Guztion ardura da, eragile sozial, politiko eta sindikalena, emergentziazko egoeran erantzun eta alternatibak plazaratzea

“Murrizketarik ez. Burujabetza ekonomikoa” lelopean Euskal Herria Bildu koalizioak datorren larunbaterako deituriko mobilizazioaren harira ELA sindikatuak kaleraturiko oharraren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

Gobernu espainiarrak hartu dituen neurriek sortu duten egoera larri eta ezinegon orokortuaren aurrean, murrizketen aurkako eta burujabetza ekonomikoa aldarrikatzeko pertsona eta kolektibo orok mobilizaziorako eskubidea dutela adierazi nahi dugu.

Era berean, adierazi nahi dugu errespetatzen dugula ELAren jarrera, baina ez gaudela ados hartu duen jokabidea eta erabakiarekin. Halaber, aldarrikatu nahi dugu esparru sozial eta sindikala ez direla inoren jabegokoak, baizik eta herri osoarenak direla. Herri osoarenak diren bezala bestelako esparruak, besteak beste, erakundeak eta kaleak.

ELA sindikatuak eremu sindikal eta sozialera mugatzen du Gobernu espainiarraren neurri ekonomiko eta sozialei erantzuteko ardura, indar politikoon eragin eremua instituzioetara mugatuz. Irakurketa erratua da hori EH Bilduren iritziz. Guztion ardura da, sindikatuena, alderdiena eta eragile sozialena, emergentziazko egoera honetan, erantzutea eta alternatibak plazaratzea.

Honela bada, Euskal Herria Bildu koalizioak eremu guztietan egingo du euskal herritarren eskubide guztien defentsa, bai kalean eta bai instituzioetan eta horretarako prest dauden eragile guztiekin egingo du, ELA barne, ulertzen baitugu gu guztion eskuak beharrezkoak izango direla estatu golpe ekonomiko honi aurre egiteko. Ez dago inor soberan, eta ez gara inor inoren parte hartzea mugatu edo baldintzatzeko.

Bukatzeko, euskal herritar guztiei deia luzatzen diogu uztailak 21, larunbata, Bilbon, “Murrizketarik Ez. Burujabetza Ekonomikoa” lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera.

Alternatibak salatu du murrizketak herritarren aurkako merkatuen estatu kolpe bortitza direla

Alternatiba osatzen dugunontzat, modu bakarra dago Mariano Raxoik eta Espainiako erregeak gaur presidituko duten ministroen kontseiluan gertatuko dena: Estatu kolpea. Merkatuek zuzendutako estatu kolpea, klase herritarren duintasunarekin amaitu nahi duena, botere politikoaren birzentralizazioa  bilatzen duena eta urte luzez ongizate estatu gisa saldu diguten iruzurraren errotik desegitera datorrena.

Espainiako Erresuman, gezurra eta kirtenkeria nonahi ikus daitezke, PPren egungo Gobernuan zein PSOEren aurreko exekutiboan. De Guindos ministroak esan zigun “krisiaren ondorioak bankuek ordainduko zituztela”, eta Raxoik duela gutxira arte zioen “Espainia ez zegoela interbenitua eta ez zuela BEZa igoko”. Eta, zein da egun inposatzen diguten errealitatea? Murrizketa basatia eta zekena, gizarte bazterkerian milaka pertsona utziko dituena, baita hemen ere, Euskal Herrian.

– BEZa bi eta hiru puntu artean igo izanak Europako BEZarik altuena duten Europako Belgika edo Erresuma Batua bezalako herriekin parekatzen gaitu. Herrialde horietan, alabaina, Gutxieneko Soldata bi edo hiru aldiz handiagoa da dute; igoerak, beraz, erosteko ahalmena galtzea dakar, bizitza duinaren sostengarritasuna oso zail egiten duela.

– Are iraingarriagoa da langabezia sariaren murrizketa, langabeak enplegu bila aritzera bultzatuko dituela argudiatuta. Zinismo ariketa hain handia da ezen lan ministroa eta gobernuko presidentea dimititzera eraman beharko lituzkeela. Beste 600.000 lagun kale gorrian uztera doaz.

– Funtzionarioen abenduko estraren ezabaketa eta berau 2015ean berreskuratzea pentsio funtsetan ekarpena eginda ankerkeria hutsa da. Soldatak murrizteaz gain jokaldi bera baliatzen dute bankari mozkinak ematen jarraitzeko pentsio funts pribatuetan dirua txertatuz; PSOEk eta PPk pentsio sistema publikoa desegiteko egin behar izan duten guztia egin ondoren.

– Menpekotasun Legearen erreforma, jatorrian ere nahikoa ez zen legearena, are gehiago sakonduko du erabateko prekarietatean egiten diren zaintza lanaren baldintzetan, emakumeen esku dauden lanak batez ere eta gure bizitzarako ezinbestekoak direnak.

– Zinegotzien kopurua %30 murrizteak aniztasun politikoa desagerrarazteko helburua besterik ez du. Merkatuek PP eta PSOEren arteko bipartidismo leiala eta otzana behar dute.

Laburbilduz, estatu kolpe bat; eta Madril, Gasteiz zein Iruñeko gobernu txotxongiloek ez dute inolako arazorik izango klase herritarrak zapaldu eta sakrifikatzeko hondamendira eraman gaituztenen eskutik, Madrilen meatzariekin egin duten bezala. Alternatibatik gure babes osoa adierazi nahi diegu.

Une erabakigarria bizi dugu, kapitalismoak bere iraupena oztopatzen duen edozeinen kontra daraman borrokan. Ez dute inolako arazorik izango behar beste pertsona zapaldu eta kriminalizatzeko. Jakin badakitelako, guk dakigun bezala, haien kapitalaren eta gure bizitzaren arteko lehia bizian murgilduta gaudela.

Beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute, beste biderik ez dagoela eta ardurarik ez dutela diote. Eta berriz ere gezurretan ari dira. Badakitelako iruzur global honen erantzukizun bakarra haiena dela, kapitalismoa gurtzen dutenena. Oraingo honetan ezin diote gehiegikeriarik leporatu ezkerrari. Haien sistema izan da, merkatuekiko menpekotasunaren onespenak eta gizartea antolatzeko moduak porrot egin duena.

Alternatiban argi daukagu honek irtenbidea baduela. Eta irtenbide hori herri eta eredu justuagoa eraikitzeko aukera emango diguten neurrietan oinarritzen da. Horregatik premiazkoa dugu Euskal Herriaren erabateko burujabetza aldarrikatuko duen alternatiba martxan jartzea, merkatuekiko menpekotasunetik askatzeko modu bakarra delako. Eta premiazkoa da, halaber, haien murrizketei pertsonen duintasunaren alde egingo duten proposamenekin aurre egitea.

– Egun inoiz baino ageriagoan dago 35 lanorduen aldarrikapena. Dagoen lana eta gero eta esku gutxiagoren artean dagoen aberastasuna banatzea ezinbestekoa da.

– Atzeraezina da zerga politiken erreforma aurrera eramatea, progresibotasuna, zerga iruzurraren jazarpena eta pribilejioen desagertzea oinarri izanda.

– Gizarte justuagoa eraikitzeko berehala igo behar dugu Gutxieneko Soldata, egungo 641 euro ziztrinen gainetik, mila euroren mailatik gora.

– Etxe desjabetze guztiak ekidin daitezke, Grezian bezala, bankuek hipoteka ordaindu ezin dutenak desjabetu ditzaten galarazita.

– Makro proiektuak geldiarazi behar ditugu, eraikuntza enpresen mozkina besterik ez baitute bilatzen PP, PSE, UPN eta PNVri esker. Supersur da eredurik argigarriena, amalurra porlanez estaltzeko bakarrik balio dutelako erakunde publikoak zergapetzen dituzten bitartean. Inbertsio horiek askoz beharrezkoagoak diren politika sozialetara bideratu behar dira.

– Euskal banku nazionala sortzeko proiektuari eutsi behar diogu, funtzio soziala eta ekonomia planifikatzeko zereginak izango dituena, Kutxabank pribatizatu dezatela saihestuta, PPk, PSEk eta PNVk nahi duten bezala.

– Zorraren benetako kontu ikuskaritza exijitzen dugu, zilegi den zorra ordaindu eta bidegabea ez ordaintzeko. Europako teknokratek badakite ez dela zorra ordainduko, gezur handi bat delako. Murrizketak, aldiz, oso errealak dira.

Alternatibak Euskal Herriko gizon-emakumeekin batera, ezker sindikal, sozial eta politikoarekin batera egin nahi duen bidea da hau. Erantzuteko ordua da, batera eta herriz herri kalera ateratzeko ordua. Basakeri hau geldiaraztea dugu, zutik gaudelako; pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetuagatik kalera ateratzeko prest gaudelako. Horrexegatik, herritarrei dei egiten diegu Euskal Herriko ezker subiranistaren eskutik bakarrik etorriko den aldaketaren subjektua eraikitzera batu daitezen.

Ildo horretatik, euskal sindikalgintzak eta mugimendu sozialek gaur deituk dituzten mobilizazioekin bat egiten dugu, esan bezala, indarrak batu eta kalean erantzutea ezinbestekoa delako Mariano Raxoiren Gobernuaren eraso bortitzen aurrean.

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes01.jpg

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes02.jpg

EH Bilduk proposatzen du hipoteka ordaindu ezin dutenei finantza erakundeek luzamendua ezartzea

Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu azken hilabete hauetan.

Agerikoa da krisiak eredu kapitalista duela oinarri, finantza sistemaren desarautzea ahalbidetu duten hazkunde politika jasangaitzek eragin dutela. PNVk, PSEk, UPNk eta PPk bultzatu duten sistema neoliberal honen diktadurapean heldu gara egoera honetara.

Eta krisi honetako ondoriorik lazgarrienetarikoak etxe desjabetzea pairatu duten pertsonak dira. Krisialdiaren hasieratik 9.000 lagun baino gehiagori kendu egin zaio etxebizitza Hego Euskal Herrian. Horren berri ematen diguten datuak nahiko argigarriak dira. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik, 968 etxe desjabetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Nafarroan, berriz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak 370 desjabetzeaz hitz egin izan du iazko datuak aipatuz. Guztira, krisia hasi denetik, 1.300 lagun etxe desjabetu dituzte herrialdean. Agerikoa da goraka doazen datuak direla, eta ondorioak gero eta larriagoak izango direla (kalean utzitako pertsona eta familiak, bazterkeria soziala…).

Etxe desjabetzeak oso errealitate gordina dira, mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak kale gorrian uzten dituzte; hutsik dauden etxebizitzak pilatzen dituzte, jatorrian zuten helburu sozialari traizio eginda eta, hori guztia gutxi bailitzan, finantza erakundeen kontabilitatean aktibo toxiko gisa azaltzen dira, irizpide espekulatiboen arabera baloratu izan direlako. Egoera honen aurrean argi izan behar duguna: etxe desjabetzeen arazoa ondorioa besterik ez dela, etxebizitzaren afera globalaren baitan aztertu beharrekoa.

Eta egoera larri honen aurrean, zer egiten dute Urkulluren PNVk, Lopezen PSEk eta Basagoitiren PPk? EZER EZ, beste alde batera begiratzen dute, arazo larri hau haiekin zerikusirik ez duelakoan, etxe desjabetzeen eta desjabetuen afera herritarren eta finantza erakundeen arteko konponbide pribatu soil batera mugatuko bailitzan. Ezta gutxiago ere, PNVk, PSEk eta PSEk ostrukarena egiten dute, ezkutatu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute, ez dituztenean zuzenean babesten etxe desjabetzeak. Bankaren adiskide diren hiru alderdi hauek, haien alde jartzen dira, etxea lagatzera behartuta dauden milaka familia babesgabeei bizkarra emanda.

Urkulluk, Lopezek eta bankarien seme Basagoitik bankuentzako laguntzak dituzte lehentasun, milaka milioi euro txertatzen dizkiete haien kudeaketa lazgarriaren ostean onbideratzea behar dutelako; aldiz, erabateko ezintasuna agertzen dute desjabetuen arazoari irtenbide duina bilatzeko; akaso, areagotu egiten dute ere. Kutxabankek proposatutako Etxelan edota Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuaren moduko neurriek banka erakundeen erantzukizun etikoa zuritzeko baino ez dute balio, ez baitie inolako konpromisorik eskatzen. Era berean, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu oso larria dela Kutxabank osatzen duten hiru kutxek etxe desjabetzeak gauzatzea erakunde publikoak izanik.

Horregatik, etxe desjabetzen arazoaren aurrean Euskal Herria Bilduk honakoa proposatzen du:

1. Hipoteka exekuzioak bertan behera utziko dira. Kasu honetan ez da hipotekaren luzamendua eskatuko.

2. Finantza erakundeak jabetza eskumenak dituen erakunde publikoen esku uztea proposatzen da.

3. Etxebizitza horren erabilera eta okupazioa alokairu sozialaren bidez kudeatuko da.

4. Hipotekaren ordainketaren ezohiko etetea ezartzea hala eskatzen duten familiei. Eskakizunak:
– Hipoteka ordaintzerik ez izatea arrazoi objektiboak direla medio (langabezia kasu).
– Proposatzen da hipotekaren ordainketa aldi jakin batean uztea; kaltetuak ez du etxebizitza lagako eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du (familiaren erosteko ahalmenaren arabera ezarriko litzateke zenbatekoa, diru sarreren %15 izango litzatekeena)
– Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin.

5. Finantza erakundeek hipotekak emateko orduan duten jarrera aztertzea eta arduragabekeriaz jokatu denean, erantzukizuna onar dezaten eskatuko zaie. Ardura horiek zehazteko, etxebizitza eskumenak dituzten erakundeek arautu eta zigortzeko eskumenak izango dituzte.

Banku eta kutxen erreskateak Euskal Herria hipotekatuko duela salatu du EH Bilduk

Espainiak planteatu duen erreskatea hau da, banku eta kutxen erreskatea, Euskal Herrirako epe luzerako hipoteka izango dela salatu du gaur Gasteizen EH Bilduk. Andra Mari Zuriaren plazan, Vital Kutxaren aurrean egindako agerraldi batean antzeztu ditu erreskatearen ondorioak. Izan ere, Espainiako bankuen erreskateagatik arabar bakoitzak 1.500 euro ordaindu beharko ditu. Horri beste 300 euro gehitu behar zaio interesetan. Momentuz, 62.000 miloi euro dira baina 100.000 miloietara heldu daiteke.

Igor López de Munainek eta Iratxe López de Aberasturik eman dituzte azalpenak koalizioaren izenean. Benetako egoera eta neurriak ezkutatzen baldin badituzte ere, EH Bilduk somatzen du zer gerta daitekeen hurrengo asteoan. “Nazioarteko erakundeek bete beharreko baldintzak jarrko dituzte eta momentuz, aurreratu dute 10.000 miloi euro murriztuko dituztela Hezkuntzan eta Osasungintzan, 100.000 langile izango direla kaleratuak administrazio publikoetan, aparteko ordainsaria kenduko diete eta langabetuek gutxiago kobratuko dutela, pentsionistek ere bai. Horrez gain, sarrerak igo ahal izateko, Espainak BEZa igoko du, %21era”, diote.

Gauzak horrela, EH Bilduk “arabarrok eta orokorrean euskal herritarrok ez dugula zergatik ordaindu behar Espainiako finantza erakundeen espekulazioa, ezta PPren eta PSOEren kudeaketa txarra ere” aldarrikatu du. Izan ere, EAEk erreskateak sortutako zor publikoaren %6,24 ordaindu behar izatea ez dela zilegia dio koalizioak.

Halaber, EAJ-ren ardura egoera honetan azpimarratu nahi du EH Bilduk. “Sekulan ez da murrizketa hauen aurka azaldu eta horren alde bozkatu du Madrilen. Gogoratu beharra dago EAJk, PPrekin batera, sektore kritikoa kanpoan utzi zuela eta pribatizazioaren alde egin zuela, obra soziala deuseztatuz; azken finean, hona ekarri gaituen politika neoliberalen alde dagoelako, bere negozioen alde eta orain Kutxabank-ek ere erreskatearen dirua jasoko duela”, zehaztu dute.

Hau guztia kontuan hartuz, gutxi batzuen onerako gobernatzen dutela eta gu guztiok hipotekatu nahi gaituztela ozen esan du EH Bilduk. Horregatik, aldaketa bultzatu behar dela aldarrikatu nahi izan dute berriro. Horretarako, sektore publikoa, gastu soziala eta zerbitzu publikoen aldeko apustu argia egin du EH Bilduk eta subiranotasun osoa exijitu du Euskal Herriak eskatzen duenaren aurka gobernatzen dutelako.

EH Bilduk salatu du Raxoiren murrizketek finantza sistema saritu eta herritarrak zigortzen dituela

Euskal Herria Bilduko kide Unai Ziarretak, Rebeka Uberak, Maribi Ugarteburuk eta Oskar Matute agerraldia egin dute gaur Mariano Raxoiren gobernutik gaur iragarritako murrizketa larriak salatzeko. Prentsaurrekoaren hasieran EH Bilduk elkartasuna adierazi die Madrilen manifestatu eta indarkeria poliziala jaso duten meatzariekin, finantza botereak ditu publikoarekin saritzen dituzten bitartean.

PPren Espainiako Gobernuak murrizketa sorta luzea iragarri du gaur. Horien artean azpimarratu behar dira langabeziagatiko prestazioaren jaitsiera, BEZaren igoera, menpekotasun legean egindako murrizketak, kontratazioengatiko hobariak kentzea eta zinegotzi kopuruaren murrizketa.

Hau da, PPk urratsa eman du bere herri ikuspegia inposatzeko, zentralismoan sakonduz eta aldez aurretik pentsatutako sistema publikoaren eta ongizate estatuaren desegitea gauzatuz.

Murrizketek Zapatero jaunaren PSOEren aurreko gobernuak zein Raxoiren gobernuak orain arte hartutako bidean sakontzea dakar. Langileen aurka, azken batean herritar guztien aurka, hartu diren neurrien jarraipen hutsa dira. Herritar horiek ez daukate zerikusirik krisiaren sorrerarekin, baina orain, murrizketak bata bestearen atzean pairatu behar dituzte.

Espainiako gobernu ezberdinek izan duten murrizketen dinamika areagotu egin da Espainiako bankaren eta, beraz, Espainiako Estatuaren erreskatearen ostean. Europako batasunak murrizketa berriak inposatu dizkio Espainiari, merkatuaren eta Merkel anderearen eskaerak asetzeko, defizitaren murriztea aitzaki bezala jarrita. Izan ere, Madrilgo Gobernuak indarrean jartzen duen politika ekonomikoa Bruselan edo Berlinen erabakitzen da, Europako Batasunak eta Europako banku Zentralak erabat interbenitua dutelako Espainiako estatua.

Neurri horiek guztiak onartzearen jatorria mundu mailako krisi batean dago, baina krisi hori eragiten dutenak dira finantza desregulazioan eta iraunkorrak ez diren politiketan oinarritzen diren politika neoliberalak; horri gaineratu behar zaizkio garai ekonomiko onetan Espainiako estatuan indarrean jarri ziren politika negargarriak, azpiegitura handietan egin zuten diru-xahutze izugarria, ustelkeria, higiezinen burbuila…

Eta egoera larri honen aurrean, proposatzen duten konponbidea da diru kopuru izugarriak xahutu dituztenei, finantza sistemari, diru publikoa, herritar guztion dirua, ematea; eta, aldi berean, herritarroi beharrezkoak zaizkigun zerbitzu publikoak kentzea edo pribatizatzea edota eskubide sozialak murriztea.

Ekonomiarik ahulenak zigortzen dira, pentsiodunak, langabeak eta menpekotasuna dutenak. Eta herritar orori, soldata handienak eta txikienak dituztenei, eragiten diguten neurriak inposatzen dira: BEZaren igoera, esaterako, errenta mailaren irizpidea kontuan izan gabe; hau da, gehien dutenek ekarpenik handiena egitea, egoera honetatik irten ahal izateko. Egoera honetatik irteteko guztiok ahalegina egin behar dugula esaten ari zaizkigu, baina zenbait gauza ukitzeko prest ez daudela agerian uzten ari dira: fortuna handiak, finantza espekulazioa, gastu militarrak, koroa….

Argi eta garbi esan beharra dago: krisi honek baditu bere erantzuleak. Eta horiek izen-abizenak dituzte: Aznar, Zapatero, Raxoi, Rubalcaba, Rato, Botin, Ackermann, finantza sistema… Beraz, EH Bildutik erantzukizunak exijitzen ditugu eta egindako kaltea konpontzeko.

Alemaniako bankaren eta Espainiako patronalaren agindupean gure herrian indarrean jartzen diren politikek ondorio oso kaltegarriak izango dituzte: langabezia datu oso kezkagarriak, lan-baldintzetan prekarizazio handiagoa kaleratzeak errazteko neurrien ondorioz, industriaren eraispena, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuetan murrizketak, edota premia larrienak dituztenak babesteko neurrien eraispena.

Gainera, PPk bere DNAn daukan dena zentralizatzeko asmoa hazi egin da, estatu osoa Moncloatik gidatu nahi duelako, batez ere udalen autonomiari eraginez.

Zentzu horretan, Patxi Lopezen Jaurlaritzak eta Barcina anderearen UPNren Nafarroako gobernuak eta EAJk, neurri horiek ezarriko dituzte, herritarrek bestelako politika batzuk indarrean jartzea eskatzen ari diren arren. Alderdi horiek, PP-UPN-k, PSE-k eta EAJ-k, sinestarazi nahi digute egoera larri honetara eraman gaituzten politikek aterako digutela orain gauden putzu beltzetik.

Ezta gutxiago ere. Finantza sektoreei eta bankari kontrolik gabe aritzea ahalbidetzen zieten politika neoliberalek, baliabide publikoak xahutzeko politikek eta higiezinen burbuilak eraginda, langileek, emakumeek, gazteek eta pentsiodunek krisi globalaren ondorioak pairatu beharko dituzte. Eta egoera honetara ekarri gaituzten politika berberekin jarraitzeak agerian uzten du beraien helburu bakarra dela kapitalaren eta finantza sistemaren neurrira egindako sistemari eustea, beti ere herritarren kolkora.

Banka eta kapitalaren interesek gobernatzen duen Espainiarekiko menpekotasuna hausteko garaia dugu. Raxoi eta Rubalcaba eta haien menpe dauden Lopez eta Barcina bezalakoen gaitasun faltagatik ezin gara arrastaka ibili. Euskal Herrian bestelako hegemonia soziala eraiki beharra dugu, ezkertiarra eta burujabea.

Horregatik guztiagatik, gaur inoiz baino indar handiagoarekin gure burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu EH Bildutik, gure herriko herritarren beharretara egokitzen diren politikak indarrean jarri ahal izateko.

Zentzu horretan, bankaren erreskateen eta langileei kalte egiten dieten murrizketa basatien aurrean, oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea eta indartzea edota premia larrienak dituztenei estaldura publikoak mantentzea aldarrikatzen dugu EH Bildutik.

Alternatibak espero du Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak espetxe politika aldaraztea

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek albiste ontzat jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia Ines del Rio presoak aurkeztutako helegitearen harira: “Lehenengo eta behin, Parot Doktrinak pairatu dutenen kaltea ordaintzeko balio beharko litzateke”. Ildo honetatik, gogorarazi du “pertsona guztien giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztien defentsa egiten duenarentzat, agerian dago presoen eskubideak behin eta berriro urratzen direla dena ETA dela irakurketaren eta zigor bikoitzak ezarrita, presoei zein beren senitartekoei”.

Hala, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak adierazi du “Estrasburgoren erabakia Espainiako Estatuari hausnarketarako tartea ekarriko diola, euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen ari den espetxe politika aldarazteko”. Zentsu berean, “egoera politiko berria egonkortzeko eta gatazkaren behin betiko konponbiderako mesedegarria” izango litzatekeela esan du.

Azkenik, Jorge Fernandez Diaz ministroak iragarritako errekurtsoaren kontra, Alternatibatik “salbuespen zein mendeku legeen arabera kartzelan jarraitzen duten preso guztien askatasuna” eskatu dute. Era berean, Espainiako Erresumako Gobernuak Ines del Rio espetxetik ateratzeko asmorik ez duela ikusita, Matutek ohartarazi dio Raxoiri “herritarren gehiengoak eskertuko liokeela jarrera intsumisoa Bruselarekin hartzeko Estrasburgorekiko hartu beharrean”, Madriletik inolako eztabaidarik gabe onartu dituzten irizpide ekonomikoak aipatuz.

PNVk eta PPk Kutxabank esku pribatuetan uzteko egin zuten akordioa

Sistema finantzarioaren erreforma berri iraunkorra bihurtu da panorama informatiboan. Berri guztien artean, oharkabean pasatzen ari da aurrezki kutxak desagertu eta banku pribatuetan bihurtzeko egitasmoa. Erritmo informatibo berberarekin saldu dizkigute Madril, Iruñea eta Gasteizeko gobernuek lan erreformak, sistema publikoaren aurkako erasoak edota zerbitzu sozialetan atzerapausoak. Krisia guztirako aitzakia bihurtu dute krisia sortu eta bere ondorioez etekina ateratzen duten horiexek.

Euskal Herria Bilduk ordea, oso argi du erreforma finantzarioaren helburu bakarra diru publikoa ebastea dela, merkatu pribatuari txertatzeko. Erreskate bakoitzak agerian uzten du hori. Kapitalari men egiten dioten alderdiek, PP, UPN, PNV eta PSEk, krisiaren arduradunei krisiaren epaile izaten utzi diete, eta euren gehiegikeria espekulatiboak herritarrek ordain ditzaten uzten dute.

Tamalez, eta lau alderdi horiek sinestarazi nahi digutenaren aurka, euskal sistema finantzarioaren egoera ere oso larria da, eta neurri batean euskal eta espainiar eskuinak adosturiko eta PSEk babesturiko Kutxen Legea da larritasun horren oinarria. Kutxabank-en botere banatzeko adostasuna lortu dute, bai eta Bilduren esklusioaren bidez, Kutxabank-en kontrol organoetan euskal jendartearen aniztasuna ezabatzeko. Lege horrek udalak diskriminatzen dituela salatu dugu, batzarren osaketan ordezkaritza murriztuz eta era berean, instituzio publikoek batzarretan duten ordezkaritza murriztu da PNV eta PPren Kutxen Legearekin, %50etik %40ra pasata.

Banku pribatuen neurriko entitatea diseinatzen ari dira PP eta PNV: ez du lehentasunezkoa izango kontsumo arduratsua bultzatzea, ez eta inbertsio publikoa edo funtzio soziala. Dagoeneko Kutxabank-i ezarri dizkioten helburu espantsionistek agerian utzi bezala, PNV eta PPk lehentasunezkotzat joko dute espekulazioa, epe motzeko etekina eta bereziki, “lagunen” interesak bermatzea.

Espekulatiboa baina ez den helburu batekin zabaltzearen lehen ondorioa, instituzio publikoek erabakiguneetan duten eragin maila murriztea dakar, era gehiago jakinarazi diren lege aldaketekin. Orain arte hondoraturik zeuden entitateak erosiz gauzatu da zabalkundea eta badirudi, aurrerantzean Euskal Herriko bezeroen dirua erabili nahi dutela PNVk eta PPk erabat zorpeturik dauden kutxak erosteko. Caja Castilla La Mancha izan zen lehena, ostean etorri ziren Caja Mediterranea eta Cajasur. Orain Caixacatalunya erosi nahi dute, Kutxabank beraren solbentzia arriskuan jartzen ari direla bost axola zaielarik.

Azken egunotan hedatzen ari den Kutxabank-en pribatizazioaren inguruko berria integrazio kontratuan Bildurekin adosturikoarekin aurkakotasunean dagoela salatu nahi dugu. Akordio horretan, hiru euskal kutxen batzarrei dagokie kapital pribatuaren sarreraren inguruko erabakia. Orain ordea, Espainiako Bankuaren erregulazioak, Luis de Guindos ministroaren nahiek eta Kutxen Euskal Legeak euskal aurrezki kutxak pribatizatzeko asmoak indartzen dituzte.

Euskal eskuinak, espainiar eskuinarekin bat eginik, eskuartean dutena azalarazi behar dugu: 90. hamarkadan Italian jarraituriko prozesu berbera jarraitzea, aurrezki kutxak banketxe pribatu bihurtuz eta gizarte ekintzaren edo kapital publikoaren inolako arrastorik ere ez utziaz. Hauexek izan ziren urratsak: lehenik eta behin,  jardun bankarioa eta gizarte ekintza bereizi ziren, nahiz eta fundazio bidez kontrolaturik zegoen; bigarrenik, kapital pribatuaren sarrera baimentzen duten lege aldaketak; hirugarrenik, kapital pribatuaren sarrera masiboa; laugarrenik, kapital publikoaren garrantzirik eza, azkenean kapital pribatuari saltzen zaiona. Ondorioa: Banketxe erabat pribatua eta gizarte ekintzaren amaiera.

Era berean, euskal kutxak fundazioan bihurtzeak bere helburu fundazionala alboratzea suposatuko luke, gizarte ekintzaren eta pribatizazioaren desagerpenari bidea irekiaz. Fundazioak ez lirateke entitate finantzarioak eta ez lukete banka lizentziarik izango. Gainera, fundazio gisa ezingo lukete Kutxabank-eko akzio guztien jabe izan; burtsara aterako litzateke eta Italian bezala, kapital pribatua erruz sartuko litzateke. Horretarako egin dute ituna PP eta PNVk administrazio kontseiluan botere osoa eskuratzeko, euren eredu eta apustua delako Kutxabank-en etorkizuna esku pribatuetan uztea, eta horretan PSEk babesa adierazi die.

Ezin dugu onartu Kutxabank-en pribatizazioa, ez eta etengabe bere hedatze espekulatiboa izatea helburu. Herritarren zerbitzura egongo den eta planifikazio sozial eta ekonomikoa izango duen banka publikoa behar dugu, eta hori da gure aldarrikapena. Sistema finantzario publiko, garden eta demokratikoa behar dugu, gure herriko ehun industrial eta sozialaren beharretara egokituko dena. Horrela bada, krisi sistemikoa gainditzen lagunduko gaituen sistema finantzario publikoa defendatzen dugu.

Azken finean, honakoa aldarrikatzen du Euskal Herria Bilduk: bere funtzio soziala definituko duen entitate publikoa, banka komertzialaren rola gaindituz irizpide ekologiko eta sozialetan oinarrituko den inbertsio produktiboa erraztuko duen inbertsio banka bihurtuaz. Espekulazio finantzarioaren aldeko apustua egingo ez duena, inbertsio militarra eta megaproiektuei errefusatuko dituena. Funtzio sozial konkretuei eutsiko dien kutxa behar dugu: zaintza ekonomiaren lehentasunei prestamu eta inbertsio egokiak egingo dizkiona, kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatuko duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatuko duena, elikadura burujabetza eta sektore zaurgarrienen kontsumoa babestuko duena. Azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzaile eta gardentasunaren printzipioengatik zuzenduko dena.

Alternatibak positibotzat jo du ETAk aitortu izana herritarrak direla protagonistak gatazka konpontzeko bidean

Alternatibak baikor hartu du ETAk bi komunikabideen bitartez gaur zabaldu duen adierazpenaren edukia, batez ere, “indarkeria behin betirako lagatzearen aldeko apustua eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi duelako”. Hala adierazi du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak testua aztertu ondoren. Ziurtatu duenez, “Alternatibak behin eta berriro errepikatu duen beharra berrestera dator adierazpena, gizarteak eskuratu behar duen protagonismoari dagokionez, eta eragile guztiek gatazkaren amaierari eta Euskal Herriaren normalizazioari begira eman beharreko urratsen” inguruan.

Ildo honetatik, Matutek nabarmendu eta “aurrerapausotzat” jo du ETAk berak aitortu izana “herritarrak bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko giltza direla, prozesu honetako motor eta protagonista izan behar direla, edozein motatako tutelak desagerrarazita”. Edonola ere, kezka azaldu “arriskutsua” delako “Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak, eta Frantziako zein Espainiako Erresumako Gobernuek haien botere esparruetatik inolako urratsik ez egitea”.

Azkenik, Alternatibako bozeramaileak alde guztiek aurrera egin dezatela beharrezkotzat jo du, Aieteko adierazpena bere eginda, besteak beste, “herri honetako eragile politiko eta sozial gehienek sinatu eta milaka eta milaka lagun ezezagunen bultzada” izan duelako dagoeneko. Oztopoak oztopo, Matutek berriz ere esan du “inoiz baino aukera handiagoak direla indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko, bakea nagusi izango duen herria eraikitzeko”.

Eh Bilduk PNVren kudeatearen porrota salatu du Supersur makroazpiegituraren emaitza lazgarriak ikusita

Bizkaiak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial larriarekin arduratuta gaude Euskal Herria Bildun. Ekonomia espekulatiboak eragin duen krisi sistemikoaren aurrean gaude eta, gainera, eskuin neoliberaleko agintariak berau aitzakia bezala hartzen ari dira borroka sozialaren bidez urteetan lortutako eskubide sozial eta laboralak bortizki murrizteko.

Jendartearen interesen aurrean gutxi batzuen interes ekonomikoetan oinarritutako politika egiteko ereduaren adibiderik esanguratsuenetako bat Supersur edo Hegoaldeko Saihesbidearen eraikuntza da. Bizkaiko jendartearen gehiengo zabal bat irmo azaldu zen errepide azpiegitura horren eraikuntzaren aurka, gure herrialdeak zeuzkan trafiko arazoei ez zielako inolako konponbiderik ekarriko eta, hori gutxi balitz, eragingo zituen kostu ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak erabat jasangaitzak izango zirelako.

Supersurra zabaldu zutenetik urtebete joan da, eta datuek arrazoia ematen diete Diputazioaren megaproiektuaren aurka azaldu ziren pertsonei, kolektiboei eta eragileei. Aurreko apirilean, Aburto jaunak aitortu zuen Diputazioak aurreikusitako erabilpenaren %44 ere ez zeukala Hegoaldeko Saihesbideak. Hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak inoiz egin duen herri-lan handi eta garestiena ia ez da erabili ere egiten. Eta foru diputatuari ahaztu zitzaion esatea ia baliabide guztiak baldintzatzen dituela eta Bizkaiko eskualdeen artikulaziorako beste errepide batzuenganako arreta atzeratu duela. Ermuako saihesbidea ez egitea horren adibide esanguratsuenetako bat da.

Aldundiak berak emandako datuen arabera, datu lazgarriak azaltzen zaizkigu azpiegitura honen kudeaketari dagokionean ere. Aurtengo apirilera arte, errepide honek 2,8 milioi euroko diru sarrerak utzi ditu, urtebeterako kontuak eginda 6 milioikoak izango liratekeela. 6 milioi besterik ez, PNVren gobernuak 25 milioi euroko aurreikuspenak egin zituenean. Kopuru larri honi gehitu behar zaio Supersur kudeatzeak 10,5 milioi euroko gastua dakarrela urtero. Ondorioz, bizkaitarren etorkizuna hipotekatzeaz gain, inondik inora beharrezkoa ez zen makroazpiegitura honek 4 milioi euroko defizit gehigarria eragingo digu urtero. Honek eragina izango du etorkizuneko aurrekontuetan, ikusiko dugu nola beste gastu batzuk murriztuko dituzten inoiz eraiki behar izan ez zuten azpiegiturak utzitako zuloa estaltzeko.

Baina, itxura guztien arabera, kudeaketa negargarri horrek ez du inolako eraginik izango EAJk gidatzen duen Diputazioan. Are gehiago, egin zuten akatsa aitortzeko prest ere ez daude. Beraz, Supersurraren gaiaren kudeaketa negargarria izan da, baina EAJk kalterik gabe atera nahi du arazo honetatik, eta ezelango erantzukizunik hartu gabe. Alde horretatik, komeni da gogoratzea 2004. urtean, oparotasun ekonomikoen garaietan, EAJ ereduaren defendatzaileek bere burua akats gabetzat zutenean, Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak adierazpen hauek egin zituen, esandakoaren larritasunaz jabetu ere egin gabe: “Obra hau guk, gure seme-alabek eta gure bilobaren batek ere ordainduko du”.

Behingoagatik ere, arrazoia zeukan Bilbao jaunak: ingurumen zein aurrekontu aldetik daukan kostua izugarria izanda ere ia erabili ere egiten ez den Supersurrak Bizkaiko belaunaldi askoren etorkizuna baldintzatuko du. Batez ere kapitalaren interesak pertsonen interesen aurretik jartzen dituen eredu honen aurrean babes txikiena duten pertsonena. Eta orain, oparotasun ekonomikoen garaiak ahaztu zaizkienean, garai bateko diru xahutzeak astakeria galantak iruditzen zaizkie askori. Baina duela urte batzuk batzuk ohartarazi genuen desarrollismoan oinarritutako eredu honek ondorio dramatikoak izango zituela.

EAJren ereduak, Bizkaian beti PPren eta PSE-EEren babesa izan duenak, kosta ahala kosta erreskatatzen ahalegintzen ari direnak, era honetako obra faraonikoak behar ditu aurrera egingo badu. Horregatik, inoiz ez dute onartuko Supersurra eraikitzea akats larria izan zela, hanka sartu zutela onartzen badute beraien ereduak porrot egin duela aitortuko dutelako. Bai, Bilbao jauna, krisia estatuko erakundeei leporatu nahi diozuen arren, zure ereduak, EAJren ereduak, porrot egin du. Zuk krisiaren sorrera leporatzen diezun horiek direlako zure politika okerren babesle eta laguntzaile nagusiak, non azpiegitura erraldoien eraikuntza eta murrizketa sozial eta laboralak nagusi diren. Eta Supersurra horren adibide argienetako bat da.

EH Bildutik salatu nahi dugu EAJ urteak ari dela enpresa ikuspegia lehenesten den politikak egiten, akats tekniko eta ondorio ekonomiko kezkagarriak dituena. EAJren ustezko seriotasunaren eta ageriko kudeaketa onaren ereduak itoginak baino ez ditu.

Banketxeen kudeaketa txarra egungo porrot ekonomikora ekarri gaitu eta kudeaketa politiko txarrak eraginda egungo krisiari eta jendartearen oinarrizko premiei aurre egin ahal izateko egoera oso zailean gaude.

Baina EH Bildutik uste dugu Bizkaian badela herritarren etorkizuna hipotekatzen duen eta porrot egin duen eredu honentzat alternatiba egingarria.

Alternatiba hori Bizkaiko garraioan inbertitzean oinarritu behar da, baina inbertsio hori garraio publikoaren eskaintza hobetzeko eta handitzeko erabili behar da, plan integral bat diseinatuz, bizkaitarrek ditugun beharrei erantzuteko. Gure herrialdeko trenbideak berreraiki eta egokitu behar dira, bikoizketa lanak eginez. Garraio publikoan oro har eta trenbideetan egindako inbertsioek enplegua sortzeko balio dezaketelako, ingurumenaren iraunkortasuna eta errepideetako garraioa hobetzen dutelako.

Justizia sozialean oinarritutako inbertsio apropos batekin osatzen da gure alternatiba, aberastasunaren banaketa ekitatiboa lehenesten duena; diru gose asegaitza dutenen horien pribilejioak beharrean herritarren interes orokorrak aurretik jartzen dituen alternatiba; pertsonak eta ez kapitala erabakien erdigunean jarriko duen politika egiteko eredu berria; desarrollismo basati eta kontrolik gabekoaren interesak baztertu eta ingurumenaren zaintza lehenetsiko duen eredua. Azken baten, egunerokoan aurrera egiteko lan egiten dutenak protagonista izango dituen alternatiba, eta ez krisi ekonomiko eta sozial larri honetara eraman gaituzten akzioen eta 500 euroko billeteen bildumazaleak.

La candidata a lehendakari de eh Bildu, Laura Mintegi, eh Bilduren lehendakarigaia

Euskal Herria Bildu ha realizado hoy la presentación de su candidata a lehendakari. La principal candidata de la coalición de izquierdas y soberanistas será Laura Mintegi. A partir de ahora tendremos tiempo de soluciones como lema, porque es el momento de proponer soluciones claras a los problemas a los que se enfrenta este pueblo y sus gentes. Esta ha sido su intervención/ Hauek izan dira bere hitzak:

Egun on gaur agerraldi honetara etorri zareten guztiei. Hotel honetan, gainera, egoitza hartu zuen lehenengo Jaurlaritzak gerra urteetan.

EUSKAL HERRIA BILDU koalizioak bere lehendakarigaia aurkeztu nahi du gaur Euskal Autonomi Elkartean burutuko diren hurrengo hauteskundeetarako, eta arduraz eta ilusioaz nereganatzen dut erantzukizun hori.

ARDURA aipatu dut, Euskal Herria Bilduren inguruan pertsona askoren proiektu politikoa eraikitzen ari delako, eta proiektu hau ez da biltzen bakarrik une puntual baterako (hau da, epe laburrean Euskal Autonomi Elkartean burutuko diren hauteskundeetarako). Proiektu hau Euskal Herri osoko ezkertiarren eta soberanisten proiektua da, iparrean bizi edo hegoan bizi, mendebaldean edo ekialdean. Erantzukizuna sentitzen dut, beraz, kolektibo zabal, plural eta bizi baten ordezkaria izango naizelako.

ILUSIOA sentitzen dut aldi berean jakin badakidalako ezkertiarrek eta soberanistek badugula zer eskaini une garrantzitsu honetan, eta aukera dugula herri honek orain arte izan duen ibilbide politikoan eragiteko.

Ziklo baten amaiera eta ziklo berri baten hasiera bizitzen ari gara, orain arteko garaiarekin zerikusirik ez duena. Garai berri honetan lema sendo eraman beharra dago, eta, garai berrira egokituko den proiektu argia gauzatu. Euskal Herria Bildu prest dago garai berriak behar duen lidergoari eusteko.

Gauzak beste modu batera egin behar dira, begibistakoa da hori, eta badakigu nola nahi dugun egin. Beste politika bat egin nahi dugu eta orain egin nahi dugu. Horrexegatik goaz Eusko Jaurlaritzara, Euskal Herri berri honek pertsona berriak, modu berriak eta, batez ere, proiektu politiko berriak behar dituelako oraingo ibilbideari buelta emateko.

Jaurlaritzara joan nahi dugu EGITEKO, ez EGOTEKO. Ez gaitu mugitzen logika espazialak. Eragitea da gure helburua, eta ez egotea egote hutsagatik (beste batzuei antzematen zaien moduan). Jaurlaritza baliabidea da, tresna, ez helburua, gure helburua delako Euskal Herri normala, justua eta buruaskia lortzea.

Responsabilidad e ilusión, como digo, a partes iguales, en un momento en el que vemos que hay una oportunidad real para cambiar el rumbo político de este país. Euskal Herria Bildu se presenta a unas elecciones en una democracia que no merece ser llamada así. Esta pseudo-democracia ha utilizado criterios excluyentes para eliminar la disidencia; ningunea la cultura vasca y, entre otras cosas, es (junto con Turquía) el único país europeo que tiene desde hace años encarcelados a periodistas y políticos por delitos de opinión.

Euskal Herria Bildu llega a la escena política en la peor crisis económica que se recuerda en mucho tiempo, donde los políticos españoles ocultan datos y mienten, y los políticos vascos van a Madrid a rendir pleitesía. En estos momentos plantearse la posibilidad de desvincularse de los estados vecinos no es solo un sano ejercicio de un derecho reconocido internacionalmente, sino que es una cuestión de supervivencia ante el naufragio español.

Euskal Herria Bildu tiene vocación soberanista y de izquierdas, es decir, quiere hacer una política al servicio de las gentes y de los pueblos, y no de los capitales y los estados.

Gauzak honela, SOLUZIOAK ekarri nahi ditugu herri honetara, SOLUZIO ARGIAK, eta horretarako bi ardatzetan oinarritu dugu gure zeregina:

Lehenik eta behin BAKEA eraiki behar dugu, bakea zentzu zabalenean eta sakonenean. Bakea da Justizia, Bakea da ideiak kontuan hartzea, Bakea da errespetua, Bakea da erabakiak hartu ahal izatea, Bakea da erabakitakoa gauzatzea.

Norbaitek pentsatzen badu borroka armatuaren gelditzea nahikoa dela BAKEA ezartzeko, oker dago oso, estatu autoritarioak ebazpenez ebazpen ito dituelako askatasunak baten eta orain horri guztiari buelta eman behar zaiolako.

Bakea lortzeko helburuaz, prest gaude bustitzeko, eta gainontzeko indar politikoei galdetu egingo diegum behin eta berriz, ea zer egiteko prest dauden BAKEA lortzeko eta konfrontazio garaiak atzean uzteko.

Elkarrizketaren kultura jarri nahi dugu politikaren erdigunean eta edozein aukera politiko defendagarria dela aldarrikatu, bai eta independentziarena ere, noski.

Euskal hiritarrek aukera eduki behar dute galdetuak izateko ea nola eta norekin bizi nahi duten, ea maizter segitzeko gogoa duten ala aita-amaren etxea eraikitzen hasi nahi duten eta ama-aitaren hizkuntza bermatu etxekoentzat.

Horretarako hasi beharko dugu ustelduta dagoena zaharberritzen, demokrazia bera alegia. Demokrazian boteretsuena ez baita oihu altuen egiten duena, baizik eta hiritar gehiagoren sostengua bereganatzen duena, eta hortik hasi beharko dugu, gehiengoak eta gutxiengoak kontuan hartzen (eta gutxiengoak errespetatu egingo ditugu, lasai egon daitezela).

Y es la PAZ y la normalización la vida política, uno de los dos ejes en los que ya están trabajando las mujeres y los hombres de Euskal Herria Bildu, para implementar la cultura del respeto, reconocer al otro aunque piense diferente, y llevar al ámbito de la política lo que ya se está haciendo en la calle.

Esta coalición es, sin ir más lejos, un ejemplo de la cultura del diálogo que queremos trasladar a la política; eso es lo que han hecho las fuerzas políticas que conforman Euskal Herria Bidu: hablar y entenderse.

Y por medio de esta cultura del diálogo, tendremos que empezar por sanear una democracia corrompida que mediante la exclusión (que, por cierto, no hay nada más antidemocrático que la exclusión) ha dado rango a normalidad a situaciones distorsionadas. Habrá que poner las bases para que cualquier opción política pueda ser defendida e, incluso, pueda ser llevada a la práctica si tiene el respaldo ciudadano suficiente. Queremos reivindicar el derecho a decidir, y que ese derecho no se quede en una mera declaración de intenciones.

BIGARRENIK sentsibilitate soziala aldarrikatu nahi dugu. Justizia soziala oinarri duen gobernua sortu nahi dugu. Eta ez genuke pemititu behar espekulatzaileek gaina har diezaietela politikariei. Momentua da galga ipintzeko kapitalismo basatiari. Ezkerraren baloreak ipini nahi ditugu indarrean: ahularen babesa, elkartasuna, auzolana, botere horizontala, galdeketa, partaidetza, gizarte igualitarioa.

Porque queremos diseñar una sociedad fundamentada en la justicia social, poniendo el punto de mira en las personas y no en los capitales, gobernando para los y las ciudadanas y no para los especuladores. La pobreza limita la libertad de decisión de las personas y de los pueblos. La pobreza resta dignidad y debilita políticamente. La falta de medios disminuye la capacidad de tomar decisiones, y esto es así tanto para los individuos como para los pueblos.

Tenemos un proyecto político, tenemos el equipo humano y, sobretodo, tenemos la voluntad política para llevarlo adelante.

Eta pluraltasunetik eraman nahi dugu aurrera, indartsu egiten gaituena ezberdinen arteko akordioa baita. Ez gara berdinak eta ez dugu berdinen arteko gizartea nahi. Euskal Herria gizarte plurala da eta zenbat eta lehenago onartu, are eta arinago jarriko gara akordioen bidean, ezinbestekoa baita adostasunerako kultura lantzea. Elkarren aurka mokoka aritzeak ez garamatza inora. Nor bere lekuan, bai; nork bere ideiekin, bai, baina elkar errespetatuz.

En una sociedad donde nos han querido hacer creer que la multiplicidad significaba variedad, cuando en realidad era todo más de lo mismo, una y otra vez repetido, reivindicamos la verdadera PLURALIDAD, donde los distintos se reconocen y se respetan.

Hori guztia da euskal gizarteari eskaini nahi dioguna: herri proiektua, bokazio soberanista, ezkerraren baloreak, akordioa eta elkarrizketa, gizarte justuagoa lortzeko helburua Eta horretarako SOLUZIO ARGIAK behar dira.

Ofrecemos a la sociedad vasca un proyecto de país, con vocación soberanista y valores de izquierda, con la voluntad absoluta de eliminar la injusticia social. Con el objetivo de fomentar la autonomía personal y la autonomía colectiva para que un día este país pueda ser reconocido dentro de la comunidad internacional.

Somos muchos y muchas los que hemos llegado a la conclusión de que la situación actual no tiene ninguna salida si sigue con la trayectoria que lleva, que el capitalismo empobrece humanamente y económicamente, y que hay otras maneras de organizarse en política, maneras más participativas, más solidarias, horizontales, donde todos tengamos cabida. ES TIEMPO DE SOLUCIONES

Ez dugu agintzen honezkero egiten ari ez garen ezer. Egintzak nahiago ditugu hitzak baino. Ekin, mintzatu ordez. Baina ez gaude bakarrik hau guztia egiteko. Lana konpartitu nahi dugu, auzolana bultzatu.

Somos todos los que estamos, pero todavía no estamos todos los que se sienten soberanistas y de izquierdas. Todavía podemos apretujarnos y hacer sitio para más. Este es un proyecto en construcción, y todas las aportaciones son bienvenidas. Normalización política, derecho a decidir y justicia social son los tres mensajes que queremos dejar hoy aquí.

Eta zuei, kazetariei, eskerrik asko zuen arretagatik eta trasmititzen laguntzeagatik jendearengana helarazi nahi dugun mezu hau. Agur eta laster arte.

X