Emancipatiba Alternatibaren formakuntza politikorako eskola da. Hasieratik, sozialismo multidimentsionalean aurrera egiteko asmoa duen erakundetzat agertu du bere Alternatibak, hau da, emantzipazioaren eta menpekotasun sistema desberdinak gainditzearen aldeko borroketan ari diren subjektu desberdinak bilduko dituen agenda politikoaren aldeko apustua egitea.
Bestalde, demokrazia militantearen alde egiten du Alternatibak, non erakundea osatzen dugun guztiok jabekuntzarako tresnak ditugun, parte-hartze aktiboa eta kalitatezkoa izateko, beti ere, proposamenak modu kolektiboan egiteko bideak sustatzen.
Hortaz, formazioa oinarrizko elementua da eta Emancipatiba da, hain zuzen ere, demokrazia militante eredu hori sustatzeko beharrezkoak diren lanabesak eskaintzeko sortutako espazioa, agenda multidimentsional horretan aurrera egiteko helburua ere duena. Horretarako, prestakuntza egitaraua alderdi desberdinetan planteatzen dugu:
1.- Ezagutza partekatuak: Alternatibako militantziari zuzendutako formazio programa da, honako arloetan gutxieneko ezagutza komunak eman nahi dituena: feminismoan, ekologismoan, sozialismoan, erroko demokrazian, internazionalismoan, bakegintzan eta normalizazio politikoan. Helburu nagusia egungo sistemaren azterketa egiten laguntzea da, menpekotasun forma desberdinetatik abiatuta eta, aldi berean, menpekotasun jarduera horiei aurre egin dioten borroka desberdinen historia marraztea, eta zergatik ez, egungo sistemaren aurrean proposamen berriak plazaratzea. Laburbilduz, gure agenda politikoa ikuspegi desberdinen bitartez antolatzea, borroka batzuk besteen gainetik pribilegiatu gabe militantziaren espazio guztietan.
Programa – Bideoak – Materialak
2.- Eztabaida emantzipatzaileak: Egungo egoeratik alternatibak benetan sortu nahi baditugu, formakuntza iraunkorra izatea beharrezkoa da, aurrera egiten lagunduko gaituzten proposamenak sortzen eta identifikatzen joatea, alternatiba horien eraikuntza ahalbidetzeko. Hau dela eta, eztabaida publikoak ezinbestekotzat ditugu gure agenda politikoa modu kolektiboan jorratzea sustatuz eta beste eragileekin elkarlanean.
Eztabaidak – Bideoak
3.- Tokikoa: Tokiko asanbladetatik, parte-hartze eta militantzia prozesuetatik hitzaldiak, eztabaidak eta bestelako ekintzak egiteko proposamenak egiten dira.
4.- Bestelako formazioak: Beste kolektibo batzuek antolatzen dituzten formakuntza eta jarduera desberdinen inguruko informazio eguneratua izatean datza, Alternatibaren militantzia sendotu edota agendan aurrera egiteko.