Sara de Roure: “Indakeria sexistak erasotzailea eta erasotua ditu, eta hala da boterean oinarritutako harremana islatzen duelako”
Sara de Roure Brasilgo Emakumeen Mundu Martxako kidearen hitzak jaso ditugu. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean zer nolako ikuspegi politiko eta ideologikoa duten galdetu diogu; lehentasunezko lan esparruak eta etorkizunean jorratu beharrekoak zeintzuk diren. Bere erantzun aberesgarriak eta gure deialdiari emandako erantzun ona eskertu nahi dizkiogu. Emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean ezinbestekoa dugu mugimendu feministatik, hemengoa zein kanpokoa, zer nolako hausnarketak eta proposamenak egiten dituzten jakitea, haien jarduera eta esperientziak ezagutzea.
1. Emakumeen aurkako indarkeria dela eta, zuen iritziaren harira. Komunikabideek eta gizarteak oro har, emakumeen aurkako indarkeriak dakarrenaren inguruan dituzten kontzeptu eta ideiak, nahasgarriak izan ohi dira. Horregatik, zer da, zuen ustez, emakumeen aurkako indarkeria? Zer nolako jarrera hartzen duzue politikoki eta ideologikoki?
Emakumeen aurkako indarkeria, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren ondoriorik latzena dela uste dugu. Soilik emakume izateagatik pairatzen dugun indarkeria da, gizon batek edo instituzio batek eragindakoa, oro har gizonek zuzentzen dituztenak hain zuzen, eta hau ez da kasualitate hutsa.
Uste dut definizio hau garrantzitsua dela, askotan bestelako indarkeria egoera batzuk azaleraztean, hauen salaketa behar-beharrezkoa bada ere, denak berdintzeko joera izaten delako; aitzitik, erabat ezberdinak dira. Indarkeria sexistak erasotzaile bat eta erasotu bat dauzka, eta hala da, bertan botere harreman bat islatzen delako.
Ez da arraroa horrelako indarkeria motak justifikatu nahi izatea; emakumeak nolakoak diren eta nola jokatzen duten aurrez zehazten duen modu bat badagoela, eta ideia horretatik aldentzeagatik nolabaiteko zigorra merezi dutenaren ideiatik abiatzen diren argumentuak erabiltzen direlako, hain zuzen.
Feminismotik indarkeria salatzen dugu, patriarkatuak emakumeen bizitza kontrolatzeko duen tresna moduan eta ondorioz, indarkeria sexistak guztioi eragiten gaituela azalduz. Batzuen egoera arriskutsuagoa da, testuinguru gogorrago batean egoteagatik, baina guztiok gaude momentu oro patriarkatuaren eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren mehatxupean, gure gizarteen oinarrizko elementuak baitira.
2. Kasu honetan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara. Zuen jarduera/eragin esparrutik, zeintzuk dira lehenesten dituzuen estrategiak?
Geure mugimenduaren jardunean, indarkeria sexistari aurre egiteko oinarrizkoak diren bi elementuren alde egiten dugu.
Lehena, emakumeen auto-antolakuntza bera litzateke. Auzo batean emakumeak biltzen badira, presentzia baldin badute, politikoki parte hartzen badute, eurentzat garrantzitsuak diren ideiak taldean errotzeko gaitasuna badute… emakumeak kolektiboaren subjektuak direnean, bertan onartuak… orduan gizon batek birritan pentsatuko du bere bikotekidea erasotzea.
Erronka nagusia, indarkeria guztiz onartezina izatea da, gure gizarteak beste hainbat gauza errefusatu dituen moduan. Zergatik inork ez du Afrikako herriak pairatutako esklabutza egoeraren harira bromarik egiten? Hori arrazismoaren aurkako borrokaren garaipen bat da.
Aitzitik, oraindik ere, emakumeen aurkako indarkeriaren nolabaiteko onarpenak dirau, indarkeria hori erlatibizatzea edo pertsonalizatzea eragiten duenak.
Emakumeen antolakuntza gizarte harremanen eta norberaren autonomiaren eraikuntzaren alorretan talka egiten duen esperientzia bat da. Eta hori bera da, nire ustez azpimarratu beharreko bigarren gaia. Emakumeen autonomia eraikitzea, bestelako gizartea eraikitzeko ezinbesteko urratsa da.
Nola eta norekin bizi, ama izan nahi dudan ala ez, non lan egin, nora joan, zer ikasi nahi dugun erabakitzeko ahalmena izatea, gure aisialdirako denbora izatea eta politikoki parte hartzeko aukera izatea ere… guzti hauek, denontzako nahi dugun autonomiaren barne daude. Baina hau ez da posible gatazka armatu baten testuinguruan, edo Estatuak ez badu taldearen ongizatea bermatzen, ez badago antolakuntza askatasunik, etxeko lanak soilik emakumeen ardurapean badaude… azken finean, askatasunik, justiziarik, bakerik eta elkartasunik gabe, ez dugu guztiontzako erabateko autonomiarik lortuko.
3. Azkenik, zuen erronken eta alderdi politikoei eta bestelako erakundeei eskatzen diezuenaren harira. Zeintzuk dira lehenesten dituzuen gaiak, urte honetan landuko dituzuenak?
Krisialdi batean, oso erraza da bi diskurtso hauek erabiltzea: lehena “lehenengo gauzak konponduko ditugu, eta gero ikusiko dugu berdintasunaren kontu hori”. Edota oro har kontserbadoreak diren diskurtsoak entzun daitezke, emakumeei “kontzesioak” egiten dizkietenak.
Nire ustez, arriskua bikoitza da. Batetik, ez bada azaleratzen gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna gure ekonomiaren oinarrietako bat dela, ezin zango diogu gaur egungo paradigma honi aurre egin, harreman horiek gailendu behar izango ditugulako, Hau egiten ez badugu, litekeena da, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak eta ondorioz, indarkeriak gora egiten jarraitzea.
Ez bakarrik indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzen dituzten diru-laguntza publikoengatik, baizik eta emakumeak aipatzen ez dituzten, baina eragiten gaituzten politikak garatzeagatik. Ekonomia berotzeko eta lana sortzeko asmoz gastu militarra areagotzeak, inbertsio hori erabiltzen den lurraldeetako emakumeenganako indarkeria ere areagotzen du, Gizonezkoen langabeziaren igoerak ere, etxeetan tentsioa eta indarkeria areagotzea eragiten du.
Bestetik, emakumeak babesten dituztela ematen duten diskurtsoak aurkitzen ditugu, eskubide eta zerbitzu publikoak murrizten dituzten bitartean, populazioaren emakumezkoen sektoreari bereziki eraginez. Ikus dezakegunez, emakumeei zuzendutako planak aurkezten dira eta proposatzen dutenaren arabera, emakumeen lana eta denbora erabiliz konponduko dute krisialdi hau. Adibidez, duela gutxi emakumeen artean ekintzaletasuna sustatzeko NBE-Emakumeak eta Coca Colak sinatutako hitzarmenak, praktikan emakumeen zorpetzea eta laneko prekarizazioa ekarriko ditu, euren diru-sarrerak biderkatzearen eta euren gizarte erantzukizun korporatiboan puntuak lortzearen truke.
Eskatzen duguna gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna gainditzeko borrokan benetako konpromisoa izatea da. Jakin badakigulako, emakumeen bizitza aldatzean, mundua aldatzen dugula baina baita, emakumeen bizitza aldatzearen alde egiten dugunean, munduak kontrako norabidean mugitzen dela ere.