Estarrona “Lotsagarria da arinkeriarekin jokatzea eta Euskal Herriko museo etnografiko onenetariko bat, Artziniegakoa, hiltzen uztea”

“Artziniegako Museo Etnografikoaren kasua paradigmatikoa da. Urteetan erreferente nagusienetariko bat bilakatu da euskal etnografia alorrean, baina atzodanik itxita dago instituzioak hiltzen uzten ari direlako. Artziniegako Museoak ezin hobeto erakusten du zein den instituzioen politika kulturala: Guggenheim efektuak itsututa, horixe da lehenesten duten eredua, kultura herrikoia, gertukoa, mespretxatu egiten duten bitartean. Artziniegako Museoaren itxierak ez gaitu, tamalez, ustekabean harrapatu; ondo genekien zer nolako arazo ekonomikoak dituen eta horregatik pasa den astean legez besteko proposamena aurkeztu genuen Legebiltzarrean egoera konpontzeko asmoz”.

Alternatibako kide Josu Estarronak azaldu bezala, EH Bilduk ekimena hartu du Jaurlaritzak Artziniegako Museoaren biziraupena berma dezan bertako Udal eta Arabako Aldundiarekin batera. Zehazki, Lakuari eskatu dio, lehenik eta behin, 40.000 euro erabil ditzala aurten museoaren jarduna finantzatzeko eta, bigarrenik, finantziazio bide egonkorrak ziurtatu ditzala Udal eta Aldundiarekin elkarlanean.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du pasa den ekainean talde parlamentario guztiek, aho batez, Artziniegako Museo Etnografikoaren balioa eta ibilbidea goraipatu zutela. Are gehiago, adostu zuten museo etnografikoen sare bat sortzea eta udal eta aldundiekiko lankidetza indartzea finantziazio publikoa ziurtatzeko, museo horien arazo ekonomikoak behin betiko konpontzeko. “Hori guztia duela sei hilabete adostu genuen, baina gaur Artziniegako Museoa itxita dago. Ulertezina da EAJren arduragabekeria, lotsagarria da arinkeria horrekin jokatzea eta Euskal Herriko museo etnografiko onenetariko bat hiltzen uztea; ez dugu ulertzen zer nolako interesak izan ditzakeen EAJk museo horrek Artziniegarako, Aiaralderako eta, oro har, Araba eta Euskal Herri osorako duen garrantzia kontuan hartuta”.

EH Bildu

Aitor Miguel «FCC eta Ferrovialen arteko aldi baterako enpresa elkarteak urteak daramatza ziria sartzen udalari eta gasteiztarrei»

Aitor Miguel, Alternatibako kide eta EH Bildu Gasteizko zinegotzia: «FCC eta Ferrovialen arteko aldi baterako enpresa elkarteak urteak daramatza ziria sartzen udalari eta gasteiztarrei. Lan itun duin baten parekoa kobratzen dio udalari, baina gero 900 euroko soldata prekarioak ordaintzen dizkie langileei»

Biocompost empresako langileek grebara deitzeko asmoa iragarri dute. FCC eta Ferrovial multinazionalen arteko aldi baterako enpresa elkarteak zaborraren tratamendu mekaniko-bilogikoaren ardura dauka. 60 bat langile dira, eta udal kontratu handienetako bat da: urtero enpresak zortzi milioi euro jasotzen ditu Gasteizko Udalaren kutxatik.

Langileek grebara deitu dute zerbitzuan bizi duten lan prekaritatearen aurka egiteko. Hilero 900 euroko soldatak kobratzen dituzte, batez beste, zaborrarekin lan egitearen truke, batzuetan baldintza penagarrietan.

Bada, EH Bilduk jakin ahal izan duenez, Gardelegiko itun kolektiboa ezarriko zutela agindu zuten zaborraren multinazionalek kontratua irabazteko aurkeztu zuten eskaintza loteslean. Itun horrek jasotzen dituen soldatak benetan langileei ordaintzen ari zaizkienak baino handiagoak dira, nabarmen. Udalak eskaintza hori aintzat hartu zuen, eta horri esker eraman zuten FCCk eta Ferrovialek zerbitzuaren kontratua.

Hau da, FCCk eta Ferrovialek lan hitzarmen duin baten parekoa kobratzen diote udalari, baina gero 900 euro baino ez dituzte ordaintzen. Nora doa dirua? «Aldea zaborraren multinazionalen irabazietara doa, zuzenean», ohartarazi du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek.

EH Bilduk egin dituen kalkuluen arabera, ealdi baterako enpresa elkarteak 2,5 milioi inguru euro bereganatu ditu, Gasteizko Udalak ordaindu, eta, errealitatean, langileen soldatak ordaintzeko bideratu behar zirenak, FCCk eta Ferrovialek lehiaketa irabazteko aurkeztu zuten eskaintza loteslea propio urratuta.

EH Bildutik exijitzen diogu Urtarani ez dadila izan zaborraren multinazionalen bidelagun, eta berma dezala zerbitzua eskuratzearen truke enpresek agindu zituzten baldintzak betetzen direla. Besteak beste, enpresako langileei soldata duinak ordaintzea. Era berean, exijitzen diogu Urtarani eska diezaiola enpresari hiriko diru publikotik bidegabeki eraman dituen milioiak bueltatzeko.

Azkenik, eskatzen diogu Urtarani aintzat har dezala EH Bilduk luzatutako eskua, eta itxi dezala zaborraren multinazionalekin duen lankidetza, behin betiko. «Arazoa ez da zerbitzu zehatz batena, enpresa jakin batena. Arazoa zaborren multinazionalen monopolioa da», adierazi du koalizioko zinegotziak, Aitor Miguelek.

Inoiz baino hiri zikinagoa, kaleratzeak, eskubideen urraketa, greba mehatxuak eta kaosa, etab. Horra hor FCCk zaborren bilketan lideratzen duen enpresa elkartuaren ibilbidea. «Irtenbidea bere pribilegioekin bukatzea da, eta zerbitzuaren bermunizipalizazioaren alde egitea, eredu publiko, garden eta kalitatezko batekin», azaldu du Miguelek.

EH Bildu Gasteiz

Aitor Miguel “Benetako apustua egin behar da energia berriztagarrien alde, udal agentzia publiko baten bidez”

Aitor Miguel, Alterntaibako kide eta EH Bidu Gasteizko zinegotzia: «Urtaranek 35 milioi euro onartu nahi nahi ditu konpromiso kredituetan, hiriaren etorkizun energetikoa enpresa pribatuen eskuetan utzita. Energiaren kudeaketa eredu publiko bat bultzatu behar dugu, aldaketa klimatikoaren erronkari berme guztiekin heldu ahal izateko»

Gasteizko Udalak prozedura abiatu du Ogasun Batzordean udal eraikinen berogailuen kudeaketa energetikoari aurre egiteko kreditu konpromisoak onartzeko. Guztira, kreditu horiek 35 milioi euro dituzte datozen bost urteotarako. Behin tramite hori gaindituta, udal gobernuaren asmoa litzateke kontratu horrekin lehiaketa egitea, enpresa pribatuen esku uzteko.

EH Bilduren ustez, ezin da hiriaren politika energetikoa bost urterako baldintzatu. «Ezin dugu neurri hori pentsatu gabe onartu, ez bakarrik orainaldiko trantsizio energetikoaren eredua arriskuan jartzen duelako, baizik eta datozen legealdi osokoa ere. Eta are gutxiago, oraingo legealdia amaitzeko hain gutxi falta denean», azaldu du koalizioko zinegotzi Aitor Miguelek.

EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du Ogasun Batzordean. Horren helburua litzateke behingoagatik eduki ekonomiko erreala ematea Energiaren Udal Agentziari, eta organo hori izan dadila trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin zerikusia duen guztia kudeatuko duena, iturri berriztagarriak lehenetsita.

«Apustu irmoa egin behar dugu klima aldaketaren aurka, eta hori soilik egin daiteke kontrol eta erabakimen publikotik. Ezin dugu utzi trantsizio energetikoaren erronka sektore pribatuaren borondatearen menpe», ohartarazi du Miguelek. Gainera, gogoratu du energia berriztagarrien udal komerzializatzaile bati buruz udalak egindako egindako azterketa baten arabera, urtero milioi bat euro aurreztea posible dela, ingurumen eta gizarte onura ukaezinekin batera.

Energiaren kudeaketa publiko baten alde EH Bilduk egiten duen defentsa irmoaren barruan legoke urrats hori, eta Gasteizko Udalak epe ertain eta luzera begira estrategia energetikoa berritzeko duen beharraren barruan. Hain zuzen ere, CEAk lehen urratsak egin berri ditu 2020-2030 eperako trantsizio energetikoari buruzko bide orri bat definitzeko. «Arduraz jokatzea da lehenbizi eztabaidatzea eta definitzea etorkizunari aurre egiteko estrategia, eta estrategia horren arabera erabakitzea zer egin eskura ditugun baliabideekin».

EH Bildu Gasteiz

X