berreraiki eta «zapalduen arteko gerra» dinamika arriskutsuarekin apurtzea izan behar da helburu.

Gara-n argitaratua

X