Herrizaingo sailak jarrera “oztopatzailea” izan du Nafarrate auzian

Koalizioak Legebiltzarrean Arartekoak egin duen agerraldia entzun ostean berretsi du bere iritzia. Lamarcak adierazi du berak Jaurlaritzak ez ziola eman Arartekoak eskatu zion informazio guztia.

EH Bilduk egindako eskariari jarraituta, Iñigo Lamarca Arartekoak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Xuban Nafarrateren kasuaren harira daukan iritzia azaltze aldera. Hilaren 11n Joseba Nafarrate Xubanen aitak ere hitz egin zuen legebiltzarreko batzordean (bideoan doa hanemandakoa). Nafarratek 2012ko martxoaren 29an egin zen greba orokorrean parte hartu zuen, eta egun hartako istiluetan larri zauritua suertatu zen. Familiaren eta testigu batzuen arabera, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz zauritu zen. Horren aurrean, Nafarrate familiak epaitegietara jo eta Ertzaintzaren aurka salaketa jarri zuen. Epaileak, ordea, salaketa artxibatzeko erabakia hartu du.

Oskar Matute legebiltzarkideak Arartekoaren iritzia entzun ostean adierazi du Herrizaingo sailak izan duen jarrera “anormala eta oztopatzailea” izan dela. Rodolfo Aresek nahita ez dio eskatutako informazio guztia eman Arartekoari. Jokabide “anormal eta ilogiko” horren aurrean, EH Bilduk bere kezka adierazi du eta Legebiltzarrean aldarrikatu du, aurrerantzean, Arartekoak indarraren erabileraren inguruan egindako gomendioak derrigorrez bete beharrekoak izatea.

Matutek gogoratu du auzi honen inguruan Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak agindutakoa ez dela oraindik bete. Jaurlaritzak barne ikerketa bat agindu zuen eta Legebiltzarrak auzia jarraitzeko batzorde bat sortzea erabaki zuen. “Ez dira ez bata ez bestea bete”, esan du Matutek. Ildo horretatik, koalizioaren ordezkariak sailburuari eskatu dio ikerketarik egon den argitu dezala, eta baiezko kasuan, horren inguruko informazioa argitara ematea.

Bestalde, EAJri oposizioan defendatu zuen jarrera bera mantendu dezala eskatu dio. Horrela, Ertzaintzak gomazko piloten erabilera bertan behera utzi beharko luke eta ikerketa batzordea sortu beharko litzateke. “Hala izan ezean, gizarteari iruzur egingo lioke EAJk”. Bukatzeko, esan du EH Bilduk lanean jarraituko duela “2012ko greba orokorrean gertatu zena argitu dadin eta pertsona ororen eskubide oro errespetatuak izan daitezen”.

Alternatibak errausketaren aurka larunbatean Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak martxoaren 16an Altsasuko (Nafarroa) kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egitera deitu du gaur, “Portland errauskailuaren inposaketari ez. Herritarron hitza errespetatu” lemapean abiatuko dena. Estarronak salatu duenez: “hondakinen errausketak ez da bakarrik Sakanako bailaran bizi direnen osasunaren kontrako arriskua, inguruko herrientzat ere bada, etorkizunean haien ibai, landa eta urtegien kutsadura ere ekar dezakeelako”.

Ildo horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu du “zaborren errausketak ingurumenarengan inpaktu handia eragin dezakeela, porlan fabrika Aizkorri-Aratz, Urbasa eta Aralar parke naturalen artean kokatuta dagoelako. Gainera, baliabide naturalei eraso egiteaz aparte, enpleguari ere kalte egingo dio, abeltzaintzari, nekazaritzari eta landa turismoari zuzenean eraso egiten dielako, bailarako populazio handia lanbide horietatik bizi baita. Are gehiago, Portland porlan fabrika Arabarekin mugan dagoela gogoratu du, Aguraindik 20 kilometro eskasetara, eta honek, “arabarren arazoa ere bihurtzen du”.

Hala, mobilizazioen beharra nabarmendu du, Nafarroako Gobernuak onartutako proiektua atzera eragiteko, baina ahaztu gabe Arabako Foru Aldundia ere presionatu beharra dagoela, Arabari kalte egiten dion heinean proiektuaren aurka egin eta bertan behera utz dezatela eskatzera behartuz. Estarronak errausketaren aldeko apustua lagatzeko galdegin dio Yolanda Barcinaren gobernuari, “ez baitu hondakinen arazoa konpontzen eta, gainera, enpresa pribatuen mesederako baino ez da”; horrez gain, exijitu dio “alternatibak bila ditzala, hondakinen berrerabilpenean, birziklapenean eta gutxitzean oinarritutako alternatibak, Gipuzkoako hamaika herrik dagoeneko bere egin duten atez ateko sistema arrakastaz bere eginda, esaterako”.

Alternatibaren militanteek Sakanako errausketaren aurkako 3 Mugak Batera plataformak deitutako manifestazioan izango da, Altsasuko Netto supermerkatutik abiatuko dena arratsaldeko seiretan abiatuko dena.

Alternatibak PNVren egoitzaren aurrean egingo den protestarekin bat egin du, Palestinaren aldeko ekintzak debekatu izana salatzeko

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak salatu egin du Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria-Palestina Sareak Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldearen bisitaren aurrean antolatutako hainbat protesta ekintza debekatu izana.

Gogorarazi duenez, jarduera hauek nazioarteko kanpaina baten harira egiten dira: “Israelek Nazio Batuen ebazpenak sistematikoki urratzearen aurrean, Palestinako herriak etengabe pairatzen duen eraso militar zein zibilaren aurrean, eta nazioarteak gatazka justiziaz konpontzeko agertu duen geldotasunaren aurrean, Palestinako herriak zein mundu osoko eragileek BDS (boikota, desinbertzioa eta zigorrak) kanpaina jarri zuten abian, palestinarren kontrako apartheida salatzeko”.

Desobedientzia aktiboa eta bakezalea oinarri duen estrategia honen baitan antolatu dira Baskonia eta Maccabi taldeen arteko norgehiagokaren harirako protestak baina Herritarren Segurtasunerako Sailak debekatu egin ditu ekintza jakin batzuk, horietako bat “Maccabi kanpora, Israeli boikot, Palestina askatu” lemapean egin behar zen elkarretaratzea, leloa indarkeria sustatu dezakeekaloan.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Urkulluri galdetu dio ea “zertan ikusten duen indarkeria aldarrikapen justu eta bakezale batean, hain zuzen ere bortizkeria darabilen okupazioaren amaiera exijitzen duena”. Horregatik, Alternatibak parte PNVren Gasteizko egoitzaren aurrean eginiko protestan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzaren erabaki honek Israelgo estatua legitimatzen duela salatzeko.

Argazkia: Euskal Herria-Palestina Sarea

Martxoak 3: Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko

Martxoak 3ko gertutasuna dela eta, Gasteiz iraganera begira jarriko da beste behin ere, duela 37 urte Zaramagako auzoa odolez tindatutako egun hartara. Amorruz eta suminez, baina harrotasunez batez ere.

Orduan, Gasteizko langileria, antolakuntzarako eta konpromisorako gaitasuna erakutsi zuen. Aldaketa Politiko, Sozial eta Ekonomikoa ahalbidetzeko baldintzak ezarri ziren eta oinarri eta balio horiek gaur egun diraute eta langileon eskubideak urratzen ari diren garai honetan duintasunez erantzuna emateko baliatuko ditugu. Paper garrantzitsua izan zuten elkartasun komitean aritutako emakume askok eta askok, gazteak eta ikasleak baita ere.

Gaur egun, garai hartan bezala, gure eskubideak lapurtu nahi dizkigute.

Eta Arabar guztion defentsan aritu beharko liratekenak, alfonbra gorria jartzen diete Madriletik datozen inposaketei, BAI, ateak irekitzen dizkiete “De Andresek” eta “Alderdi Popularrak” Madriletik jasan behar ditugun neurri neoliberalei.

Egoera honi aurre egiteko, EH BILDUk burujabetza eta aldaketa sozialaren aldeko aldarria egiten du. Irtenbidea badagoelako, eta alternatibak baditugulako. Honen harira, AMAIUR taldeko Sabino Cuadra eta Rafa Larreina kongresistak, datorren martxoaren 7an, ostegunean, “Villa Suso”-n eskeiniko duten hitzaldira gonbitea luzatu nahi diegu herritar orori, aldaketarako proposamenak eta neurriak ezagutzeko aukera eskeiniz.

Aldez aurretik, Martxoak 3 dugu bueltan. Borrokaren ikurra baina hilketarena ere bai. Poliziak 5 langile hil zituen eta ehundaka zauritu. 37 urte pasa dira eta Estatuak oraindik ez du bere ardura aitortu. Datorren igandean, goizeko 11:00tan Gasteizko langileria pairatutako errepresio bortitza, bidegabekeria eta zigorgabetasuna salatzeko eta bizia galdu zutenen memoria gurera ekartzeko, omenaldi xumea egingo dugu Zaramagako auzoan, urteroko manifestazioaren aurretik.

Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko.

X