Prekaritatearen isla politikoa (Maria del Rio)
Lehenengo hauteskunde-kanpaina udaberriko oporretan izango da bete-betean -arabarrek San Prudentzio berezia ospatuko dute-, eta hilabete eskasera hautestontziekin bigarren hitzordua izango dugu. Hortaz, pentsa dezakegu jada hasia den kanpainaurreak luze joko duela. Eztabaida politikoak, ordea, askotan ez ditu alderdien programak ardatz; ohikoa izaten da, esaterako, hausnartzea zein izango den parte-hartze maila, eta zer nolako eragina izango duen azken emaitzetan. Aurtengo egoera bitxiaren ondorioz, gogoeta horrek askorako emango duelakoan nago.
Alternatibaren buletina defendatuko dut
Aspaldiko! Kostata, baina itzuli gara. Buletina hau jaso duzu, berriki horretarako izena eman duzulako, zure kontaktua eman diguzulako informazioa jasotzeko asmoz edota bere garaian Alternatibaren aldizkari digitala jasotzen zenuelako. Alternatibaren webgunea berritzen hasi ginenetik, buletinak bidaltzeari utzi genion, baina bueltan gara dagoeneko. Hala, hemendik aurrera berriz ere jasoko duzu gure jardueraren berri: iritzi artikuluak, hitzaldien informazioa, borroka instituzionala zein mediatikoaren bideoak, etab.
Mesedetxo bat! Dena delakoagatik ez baduzu nahi buletina jaso, arazorik ez, baina ez ezazu SPAMera bidali. Erabili ezazu buletinaren behealdean ageri den lotura harpidetza bertan behera uzteko. Aurrerantzean, gure sare sozialetako profilen bidez jarraitu ahal izango gaituzu, Twitter, Facebook zein Youtuben, edota gure webgune berrituan: alternatiba.net. Eskerrik asko.
(Bideo) Hitzaldia: Ezkerra eta nazio eraikuntza. Joxe Iriarte “Bikila” eta Jule Goikoetxea
Alternatibak hitzaldia egin zuen joan den urtarrilaren 24an bere Donostiako egoitzan, ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartu zuten parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.
Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratutakoa: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak, baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan aritu ziren.
Alternatibak babesa agertu die GARAko langileei eta gizarteari komunikazio proiektu herritarrak defendatzeko deia egin dio
Alternatibako Koordinakunde Nazionalak salatu egin du milaka euskal herritarren ahalgin eta bultzadarekin martxan jarritako komunikabideen kontrako enegarren erasoa. Gararen kontrako lapurretaren harira doa salaketa, modu bidegabean eta ulertezinean egotzi baitzaio Eginen zorra. Ondorioz, komunikabide baten etorkizuna mehatxupean jarri dute, berez bideragarria dena, aniztasun informatiboa beraren kalterako.
Tamalez, euskal independentismoaren aurkako estrategia errepresiboan, orain Kataluniarekin eta TV3ekin egin bezala, Espainiako Erresumak zentsura, jazarpena eta komunikabideen itxierak baliatu izan ditu. Adibide larri bezain ugarien artean, 1998an Egin beraren itxiera dago, Ardi Beltzarena (2001) edota Euskaldunon Egunkariarena (2003). ETAren jarduera eten zenetik ere, bere joera zapaltzaileari jarraipena eman dio estatuak: Apurtu eta Ateak Ireki webguneak itxi, kazetariak atxilotu (Alfredo Remirez) eta Mozal Legea ezarri (Hala Bedi eta Argia).
Egoera honen aurrean, Alternatibak bere babesa agertu nahi die Garako langile guztiei. Gizarteari, bestetik, dei egin dio bide guztietatik babesten jarrai ditzala martxan jarritako komunikabide herritar independenteak, gizarte anitza eta demokratiko baten ezinbesteko osagai direlako.