Alternatibak murrizketa sozialen aurka Bilbon bihar egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azken asteotan herritarrei eginiko deialdia berretsi nahi izan du gaur, murrizketa sozialen eta PPk onartutako erreformaren aurka bihar Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin dezatela. Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek antolatutako martxa, Matuteren hitzetan, “guztiz beharrezkoa da, eraso horien aurka gaudela kalean eta beharrezkoa den mobilizazio guztietan ozen esateko; espekulazioa darabilten kapitalak blindatzen dituen bitartean herri honetako gizon-emakumeoi eskubideak eta eskumenak murrizten dizkiguten neurrien aurka”.

Ildo beretik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “testuinguru beltza margotzen” duen legearen ondorioak salatu ditu, “non finantza erakundeen interesak nagusi diren gobernuek haien txotxongilo gisa jokatzen duten bitartean”.

Alternatibak murrizketa sozialen aurka Barakaldon bihar egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du

Emplazamiento a la Movilización por Ezkerraldea Amaia Agirresarobe, Alternatibako Nazio Koordinakundeko kide eta Bizkaiko batzarkideak, bihar Barakaldon egingo den manifestazioarekin bat egiteko deia egin du. Elkarretaratzea bihar, ostirala, otsailak 17, izango da, Barakaldoko Bide Onera plazatik 19:30etan abiatuko da, “Langabeziaren eta murrizketa sozialen aurka: Defenda dezagun Ezkerraldea” lemapean. Agirresarobek, Mariano Raxoiren Gobernuak ezarri eta beste administrazio batzuek bere egin dituzten murrizketa larriei aurre egin eta atzera eragiteko beharra berretsi du eta, horretarako “eragile sozial, sindikal eta politikoen borroka bateratua beharrezkoa” dela gogorarazi du. Era berean, Ezkerraldeko gizon-emakumeen egoera “bereziki zaila” azpimarratu du, Euskal Herriko langabezia tasarik altuenetarikoa dutelako, %20 ingurukoa.

Alternatibak dio erreforma honek greba orokorrera deitzeko “nahikoa eta sobera” arrazoi eman dituela

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Mariano Raxoiren Gobernuak ezarri berri duen lan erreformak dakarren erasoaren larritasuna salatu du berriz, joan den larunbatean Bilboko manifestazioan egin zuen bezala. Era berean, soldaten aurka, enpleguaren prekarizazioa areagotuz eta lan eskubideen galera handitzeko hartutako neurriek greba orokorrera deitzeko arrazoi nahikoa eta sobera direla ohartarazi du. Hala, lege berriak “kaleratze askea legeztatu eta enpresaburuei negoziazio kolektiboa ez betetzeko eskubidea” ematen diela gogorarazi du.

Ildo beretik, alderdi ezkertiarrak azken asteotan esandakoaren bidetik, Alternatibatik prest azaldu dira Euskal Herriko eragile sindikal, sozial eta politikoen aldetik “PPren eskuin muturreko politikari aurre” egiteko proposatzen diren egitasmo guztiak kalean sustatu eta laguntzeko. Hala, Matutek esan duenez, irauli egin behar da enplegua sortzeko “inolako asmorik ez” duen erreforma, “Cristobal Montorek berak aitortu duenez, langileak ahuldu eta kaleratzeak merkatzea beste helbururik ez duelako”.

Alternatibako bozeramailearentzat oso “argigarriak” dira Alemaniako kantziler Angela Merkelek erreforma goraipatuz eta CEOE patronaleko presidenteorde Arturo Fernandezek esandakoa, Mariano Raxoik zezena adarretatik hartu duela: “Erreforma noren aginduetara egin eta onartu duen agerian uzten dute”.

Alternatibak murrizketen aurka kaleak betetzeko deia egin du

Alternatibak, Aralarrek, EAk eta Ezker Abertzaleak Mariano Raxoiren Gobernuak iragarritako murrizketa larrien kontra deitutako mobilizazioetarako bi egun falta direla, Euskal Herriko gizon eta emakumeak larunbatean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeako kaleak beteko dituzten manifestazioetan parte hartzera bultzatu nahi ditugu. Langileen duintasunaren kontrako erasoen aurrean elkarrekin erantzuteko deia egiten dugu, krisialdia sistemak eragindakoa dela dakigunon artean erresistentzia eraikitzen hasi beharra dugulako. Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dutenei dei egiten diegu, erabakiak elkarrekin hartu nahi eta gure herriaren burujabetzaren aldeko apustua aldarrikatzen dutenei.

Ministroak aurkeztu zituztenetik salatu izan dugu ezkertiarron ikuspegitik lotsagarritzat bakarrik jo dezakegun gobernua; eskumak, alabaina, inolako konplexurik gabe erakusten du. Horrela, krisiaren sorreran zuzenean esku-hartu zutenen eskuetan jarri du ekonomia; ez dute konplexurik izan Defentsa ministerioa armagintzako enpresaburu bati emateko eta isildu egin dira Emilio Botinek krisiaren errua politikariena dela esan duenean.

Argi dago PPren gobernuak ez gaituela ordezkatzen. Ez ditu ordezkatzen Hego Euskal Herrian langabezian dauden ia 180.000 pertsonak. Ez dugu sinesten enplegua sortuko dutenik langile publikoen lanaldiak luzatuz eta beharrezkoak diren lanpostuak bete gabe; ez dute gazteek pairatzen duten langabezia konponduko 67 urtetik gorekoen artean lan egiten jarraitzea sustatuz; ezta kaleratzeak are gehiago merkatuta; era berean, duintasunaren aurkako erasoa deritzogu 4 orduko lanaldiak eta 320 euroko soldatak dituzten kontratuak bultzatzeari. Halakoak mahai gainean jarri eta minijobs izenekoak ezartzeko asmorik ez dutela esatea adarra jotzea besterik ez da. Krisia eragin zutenek hori baino gehiago irabazten dute desjabetza bat sinatzen duten denboran, horietako batzuen urteko soldatak 600.000 eurora mugatu badituzte ere. Bitartean, Espainiako Erresuman lanbide arteko gutxieneko soldata 641 eurotan izoztu dute, Europako baxuenetarikoa zen arren. Porrotaren ikur bilakatu nahi izan duten Greziak ere dauka gutxieneko soldata handiagoa, 750 eurokoa hain zuzen ere.

Berriz ere, emakumeek zigor bikoitza pairatuko dute, haiei kalte egiten dielako bereziki lan prekarietateak, emakumeek dituztelako lanaldi murriztu gehienak eta soldatarik txikienak. Pentsiorik baxuenak ere haiek dituzte.

Murrizketa politikei aurre egiteko erantzukizuna dugu, haimaikagarren lan erreformari, eskubide indibidual zein kolektiboen urraketei eta nazioarteko finantza erakundeen menpe dauden botere publikoen menpekotasunari aurre egiteko. Horregatik deitzen dugu larunbateko manifestaziora, baina sektore publikoan gaur egingo dituzten lanuzteekin ere bat egiten dugu. Hilaren 17an, bestetik, Ezkerraldean egingo dugu protesta eta sindikatu zein eragile sozialek 25erako Bilbon deitutakoa ere babesten dugu. Eman behar dugun erantzuna pairatzen ari garen erasoaren tamainakoa izan behar da eta, horren arabera, mila manifestazio egitea ere gutxi izango litzateke.

Lan eskubideen murrizketak eta neurri ekonomikoak salatzen ditugu gaurkoan, baina ez ditugu ahaztu nahi Raxoiren Gobernuaren beste ministerioek egingo dituzten erreformak. Justizia ministroa izango da jaun eta jabe, ordezkatu behar duenaren kontrakoa adierazten duela baitirudi. Bizi arteko kartzela zigorrak aipatzen dituzte; abortuaren legearekin atzera egingo dute, emakumeek haien gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea berriz urratuta; eta Euskal Herrian bakegintzaren eta normalizazioaren alde lan egiteko inolako asmorik ez dutela adierazi dute.

Erresistentziak eraiki behar ditugula berretsita amaituko dugu. Iraungita dagoen eredu atzerakoiaren aurrean alternatibak eskaini behar ditugu, eredu horrek desberdintasunak eragiten dituelako. Eskumak Madrilen duen gehiengo absolutuaren aurrean, Euskal Herrian eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoa osatu behar dugu kontraboterea sortzeko; eta estatuko zein Europako ezkerrekin elkarlanean egin behar dugu, eraso berdinak pairatzen dituztelako.

Ez dugu zalantzarik PPk, eskumak, banka, patronala, rating agentziak eta Europako Batzordea gustura egon daitezen lan egiten jarraituko duela; pribatizazioak, kopagoak, sistema publikoaren desegitea… Eta jakin badakigu Andaluziako hauteskundeen ostean etorriko direla neurri berriak, martxoaren 25etik aurrera. Ezkerrak erakutsi du nagusi izan daitekeela Euskal Herrian. Ezkerra izan behar da, beraz, gure langile klasearen defentsarako oinarria, murrizketei aurre egin eta atzera eragiteko giltzarria.

Alternatibak dio euskal herritarrek beren kabuz legeztatu dutela Espainiako Gobernuek bahitu nahi izan duten botoa

Sortu alderdia aurkeztu eta urtebetera Espainiako justiziaren arabera legez kanpo jarraitzen duela deitoratu du gaur Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Indarkeria mota guztien, ETArena barne, desagerpena eskatzen zuen alderdi berria aurkeztearekin ezker abertzaleak urrats erabakigarria egin zuela gogorarazi du Matutek. Are gehiago, alderdia jaio eta denbora gutxira “gertaera jakinak eta balizko atentatuak ere errefusatu zituen, Alderdien Lege bidegabeak ezartzen zituen eskakizun guztiak beteta”.

Talde ezkertiarreko bozeramaileak nabarmendu du, halaber, denbora honetan ETAren jarduera armatua desagertu dela baina, hala eta guztiz ere, “Espainiako Gobernuek, oraindik ere, milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eta askatasunez bozkatzeko eskubidea urratzen dute Euskal Herrian”. Herritarrek, alabaina, Madrilen azaldutako jarreraren aurka, “herri honen normalizazio politikoaren aldeko borondatea erakutsi dute eta beren kabuz legeztatu dute Zapaterok lehen eta orain Raxoik bahitu nahi izan dutena”.

Azkenik, Matutek berriz ere galdegin du “euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duenari kasu egiteko, indarkeria ororen amaiera aldarrikatu duten indarrarekin euskal herritar guztien eskubideen berrezarkuntza eskatzen jarraituko dutelako”. Hala, Raxoiren gobernuak azaldutako “itxikeria eta geldotasuna gaindituko dezakegu, Gallardonek gaur eginiko adierazpen atzerakoiekin azaltzen dutenez, sakabanaketarekin amaitzeko inolako asmorik ez dutela esatean”.

Mega-azpiegitura gehiagorik ez Gipuzkoan, adierazpena

Lurralde txikia da Gipuzkoa baina azken urteotan, hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko atzera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak geldiaraztea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHT-a, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, tentsio handiko lineak…

Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak, ez! Eta ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu, inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki eta orain arteko gardentasun eza eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.

Herritarron ongizatea ardatz izango duen eredua da herritarrok nahi duguna. Ez interes enpresarialei erantzuten dien eredua, gutxi batzuen mesederako guztiok nozitzen dugun kaltea eragin eta jendartearen zati baten pobretzean oinarritzen dena. Gizarte premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste jarduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatzen ditu gaur arteko eredu antisozialak.

Ingurumenarekiko errespetua ardatz izango duen jendarte eredua nahi dugu. Eta ez, gure herrialdea etengabe hiritartu eta metropolizatuko duen eredua, natur baliabideak xahutuz, ingurumen naturalari eraso gogorrak eginez, landa inguruak jendez ustu eta nekazaritzarako behar ditugun lurrak atzera bueltarik gabe artifizialduz aurrera egingo duen eredua.

Zenbait ordezkari politikok gure eskariak, jendartearen ahotsa, instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak bultzatzen jarraitu. Eragile politiko hauek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak eta jarrera hori salatu nahi dugu. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.

Hala ere, erantzun guztiak ez daude instituzioetan, eta lorpenak erdiestekotan, ezinbestekoa dugu herritarren kontzientzia etengabe astintzea. Kontzientzia kolektibo honen aldaketan eta herritarron ekimenean dago gakoa. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, azpiegitura handiak eta proiektu txikitzaileak geldiarazteko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz azpimarratuz. Gipuzkoa desberdin bat nahi dugu, Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste jendarte eredu bat nahi dugu eta landuko dugu!

Alternatibak NHTren egitasmoa babestu du, konpondu gabeko eztabaida politikoak irekitzeko unea heldu delako

http://procesodepaz.org/wp-content/uploads/2010/05/Brian-Currin-Barcelona-grande.jpgNazioarteko Harreman Taldearekin (NHT) gaur goizean eginiko bileraren ostean, Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek “erabateko babesa agertu dio NHTk egiten ari den lanari eta, bereziki, egunotan Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal ezberdinen artean aurkezten ari den proposamenari”. Agirresarobek nabarmendu duenez, “behin betirako konponbidea lortzeko ezinbestekoa da alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa abiatzea, orain dela gutxira arte ETAren indarkeriak eztabaida politikoa baldintzatu duelako”.

Ildo beretik, ETAren indarkeria betirako desagertu dela, “hainbat eragilek berretsi eta gutxik zalantzan jartzen dutenez”, heldu da garaia “oraindik egin izan ez diren eztabaida politiko guztiak egiteko”. Agirresarobek, azkenik, Alternatiba “bazterketarik eta baldintzarik gabeko elkarrizketa politikoaren” guztiz aldekoa dela adierazi dio NHTko ordezkariei.

Alternatibak Abortuaren Legerik atzerakoiena berreskuratu nahi izatea leporatu dio Gallardoni

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Abortuaren Legearen erreformaz gaur eginiko adierazpenak salatu ditu, eta “lotsagarritzat” jo du “emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea urratzen duen neurria aurrerakoia bailitzan aurkeztea”. Gallardonek 1985eko legea berreskuratzeko asmoa azaldu du, aurreko legegintzaldian emandako “aurrerapauso eskas eta apurrak” desagerraraziz, 16 eta 17 urteko adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea eta 14 asteko epea ezartzearena askatasunez abortatzeko, alegia.

Alternatibak, aurretik PSOEk onartutako erreformak “gabezia handiak” zituela salatu zuena ez zuelako abortua zigor kodetik ateratzen eta sistema publikoan abortatu ahal izateko bermeak jartzen ez zituelako, “iraingarria” iritzi dio ministroak “bizitzaren defentsa” gisa aurkezteari benetan “patriarkatuaren indarkeriaren aldaera bat” dena.

Raxoiren Gobernuaren egitasmoaren aurrean, Agirresarobek abortu “librea eta doakoa” aldarrikatu du: “emakumeei amatasuna noiz eta nola hartu behar duten ezartzetik librea;  emakumeen eskubideak eta sexualitatea errespetatzen dituen legea aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Eraldaketa sozialaren alde: Erantzuna gure esku – Gure esku erabakia

Mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude. Ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizitza baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea herrialde desberdinetan etengabe ematen ari da.

Europan eta Euskal Herrian eraikuntza eta ekonomia espekulatiboaren inguruan sortutako burbuilak eztanda egin du eta jada hiru urte luze pasatu dira egoera berriari buelta eman ezinik. Eta nola ez, guzti hau, naturaren errekurtso mugak kontutan izan gabe garatu da.

Euskal Herriaren kasuan guzti horri zera gehitu behar zaio: burujabetza politiko eta ekonomikoaren ukazioa. Espainiar konstituzioaren aldaketak, edota Grezian gertatutakoak argiki uzten du zein tamainakoa den merkatuen diktadura. Baina herri bati estatu batek dituen baliabide politiko, instituzional eta ekonomikoak ukatzen zaizkionean areagotu egiten da menpekotasun hori, are gehiago eta gure kasuan Raxoiren jarrerak ezagututa.

Raxoiren gobernuak iragarri edo martxan jarritako ekimenek zera dute helburu: zorpetze publikoaren aitzakiapean, sektore publikoa murrizteko hamaika neurri hartu eta honen pribatizazio prozesuei bide ematea. Era berean, lan harreman esparrua erabat liberalizatu eta langile baldintzak are gehiago kaskartzeko erreformaren aurrean aurkitzen gara jada eta hori gutxi balitz, finantza sektorea denon diruarekin ureztatuko dutela iragarri da.  Honela, Raxoiren gobernuaren neurriek beharrizan gehien dituztenen aurka daude zuzenduta: soldata baxuenak dituztenen kontra, desgaitasunak dituzten pertsonen aurka, pentsio baxuenak dituzten adinekoen kontra edota euren lan baldintzak defendatu nahi duen edozein pertsonaren aurka.

Azkenik eta guzti hau erabiliz, estatuaren baitan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmoa oso nabarmena da. Hau da, menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saiakera eta erabakia nabarmena da.

Guzti honek erantzun sendo bat eskatzen du. Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari aurre egin beharko geniokeela uste dugu.

Baina erantzunaz gain, errealitate gordin honek alternatiba berri baten eskaintza ere eskatzen du. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa oinarri izango duena, eta eredu berri baterantz bidea markatuko duena. Eta burujabetza ekonomikoa nahi eta behar dugu eredu sozial eta alternatibo bat eraikitzeko:

– Herri bezala dugun eskubidea eta ardura delako, eta elkartasuna  bermatzeko, ekimen ekonomikoa ere eskuratu behar delako.
– Benetako demokrazian oinarritutako bestelako eredua sortzen  hasteko.
– Urteetako lan eta borrokaren ondorioz eskuratutako eskubide eta zerbitzu sozialak bermatzeko eta areagotzeko. Hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza eskubideak bermatzeko
– Garapen ekonomiko soila baino, garapen soziala egi bihurtzeko eta naturarekiko errespetuan oinarrituko den ekonomia bultzatzeko.
– Langileen eskubideak bermatzeko eta ondasun eta lanaren banaketa eragingo duten politika fiskal, laboral eta publikoak bermatzeko.
– Emakumeen eskubideen errespetua.
– Funtsean, ezkerretik eraikitako Euskal Herria sortzeko, pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasunean.

Norabide orokor horren baitan eta helburu horiei begira deialdia luzatu nahi diegu herritarrei eta eragileei kalera ateratzeko. Hartzen ari diren neurri guztiei aski da  esateko eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboaren beharra Euskal Herrian eta nazioartean, premiazkoa da, eta bide horri helduko diogu tinko, berau gauzatzeko, errealitate bilakatzeko.

Horregatik, lau alderdiok bat egin nahi dugu otsailaren 4rako Bilbon, murrizketen kontra, eta Donostian, azpiegitura erraldoietan oinarrituriko ereduaren aurka, hainbat eragileek deituriko manifestazioekin.

Era berean, agerraldi honetatik, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak otsailaren 11rako Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitu ditugun manifestazioen berri eman nahi dugu. “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean burutuko dira eraldaketa sozialaren aldeko mobilizazio hauek.

Alternatibak zaintza partekatuaren aldeko politikak sustatu eta kontziliazioz maskaratutako propaganda lagatzeko eskatu dio Bilboko Udalari

Alternatibako Feminismo Mahaiko bozeramaile Amaia Agirresarobek Bilbao Kirolak erakundeak eskaintzen duen “Amatxoak gurditxoekin” programaren izaera propagandistikoa salatu du. El Correo egunkariak gaurko edizioan hizpide izan duen ekintzak umetxoekin egiteko moduko kirol jarduera proposatzen die emakumeei. Agirresaroberentzat, jarduera honek “kontziliazioaz mozorrotzen du adingabeen zaintza emakumeek berezkoa duten errealitatetzat aurkeztea, amatasuna beren bizitzaren helburu bakarra bailitzan”.

Jarduera instituzionalak “zaintza partekatua sustatzera bideratzeko” eskatu dio Alternatibak Bilboko Udalari, “ama zaindariaren irudiarekin amaitzeko haurrentzako espazioak eskaini behar dira, zaintzaileei beren bizitzako gainerako alderdiak garatzea ahalbidetuko diena, emakumeei bereziki, seme-alaben hazkundearekin batera eman daitezkeenak”.

Era berean, Agirresarobek “amatasunaren goraipamena ” egitea leporatu dio udal erakundeari, “emakumeen bizitzaren erdigune gisa sustatzeak beren partea hartzea oztopatzen duelako bizitza publikoan, kulturan, politikan zein gizartean; baita aisialdiarekin edo norberaren ongizatearekin lotutako alderdietan, kirolean kasu”.

X