Garai berriarekiko, ARABARRON KONPROMISOA

Egun zailtasunak zailtasun aukeraz beteriko garaia zabalduz doala ikusten dugu, Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari benetako konponbidea emateko atea zabalik da. Bide horretan aldaketa politiko eta sozialerako urratsak egunez egun lantzen ari dira. Ezkerreko esparru soberanista etengabean handituz doa, bai eremu politikoan, bai instituzionalean, bai sozialean. Azken bolada honetan Arabak egundoko jauzia ezagutu du aipatutako norabidean: hauteskundez hauteskunde aldaketarako esparru soberanistak gora egin du; langileon eskubideen defentsan mobilizazio iraunkorra antolatu da; martxoaren 29ko greba orokorra egun arrakastatsua izan zen; gazte belaunaldi berriak susperraldia bizi izan du, eta abar. Besteak beste, gaurko argazkia horren adierazle dugu. Argazki eraikitzaile bezain anitza. Aldaketarako argazkia.

Gaur hemen bildutakook konpromiso hitza lokailu hartzen dugu, bakoitzak berean eta berari dagokionean, ezkerreko esparru soberanistaren loratze honi geure alea ere erantsi diezaiogun. Geuk ere Araba ezkertiarra eta abertzalea eraiki nahi dugu. Geuk ere aldaketa eraikitzen parte hartu nahi dugu. Geuk ere uste baitugu beste Euskal Herri bat, beste Araba bat posible dela. Horregatik, euskaltzaleak, irakasleak, gurasoak, ekonomilariak, abokatuak, medikuak, etxeko langileak, erizainak, sindikalistak, kulturgileak, musikariak, idazleak, kirolariak, gazteak, herrigintza nahiz gizartegintzako eragileak, jubilatuak, autonomoak, langileak, enpresariak, kazetariak, nekazariak, abeltzainak, ingurumen teknikariak, langabeak… Askotariko lagunak eta esparru askotakoak bildu gara gaurkoan garai berriari gure hitza eta eskua luzatzeko, bide berri honetan guk ere parte eta “aktore” izan nahi dugulako, “aldaketarako filma” ekoiztera goazen honetan, denon artean, norberak beretik, konpromiso bateratuaz.

Ildo horretatik, Arabarron Konpromisoa esanahiz beteriko aipamen bilakatzera goaz. Errealitate ezkertiarra eta anitza eraiki dezagun, etorkizuna abertzale, euskaldun, solidario, feminista, internazionalista eta ekologistagoa izan dadin. Bide horretan aurrera egiten lagundu nahi duen norbanako oro Arabarron Konpromisoaren parte izango da, geure etorkizuna elikatuko duen ur-jauzi etengabe eta emankorraren parte.

Gaur hemen bildutakook bat egiten dugu aro honetan zabalduz doan ibilbidearekin. Horregatik, aldaketa politiko eta sozialaren bidean indarrak biltzeko ahalegina babesteko asmoz, EH Bilduren eskaintzarekin ere bat gatozela adierazi nahi dugu, bide berriak zabaltzen jarrai dezan geure konpromisoarekin bat etorriz.

Beraz, gure eremutik ekarpena egiteko prest gaude. Egunez egun norbanakoon lantokitik edota eragin gunetik urratsak ematen jarraituko dugu. Hauxe da geure ekarpena, hauxe da geure konpromisoa; garai berriarekiko ARABARRON KONPROMISOA!

Arma ez da hiltzailea

Luis María Salgado – Alternatiba Arabako bozeramailea

Artikulu honen izenburuak norbait harritzen badu, eskertu dezala ez Euskal Herrian, ezta Espainiako Erresuman, ezta Europa osoan ere, Erriflearen Elkarte Nazionalik ez egotea, izenburuarena baita haiek gehien darabilten argudioa armak edukitzeko eskubidearen alde. Armek euren kabuz ezin dutela inor hil baieztatzen dute. Izan ere, ez dago munduan inor hiltzeagatik arma zigortuko duen Kode Penalik. Baina jakin badakigu, armak edukitzea legezkoa den herrietan askoz hilketa gehiago gertatzen direla armen jabetza zorrozki arautzen duten Estatuetan baino.

Egia esan eta aurreko guztia laburbilduz, arma bat eskura izan gabe, askoz zailagoa da albokoa erailtzea. Antzeko zerbait esan genezake lan arloari dagokionez. Azken Lan Erreformak, bai aurreko Zapateroren Gobernuak zein Mariano Jaun Txit Agurgarri desagertuak egindakoak, kaleratzeak merkatu eta erraztean oinarrituta daude. Nola ez, arduragabekeria honen jagoleek behin eta berriro zioten, oraindik dioten bezala, beraien erreformek ez dutela langabezia areagotuko. Eta ez daude oker; katua sakatuko duen hiltzaile bat behar da, paperak berez ez baitu inor kaleratzen.  

Araban ikaraz ikusten dugu nola hainbat enpresek PPren azken erreforma literalki ezartzen duten. Hauen artean ospetsuena Celsa Atlantic (Laminaciones Arregi) izan da, dudarik gabe; baina ez da bakarra izan, ezta azkena ere. 349 adibide, 349 zauri.

Igandean, Arabako Batzar Nagusiek, Celsa Atlantic-eko langileekin elkartasuna erakusteko eta Raxoiren Gobernuari Lan Erreforma berehala bertan behera uzteko eskatzeko mozioaren inguruan eztabaidatu zuten. Bilkura horretan, yankien Erriflearen Elkarte Nazionalak bezala,  popularrek baieztatuko zuten 349 familia horien egoeraren erruduna ez dela Lan Erreforma. Eta argazkian ondo ateratzeko, azken hiltzaileari errua leporatu zioten, enpresari zein langileei erantzuleak izatea eskatu zien, negoziatzera eseri daitezen. Baina posible al da negoziatzea norbaitek arma bat buruan jartzen dizunean? Negoziazioa bi aldeen indar orekan oinarritu beharko litzake eta, kasu honetan, bietako batek arma bat dauka eskuan. 

Horregatik berebizikoa da arabarrek jakin dezatela enpresari-hiltzaileak katua sakatzen duen arren, ondorioak bestelakoak izango litzatekeela bere eskuetan arma jarri duen horren laguntzarik gabe. Alderdi Popularra egoera honen erantzule zuzena da, baita datozen hilabeteotan zorigaitzez etorriko direnenak ere. Oraintxe bertan Araban 20 Kaleratze Espediente baino gehiago daude mahai gainean, 25.000 langabe baino gehiago, gure bizilagunak, gure kideak, eta ez dirudi politika hauen jarraipena errazteak, Raxoiren azken erreformak suntsipen handiko armekin gauzatutako eraso neoliberal bortitz honen zehar kalteak murriztuko dituenik.

Gasteizko Haur Eskolak: Gauez eta azpikeriaz

Oskar Rueda – Alternatibako kidea

Hala egin die eraso udal gobernuak Gasteizko haur eskolen funtzionamenduari. Egia esan, ez dakit gauez gauzatu ote den, baina azpikeriaz ziur baietz. Eta zergatik?

Haur eskolen ohiko funtzionamenduaren arabera, alor honetan lan egiten duten funtzionarioek azaldu didatenez, udaleko hezkuntza saileko arduradun Iturricha Jaunak zuzendutako lantaldeak, datorren 2012-2013 ikasturterako proposamen guztiak urtarrilaren amaieran bidali behar zituen, eta ez apirilaren hasieran, gertatu den bezala. Pentsa genezake asmo txarrik gabeko atzerapen soil bat izan dela, baina ezinezkoa dirudi, eskola honetako erabiltzaileentzat garrantzitsuak eta batez ere kaltegarriak eta baztertzaileak diren aldaketa batzuk egiteko, azken unera arte itxaron duela pentsatzean.

Ordutegiak aldatzea erabaki dute, sarrera atzeratuz eta irteera aurreratuz, familia askorentzat honek dakarren kaltea kontuan hartu gabe. Baina Iturricha Jaunaren kalkuluen arabera, familia gutxi batzuk dira eta ez dizkio pena merezi; edo bere hitzetan esanda: “ez dute errentagarritasun sozialik”. Zeharo desegokia den komentarioa gainetik irakurtzen dutenek, beharbada ez dira konturatuko benetan zertaz ari den, hau da, ordutegi hau ezinbestekotzat duten familiek, euren beharrengatik eta ez apetak eman dielako, euren seme-alabak ordutegi horretan izena emanda dituztenak, berarentzat hutsaren hurrengoa direla. Gizon honentzat ez dira sozialki errentagarriak baina nik politikoki ezinbestekoak ez direnaren itxura hartzen diot.

Gainontzeko haur eskolak, partzuergoarenak direnak, ordutegi hau eskaintzen jarraituko dute eta familia hauetako askok udal eskola batean duten plaza bati uko egin behar izango diote, beste zentro batean nekez leku bat lortzen saiatzeko, dagoeneko matrikulazio epea itxita dagoelako. Beharbada horrela lortuko dute politikari askok lau haizetara esaten dutena eta gero betetzen ez dutena: Familia eta lanaren arteko kontziliazioa.    

Argi utzi behar da gobernu taldeak prozedurari jaramonik egin ez diola, ordutegien aldaketak osoko bilkurari dagozkiolako eta ez gobernu taldeari. Honek aldaketak egin ditzake soilik aldi baterako beharrizan zehatzengatik, inoiz ez behin betikoak. Honi gehitzen badiogu Iturricha Jaunaren neurri honi esker, zerbitzu hau eskaintzen duten aldi bateko langileen soldatak aurreztuko dituztela, dudarik gabe ondorioztatu dezakegu errentagarritasun sozial delako hori dirua besterik ez dela. Udalak ziurtatu duen bezala, “aldi bateko langile horiek ez dute euren lana galtzen”, eta egia da, baina ez dira euren kontratuak berrituko. Bitxia da hirian langabezia igoaraziko dutela ezeztatzea, horixe bera denean egiten ari direna, aldi batekoak ere langileak direlako, langile finkoen eskubide eta betebehar berdinekin. 

Maroto Jaunak kargua hartu zuenean, lana lehentasun izango zuela esan zuen, baina: Zertaz ari zen, lana sortzeaz edo suntsitzeaz?

Azken ohar bat. 2 urteko geletan izena ematen duten ikasleen gurasoek 51 euro ordaindu beharko dute, gainontzeko ikastetxeak doakoak izaten jarraituko dutela. Orain arte %100a bekadunak izatetik %60a izatera pasako dira. Bai, garai gogorrak dira eta inork pentsatuko du neurriok beharrezkoak direla, baina… Zer irabazten du udalak honekin? 165.000 euro. Familia askori ordainaraziko dioten kopurua da, bestela ere aurreztu daitekeena, esate baterako, nahiera aukeratutako udal aholkulari eta agentzia publikoen zuzendari batzuen soldata erraldoiak eta gehiegizko ekitaldi desfasatuak  murriztuz edota udal bulego berrien eraikinaren materialen bat aldatuta.

Badirudi Udala zuzentzen dutenek, kudeatzen dituzten bost udal haur eskolak ondotik kendu nahi dituztela. Hiri honetan asko estimatzen dugun ondasun bat da, eskaintzen duen zerbitzu onarengatik eta gizarte zein hizkuntza zerbitzuen buruan jartzen gaituelako. Lehen harro sentiarazten gintuen hori, aurki ez dugu gehiago izango, baldin eta ez badiegu sinestarazten ongizate politiketan ezin dugula murrizketarik egin, ez orain ezta inoiz ere, lanaren, familien eta hiriaren alde.

Alternatibak zarrastelkeria deritzo Gasteizko trena lurperatzeko 500 milioi xahutzeari murrizketa basatiak egiten ari direnean

Alternatibako bozeramaile Josu Estarronak bere erakundearen “haserrea” azaldu du Mariano Raxoiren Gobernuak Gasteizko Trenbidearen Integraziorako proiektua berpizteko asmoaren aurrean. Obra horrek Abiadura Handiko Trenari lekua egingo dio eta, aldi berean, egungo trenbidea lurperatuko du, egun zeharkatzen dituen lurrak hirigintzarako askatuz.

Estarronak gogorarazi duenez, proiektu honetarako 500 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi egin da, lau administrazioen artean ordaindu beharrekoak. Diru horren erdia, beraz, gasteiztarren, arabarren eta EAEko herritar guztien poltsikoetatik aterako da. Egitasmoa, “administrazio guztiak zorpetuta daudenean eta osasungintzan, hezkuntzan eta gainerako zerbitzu publikoetan murrizketa basatiak astero ezartzen ari direnean” eraman nahi dute aurrera. Gaineratu duenez, “krisi sistemikoak eta porrot egin duen eredua iraunarazteko asmoa besterik ez duten politikek eragindako egoera zailaren aurrean, Alternatibak ezinbestekoa deritzo hamarkadetako borrokari esker lortutako eskubideak babesteari, propaganda politikoa eta interes pribatuak ekarriko dituzten makroproiektuak sustatu beharrean”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, zalantzan jarri du lurperatu asmo duten oruberako iragarritako proiektua, “zentroan kokatutako etxebizitza horietarako eroslerik egongo den zalantza dugu, eta elite aberatsenen esku bakarrik egongo ez ote diren beldur gara, erdi hutsik egon daitekeen Salburua edo Zabalgana berri bat sortzera doaz, luxuzkoa oraingoan”. Guzti horregatik, Alternatiba Arabak proiektua bertan behera uzteko eskatu du eta administrazio desberdinei dei egin die diru publikoaren erabilera kudeatzeko orduan, “pertsonen eskubideak lehenetsi behar dituzte, adreilua eta porlanaren burbuila sustatu beharrean, Araban zein Euskal Herrian edota Espainiako Erresuman sozialki eta ekonomikoki kaltea besterik ez baitu eragin”.

Araba Klinika: Harri berberekin estropezu egitea

Guk argi daukagu, 2009ko abenduan argi genuen bezala, behin betiko konponbidea lortzeko nahitaez zerbitzuaren kudeaketa publiko eta zuzena berreskuratu behar dela  eta langile guztiak Foru Ongizate Erakundeko langile izatera pasatu behar direla. Hau egiteko unerik egokiena da, kutxa publikotik ahalik eta gutxien ordaintzeko. Diputazioak ezin du hiri honetako baliabide sozial baliotsuagoetako bat kudeatzeko aukera pasatzen utzi.

2009aren amaieran artikulu bat idatzi genuen Araba Klinikaren egoeraren inguruan. Une hartan, klinika pribatua konkurtso prozesu batean murgilduta zegoen, eta Enplegua Eteteko Espediente bati hasiera eman zion. Egoera dramatikoa zen gaixoentzat, senideentzat eta langileentzat. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak aipaturiko enpresa pribatuarekiko itunaren luzapena negoziatzen zuen une hartan, eta Alternatibatik klinika honek historikoki izan duen gatazka iraunkorrerako konponbide bat eskatzen genuen. Konponbide bat, ez arazoa hilabete edo urte batzuk nekez luzatuko zuen estalki soila. Bai une hartan eta baita oraingoan ere, gure apustua beharrezkoa bezain baliotsua den baliabide bat publiko bihurtzea da. Hala ere, une hartako Ongizatearen apustua beste erosle pribatu bat bilatzea izan zen, Araba Klinikan emandako astakeria kudeatu zezan, aldi berean, Foru Ogasunak onartu zuen enpresak erakunde publikoarekin zuen zorraren %50 kitatzea

Jada ez gaude 2009an, 2012ko martxoan baizik, baina egoera orduko berbera da. Klinikak Kaleratze Espedientea aurkeztu du berriz, berriro ere gaixoak truke txanpon bezala darabiltza, eta berriro konkurtso legera jo du. Arazo bera, harri berbera, baina oraingoan Alaña diputatu arduradunak, are kontzientzia sozial txikiagoarekin, zuzendaritzarekin ez “negoziatzea” erabaki du, bere eskaerak gehiegizkoak direla argudiatuz. Badirudi eguneko oheagatik 140€ eskatzea dela zuzendaritzaren eskaera “urria”. Ez dio arduratzen Araba Klinikaren moduko baliabide bat mantentzea, ezta lanpostuak babestea; bere kezka bakarra bere alderdiak eta EAJk urteetan elikatu duten arazoa gainetik kentzea da. Ez da Klinikaren zuzendaritzarekin akordio batera helduko, kudeaketa hori apetazko aukeraketa bidez Miñaoko Albertia Etxea izeneko egoitza pribatu berriari emateko asmoa duelako. Langileak kaleratuko dituzte, senideak beren ibilgailuetan mugitu behar izango dira gaixoak ikusteko – Ba al dago Araban garraio publikorik?- eta gasteiztarrok hiriko bihotzean dagoen eraikin huts zoragarri bat jasoko dugu ordainean.

Seguru gaude diputatuak datozen egunotan arazo honi behin betiko konponbidea emateko premiari buruz hitz egingo digula. Ziur aski, egoitza berriaren abantailez hitz egingo du, eta ondo funtzionatzeko kudeaketa publiko-pribatua zein garrantzitsua den esango digu. Hala ere, hau ez da konponbidea, arazoa beste leku batera daraman estalki berria baizik. Araba Klinikaren esperientziak ikasketa bezala balio behar izango liguke akats berdinak ez errepikatzeko. Kudeaketa publikoa esku pribatuetan uztea enplegu duina hondatzen duen arrisku sozial onartezina da, zerbitzuaren kalitatea murrizten duena eta, luzarora jada egiaztatu ahal izan dugun bezala, enpresari pribatuen interes espekulatiboa eskuin neo-liberalak baieztatzen duena baino askoz garestiagoa izan daiteke. Guzti honi gehitu behar zaio erakunde publikoak behin pribatizatutako zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzeak duen zailtasuna.

Guk argi daukagu, 2009ko abenduan argi genuen bezala, behin betiko konponbidea lortzeko nahitaez zerbitzuaren kudeaketa publiko eta zuzena berreskuratu behar dela  eta langile guztiak Foru Ongizate Erakundeko langile izatera pasatu behar direla. Hau egiteko unerik egokiena da, kutxa publikotik ahalik eta gutxien ordaintzeko. Diputazioak ezin du hiri honetako baliabide sozial baliotsuagoetako bat kudeatzeko aukera pasatzen utzi. Gizarte Zerbitzuetako diputatuak apustu ausarta egin behar du baliabide honen alde, eta ez iraganean egindako akatsak errepikatu, etekin pribatua arabarren osasunaren eta ongizatearen lepotik sustatuz.

X