Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua “Herriek erabaki”

Europako Parlamenturako hauteskundeak sistema ekonomiko kapitalistaren krisi sakonak markatutako egoera batean egingo dira. Maiatzaren 25eko bozak testuinguru latz batean datoz: zerbitzu publikoak murrizten eta eskubide sozialak deuseztatzen ari dira etengabe; horren ondorioz, milioika pertsonak langabezia, etxe-desjabetzeak, prekarietatea, pobrezia eta bazterketa soziala pairatzen dituzte…

Halaxe dio “Herriek erabaki” koalizioaren manifestuaren hasierak, Euskal Herriko indar ezerkertiar eta subiranistok, EHBilduren baitan gaudenak alegia, estatuko bestelako lurraldeekin hitzartu dugun agiria: Puyalon de Cuchas (Aragoi), Bloque Nacionalista Galego (Galizia), Andecha Astur (Asturias), Unidad del Pueblo y Alternativa Nacionalista Canaria (Kanaria uharteak).

Indar zabala osatu dugu, klase herritarren ahotsa Europara eramateko helburua izango duena, botere finantzarien menpe dauden erakundeetara. Bi ardatz nagusi ditu: beren etorkizuna eraikitzea eraiki nahi duten herrien defentsa eta herritarrei bizkarra ematen dien Europako Batasunari errotiko kritika egitea, Troikaren inposaketak salatuz. Bankuak erreskatatu baina herritarrak desjabetu egiten dituen EBren aurrean, gure konpromisoa Herrien Europa da, pertsonen eskubideak lehenetsiko dituena gaur egun gertatzen denaren kontra, Europako erakundeeak korporazio kapitalistak baldintzatuak daudela.

Horrela, jarraipena ematen diogu Alternatibarentzat iazko irailaren 28an abiatutako bideari, Bilbon antolatutako Batzar Nazionalean, orduan erabaki baitzen Euskal Herria Bilduren baitan Europako Hauteskundeetara joatea.

Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua “Herriek erabaki”

http://alternatiba.net/old-files/Herriek Erabaki_Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua.pdf

Sakabanaketarekin amaitzea eta salbuespen politikei amaiera jartzea, beharrezkoa eta oinarrizkoa da

Aieteko Nazioarteko Adierazpenak eta borroka armatuari amaiera jartzeko ETAk hartutako erabakiak normalizazio politikoa lortzeko eta gatazka zein sortutako ondorioak gainditzeko prozesuari bidea zabaldu zioten. Ordutik hona, esparru ezberdinetatik bultzatu diren ekimen zein konpromisoei esker, eszenatoki berria egonkortu egin da, Euskal herrian bakea, normalizazioa eta demokrazia errealitatea bihurtzeko aukerak ahalbideratuz.

Atzo, gatazka urte luze hauetan erbestearen ondorio latzak ezagutu eta pairatu dituzten pertsonek ekimen esanguratsua aurkeztu zuten. EPPKak hartutako erabakiak babesteaz gain, bat egin zuten ekainan Errefuxiatuen Kolektiboak Miarritzen egindako adierazpenarekin eta iheslarien buelta errazteko lan egiteko prestasuna adierazi zuten. Inolako zalantzarik gabe, urrats eta ekarpen garrantzitsua izan da, gatazka luze eta gogorraren ondorioak gainditzeko bidea elikatzen duena.

Hilabete hauetan aldebakarretasunaren bidetik EPPKtik eta Errefuxiatuen Kolektibotik gauzatzen ari diren  urratsek bi eremu horietan Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuarekiko dagoen borondate eta konpromisoa argi adierazten dute. Errealitate ukaezina!

Aste honetan bertan presoek bere unean iragarri zuten ekimenari ere hasiera eman diote, legeak adierazten duenaren arabera, espetxe zigorra Zaballan betetzeko eskaria eginez, eta gatazkan sortutako ondorio zein minetan inplikatuta egon direnen ardurak aztertzeko,  egon behar den prozesu bermatu batean modu aktiboan parte hartzeko borondatea adieraziz.

Urrats hauek balore berezia dute, testuinguru honetan estatuek ez dutelako zabaldutako prozesuan bere ardura onartu nahi eta gatazkaren estrategia mantentzen dira, bake bideari oztopoak jartzen etengabe.

Urrats, ekarpen eta konpromiso zehatzen gainean eraikitzen eta bultzatzen ari den prozesu baten aurrean, beti ere Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal batek  sentitzen eta aldarrikatzen duenari erantzuten, PP eta PSOE elkarlanean ari dira ukazio eta eskubideen bortxaketaren estrategian, helburu argi batekin: eszenatoki berria zapuztea. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu bi alderdi hauek hartu duten ardura larria, sufrimendua, mina eta eskubideen bortxaketa mantentzea erabaki baitute.

Estatuaren inboluzioak, PPk eta PSOEk babesten duen blokeo eta mendekuaren estrategiak, isla argia du sakabanaketa eta espetxeetako salbuespen politika mantentzeko erabakian. Horrekin Madrilek argi eta garbi adierazten du ez duela inolako borondaterik gatazkaren konpontzeko eta ondorioak gainditzeko duen borondate eza.

Testuinguru honetan, sakabanaketarekin amaitzea, presoak Euskal Herrira ekartzea, salbuespen politikei amaiera jartzea, beharrezkoa eta oinarrizkoa da. Aitzakiarik gabe, baldintzarik gabe, kontra-prestaziorik gabe. Euskal gizartearen gehiengo zabal batek babesten eta eskatzen du aldarrikapena, eta lehen mailako helburua izan behar da eszenatoki berria egonkortzeko. Arrazoi bakarra dago hori gerta ez dadin: mendeku eta salbuespen politika bera, baldintza arbitrarioak ezartzea presoen euskalerriratzea oztopatzeko.

Bestalde, kezka handiz ikusten dugu PNV hartzen ari den bidea. Ez da onargarria PNVk, bere egunean sakabanaketa babestu zuela, orain politika horrekin amaitzeko baldintzak jarri nahi izatea, eta aurrerapausoak emateko prestasuna eta borondatea demostratu dutenen aurka jotzen duen bitartean Madrilgo estrategiari babesa ematen dio. Ez da zilegi onartzea eskubideen bortxaketa ahalbideratzea eta preso zein senideen mina iraunkortzen uztea. Bizi dugun egoeran PNVk aukera garbia egin behar du: euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bidetik joatea, edo entzungorrarena egitea. Zoritxarrez, badirudi bigarren bidea aukeratu duela, eta estatuaren estrategiaren parte izatea erabaki du.

Gauzak horrela, Euskal Herriko instituzioek, Gasteiz eta Iruñako Gobernuek, gizarteak eskatzen duenari erantzun behar dute, bake eta normalizazio politikorako prozesuaren protagonista eta onuradun nagusia izan behar baita. Beraz aipatutako instituzioek, zein  eragile politiko eta sozialek, gatazkaren konponbidea eta ondorioak gainditzeko prozesua bermatu eta bultzatu behar dute.

Amaitzeko, eta orain arte adierazi eta burutu dugun bezala, EH Bildutik norabide horretan esparru ezberdinetan elkarlana eta akordioak gauzatzeko gure konpromiso irmoa berretsi nahi diogu gizarteari, bakea, normalizazioa eta demokrazia Euskal Herrira ekartzeko gure esku dagoen guztia  egiteko borondatea adieraziz.

Europako Hauteskundeetarako hautagaitza osatzeko Hitzarmen Politikoa sinatu dute EHBildu eta BNGk

Europako Hauteskundeetarako hautagaitza osatzeko Hitzarmen Politikoa sinatu dute EH Bildu eta BNGk. Hona hemen sinatutako dokumentua:

Honako agiri honen bidez, Euskal Herria Bildu koalizioak eta Bloque Nacionalista Galego alderdiak berariazko hautagaitza sustatzeko konpromisoa hartzen dugu 2014ko maiatzaren 25ean egitekoak diren Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako. Hautagaitza horren osaketari dagozkion akordioak itxi bitartean, BNGk eta EHBilduk hitzematen dugu gure nazioetan, hau da, Galizian eta Euskal Herrian, hauteskunde-aliantza horren subjektu politiko nagusi gisa jokatuko dugula.

Bi taldeok espainiar Estatuko beste herri eta nazio batzuetan hautagaitza honetan parte hartzeko edo babesteko formulak ezartzeko prest agertzen gara, betiere hautagaitzaren oinarrian dauden ardatz politikoak indartzeko, hala nola, herrien erabakitze eskubidearen defentsa eta EBren ereduaren salaketa. Eredu hori demokraziaren aurkakoa da erabat, nazioei ahotsa ematen ez dielako, bere erabakiak herritarrek aukeratu ez dituzten organoetan hartzen dituelako eta bere estrategia politikoekin zilegitasuna ematen dielako Europako biztanleen lan eta gizarte eskubideak, bai eta zibilak eta politikoak ere, modu bortitzean murrizteari.

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak iristen dira eredu ekonomiko kapitalista krisi sakon batean murgilduta dagoenean, oinarrizko zerbitzu publikoen murrizketek eta gizarte-eskubideen urraketak ezaugarritzen duten testuinguru batean; hori dela eta, Europako milioika herritarrek aurre egin behar diete langabeziari, kaleratzeei, prekarietateari, pobretzeari eta gizarte-bazterkeriari.

EH Bilduk eta BNGk bat egiten dugu eta hauteskunde hauetan gure parte-hartzea borrokarako agertoki bilakatu nahi dugu, Troikaren planei eta, oro har, Europar Batasunak hartutako bideari aurre egiteko. Izan ere, Europar Batasunak finantza-erakundeak erreskatatzera eta enpresa-korporazio handien interesak babestera jotzen du zalantza izpirik izan gabe, pertsonen eskubideak urratzen dituen bitartean.

Bi taldeok indarrean dagoen eredu horren aurkako konfrontazio argia sustatzeko konpromisoa adierazten dugu, gure jarduera politikoaren bidez eta herri mobilizazioari babes aktiboa emanez, eredu horrek eskubideen murrizketa orokorra dakarrelako, jendartearen sektorerik ahulenak zigortzen dituelako eta gazteen etorkizuna hipotekatzen duelako. Konfrontazio horrek, amore eman gabe, baldintzak sortu behar ditu Europan eredu berri baten zutabeak jartzeko. Eredu bat Europako herrien arteko elkarlanean oinarrituta, pertsonak jarduera politiko komunaren erdigunean ipiniko dituena eta euren funtsezko eskubideak bermatuko dituena.

Hortaz, besteak beste, nazioek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea espresuki aldarrikatzen dugu, bai eta eraberritze demokratikoari heldu beharra ere, herritarren beharrak lehen planoan jartzeko.

Zentzu horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu berehalako neurriak hartzea –oinarrizko errenta europarra ezartzea, esaterako– eta, halaber, beharrezkotzat jotzen dugu herriak euren etorkizunaren gainean duten hipotekatik erreskatatzea. Gure herriei beren baliabideen gaineko kontrola eta beren gaitasun produktiboak, alegia, aberastasuna, enplegua eta gizarte-ongizatea sortzen dituztenak, babesteko eta garatzeko eskubidea aitortu behar zaie, kanpoko injerentziarik gabe.

Horrek esan nahi du zorra, publikoa zein pribatua, ikuskatu beharra dagoela eta zilegitasunik gabeko zorra ez dela ordaindu behar. Halaber, finantza-erakundeen gaineko kontrol sistema eraginkorrak ezarri behar dira, bai eta transnazionalen boterea mugatzeko mekanismo eraginkorrak ere.

Inboluzio sozial eta demokratiko kezkagarriak ezaugarritzen duen testuinguru honetan, EH Bilduk eta BNGk demokrazia parte-hartzailearen eta erabakiak modu zuzenean hartzearen aldeko apustu argia egiten dugu. Ziur gaude gure nazioen burujabetza irmo sustatzea biderik seguruena dela herri eta gizarte eredu ireki, justu eta berdintasunezkoagoa lortzeko.

Gure hautagaitzak babesa adierazi nahi die Eskozian egitekoa den erreferendumari eta Kataluniako kontsultari, eta gure nazioek ere, Euskal Herriak zein Galiziak, beren etorkizuna demokratikoki eta kanpoko injerentziarik gabe erabaki nahi dutela aldarrikatuko dugu Europako Legebiltzarrean ez ezik, Europako eta nazioarteko bestelako erakunde eta organoetan ere.

Eraberritze demokratiko sakon baten beharra aldarrikatzen dugulako, eredu sozialaren eta ekonomikoaren errotiko eraldaketa krisi sistemikoa konpontzeko modu bakarra den uste osoa dugulako, hautagaitza bat osatzeko konpromisoa hartzen dugu, herrien ahotsa eta Troikaren politikek gehien zigortu dituzten sektoreen aldarrikapenak Europako Legebiltzarrera eramateko.

EHBildu

Eusko Jaurlaritzak AHTren gainean erantzun nahi ez dituen 20 galderak erregistratu ditugu

Ana Oregi Ingurumen sailburuak otsailaren 18an egin zuen agerraldia Legebiltzarrean. Agerraldi hartan eman zuen informazio hutsala ikusi ostean, Oskar Matute legebiltzarkideak 20 galdera egin dizkio lehendakariari, otsailaren 18an erantzun gabe geratu ziren galderak argitzeko.

Abiadura Handiko Trenaz edo Euskal Y-az euskal jendarteak daukan informazioa urria da. Gainera, Jaurlaritzak ez du gardentasunik izan proiektuaren inguruan informazioa gizarteratzeko orduan. EH Bilduk hainbat aldiz salatu izan du azpiegitura erraldoi honen inguruko hainbat datu ezkutuan gorde nahi direla, are gehiago, testuinguru sozioekonomikoa aldatu den honetan. Hain zuzen ere, Jaurlaritzak informazio gizarteratzeko alperrik galdu zuen azken aukera otsailaren 18an izan zen. Egun horretan, EH Bilduk eskatuta, Jaurlaritzak agerraldia egin zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Koalizioak lehendakariaren agerraldia eskatu bazuen ere, Ana Oregi Ingurumen sailburuari utzi zion ardura.

Galdera gehienei erantzunik eman ez izanagatik, EH Bilduk erabaki du idatziz egitea Urkulluri 20 galderak. “Jakin badakigu gai deserosoa dela Jaurlaritzarentzat, izan ere, badakite dirua xahutzen ari direla tren elitista eta inora ez doan tren horretan. Jendarteari ulertezina iruditzen zaio, egunetik egunera are eta ulertezinagoa, gobernuak AHTan dirua xahutzea. Gauzak horrela, ezin dezakete denbora gehiago egia ezkutuan gorde. Errealitateak, benetako datuak, informazio guztia, agerian geratuko da arinago edo beranduago. Jendarteari zor dioten errespetuarengatik, edo argudioekin erantzuten dute, datuak eta aurreikuspen errealak emanez, edo dimisioa eman beharko lukete, ezin daitekeelako EAEko obrarik handiena egin hainbeste informazio zokoratuz”, salatu du Matutek.

Horrela, lehendakariak arlo ezberdineko aspektuez erantzun beharko du: bukaera data estimatua, inguruan izatea espero den abiadura handiko konexioak, obraren bukaeran azken kostua zenbatekoa izatea espero den, gainkostuen kostua eta arrazoia, urteroko mantenimendu kostuak zeintzuk izango diren, garraio-txartelaren prezioa zein izango den, obretako lan baldintzak zeintzuk diren, etabar.

EHBildu

Gipuzkoak bost udal egoitza bere gain hartuko ditu aurten

Gipuzkoako Foru Aldundiak bost udal egoitza hartuko ditu bere gain aurten, 18/2008ko legeak ezartzen duen eskumen banaketaren baitan. Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak izango dira Gizarte Politikako Departamentuak sortuko duen erakunde autonomo berrira pasako diren lehenengo bost udal egoitzak. Hurrengo asteetan udal hauetako ordezkariekin bilerak hasiko dira.

Horrela adierazi du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek Batzar Nagusietan izandako agerraldian. Bertan, Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Planaren bilakaera aurkeztu du, eta “oso positibotzat” jo ditu orain arte emandako aurrerapausoak. Plan hau, 2013ko urtarrilean aurkeztu zitzaien BBNNetako taldeei eta Gipuzkoako udalei. Proposamen honen bidez, Gizarte Zerbitzuen Legeak dakarren eskumen banaketari heldu nahi dio Aldundiak, beti ere eskaintzen den arreta indartuz. “Finean, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko politikak hobetzeko proiektu partekatu bat da plana, zehazki eta batez ere, mendekotasuna duten pertsonak beren ingurunean jarrai dezaten helburu duten politikak hobetzeko”, azpimarratu du diputatuak.

Plan horren baitan, egutegi bat ezartzen da udal egoitzak eta eguneko zentroak Aldundiari eskualdatzeko, eta Gipuzkoako udalek Etxeko Laguntza Zerbitzuaren finantzazioa progresiboki beren gain hartzeko. Egutegi horren aurreneko pausoak hauek dira: etxeko laguntza zerbitzuari ekarpenak egiten hasiko dira udalak, eta Aldundiak bere gain hartuko ditu Legeak ezartzen dituen eskumenak.

Horien artean, 16 udal egoitzen ardura bere gain hartu behar du Aldundiak, eta, iaz aurkeztutako egutegia jarraituz, aurten Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitiko adineko zentroak Diputazioaren eskutara pasako dira.

Honetaz gain, orain arte eman diren aurrerapausoak hauek dira:

  • Urtarrilaren 1etik Diputazioa hasi da ordaintzen autonomoen kostea adinekoen egoitzetako plazetan. 19 udal onuradun daude eta 900.000 euroko gastua suposatu du Diputazioarentzat.
  • Udal egoitzen egoerari buruzko auditoriak egin ditugu.
  • Diputazioak etxeko laguntza zerbitzuaren 2014ko tarifak KPIaren arabera eguneratu ditu. 100.000 euro gehiago suposatu dute.
  • Aldundiak hitzarmen bat prestatuko du beste 11 udal jakinei euren udal egoitzen defizitaren %15,5 ordaintzeko. 1,1 milioi euro aurreikusi dira horretarako.
  • Bi udalekin elkarlanean, Mendekotasun Legearen prestazio ekonomikoen hartzaileei jarraipena egiteko eta kasu bakoitza aztertzeko egitasmo pilotua jarriko dugu martxan, beti ere zerbitzua hobetze aldera.

Beraz, diputatuaren hitzetan, “Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko Plangintza aurreikusi bezala betetzen ari da. Pozik gaude eta balantze positiboa egiten dugu, bereziki eskumen berrantolaketa hori, 18/2008 Legearen arabera, 2009an egitekoa zelako, eta Plan honekin hasi arte inork ez duelako urratsik eman bide horretan”.

GFA

X