Alternatibak justizia patriarkalari buruzko hitzaldia egingo du Bilbon, zuzenbidearen eta feminismoaren arloetako adituekin
Alternatibak hitzaldia egingo du Bilbon hurrengo ostiralean, azaroak 16, sistema judizialaren azterketa feminista egiteko. “Justizia patriarkalaren aurka, feminismo erradikala” titulupean, saioak zuzenbidearen eta feminismoaren alor desberdinetako adituak elkartuko ditu, besteak beste, indarkeria matxista, honen gaineko epaiak edota familiarekin lotutakoak aztertzeko.
Alternatibaren Mahai Feministak antolatu du solasaldia, erakundearen hamargarren urtemugaren harira eta Azaroaren 25aren bezperan. Ondorengo hizlariak ariko dira saioan: Laura Macaya, militante anarkofeminista genero indarkerian aditua ikuspegi intersekzional batetik; Rocio Medina, Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antigona taldeko kidea eta Bea Ilardia, abokatu feminista genero indarkerian aditua. Moderatzeko lana Maria del Riok hartuko du bera gain, zuzenbidean doktorea, EHUko irakaslea eta Alternatibaren Mahai Feministako kidea da bera.
Medinak “Zuzenbidea eta Feminismoa(k): Justizia patriarkala birpentsatzen” izeneko hitzaldia eskaini du, zuzenbidearen gainean feminismoak eginiko azterketen atzera begirako irakurketa egingo du, egungo adibideak ere uztartuz, feminismo desberdinen eztabaidagaiak jorratuz, hala nola justizia patriarkala eta neofaxismoaren arteko loturak.
Macaya, bestetik, esperientzia militante zein profesionaletik ariko da feminismotik zigor zuzenbidearen erabileraren kontrako argudioak emateko, kartzelen aurkako jarrera batetik. Zigor zuzenbideak emakumeen bizitza hobetzerik ez duela defendatuko du eta, bere esanetan, feminitate hegemoniko eta patriarkalaren estrategiaren parte delako. Bere hitzartzearen izenburua honakoa izango da: “Zigor feminismoaren kontra. Ugazabaren etxea desegiteko estrategiak”.
Azkenik, Bela Ilardiak indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeak artatzetik bereganatutako esperientzia jarriko du mahai gainean, emakume batek salaketa jartzeko urratsa egiten duenean bidean topatzen dituen trabak jorratuz, besteak beste, operatzaile juridikoen formakuntza falta, baliabide urritasuna, biktimizazio bikoitzeko prozesuak edota azpiegiturak. Ez du bakarrik zigor eremutik hitz egingo, izan ere, familia zuzenbidearekin lotzen dira halako gaiak askotan, esaterako, zaintza partekatuak eragindakoak. “Salaketa helburutzat hartzearen arriskuak” izango da bere parte-hartzearen leloa.
Hitzaldia datorren ostiralean, azaroaren 16an, egingo da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Bilboko Hika Ateneon (Ibeni Kaia 1) eta itzulpen zerbitzua eskainiko da bertan euskarazko hitzartzeetarako. Sarrera askea izango da aretoaren edukiera bete arte.