Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan (Aritza Urrengoetxea)

Ikasturtea bukatzear den honetan, euskal hezkuntzako hizkuntza ereduen eraginkortasunaren inguruan hausnarketa sakona egin beharra dago; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Eustaten argitaratutako datuen arabera, 2020/2021 ikasturtean EAEn derrigorrezkoak diren etapetan zein derrigorrezkoak ez direnetan eredu euskalduna (D eredua) izan da arrakasta handiena izan duena, 255.763 ikaslek egin dituztelarik beraien ikasketak osotasunez euskaraz. Eredu erdaldunean (A eredua) 55.259 ikasle izan dira, eta, bitartekoan (B eredua), 67.449 ikasle. Datu horiek agerian uzten dute gaztelaniaz ikasteko matrikulazioak asko direla oraindik, batez ere Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zikloetan. Euskaraz ez ikasteko arrazoien artean daude euskaraz ikasteko eskaintzak eskasak izatea aipatutako hezkuntza maila gorenetan, edo itunpeko ikastetxe askotan D ereduaren aldeko apustua ez egitea. Hortaz, euskal hezkuntzako maila guztietan euskalduntze prozesua eraginkorra izateko hurrengo aldaketak gauzatzeko beharra dago:

Lehenik, ikastegietan eskaintzen diren hizkuntza ereduei erreparatuz, sare publikoan D eredua da eskaintza nagusia duena. Hala ere, herri batzuetan badaude A eta B ereduak eskaintzen dituzten eskola publikoak, nahiz eta eskaera oso eskasa den. Horregatik, matrikulazioak kontuan hartuta, ikastetxe publikoetan arrakasta handiena duen eredu euskalduna eskaini beharko litzateke soilik. Bestetik, itunpeko ikastetxeei dagokionez, bereizi egin behar dira Ikastolen Elkarteko ikastegiak eta kristau eskolak. Ikastolen eskaintza D eredukoa da, baina kristau eskoletakoa A eta B ereduetakoa da gehienbat. Hori dela eta, euskaraz osotasunez ikasteko orduan, desoreka nabaria dago Euskal Herrian sare publikoko eta kristau eskoletako eskaintzen artean. Argi dago itunpeko ikastetxeek berezko ikuspuntu eta interes pribatu batetik plazaratzen dutela beraien hezkuntza eskaintza eta eskubide hori dutela, baina, erakunde publikoak ez diren arren, milaka haur jasotzen dituzte eta gizarte eragile garrantzitsuak dira. Beraz, kristau eskolek D ereduarekiko duten jarrera birpentsatu beharko lukete eta ausardia izan euskalduna eta eraginkorra den D eredua eskaintzeko, euskalduntze prozesuaren onurarako.

Bigarrenik, kezkagarria da ikasle batzuek duten joera herri batzuetan Batxilergoa A ereduan ikasteko aurreko hezkuntza etapak D ereduan egin ostean; adibidez, Barakaldoko Udaleko hezkuntza arloko zerbitzu teknikoak idatzitako “Matrikulazio txostena, 2020-2021 ikasturtea” izeneko idazkian jasotzen denez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan A ereduan 195 ikasle matrikulatuta zeuden eta D ereduan 1.536 ikasle. Batxilergoan, ordea, datuak oso ezberdinak dira; A ereduan 536 ikasle eta D ereduan 446 ikasle. Aipatutako egoera hori ohikoa da batez ere eremu erdaldunetan eta horrek adierazten du hezkuntza arloko euskalduntze prozesuak ez duela behar bezala funtzionatzen hainbat udalerritan; izan ere, nahiz eta ikasleek derrigorrezko etapetan D ereduan ikasten duten gehienbat, kopuru handi batean itunpeko ikastegietara joateko joera dute jarraian A eredua eskaintzen dutelako. Ondorioz, erakunde publikoen aldetik jarrera aldatu beharra dago, ez baita inolako kanpainarik egiten derrigorrezkoa ez den Batxilergoko ikasketak ere euskaraz egiteko eta horrek kontraesanean ipintzen baitu hainbat udalek egiten duten apustua derrigorrezko etapetan euskaraz ikasteko.

Hirugarrenik, Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetan heziketa zikloak euskaraz izateko kanpainak egin diren arren, eskaintza oso eskasa da eta orokorrean gaztelaniaz dira. Eustaten datuen arabera, EAEko ikastetxe publiko eta itunpekoen datuen batuketa eginez gero, guztira 2020/2021 ikasturtean A ereduan 18.090 ikaslek ikasi zuten Lanbide Heziketako erdi edo goi mailako zikloren bat. D ereduan, 9.321 ikaslek. Hortaz, badago zer egin erakundeen aldetik Lanbide Heziketa euskalduna izateko; izan ere, ikasle gehienek beraien ikasketa prozesuan euskaraz ikasten dute, baina, derrigorrezko etapa bukatzean, kasu gehienetan ogibidea gaztelaniaz ikasteko aukera dute soilik eta horrek ondorio kaltegarriak ekar ditzake. Adibidez, ikasitako ogibideetan gaztelania erabiltzeko joera izatea. Gainera, ikasle askoren ama-hizkuntza euskara bada ere, nahi duten zikloa beraien hizkuntzan ikasteko aukera ez dute ziurtatuta zoritxarrez; noski, ikasleek eskubidea izan beharko lukete lanbidea ere ama-hizkuntzan ikasteko.

Laburbilduz, hizkuntza ereduen matrikulazioak eta eskaintzak ikusita D ereduaren arrakasta nabarmena bada ere, behin aurreko irakurketa egin ondoren, hori ez da guztiz egia, ikasle ugarik ibilbide akademikoko amaierako ikasketak A ereduan garatzen baitituzte. Horregatik, erakundeen aldetik murgiltze ereduaren indarketa sakona eta eskaintza erakargarria egin beharra dago hezkuntza etapa guztietan; izan ere, ikertutako hainbat datu ikusi ondoren, eredu hori da eraginkortasunez euskalduntzen duena. Ikerketek erakusten dute soilik murgiltze sistema batean eskolatutako haurrak direla gai EAEko bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko. Beraz, agortuta daude indarrean diren hizkuntza ereduak eta, ondorioz, Euskal Herriko hezkuntza legean euskarazko hizkuntza murgilketa eredu bakarra egon beharko litzateke araututa, elebitasuna bermatzearekin batera, hori baita modu bakarra euskaraz ikasteko eskubidea guztiz ziurtatuta egoteko derrigorrezkoak diren zein ez diren hezkuntza maila guztietan.

X