Aresen dimisioa eta eredu polizialaren gaineko eztabaida eskatu dute Alternatibak, EAk, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak

Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas gaztea hil eta hilabetera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburu Rodolfo Aresek, apirilaren 5ean gertatutakoa oraindik ez duela argitu adierazi nahi dugu. Gertatutakoaren erantzukizun politikoa benetan onartu duela iradoki dezakeen neurri edo keinurik ez dela egon salatu behar dugu ere.

Deitoragarria deritzogu Polizia Autonomikoaren egungo ereduaren inguruan hausnarketa iragarriko zuela esan ondoren, adierazpenok hitz soiletan gelditzeari. Iñigoren heriotzaren harira sortutako ezinegon sozialari begira baino ez zituela egin argi gelditu da.

Hala frogatu zuen Aresek Xuben Nafarrete larri zauritu zuen karga azaltzeko agerraldian, aurretik gainditutzat jo zuen polizia eredu baten apologia besterik ez baitzuen egin. Iñigo Cabacasen oroimenak, haren senide eta lagunek, Bilboko hiritarrek eta, oro har, euskal gizarteak jarrera arduratsuagoa merezi dute Herrizaingo Sailaren arduradunaren partetik.

Aresek bere aginduetara dauden polizien jokabidea justifikatu nahi izan du bi kasuetan, Xuban zein Iñigorekin, batean zein bestean eginiko kargak Herrizaingo Sailak erabilitako argudioak deuseztatzeko froga eta lekukoen testigantzak egon narren. Ezin ahaztu, gainera, kargak Europako Batasunak ez egokitzat jotzen duen materialak erabilita egin zirela, ondorio lazgarriak eragin ditzaketelako.

Milaka herritar izan dira gehiegikeria nagusi izan duten jokabideen lekuko eta horien ondorioen berri izan dutenak. Hala ere, Talde Mugikorra indartzeko Aresek iragarritako asmoak, konponbideak eskaini beharrean, egungo polizia ereduan sakondu egiten du, protesta soziala delitu bilakatu eta zapaltzea bilatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak erantzukizunak estali eta euskal gizartean egiteke dagoen eztabaida ekidin nahi izan du, etorkizunera begira beharrezkoa dugun polizia ereduaren inguruko eztabaida, hain zuzen; zeregin nagusia herritarren segurtasuna bermatzea izango duena, era guztietako indarkeria eta zapalkuntza alboratuta.

Horregatik berretsi egiten dugu polizia ereduaren inguruko eztabaida sozial eta politikoa abiatzeko exijentzia; Euskal Herriak egun bizi duen garai berriari egokitutako eta polizia zapaltzailearen egungo eredua gainditu behar duen Ertzaintza beharrezkoa delako.

Azkenik, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak arduradun politikoei dei egiten diegu, herritarren gehiengoak eskatzen duenari men egin diezaioten. Hori dela eta, berriz ere exijitzen dugu Aresen dimisioa edo kargutik ken dezatela.

Alternatibak oso positibotzat jo du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioa

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso positibotzat” jo ditu Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioak egunotan Euskal Herriko eragile sozial eta politiko desberdinekin, Alternatibarekin besteak beste, NEBek asteon eginiko bileretan parte hartu ostean. Alderdi ezkertiarrarentzat “agerian gelditu da ETAk urrian iragarritako erabakiarekiko konpromisoa eta errespetua, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuenari kasu egin eta jarduera armatua behin betiko lagatzeko emandako hitzari eutsi diolako”.

Matutek, bestalde, eragile guztiek egin beharreko “ezinbesteko urratsak” nabarmendu ditu, “ETAren eteteak erakundearen betirako amaiera ekar dezala eta Euskal Herrian bake bideak eta konponbide demokratikorako prozesuak ireki daitezen”. Ildo beretik, Espainiako Erresumako gobernuak “konponbiderik ez emateaz gain, eskubide zibil, sozial eta politikoak ukatzeko jarrera darabil, zabalik dauden epaiketek egiaztatzen dutenez”, Bateragune, D3M eta Askatasuna auziak gogoratuta.

Alternatibako bozeramaileak aitortu du “pazientzia handia beharrezkoa” izan daitekeela aldaketak egin edota orain arte mugiezinak ziren jarrerak mugitzeko, ziurtatuz “norabide horretan ari badira alde izango gaituztela”. Aldiz, “haien geldotasunaren atzean kalkulu politikoak besterik ez badaude eta garaileak eta garaituak izango dituen amaiera lortzeko helburua badute, kontra egingo diegu eta publikoki salatuko ditugu”.

Alternatibak Basagoitiren hitz “xenofobo eta arrazistak” salatu ditu osasungitza eta etorkinen inguruan

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Antonio Basagoitik bere blogean osasungintzaz eta etorkinen inguruan adierazitakoa salatu du gaur, EAEko PPko buruak bere benetako aurpegiaren berri eman duela ziurtatuz: “zer nolako jarrera politikoa duen adierazi digu, ultraeskuin zaharkituarena, xenofoboa eta arrazista, baliabide publikoak klase sozialaren eta pertsonen jatorriaren arabera lehenesten dituena”.

Matutek justizia soziala bezalako edukiak “prostituitzea” leporatu dio Basagoitiri, Espainiako Gobernutik “Mariano Raxoi alderdikideak hezkuntzan eta osasungintzan eginiko murrizketak justifikatzeko esan du, pertsonen duintasunaren kontrako eraso larriak izan arren”. Gobernu popularrak osasun zerbitzuetan ezarritako murrizketak izan dira, hain zuzen ere, PPko buruzagiak gaia jorratzeko baliatutako aitzakia. Raxoik iragarri eta Basagoitik txalotutako neurrien artean beren egoera guztiz arautua ez duten etorkinei osasun txartela eskuratzeko trabak ezartzea dago.

Alternatibako bozeramaileak berriz eskatu ditu “gure baliabideak erabiltzeko ahalmena, bakarrik elkartasunaren eta internazionalismoaren bidetik lortuko dugulako pertsona libreek osatutako gizarte librea, non inolako bazterkeriarik pairatuko ez den, ez arrazarengatik, ezta klase baldintzengatik edo erosteko ahalmenarengatik”. Azkenik, Raxoi eta Basagoiti “muturreko betiko eskuin espainiarra” direla gogorarazi du eta, horregatik, Euskal Herrian ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoen elkarlanerako deia egin du, “haien politika eta murrizketei batera erantzuteko”.

http://alternatiba.net/old-files/oskar-matute-cree-intente-dificultar-amaiur-tenga-grupo-tribunales-avalaran-reivindicacion_1_1006076.jpg

Alternatibak, Ezker Abertzaleak, EAk eta Aralarrek Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

Hainbat sindikatuk Maiatzaren 1aren karietara antolatzen dituzten mobiliazioetan parte hartzeko deia egin dute Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak. Gure herriak bizi duen krisi egoera larria bizi duela eta Espainiako Gobernuak egoera hori murrizketa, sozial, zibil eta demokratikoak egiteko erabiltzen duela jakitun izanda egiten dute deialdi hori ezkerreko indar subiranistek.

Aldaketa soziala nahi duten pertsonak kalera atera eta gizarte bidezkoa eta solidariagoa eraikitzea ahalbidetuko duen bestelako eredu sozio-ekonomikoa eta politikoa aldarrikatu behar dutela azpimarratu dute lau alderdiek. Ez eskuak gurutzatuta geratzeko unea. Euskal herritarrei dagokie gure herriaren eraldaketa sozialaren motore izatea; herritarrei lan egitea dagokie, egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua aldatzeko.

Bizi dugun egoera politikoak eta sozioekonomikoak erantzun globala behar du esparru guztietan, arlo politiko eta insituzionalean zein kalean. Masrilgo Gobernuak inposatzen dituen murrizketei eta erreformei aurre egingo dien aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko zaku bete arrazoi daude Euskal Herrian.

Martxoaren 29an gertatu zen bezala, justizia sozialean oinarritutako gizarte eredua aldarrikatzeko bozgorailu erraldoia izan behar da Maiatzaren 1a. Zerbitzu publikoak bermatu eta indartuko dituen eredua, pertsonak sistemaren erdigunean kokatuko dituena, beren eskubide guztiak eta sozialak zein lan arlokoak lehenetsiko dituena.

Gizarteari proposamena

Krisi egoera honi aurre egingo dion proposamenaren eraikuntzarako hausnarketan murgilduta daude Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalea. Euskal herritarrei eskaintzen zaien proposamen hori maiatzaren 1ean aurkeztuko da, irtenbidea.net eta haysalida.net webguneen bidez eta hainbat sare sozialen bitartez.

Proposamena herritarrei eta eragile politiko, sozial eta ekonomikoei irekia dago, eta krisiari eta bere ondorioei aurre egin ahal izateko erabateko burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen du. Era berean, agerian uzten du badagoela gizartearen egiazko beharrizanei erantzungo dien bestelako kudeaketa politikoa eta instituzionala garatzea.

 

Sindikatuek deialdiak:

http://alternatiba.net/idazlanak/1653/maiatzaren-leheneko-manifestazioak-manifestaciones-del-primero-de-mayo

Estrategia nazionalerako engaiamendua izenpetu dute Alternatibak, EAk, ABk, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak

Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba eta AB ezkerreko alderdi abertzaleek estrategia nazionalerako konpromisoa aurkeztu eta sinatu dute eguerdian Irunen, Ficoba erakustazokan. 25 minutuko ekitaldia izan da: akordioaren irakurketa eta izenpetzea.

“Indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoa” dela esan dute, “eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko” asmoz, “bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko”. Azken batean, “Europan Euskal Herria nazio burujabea” lortzeko xedea daukate.

Euskal gatazka politikoa gainditzeko “akordio demokratikoa” aldarrikatu dute, eta horretarako bazterketarik gabeko elkarrizketa behar dela uste dute. Pertsona eta kolektibo guztien eskubideak behar dira, haien arabera, eta horien artean erabaki eskubidea funtsezkoa dela diote gatazkaren korapiloa askatzeko.

“Eredu ekonomiko subiranoa, justua eta ekologikoa” behar dela diote. “Euskal identitatearen ikur nagusia euskara” dela azpimarratu dute, eta Euskal Herri osoan ofiziala behar duela izan.

Irakurketan eta sinaduran parte hartu dute ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Anita Lopepek, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Rebeka Uberak, EAko Pello Urizar eta Miren Urrestietak, Alternatibako Oskar Matute eta Amaia Agirresarobek eta ABko Peio Etxebarri-Aintziart eta Mertxe Colinak.

http://www.youtube.com/watch?v=7BmO4IxfKZw

http://alternatiba.net/old-files/120428AkordioNazionala.pdf

Aralarrek, Ezker Abertzaleak, EAk eta Alternatibak epaiketa politikoen amaiera exijitu dute

Prentsa deialdian azaldu bezala, gaurkoan Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar eta Ezker Abertzaleak gure iritzia plazaratu nahi dugu, datorren astean Entzutegi Nazional espainiarrean hasiko den D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren harira.

  • Euskal jendarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egin izana leporaturik 13 euskal herritarren kontra epaiketa guztiz politikoa egiteak larritasun handia duela deritzogu.
  • Epaiketa hau ilegalizazio politiken luzapena da, argi eta garbi. Euskal herritarren gehiengo zabal batek behin betiko gainditu nahi duen legez kanporatzeen politikaren eszenifikazio berri bat.
  • Eskubide zibil eta politikoen urraketa larria da zio politiko nabarmena duen epaiketa hau.
  • Euskal Herrian gehiengo sozial eta politikoak argi eskatzen dio estatuari gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoaren aurrean jarrera eraikitzailea har dezan.
  • Konponbidearen aldeko ildoa hartzeko eskatzen diogu estatuari. Horretarako, ezinbestekoa deritzogu legez kanporatzeen zikloa eta jarduera politikoen kontrako jazarpenaren zikloa ixtea behingoz. Ondorioz, datorren maiatzaren 3an abiatuko den epaiketaren modukoek behin betiko eten behar dutela deritzogu.

Horrela, hemen bildu garen lau indar politikook ezinbestekoa deritzogu Gobernu espainiarra bere immobilismotik mugiaraziko duen herri mobilizazioari eutsi eta indartzea. Horregatik, dei egiten diogu euskal herritar orori datorren larunbatean, maiatzak 5, Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Era berean, ordezkaritza bat bidaliko dugu Madrilera epaiketa hasten den egunetan epaituei gure babesa eta elkartasuna adierazteko.

Alternatibak zarrastelkeria deritzo Gasteizko trena lurperatzeko 500 milioi xahutzeari murrizketa basatiak egiten ari direnean

Alternatibako bozeramaile Josu Estarronak bere erakundearen “haserrea” azaldu du Mariano Raxoiren Gobernuak Gasteizko Trenbidearen Integraziorako proiektua berpizteko asmoaren aurrean. Obra horrek Abiadura Handiko Trenari lekua egingo dio eta, aldi berean, egungo trenbidea lurperatuko du, egun zeharkatzen dituen lurrak hirigintzarako askatuz.

Estarronak gogorarazi duenez, proiektu honetarako 500 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi egin da, lau administrazioen artean ordaindu beharrekoak. Diru horren erdia, beraz, gasteiztarren, arabarren eta EAEko herritar guztien poltsikoetatik aterako da. Egitasmoa, “administrazio guztiak zorpetuta daudenean eta osasungintzan, hezkuntzan eta gainerako zerbitzu publikoetan murrizketa basatiak astero ezartzen ari direnean” eraman nahi dute aurrera. Gaineratu duenez, “krisi sistemikoak eta porrot egin duen eredua iraunarazteko asmoa besterik ez duten politikek eragindako egoera zailaren aurrean, Alternatibak ezinbestekoa deritzo hamarkadetako borrokari esker lortutako eskubideak babesteari, propaganda politikoa eta interes pribatuak ekarriko dituzten makroproiektuak sustatu beharrean”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, zalantzan jarri du lurperatu asmo duten oruberako iragarritako proiektua, “zentroan kokatutako etxebizitza horietarako eroslerik egongo den zalantza dugu, eta elite aberatsenen esku bakarrik egongo ez ote diren beldur gara, erdi hutsik egon daitekeen Salburua edo Zabalgana berri bat sortzera doaz, luxuzkoa oraingoan”. Guzti horregatik, Alternatiba Arabak proiektua bertan behera uzteko eskatu du eta administrazio desberdinei dei egin die diru publikoaren erabilera kudeatzeko orduan, “pertsonen eskubideak lehenetsi behar dituzte, adreilua eta porlanaren burbuila sustatu beharrean, Araban zein Euskal Herrian edota Espainiako Erresuman sozialki eta ekonomikoki kaltea besterik ez baitu eragin”.

Alternatibak Jaizkibel konpainia zoriondu du Ares agerian utzi eta alarde mistoaren alde egin duen epaiarengatik

Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek Jaizkibel konpainia zoriondu du gaur, BERRIA egunkariak jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak Hondarribiko alarde mistoaren alde egin duelako, iazko irailean Herrizaingo Sailak hartu zuen erabakia agerian utzita. Epaiaren arabera, “funtsik gabeko ibilbide aldaketa” inposatu zion Rodolfo Aresen sailak alarde publikoari, “ez baitzegoen aurreko urteetako ibilbidea aldatzeko arrazoirik”.

Gainera, auzitegiak “Ertzaintzak galarazitako ibilbide zatiaren izaera sinbolikoa aitortu” du, konpainiarekin desfilatu zuten gizon-emakumeen protestak ontzat emanez, “esan zutenez, denbora bost urte atzera egin zutela sentitu zuten bazterketarik gabeko festa publikoaren eta  parte-hartzailearen aldeko aldarrikapenean”.

Etxartek esan duenez, “kointzidentzia eta ironia” handia da epaia Irungo eta Hondarribiko alarde publikoek Emakunderen Berdintasun Saria jaso behar duten egun berean ezagutzera ematea, “bi gertaera hauek Lopezen gobernuan Berdintasun politikek duten garrantzi eskasaren adierazle direlako, Aresi Emakundek hartutako erabakien kontra egitea baimentzen baitiote”. Hala, “deitoragarria” iritzi dio “Emakundek saritzen duen alarde publikoak Aresen zigorra pairatzen dutela ikusi behar” izateari.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, egoera honek baditu aurrekariak, “duela gutxi ikusi dugu Emakunderi zein berdintasun politikak egun kudeatzen dituzten beste sailei Rodolfo Aresek zuzendutako taldearen mesederako eskumenak kendu nahi zizkion lege aurreproiektua ezarri nahi zutela”, azkenean bertan behera utzi zuten arren, talde feministek eta EAEko erakunde desberdinetako berdintasun teknikariek eginiko salaketen eta presioaren ondorioz.

Azkenik, Alternatibako bozeramaileak alarde publikoak zoriondu ditu, gaur jasotako saria “ondo merezitakoa” delako, baina azpimarratu egin du “erakunde publikoen partetik askoz aitortza zabalgoa merezi dutela Irunen eta Hondarribian bazterketarik gabeko jaietan parte hartzeko  eskubidea 15 urtez defendatu duten guztiei, haien udal gobernuen oztopoen gainetik ere”.

Proposamen sozioekonomikoa aurkeztuko dute Alternatibak,Aralarrek,EAk eta Ezker Abertzaleak maiatzaren 1ean

Azken hilabeteotan agerraldi eta mobilizazio ezberdinetan behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak ezinbestekoa deritzogu egoera sozioekonomiko larri hau gainditzeko baliagarria izango den proposamen sozio-ekonomikoa bat aurkeztu eta garatzea.

Ugariak izan dira azken urteotan krisialdi ekonomiko larriari erantzuteko eta berau baliatuz Estatu espainiarrak hartu dituen neurri politiko, ekonomiko eta sozialen aurrean Euskal Herrian eman diren herri erantzun masiboak. Azkena, martxoaren 29an Hego Euskal Herrian erabatekoa izan zen greba orokorra dugu.

Mobilizazio eta greba horiek oinarri komuna dute:
· EZETZ esan zaio eredu kapitalistaren azken krisialdiari aurre egiteko ezarri dituzten politikei, krisiaren ondoriok areagotu egiten dituztelako bakarrik, eta beren helburu bakarra sistema bera salbatzea delako, hemendik aurrera ere aurrera jarrai dezan.
· EZETZ esan zaio krisiari aurre egitearen aitzakiapean egiten ari diren erreforma eta
murrizketa guztiei; hamarkadetako borrokaz lorturiko eskubide guztien urraketari eta de facto burutzen ari den Estatuaren zentralizazio politiko eta ekonomikoari.

· Baina era berean, BAIETZ esan zaio justizia sozialean oinarritutako gizarte eredu bati. Zerbitzu publikoak bermatzean eta indartzean oinarritzen dena eta herritarra sistema beraren erdigunean kokatzen duena, bere eskubide sozial, laboral edota beste edozein esparrutakoak lehenetsiz.
· BAIETZ esan zaio bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomiko bati; azken finean justizia sozialean oinarrituriko eredu bati; eredu ekonomikoaren erdigunean bizitza duina ezarriko duena kapitalaren etekinen gainetik.

Herri bezala erantzun diogu Madrildik inposatu nahi diguten gizarte eredu neoliberalari. Euskal Herriak bestelako politikak nahi ditu egiturazko krisi sistemiko honi erantzuteko. Euskal Herriak bere tresna propioak eduki nahi ditu eredu justu eta solidarioa ezartzeko. Euskal Herriak burujabe izan nahi du, kanpotik datozen inposaketak eta politika okerrak geratzeko. Madrilekiko eta Parisekiko menpekotasunak ahuldu egiten gaitu, egoera honi guk nahi bezala aurre egiteko behar ditugun tresnarik gabe uzten gaituelako. Eta bide horretan aurrera egiteko proposamenaren osaketan buru-belarri aritu gara lanean Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleko kideok.

Proposamen honen oinarria burujabetza politiko eta ekonomikoa izango da, eta eredu berri bat lortzeko bidea zehaztuko du, herritarrekin eta eragile sindikal zein sozialekin elkarlanerako bidea irekiaz eta eskua luzatuz. Izan ere Euskal Herri justuagoa eta solidarioagoa guztion artean eraiki behar dugu, elkartasuna eta aniztasuna oinarri izanda. Horregatik ere, eragile sozial eta sindikal zein herritarren ekarpenei irekia egongo den tresna bat den heinean, proposamen bezala definitu dugu. Ekarpen eta iritzi horiek jasotzeari begira, hainbat bilkura eta aurkezpen egiteko asmoa dugu.

PROPOSAMENA

Lau atal nagusi ditu aurkeztuko dugun proposamenak:
1. Egoeraren azterketa: Mundu mailakoa, Estatu espainiar eta frantziarrarena eta azkenik, Euskal Herrikoa.
2. Justizia sozialean oinarrituriko proiektu estrategikoaren oinarriei dagokion atala.
3. Burujabetza ekonomiko eta politikoaren beharra aztertzen eta sakontzen duen atala.
4. Azkenik, eta proposamen honen atal nagusia: krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialari aurre egiteko ildo nagusiak barnebiltzen dituen atala.

AURKEZPENA

Proposamen sozioekonomikoa Maiatzaren 1ean, hau da, Langileen Nazioarteko Egunean, egingo dugu publiko, irtenbidea.net eta haysalida.net webguneetan eta sare sozialen bitartez zabalduz.

Era berean, berau jendarteratzeko ekitaldiak burutuko ditugu, maiatzaren 6ean Iruñean eta maiatzaren 19an Bilbon. Aurrerantzean, hitzaldi eta aurkezpen gehiago burutuko ditugu hainbat hiri eta herritan.

http://www.youtube.com/watch?v=ZCEErt9_Gok

Feminismoak eta elikadura burujabetza uztartu emakumeen eta herrien autonomia lortzeko

Mundubat-ek elikaduraren subiranotasunarekin daukan konpromisoa zenbait lan-arlotan islatzen da, baina, batez ere, sentsibilizazioaren eta garapenerako hezkuntzaren arloan eta elikaduraren subiranotasunaren aldeko sareak zein aliantzak sendotzeko prozesuan. Ibilbide horren esparruan, “Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko jardunaldiak antolatzeko proposamena sortu zen.

Aurreko proiektuetan, bete-betean lan egin genuen, emakume nekazarien errealitatea eta borroka sozialetan zein beste garapen-eredu batzuen eraketan daukaten protagonismoa agerian jartzeko. Gai horiek sakonago aztertzean, konturatu egin ginen kritika feministatik ez genituela berariaz kolokan jartzen nekazarien eta landa-inguruneko erakundeetan bertan gertatutako desberdintasunak. Emakume nekazariekin proiektuak garatu eta jarduerak antolatzen genituen neurrian, ohartu egin ginen elikaduraren subiranotasunaren alde egiten dugun erakundeotan ez direla beti berariaz eta irmotasunez lehenesten emakume nekazarien eskariak.

Antzeman egin genuen erakunde sozialok defendatzen ditugun proposamenek beti edo berez logika patriarkala kolokan jartzen ez dutela.

Elikaduraren subiranotasunaren arloan egindako zenbait proposamen logika patriarkal horren barruan kokatu litezke, ez dutelako eztabaidatzen emakumeei pertsonak, gizarteak zein natura zaintzeko zeregina esleitu dietela, esentzialistak direlako, ekoizpeneko eta ugalketako zereginen banaketan dagoen zapalkuntza-sistema kolokan jartzen ez dutelako eta ez dutelako onartzen gizonen pribilegioak ezinbestean jarri behar direla kolokan. Alde horretatik, ikuspegi kritiko feminista oso-oso garrantzitsua da, elikaduraren subiranotasunaren aldeko tokian tokiko proiektuak eta alternatibak eratzeko eta, aldi berean, landa-ingurunean zein nekazarien erakundeetan bertan gizonen eta emakumeen artean dauden botereharremanak
aldatzeko.

Nazioarteko topaketa honetan, hausnarketa horretan sakondu nahi genuen, elikaduraren subiranotasuna emakumeen jabekuntzarako, euren eskubideen defentsarako eta herrien zein emakumeen autonomiarako
tresna eraginkorra izan dadin.

“Elikaduraren subiranotasunari buruzko hausnarketa feministak” nazioarteko topaketa 2011ko apirilean egin zen Bilbon. Bertan, hain zuzen ere, honako erakunde hauetako emakumeek parte hartu zuten: GGKE, hegoaldean ditugun toki-bazkideak, erakunde feministak, emakume nekazarien erakundeak, erakunde mistoak, emakumeen erakundeak, iparraldeko mugimendu feministako emakume ekintzaileak eta nazioarteko sareetako emakume ekintzaileak; Nekazarien Bidekoak edo Emakumeen Mundu Martxakoak, esaterako.

Guretzat, funtsezkoa zen hausnarketa honetan iparraldeko zein hegoaldeko emakumeek parte hartzea. Patriarkatua errealitate globala da, eta mundu zabaleko edozein herrialdetako emakumeak zapaltzen ditu,  baina, batez ere, emakume nekazariak. Patriarkatuaren aurkako borroka bateratua izan behar da iparraldean zein hegoaldean. Zenbait jatorritako emakumeek sarean egindako lana oso tresna egokia da, eredu neoliberal patriarkalaren zapalkuntzari aurre egiteko moduko eredu berria eratzeko orduan.

Topaketa honetan, emakume parte-hartzaileek euren erresistentziako esperientziak nahiz azterketa eta euren erakundeetan egindako hausnarketak partekatu zituzten, elkarrekiko ikaskuntzarako arrakastak eta porrotak trukatzeko. Beraz, elikaduraren subiranotasunaren aldeko erakundeetako, emakumeen erakundeetako eta erakunde feministetako emakume kideen arteko elkarrizketarako gunea eratzea zen helburua, elikaduraren subiranotasunak emakumeen eskariei erantzun ahal diela aztertzeko.

Dossier honetan, emakume gonbidatuei egindako zenbait elkarrizketa azaltzen dira, baita topaketaren ostean ateratako ondorioak ere. Era berean, hausnarketarako bidea ere ematen digu, elikaduraren subiranotasunaren bidez badagoelako gizonen eta emakumeen botere-harremanak benetan aldatzerik.

www.mundubat.org

http://alternatiba.net/old-files/Feminismos y SA EuskeraWeb.pdf

X