Salgado: «Aldundiak 1.400 arabarrekin ez ditu bere obligazioak betetzen, Zerbitzu Sozialen euskal erakundean plaza bat izateko eskubidea duten arren»

EH Bilduk ohartarazi duenez, legeak ezartzen dituen betebeharrak ez dira betetzen Arabako Adinentzako Egoitzetan. Bi kasuetan ematen da egoera hori: itunpeko plazetan eta zerbitzuari lotutako prestazioen bidez finantzatzen diren plazetan. Hitzartutako 500 bat plaza daude, homologatu gabekoak eta, ondorioz, ezi ditu erakunde publiko batek erabili. Zerbitzuari lotutako 900 bat prestazio ekonomikoen kasuan, Arabako Foru Aldundiak aitortu duen bezala, eman diren arren, egoitza horiek ez zuten funtzionamendurako baimenik, hau da, ezin ziren zabalik egon. Guztira, 17 milioi inbertitzen ditu Foru Sailak urtean, egoitza publikoek dituzten baldintzak bermatzen ez dituzten bestelako egoitza pribatuetan.

“Arabako Foru Aldundiak 1.400 arabarrekin ez ditu bere obligazioak betetzen, Zerbitzu Sozialen euskal erakundean plaza bat izateko eskubidea duten arren, egoitza pribatuetara bideratu dituzten baina ez dituzte oinarrizko minimoak betetzen eta, horren ondorioz, diskriminazio argia pairatzen ari dira plaza publikoa dutenekin konparatzen baditugu”, ondorioztatu du Alternatibako kide eta Arabako Batzar Nagusietako batzarkide Luis Salgadok. EH Bilduk eskuratu dituen datuen arabera, hainbat egoitzetan ez dago medikurik, erizainik edo terapeutarik; askotan beharrezkoa den titulaziorik ez duten langileak daude eta, gehienetan, foru sailak ezartzen dituen formakuntza eta aisialdi programak ez dira ematen. Horrez gain, berez, sare publikoan dauden ratioak baino altuagoak dituzte egoitza pribatuetan (ia bikoitzak).

EH Bilduk azpimarratu duenez, aurreko gobernuek ere praktika hau sustatu dute. “Horrelako erabakiek helburu bakar bat dute: erabiltzaileen ongizatea eta langileen lan baldintzak kontuan izan gabe, dirua aurreztea. Iruzur baten aurrean gaude eta egoerarekin amaitu behar da modu planifikatu batean”, nabarmendu du. Izan ere, biharko kontrol osoko bilkurari begira, EH Bilduk bi interpelazio egingo dizkio Zerbitzu Sozialen Foru Diputatuari. Horren helburua argia da: jaso duen egoerari tamalgarri honi amaiera jartzea .

Arabako Foru Aldundiak berak EH Bilduk egindako informazio eskaerei erantzunez ikusi ditu EH Bilduk datu kezkagarri hauek. Izan ere, 2008tik eta 2015era oinarrizko baimenik ez zuten egoitzetara bidali ditu Aldundiak adineko herritarrak. Hau dena, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak erabiliz. Gogoratu behar da horrelako diru laguntzak behin-behinekoak direla baina Arabako kasuan asko luzatzen direla denboran. Gutxi balitz, horrelako egoitzei ezartzen zaizkien betebeharrak askoz baxuagoak direla.

Egoera honen aurrean hauek dira EH Bilduk egiten dituen proposamenak: zerbitzuari lotuta dauden prestazio ekonomikoak murrizteko kronograma zehatz bat, herrialdeko egoitza pribatuak legeztatzeko plan bat eta oinarrizko zerbitzu publikoak kontzertatzeko argi jasoko dituen baldintzak Foru Dekretu bat, beste herrialdetan dagoen bezala.

EH Bildu Araba

Alternatibak globalizazio neoliberalaren arriskuak eta alternatibak aztertuko ditu Gasteizen “In the same boat” dokumentalarekin

Apirilaren 6an, osteguna, Kultur Alternatibak “In the same boat” (“Ontzi berean”) dokumentala eskainiko du Gasteizen, Rudy Gnuttik zuzendutakoa, gero eta handiagoa den aberatsenen eta pobreneen arteko amildegia hizpide duena. Lanak aurrerapen teknologikoak ere ditu hizpide, mundu justuagoa eta hobea eraikitzeko lanabes izan zitezkeenak baina gaizki kudeatuz gero mehatxu ere izan daitezkeenak.

Jardunaldia arratsaldeko 18.30ean hasiko da hiriburuko Ignacio Aldekoa kultur etxean (Florida pasealekua 9). Dokumentalaren proiekzioarekin abiatuko da, Uruguaiko presidente ohi Jose Mujika edota Zygmunt Bauman soziologo eta filoso ospetsua bezalako pertsonaien hausnarketak eskaintzen dituena. Ondoren, Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu ohi Ander Rodriguezekin eta Daniel Raventos ekonomialariarekin eztabaida egingo da filmean aipatzen diren hainbat proposamenen inguruan hausnartzeko, baina batez ere Oinarrizko Errenta ardatz hartuta. Izan ere, arlo horretan aditu den Raventos bera -dokumentalean parte hartu du gainera- Red Renta Basica plataformako presidentea ere dela.

Laster, Donostian eta Bilbon dokumentala ikusgai izango da, filmean islatzen diren erronkei eta alternatibei heltzeko. Horretarako ekintzaile desberdinen parte-hartzearekin kontatuko dugu, tartean Yayo Herrerorena. “In the same boat” dokumentala zortzi herrialdeetan grabatu da eta jorratzen diren arloetako adituen ahotsek osatzen dute. Honela, aipatutakoek ez ezik, Oxford-eko irakasle eta ekonomialaria Anthony B. Atkinson; ekonomialari eta desazkundearen inguruan aditu Serge Latouche edo Sussex-eko ekonomia irakaslea Mariana Mazucato ageri dira.

Aitor Miguel: “Udal gobernuari FCC-ari kaleratutako langileak berriz onartzea exijitzen diogu”

EH Bildu Gasteizek hiriaren garbiketa egiten duten FCC eta GMSMen arteko ABEEak egin dituen hiru langileen kaleratzeak salatu ditu. Dagoeneko 8 dira lanpostua galdu duten langileak.

“EH Bildu Gasteiz-en uste dugu onartezina dela udalean gaur egin den agerraldian agertu ez izana, azken asteotan eman diren kaleratze sorta azal zezaten. Udalek duen kontratu garestiena da, 20 milioi urtero, baina bere arduradun nagusiak ez dira gai izan aurpegia ematen”, adierazi du Alternatibako kide eta EH Bildu Gasteizko zinegotzi Aitor Miguelek.

Egunak pasa ahala egoera jasangaitzagoa da, eta litekeena da kaleratze gehiago ematea. “Horregatik gobernu taldeari eskatzen diogu, FCCri eskatu behar diola kaleratuak izan diren langileak berronartzea. Kontrako kasuan, Urtaranen kabineteak udaleko zerbitzu juridikoak pertsona hauei eskaintzea proposatzen dugu. Langileei ezin diete ordainarazi FCCek udalari egiten dion presioa”, eskatu du Aitor Miguelek.

EH Bildu Gasteiz-en ustean neurriak jartzeko unea da eta horregatik eskatzen diogu udal gobernuari FCC bezalako enpresaren aurrean duen epelkeria albora dezan, udala ataka zail batean jartzen ari denean. “Neurriak hartzeko unea heldu da eta horrexegatik udal gobernuari eskatzen diogu izapideak hastea, aukerak aztertzeko, udalak egin dezan garbiketa-zerbitzua era zuzenean kudeatuz”, azpimarratu du Miguelek.

EH Bildu Gasteiz

Feminismoa edo basakeria: “Él nunca me pegó” filmaren proiekzioa eta Irantzu Varelaren hitzaldia indarkeria matxisten inguruan

Faktoria Lilaren “Él nunca me pegó” dokumentalaren proiekzio zikloa antolatu du Alternatibak hurrengo otsailaren 2an eta 8an Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, eta emanaldiaren ostean, filmaren zuzendari eta militante feminista Irantzu Varelarekin eztabaida egingo da. Jardunaldi hauen bitartez emakumeen, eta hortaz munduko populazioaren erdiaren kontra adierazpide eta intentsitate desberdinetan ematen den indarkeria pairatzen dutenen errealitatea irudikatu eta salatu nahi dugu.

Irantzu Varela, kazetaria eta berdintasunean, feminismoan, maitasun erromantikoan, lidergoan eta komunikazioan formatzailea, ospea eta oihartzuna lortu ditu Youtubeko gaurkotasunezko eta gogoeta politikorako La Tuerka programaren barnean astero igortzen duen El Tornillo izeneko saio feministari esker. “Él nunca me pegó” filmak, ordu erdi eskasean, haien gizon-bikotearen eskutik jasotako indarkeria ez fisikoa pairatu duten hainbat emakumeen testigantzak jasotzen ditu. Indarkeria bere forma anitzetan identifikatzeko zailtasunak agerian uzten dituen lekukotasunak dira, baina baita ere hauei aurre egiteko eta jabekuntzarako giltza ere ematen dutenak.

Bilboko emanaldia, Diana Urrea legebiltzarkide ohiak aurkeztuko duena eta ondorengo eztabaida, Alternatibak antolatu du eta gure Bilboko egoitzan (Casilla plaza 6) arratsaldeko 19:00etan egingo da. Gasteizkoa aldiz, Kultur Alternatibak antolatu du eta Ignacio Aldecoa Kultur Etxean (Florida pasealekua 9) izango da 19:30etatik aurrera. Zuriñe Rodriguez EHUko ikerlariaren aurkezpena izango du. Biak doakoak eta sarrera askekoak izango dira aretoa bete arte.

http://alternatiba.net/sites/default/files/170202DocuElNuncaMePego%20(Bilbo)Redes.jpg

http://alternatiba.net/sites/default/files/WhatsApp%20Image%202017-01-25%20at%2015.29.43.jpeg

Salgado: «Arduragabekeria da Foru Aldundiak zerbitzu sozialen berrantolaketa eta finantzazioa bi urtez atzeratzea»

Luis Salgado: “Gizarte Zerbitzuen Foru Diputatuaren agerraldia eskatu dugu kudeaketa negargarri honen azalpenak eman ditzan, baita legea ez betetzeak izango dituen ondorioak eta arriskuak ere”

Zerbitzu sozialen berrantolaketan eta finantzazioan Foru Gobernuak inposatu duen bi urteko atzerapena arriskutsua dela ohartarazi du EH Bilduk. “Foru Gobernuak aldebakartasunez bi urteko luzapena ematea oso larria da eta gai honen kudeaketarako gaitasun eza agerian utzi du”, azaldu du Alternatibako kide eta Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko eledunak, Luis Salgadok.

Gogoratu duenez, gaitasun eza behin baino gehiagotan salatu du EH Bilduk eta luzapen honek bere kezka guztiak baieztatu ditu. Baina horrez gain, udalerriak ere arriskuan utziko ditu erabaki honek kudeaketa eta finantzazioari buruzko egin beharreko onarpenak udalerriek euren gain hartzea ekarriko du. Zentzu horretan, Legeak ez betetzearen erantzukizuna udalerriek esku egongo da orain, nahiz eta kudeaketa hori nola egin behar den eztabaidatzeko aukerarik ez izan.

“Arduragabekeria izan da Foru Aldundiaren jokabidea. Guk egindako kritiken aurrean, behin eta berriz dena kontrolpean zuela esan du eta epe laburrean zalantza guztiak argituko zituen proposamen bat egingo zuela esan du. Baina azkenean, Aldundiaren proposamena bi urteko luzapena eskatzea izan da”, laburbildu du Salgadok.

Hori guztia ikusita, EH Bildutik Zerbitzu Sozialen Foru Diputatuaren zein GOFEren Zuzendariaren agerraldia eskatu ditu kudeaketa negargarri honen azalpenak eta erabaki honek izan ditzake ondorioak eta arriskuak azal ditzaten.

EH Bildu Araba

X