Del Río: «Ezkerrak erabaki beharra dauka, edo hautetsontzi eta demokraziaren alde, edota errepresioa eta erregimena indartzearen alde»

Kurtso politiko berri honetarako hiru ardatz jarri ditugu mahai gainean gaurko bileran. Gainera, hirurak bere gain hartzen dituen burujabetza ere hizpide dugu. Lehenengoa, testuinguru politikoari begira bereziki dago, emantzipazio borrokak, Kataluniako adierazlerik gertukoena dugula. Gure ustez, 78ko erregimenak inoiz jaso duen erronkarik handiena dago Kataluniako prozesuan eta urriko erreferendumean. Are gehiago, estatu propioa eraiki nahi duten estaturik gabeko herrientzat aukerarik handiena da, baita demokrazia zein eskubideetan gabezia handiak dituen estatua eraldatu nahi dutenentzat ere.

Ezkertiarra eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa den inork ezin dio kontra egin Kataluniak herritarrei hitza emateari. Egoera honen aurrean, ezkerra ezin da ez isilik gelditu ezta PP-PSOE-Ciudadanos tripartituaren eskutik joan. Aukeratu beharra dago: edo hautetsontzi eta demokraziaren alde, edota frankismoaren ondorengoa den erregimen monarkikoa indartzearen alde; herrien burujabetzaren aldeko agertu edota burujabetza hori Troikari oparitu ziotenekin bat egin.

Kurtso honetarako bigarren ildoa feminismoan kokatzen dugu, benetako berdintasuna lortzeko borrokan. Tamalez, gaur berton ikusten dugu nola Hondarribian emakumeak baztertzen dituzten eta okerrena da erakunde publikoek, udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, babestutako bazterkeriaz ari garela. Bizkaian, era berean, 300 egun baino gehiagoko greban ari dira zahar etxeetako langileak, beren duintasuna eta artatzen dituztenena aldarrikatzen dutela. Ez da lan gatazka soil bat, eta zalantzarik gabe luzatzen bada emakumeak protagonista direlako baino ez da. Zaintza, lan erreproduktibo guztia bezala, kurtso honetan jorratzen jarraitu beharreko arloak dira, erakundeetatik zein gizartearen baitan, beti mugimendu feministarekin etengabeko elkarrizketan. Ez ditugu ahazten, halaber, emakumeen soldata baxuagoak, kristalezko sabaiak edota indarkeria matxista (gaur ezagutu dugu eraso matxistak %4 igo direla EAEn), oraindik ere erakunde publikoen benetako konpromisorik ez duena, gizartean dagoen egiturazko desberdintasuna baitago jatorrian.

Alternatibatik, inolako ezbairik gabe babestu dugu Kataluniako prozesu burujabea. Ez ikuspegi abertzale batetik baizik eta sinesmen internazionalista, emantzipatorio eta demokratiko batetik. Uste dugu eraikuntza nazionala eta soziala batera datozela eta jakin badakigu Katalunia burujabe batek duintasun eta eskubide gehiago eskainiko dizkiela bere herritarrei. Euskal Herriarentzat uste dugun bezalaxe. Horregatik guztiagatik, gure alderdiaren ordezkaritza batek, CUPek gonbidatuta, parte hartuko du asteburutik aurrera ospatuko diren Diadaren ekitaldietan. Era berean, urriaren 1eko galdeketa garrantzitsuan Alternatibaren zuzendaritza ia osoa bertaratuko da Bartzelonara. Euskal gizarteari, bestetik, erreferendumaren elkartasunean herri eta hiri ugarietan antolatu diren elkarretaratzeekin bat egitera deitzen dugu.

Hirugarren eta azken ardatza desberdintasun sozialen gainekoa da, 2008ko krisiaren amaiera aldarrikatzen dute batzuek, garai artako mozkin enpresarialetara bueltatu direlako, ezkutatzen dute, alabaina, aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa dela; berreskuratutako enplegu urria erabat prekarioa da eta pobrezia adierazleak gero eta larriagoak. Ez bakarrik EAEn, non EAJk euskal oasiaren irudia saldu nahi duen arren Ebrotik behera begira beti datuak alderazteko garaian. Enpresa ugari dago kinka larrian: CEL, Naval ontziola, Edesa zena, Gometegui eta beste dozena batzuk. Eusko Jaurlaritza ez da konponbiderik emateko gai eta, gainera, laguntza sozialak murrizten ditu. Gazteen egoera larria ere azpimarratu beharra dago, erbestera kondenatuta daude eta hemen gelditzen direnei gero protestarako eskubidea ere ukatu nahi diete.

Esan bezala, subiranotasuna hiru ardatz horien haria izango dugu, kalean zein instituzioetan, gure ekimen politikoaren iparrorratz. Alternatiba abiatu zenetik ia 9 urte beteko direnean, gure helburu batzuk erdietsi ditugu; euskal ezker subiranistaren subjektu politikoaren sorrera, EH Bilduren jaiotza alegia, euskal eskuinaren alternatiba izateko gai den subjektu politiko sendoa bihurtzeko prozesuan murgilduta dagoela. Bide horretan, dudarik ez dugu Alternatiba indartzea, Euskal Herria Bildu bera sendotzea dakarrela.

Alternatiba Hondarribin izango da bihar alarde parekidea babesteko

Ekaina bukaera Irunen egin bezala, Alternatiba Hondarribian izango da bihar alarde parekidea eta Jaizkibel Konpainia babesteko. Koordinakunde Nazionaleko Alba Fatuartek, Joxe Irtarte ‘Bikila’k eta Josean Eguilegorrek osatutako ordezkaritzak jaiak asktasunean eta berdintasunean bizitzeko eksubidea aldarrikatuko dute Hondarribiko ehunka lagunekin batera.
 
Hondarribiko udaleko, Gipuzkoako Alundiko zein Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu, ezer egin gabe bazterkeriaren konplize bilakatzek direlako, eta dagoeneko bi hamarkada dira alarde parekideen aldeko borroka piztu zenetik.Gora emakumeak alardean!

Alternatibak EAJren kudeaketa eredua aztergai izango du Errenterian eta Arrasaten Igor Meltxor ikerlariaren eskutik

Irailaren 6an eta 13an, asteazkenak, Alternatibak hitzaldiak egingo ditu Errenteria-Oreretan eta Arrasaten hurrenez hurren, Eusko Alderdi Jeltzaleak EAEko erakunde desberdinetan egiten duen kudeaketa ereduaren balizko onuren atzean zer dagoen aztertzeko. Horretarako, Igor Meltxor (Ortuella, 1978) ikerlari politiko, idazle eta Kazetari Kanaiako zuzendaria izango dugu hizlari.

Gestión a la vasca: Chiringuitos, impunidad y soberbia“, “Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?” eta “Gestión a la vasca II: El oasis vasco” ikerketa liburuen egileak, hainbat datu jarriko ditu mahai gainean jeltzaleen benetako interesak azalerazteko, #PNVstyle deritzonaren frogak mahai gaineratzeko azken batean.

Lehen hitzaldia hilaren 6an izango da, Errenteria-Oreretako Mikelazulo elkartearen aretoan (Beheko kalearen 4.ean) arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bigarren hitzordua Arrasateko Jai-Zale tabernan izango da (Olarteko kalea, 37) ordu berean baina irailaren 13an, asteazkena. Hitzaldi irekiak izango dira biak, sarrera askekoak aretoak bete arte. Bata zein bestean ikerlariaren liburuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Eguna: Irailak 6, asteazkena.

Ordua: 18:30

Lekua: Mikelazulo Elkartea (Beheko kalea 4, Errenteria-Orereta).

Hizlariak: Igor Meltxor analista politikoa eta idazle eta Alternatibako kide Joxemari Carrere.

 

Eguna: Irailak 13, asteazkena.

Ordua: 18:30 .

Lekua: Jai-Zale taberna (Olarte 37, Arrasate).

Hizlariak: Igor Meltxor analista politikoa eta Josean Eguilegor, Alternatibaren zuzendaritzako kidea.

Alternatibak pozik hartu du FARC berria eta Gobernuari bake itunarekin aurrera egiteko eskatu dio

Egunotan Bogotan (Kolonbian) egin duten Kongresu Nazionalaren ostean, Alternatibak pozik hartu du Fuerza Alternativa Revolucionaria del Comun alderdi berria bere aurkezpenean. FARC-EPetik sortutako mugumendu politikoa Habanan hasitako bake prozesuaren ondorioa da, gaur egun itun hori garatzeko bidean dagoen arren. FARCek adiskidetze mezua zabaldu die kolonbiarrei, bake egonkorrean sakontzeko aukera eskaintzen duena.

Euskal Herritik, “Alternatibak zorte guztia opa dio gerrilaren ondorengo alderdiari bere ibilbide berrian. Baikorra deritzogu  Kolonbiako oposizio politikoak bere jarduerarekin askatasunez aurrera egiteko bermeak azkenean egoteari”, adierazi dute Alternatibako Mahai Internazionalistatik.

Azkenik, ezkerreko alderditik Juan Manuel Santosen Gobernuari eskatu dio Habanan  hartutako konpromisoen garapena bizkortzeko eskatu dio, bakeak aurrera egin dezala. Ildo beretik, ELNrekin negoziazioan aurrera egin ez ezik, “ezinbestekoa da paramilitarren amaieran irmo lan egitea”.

Matute: «Ustelkeria da Alderdi Popularra talde kriminala izatetik gertuago egotea alderdi politiko izatetik baino»

Gure kide Oskar Matuteren hitzaldia Diputatuen kongresuan Mariano Rajoyren agerraldiaren inguruan.

Gaur Rajoy jauna, zure alderdiaren ustelkeria auzi eta afera guztiak gogoratuko nizkizuke baina bi egun beharko nituzke eta bi minutu baino ez ditut. Bi egun beharko nituzke zure sei urteko agintaldiko ustelkeria guztia zerrendatzeko.

Ustelkeria zure alderdikideek jasotako gainsoldatak dira, diru beltza, B kontabilitatea eta sakeleko telefonotik botatako “Luis se fuerte” hori.

Ustelkeria da zure alderdia Gürteleko trajeekin janztea eta zuk barkamenik ez eskatzea, ezta plasmazko telebista bidez ere.

Ustelkeria dira Punica-ko zure morroiak, %3-ko komisioak eta kapitalen zuriketa.

Ustelkeria da Catalunya operazioa, espioitza sarea eta funts publikotik ordaindutako katalan herriaren aurkako gerra zikina.

Ustelkeria da Bankia eta Caja Madriden espoliazioa.

Ustelkeria da guk ez jakitea zuek agintzen duzuen Espainia Berlangaren filme batean bizi den ala El Padrinoren beste batean bizi den.

Ustelkeria da Genova kalean disko gogorrak mailukadekin desagerraraztea eta zure diruzaintzako paperak birringailuan txikitzea.

Ustelkeria da Alderdi Popularra talde kriminala izatetik gertuago egotea alderdi politiko izatetik baino.

Ustelkeria da mafian bezala, zuen burua babesteko darabilzuen isiltasuna.

EH Bildu

X