Tas-Tas eta Hala Bedi irrati libreei buruzko bideo-erreportajea egin du Alternatibak

Alternatibaren Bilboko Asanbladako militanteek Irrati Libre eta Komunitarioen inguruko bideo-erreportajea egin dute, Bilboko Tas-Tas Irratiko eta Gasteizko Hala Bedi Irratiko ordezkariak elkarrizketatuz, beren eragin eremuetan gehien errotuetako hedabide alternatiboetako bi, alegia; hamarkadak baitaramatzate ahotsik ez dutenen ahotsa izaten, tokiko errealitateari begira FM bidez emitituta zein beren uhinak mundu osora zabalduta Interneteko emisioen bitartez.

Biak ala biak dira, gainera, Euskal Herriko hogeitik gora irrati libre biltzen dituen Arrosa Sareko kide, haien arteko elkarlana sustatzeko martxan jarritako proiektua, euskarazko irratsaioak elkar trukatuz edota beren kideen trebakuntza hobetzeko tailerrak prestatzen.

Elkarrizketen bidez, komunikazio proiektu herritar hauen sorrera eta garapena, Eusko Jaurlaritzak egin eta bertan behera utzitako azken lizentzia lehiaketa edota irrati libreek inguruko eragile sozialekin dituzten harreman zein elkarlanaren berri ematen da bideoan. Erreportajea Alternatibaren YouTubeko katean zein webgunean ikus daiteke dagoeneko. Euskaraz grabatu izan da eta 11 minutu inguruko iraupena dauka.

EH BILDUk lan istripuen aurka konpromiso eraginkorra exijitu die beste alderdiei

ARABAko EH BILDUk lan-ezbeharren aurka konpromiso eraginkorra exijitu die beste alderdi politikoei zein instituzioei. Halaber Amurrioko Tubacex lantokian izandako lan istripua deitoratu du eta Juan Carlos Francoren senide, lankide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi izan die. Zoritxarreko gertaera arratsaldeko lehen orduan izan zen baina, zailtasunez zailtasun bizirik Cruceseko Ospitalera heldu bazen ere, ordu gutxi pasa ondoren zendu zen.

ARABAKO EH BILDUk urteak lehenengo hamar egunak bete ez dituenean, lan istripuen zerrenda beltza estreinatu dela gogoratu du. Zentzu horretan, ARABAKO EH BILDUk, krisi ekonomikoaren ondorioz, segurtasun neurriak aplikatzeko orduan lasaitasuna antzeman du. Era berean, askotan dauden lan erritmo intentsiboen ondorioz eta azpikontratazioaren ondorioz, suertatzen direla lan istripuak esan du.

ARABAKO EH BILDUk beste alderdi politikoei lan istripuen aurkako aritzeko konpromisoa eskatu die. Izan ere, atzo bertan bi istripu larri izan ziren Euskal Herrian. Azkenik, langile honen heriotza salatzeko egongo diren deialdietan parte hartzeko deia egin du ARABAKO EH BILDUK.

Irudia: LAB

Alternatibak Guardian Laudioko langileak zoriondu ditu, bi hilabeteko grebarekin kaleratzeak geldiarazi dituztelako

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak Laudioko Guardian enpresako langileak zoriondu nahi izan ditu gaur, borroka luzearen ostean – ia bi hilabeteko greba bukatu berri baitute- enpresak 140 langile kaleratzeko zuen asmoa bertan behera uztea eta, era berean, hasierako asmoa zuten lan ituneko baldintzei eustea lortu dutelako. “Langile erresistentziaren eredugarri izan dira eta, horri esker, kapitalaren zerbitzura dauden politikariek enpresen esku jarritako lan erreformadun lanabesak geldiaraztea lortu dute”.

Guardianeko langileek, alderdi ezkertiarreko ordezkariak azaldu duenez, “bertatik bertara ezagutu behar izan dituzte hainbat enpresaburuk darabilten jarrera sasi mafiosoa langileek auren eskubideen alde egiten dutenean, izan ere, lan baldintzak babestera joan eta enpresaren aldetik langileen laurden bat kaleratzeko mehatxuarekin topo egin zuten”. Beharginek, baina, “ederki antolatu dira, sigla eta batzordetik haratago ere bai, kaleratzeei erantzuteko. Modurik mingarri eta ausartenean egin dute, grebara jotzen, eta mehatxu gehiago ez ezik, askotariko presioei aurre egin behar izan diete”.

Borroka honi esker, kaleratzeak egiteko enplegu erregulazioa behin behineko dosierrean eraldatzeko proposamena lortu dute, datorren urtean langile guztiei 45 egunez eragingo diena baina soldatak bermatuta. Hori baino lorpen garrantzitsuagoa ere lortu dute, lan itunean ultraeraginkortasunari eustea eta kaleratzearen baldintzak erreformaren eraginetik babestea.

Estarronak, azkenik, “halako egoera lazgarriei egunero aurre egiten dieten langileak milaka eta milaka” direla gogorarazi du, eta, horregatik, eragile sozialei eta, oro har, herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.

Azken asteotako gertakariek Araban EAJ ez dela PP-ren alternatiba agerian utzi dute

EH Bilduk azken asteotako gertakariek EAJ ez dela PP-ren alternativa Araban agerian utzi dutela esan du. “Araban egoera geroz eta larriagoa da, eta honetara eraman gaituen politika ereduak, De Andres eta PP honen ordezkari ditugularik, ez gaitu egoera honetatik aterako. Arazoen aurrean beti konponbide ezberdinak izaten dira, eta aspalditik ezagutzen ditugu hauena. Azaltzen ari garenagatik, eta aldaketaren bidean, gure bozkak mahai gainean jartzen ditugu agintzen jarraitu ez dezaten. Legealdiaren hasieran Ahaldun Nagusia izendatu zenean bezala, PP-k Araba ez gobernatzekoaren aldekoak dira gure bozkak. Baina EAJ-k ardura eta erantzunkitzuna hartu behar du. Guk oso argi dugu, gure esku dagoen guztia egingo dugula PP geldiarazteko. Baina zoritxarrez, EAJk ez duela PPren alternatiba izan nahi uste dugu”, azaldu dute Belen Arrondok eta Iosu Estarronak. Horiekin batera, Patxi Mtz. De Albeniz eta Rikardo Otxoa ere egon dira.

PPk herrialdeko instituzioak gobernatzen hasi zenetik gero eta babes gutxiago duela azpimarratu dute, egun, laugarren indarra bilakatu delarik Araban, eta horrek aldaketa sozialaren alde gero eta jende gehiago gauden seinale da. “Arabaren kalterako izaten ari dira behin eta berriz PPk hartzen dituen erabakiak, horren adibide Forondako aireportua dugu: Gure herrialderako oinarrizkoa den infraestruktura ez dute defendatu, ez De Andresek ez Marotok eta herrialdearen interesak defendatu beharrean, Araba salgai jarri dute” gehitu dute.

Legealdiaren hasieratik, PP ez gobernatzeko eskua zabaldu zuela EH BILDUk esan dute. Norabide horretan, aldaketak sustatzeko eta konponbideak eta alternatibak eskaintzeko ari direla esan dute: aldaketa politikoa eta sozialaren alde eta ildo horretan elkarlanerako guneak bilatzen herri mugimendu, eragile sozial eta gainontzeko alderdi politikoekin. “Baina zoritxarrez, PSE-k eta EAJ-k, PP-ren gobernuari babesa ematen jarraitzen diote. Hautesleen artean inoiz izan duen babesik txikiena izan arren, bere kudeaketa inoiz baino erantzun zabalagoa gizartean izan duenean, orduan erakutsi du EAJ-k bere jarrerarik onena PP-rekiko”, diote.

Zahaztu dutenez, “helburua Araba indartzea da, etorkizunerako alternatiba eskeiniz”. Eta horretarako proposamen sozioekonomikoa dutela gogora ekarri dute arazo zehatzei erantzuteaz gain, oinarriak finkatzen ari direlako, “etorkizun laburrean zutabe sendoak eraikitzeko asmoz”.

Alternatibak neurriak exijitu ditu lan erreforma baliatuta enpresek langileen kontra darabilten xantaiarekin amaitzeko

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak salatu egin du gaur milaka langileek egunero pairatzen duten egoera larria, haien enpresetan presionatu egiten baitituzte  beren lan baldintza eta soldatetan murrizketak onar ditzaten: “Azken urteotako lan erreforma desberdinak baliatuta, enpresen aldetik benetako xantaia pairatzen ari dira langileak, zigorrekin eta kaleratzeekin mehatxatzen baitituzte lan hitzarmenetan beherapenak onartzen ez badituzte”.

Hainbat enpresabururen jokabide “mafioso” horren adibide Guardian enpresako zuzendaritza jarri du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, Laudioko lantegian langileek hitzarmen duin baten alde hasitako mobilizazioei 120 lagun kaleratzeko mehatxuarekin erantzun baitie. Kasu honetan, “inolako argudiorik gabe kaleratzeak mahai gainean jarri ez ezik, langileak banan banan deitu dituzte lanuzteak laga ditzaten, enpresak greba oztopatzeko bere esku dagoen guztia egiten duen bitartean”.

Halako gertakarien aurrean, Alternatiba Arabatik erakunde guztiei, Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, dei egin diete, enpresaburuak lan erreformak ematen dien boterea gehiegikeriaz erabiltzen ari diren lan gatazketan inplikatu eta neurri eraginkorrak martxan jar ditzaten: “Erakunde publikoek xantaiak amaitzeko lan egin behar dute, bitartekaritza lanaren bidez eta haien esku dagoen guztia eginda Araban eta Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztien eskubideak babesteko”.

Era berean, eragile sozialei eta herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.

X