Alternatibak errausketaren aurka larunbatean Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du
Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak martxoaren 16an Altsasuko (Nafarroa) kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egitera deitu du gaur, “Portland errauskailuaren inposaketari ez. Herritarron hitza errespetatu” lemapean abiatuko dena. Estarronak salatu duenez: “hondakinen errausketak ez da bakarrik Sakanako bailaran bizi direnen osasunaren kontrako arriskua, inguruko herrientzat ere bada, etorkizunean haien ibai, landa eta urtegien kutsadura ere ekar dezakeelako”.
Ildo horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu du “zaborren errausketak ingurumenarengan inpaktu handia eragin dezakeela, porlan fabrika Aizkorri-Aratz, Urbasa eta Aralar parke naturalen artean kokatuta dagoelako. Gainera, baliabide naturalei eraso egiteaz aparte, enpleguari ere kalte egingo dio, abeltzaintzari, nekazaritzari eta landa turismoari zuzenean eraso egiten dielako, bailarako populazio handia lanbide horietatik bizi baita. Are gehiago, Portland porlan fabrika Arabarekin mugan dagoela gogoratu du, Aguraindik 20 kilometro eskasetara, eta honek, “arabarren arazoa ere bihurtzen du”.
Hala, mobilizazioen beharra nabarmendu du, Nafarroako Gobernuak onartutako proiektua atzera eragiteko, baina ahaztu gabe Arabako Foru Aldundia ere presionatu beharra dagoela, Arabari kalte egiten dion heinean proiektuaren aurka egin eta bertan behera utz dezatela eskatzera behartuz. Estarronak errausketaren aldeko apustua lagatzeko galdegin dio Yolanda Barcinaren gobernuari, “ez baitu hondakinen arazoa konpontzen eta, gainera, enpresa pribatuen mesederako baino ez da”; horrez gain, exijitu dio “alternatibak bila ditzala, hondakinen berrerabilpenean, birziklapenean eta gutxitzean oinarritutako alternatibak, Gipuzkoako hamaika herrik dagoeneko bere egin duten atez ateko sistema arrakastaz bere eginda, esaterako”.
Alternatibaren militanteek Sakanako errausketaren aurkako 3 Mugak Batera plataformak deitutako manifestazioan izango da, Altsasuko Netto supermerkatutik abiatuko dena arratsaldeko seiretan abiatuko dena.