Alternatibak Garoñaren bizitza luzatzeko aukera salatu du eta Gasteizen manifestatzera deitu du biharko

Alternatibako bozeramaile, eta alderdiko Mahai Ekologistako kide, Asier Vegak, irmo salatu du gaur Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak iragarritako erabakia, Garoñaren jabe Nuclenor enpresari urtebeteko epe berria eman diolako Garoñaren bizitza luzatzeko, orain arte behin betiko itxiera datorren uztailaren 6rako aurreikusita zegoen arren. Erabakia, esan duenez, “energiaren sektoreko enpresa handiekiko klase politikoak, eskumak bereziki, duen menpekotasunaren froga argia” da.

Alternatibak aurretik adierazi duenez, Garoñako zentral nuklearraren itxiera “ezinbestekoa bezain premiazkoa” da, dagoeneko amortizatua dagoelako eta, besteak beste, “zaharkitua dagoelako eta segurtasun gabeziak zein arrisku anitzak dituelako”. Vegak gogorarazi du argudiorik ez dagoela  zentrala zabalik mantentzeko: “une honetan eta azken urteetan egiaztatu denez, Espainiako Erresuman eskaintza energetikoak eskaera gainditzen du, eta esportatu ere egiten da; ezin daiteke, hartara, menpekotasun energetikoaren aitzakia erabili”.

Guzti horregatik, Alternatibatik bihar larunbata Gasteizen Araba Garoñarik gabe herri ekimenak deitutako kontzentrazioan masiboki parte hartzera deitu dute. Eguerdiko 12:00etan izango da elkarretaratzea, Aldundiaren aurrean, “Nuclenor, gobernua, PP ez izan lotsagabeak!” lemapean. Alternatibaren ordezkaritza zabala bertaratuko da protestara, besteak beste, Arabako koordinatzaile Josu Estarrona izango da bertan.

San Fermin urakana

Josu Estarrona eta Cristina Bereciartua – Alternatiba Araba

Artikulu hau argitaratzen denerako, SEA Arabako Enpresariek hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasunaren amaierari buruz antolatutako mintegia amaituta izango da, hau da, data horren aurretik berritu izan ez diren hitzarmen kolektiboek ez dute aurrerantzean izaera arauemailerik izango.

Elkarte horri atxikimendua ematen dioten enpresariek uztailaren 7aren osteko egoerari buruz eztabaidatu omen dute. Une horretan, Arabako 49.851 lagunei eragiten dieten sektore-itun garrantzitsuen ultraeraginkortasunak azken arnasa emango du. “Iraungipena” delakoaren ondorioz, langile horiek gainetik dagoen hitzarmen baten baitan (Estatu mailako Hitzarmena) egongo dira edo zuzenean Langileen Estatutuaren berme legalaren babespean, hau da, 645,30 euroko hileko soldata eta urteroko 1.800 orduko lanaldiaren mehatxupean.

Arabako enpresariak oso kezkatuta omen daude langile hauek babesik gabe geldituko direlako, eta egungo lan baldintzak mantentzeko prest daudela ziurtatzen dute. Baieztapen honekin, ondorioztatu daiteke datorren uztailaren 8an itun kolektiboak ez betetzea “patuak agindutakoa” dela, enpresariek gertatzea nahi ez duten hondamendi natural bat izango balitz bezala, aurreikusterik eta gelditzerik ez dagoena. Baieztapen hau, gainera, errealitatetik urrun dago. Izan ere, Lan Erreformaren Legeak gutxieneko ildoa markatzen du, eta enpresei ez die inolaz ere eskatzen, ultraeraginkortasuna igaro ondoren indarrean dagoen maila altuagoko hitzarmena sistematikoki aplikatzeko.

Modu xeheago batean esanda, emakume batek, enpresa bateko langile moduan, uztailaren 7an 1.650 ordu lan egin behar bazuen, uztailaren 8an egutegi bera mantenduko du, bere nagusiak aldatzen ez duen bitartean; legeak eskubide hori ematen baitio, eta kasu horretan, lanaldiaren aldaketaren erantzukizuna soilik enpresariarena izango da. Gauza bera gertatzen da garraiorako, laneko arropak garbitzeko edota lan toxikoak egiteagatik litro bat esne jasotzeko eskubidearekin, eta baita hitzarmenek barne har ditzaketen bestelako adostasunekin ere. Ez dira iraungiko ezta jainkoak hala nahi duelako desagertuko ere, baizik eta enpresariek aldebakarrez hala erabaki dutelako, beti ere, Lege anker eta bihozgabe batek babestuta.

Arabako Alternatiban jakin badakigu azken urte honetan negoziazio kolektiboari dagokionez pairatu behar izan dugun enpresarien egoskorkeriaren helburu bakarra momentu eta egoera honetara heltzea zela. Orain langile arabarrek gaizki egon edo are okerrago egotearen artean aukeratu behar dute. Gaizki, enpresariek azkenaldian egindako lanaldi igoera, soldata jaitsiera eta lan baldintza kaxkarragoen eskaintza onartzen badute, eta txarrago, ultraeraginkortasunaren amaierarengatik eta itun kolektiboak bete ez izateagatik.

Ondo dago, eta demokratikoa da Arabako Enpresariek euren interesak defendatzea, gauza bera gertatzen da langileriak bereak defendatzeko eskubidearekin, baina gizarte arabarra ergeltzat hartzeko asmoa onartezina da. Ez Lan Erreforma, ezta ultraeraginkortasuna, ezta dirudienez gertatuko den itun kolektiboak ez betetzea, ez dira zerutik erori, erantzule argiak dauzkate, eta SEA Arabako Enpresarien elkarteak bere errua onartu beharko luke.

Alternatibak mobilizazioa egingo du bihar Gasteizen iraultza Bolivartarraren alde

Alternatibako bozeramaile Luis Maria Salgadok kalera ateratzera dei egin du Alternatiba Arabak bihar asteazkena, hilak 24, Gasteizko Posta kalean Correos aurrean arratsaldeko 19:30etan deitutako kontzentrazioan parte hartzera “Eraso inperialistaren aurrean, iraultza Bolivartarra!” lemapean egingo dena. Salgadok salatu du Venezuelako eskuinaren indarkeriazko jokabidea eta horregatik, iraultza Bolivartarrarekin elkartasuna adierazteko indarrak batzera deitu du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak oposizioari eskatu dio “jarrera kolpistari eten egiteko eta hauteskunde emaitzak berehala aitortzeko. Baina batez ere, armak eta indarkeria alde batera utz dezala, dagoeneko hainbat lagun erail dituztenean”. Aldi berean, Capriles ordezkatzen duen eskuinaren helburu bakarra horrela nabarmendu du: “beldurra sustatu eta estatu kolpea jo nahi dute, iraultzaren alde dagoen herri horretan faxismoa ezartzeko”.

Salgadok gogorarazi nahi izan du Venezuelak munduan dagoen hauteskunde zenbaketa sistema gardenetarikoa duela eta Maduroren Gobernua animatu du “Chavezek duela hamarkada luze bat hasitako iraultzarekin aurrera egitera, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen sozialismoa lortu arte”. Hala, Alternatibatik gogoratu dute Iraultza Bolivartarra “guztion iraultza” dela, “Euskal Herriarena ere; Latinoamerikako iraultzak gure buruak islatzeko ispiluak diren heinean”.

http://alternatiba.net/old-files/VenezuelaKontzenGasteiz_0.jpg

Aguraindik ere, matxinatzeko arrazoiak

Toni Ramos – Alternatiba Araba

Krisiaz modu orokorrean hitz egitea, honezkero, nekagarria eta errepikakorra ere izan daiteke. Dagoeneko, ezkerreko gizon eta emakume guztiok bat gatoz esatean hau ez dela krisi ekonomiko soila, ez dela krisi zikliko horietako bat, kapitalismoaren babesleek irakatsi nahi izan diguten bezala, igaroko diren horietakoak eta azken buruan merkatuak ia berez konponduko dituena. Izan ere, errealitatean, sistema kapitalista beraren krisi bat da, krisi ekonomiko, ekologiko eta energetiko batean ondorioztatu dena. Egoera honetan, kaltetuak betikoak dira, bereziki emakumeak. 

Gertuko kasuak ezagutzea interesgarriagoa izan daiteke; Gogoeta eragin eta horrelako egoerak pairatzen dituzten pertsonez errukiarazten gaituztenak; gehiago ala gutxiago, basakeria honen eraginik jasotzen dutenak eta noiz edo noiz mobilizazioren bat babesteko kalera ateratzen animatzen diren horiek hunkitu ditzaketenak. Hau eraginkorragoa izan daiteke kontzientziak pizteko, bai, baina kasu horiek ere, gero eta gehiago, gure egunerokotasunaren parte dira eta ohikoak bihurtzeko,  eta beraz sentsazionalismoan erortzeko arriskua dute.

Inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar, bizilagunak entzun, udal asanbladetara joan (deitzen diren lekuetan, noski), kalean dauden kartelak begiratu eta norberaren burua ispiluan begiratu. Aski da gainean dugun egoeraz jabetzeko. Gure inguruan gertatzen dena azaletik aztertu besterik ez dugu behar. Honen bitartez ulertuko dugunez, ez da beharrezkoa azalpen global bat bilatzea, azalpena bere horretan datorrelako, eta ez dugu eredu dramatiko bat behar, parez pare dugu eta.

Nik ariketa hau praktikan jarri dut nire herrian, Agurainen. Higiezinen eztandak eta bestelako txorakeriek eraginda, aurreko udal gobernuak sustatutako kudeaketa negargarriaren erruz Udalak duen zor izugarriaz konturatu naiz; FCC talde boteretsuaren filial batean estalitako erraustegi bat Olaztin eraiki nahi izateagatik guztiok sufritzen dugun arriskua ikusi dut; langabeziaren lekuko izan naiz, azken urtean %10eko igoera izan duena, Agurainen %19ko tasa eutsiezinera heldu dela; eta etxe kaleratzeen itzal makabroa eta baita familia aguraindarren zelatan dauden putreak ere. Horrela, kasu jakinetan gelditzeko beharrik gabe eta azalpen globalak emateko beharrik gabe, egoera onartezina dela ondorioztatu dut eta arrazoi nahikoa dauzkagula bidegabekeria horien guztien aurka kalera ateratzeko eta matxinatzeko; sistema kapitalistaren aurka matxinatzeko. 

Baina Agurainen kasua ez da bakarra, ez da salbuespen bat, ez da aparteko gertakari bat. Eta gure herri eta hiri guztietan, gure inguruan gertatzen denari buruz azaleko analisi hau bera egiten badugu, argudio berdin eta ezberdinekin topo egingo dugu, kalera irteteko eta munstro zapaltzailearen  aurka eta bere ondorioen aurka matxinatzeko.

X