Aitor Miguel «PPk FCCrekin egin zuen kudeaketa dela eta lehioak ireki eta alfonbrak altxatu behar dira»

Alternatibako kide eta EH Bildu Gasteizko zinegotzi Aitor Miguelek, 2013 eta 2015 arteko, garbiketa-kontratuaren luzapenaren garaiko txostenak igorri ditu Estatuko Kontu Auzitegiari.

EH Bildu Gasteiz-ek hilabeteak daramatza kontu-ikuskaritza bat aldarrikatuz, baina PP-EAJren ezezkoaren aurrean, talde soberanistak konpromisoa hartu du Gasteizko Udaleko leihoak irekitzeko eta alfonbrak altxatzeko.

Aitor Miguel: “PPk FCCrekin egin zuen kudeaketa dela eta lehioak ireki eta alfonbrak altxatu behar dira. Maroto alkatea zenean, 2013 eta 2015aren artekoan, aurreko garbiketa-kontratuaren luzatu zenean, bi kamioien erosketa batean eta beste bi ibilgailuen alokairuan, 370.000 euro baino gehiagoko gainkostua ordaindu zelakoan Estatuko Kontu Auzitegiak ikertu beharko du”

“Salaketa publikoa jada egin genuen. Kamioi berberak 2005an, FCCk kontratua eskuratzeko egin zuen eskaintzan, 155.550 euroko balioa zuen, PPk kontratu hori amaitzean berriz 332.786 euro ordaindu zituen, hau da, bikoitza baino gehiago.  Ibilgailu horiek erosi eta hilabete batzuen ondoren FCC-GMSM-ek kamioi berbera 176.289 eurotan baloratu zuen. Beste behin prezioaren ordainketa bikoitza adierazten da”, salatu du EH Bildu Gasteizko zinegotziak, Aitor Miguelek.

Leticia Comeronek (PP) bere burua defendatzeko eta kamioien prezioa 332.786 eurokoa zela argudiatzeko gas-ibilgailua zirela  eta  xasisa eta pisaketa sendotuta zutela jarri zituen mahai gainean .Argudio hutsalak, eskaini zirenak berdintsuak direlako eta prezio erdian gainera.

“374.000 euro balizko gainkostu baten aurrean gaude. Informazio ofizial guztia behin pilatuta Estatuko Kontu Auzitegira bidali dugu, Maroto eta Comeron-ek FCCren kontratuaren kudeaketaren inguruan Auzitegiak irekita duen ikerketan eransteko”, adierazi du Aitor Miguelek.

EH Bilduren ustez balizko iruzurra argitzeko dagoen berme bakarra Udaleko kontu-ikuskaritza egitean datzan (Badalona eta Bartzelonan egin zen bezala), EAJ-PSE eta PPk behin eta berriz ukatu dutena.

gasteiz.ehbildu.eus-en irakurri

Gure kide Ayem Oskozek EH Bilduko udal taldean Axi Jakaren lekukoa hartuko du

Axi Jakak zinegotzi kargua utziko du etapa berri bat ekinez eta, hemendik aurrera, EH Bilduri ekarpena beste era batean, militante bezala, egiten jarraituko du: “6 urteko ibilbide luzea egin ondoren, udal-gobernuan eta oposizioan, zinegotzi-lana egitetik oinarrizko militante bezala Donostiako EH Bildun lanean jarraitzera pasako naiz. Espero det nere karguari zegozkion eginbeharrak ahal bezain ondo bete izana. Eta, batez ere, eskerrak nigan konfiantza jarri edo bidelagun izan zareten guztioi, bereziki EH Bilduren udal talderari. Laster arte”

Donostiako EH Bildu osatzen dugun komunitate osoaren partetik: Axi, mila esker bihotz-bihotzetik. Eta Ayem Oskozi, berriz, ongietorri esan nahi diogu. Ongietorri udaletxeari eta zinegotzi ardurari, izan ere Donostiako EH Bilduren militantea hasieratik izan da eta, beraz, ez dugu aurkezpen gehiegirik egin behar. Denok ezagutzen duzue, udal hauteskundetarako zerrendan bederatzigarrena joan zen eta berari egokitu zaio Axi Jakaren lekukoa hartzea.

Hementxe Ayemen kurrikuluma:

1985ko otsailaren 18an jaioa, Donostian, Amara Berri eskola publikoan ikasitakoa eta Gizarte Langintzan diplomatua EHUn. Arlo profesionalean, besteak beste, lanpostu hauek bete ditu: Elkartu (Gipuzkoan gutxitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzailea), Hika Ateneo Kultur elkartea (Gasteiz), eta Mundubat. Ibilbide politikoari dagokionez, EH Bildun hasieratik parte hartzeaz gain, Zutik eta Gorripidearen militantea izan da eta egun Alternatiba-koa. ESK sindikatuko afiliatua ere bada.

Twitter: @AyemOskoz

Fatuarte: «Benetan udalak ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitu eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arintzeko?»

Osoko Bilkuran EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio auzoko jaien aldeko benetako apustua egitea. Mozioa ez da aurrera atera EAJk eta PSOEk, PPren laguntzarekin, inolako konpromisorik hartu nahi izan ez dutelako.

 

 

Gure kide Alba Fatuarteren hitzartzea:

Ez da lehen aldia EHBildu udal taldeak auzoetako jaien gaia Udalbatzarrera ekartzen duela. 2012an ere oso antzeko proposamen bat ekarri genuen, eta duela bost urte bezala, Udal Gobernuaren erantzuna ere beretsua izan da.

Auzoetako jaiei dagokionez, aurrera egin beharrean, eta dauden arazoak pixkanaka konpondu ordez, egoerak bere horretan jarraitzen du eta kasu batzuetan esan dezakegu, okerrera egin duela.

Batetik EAJk eta PSOEk esaten duzue behin eta berriro auzoetako jai batzordeen lana aintzat hartzen dela Udal honetan, eta aitortza egiten zaiela, baina argi dago hitz hoiekin batera ekintzak ez datozela bat.

Soilik kopuruetara begiratuta, ikusten da zein den Udal honen konpromisoa auzoetako jaiekiko eta zelako desoreka dagoen udal honek finantzatzen dituen beste ekitaldi pribatu batzuekiko:

  • 39.000€ko aurrekontua auzoetako jaietarako, jai batozrde bakoitzeko gehienez 1.500€ esleitzen direlarik.
  • Jai batzorde bakoitzaren gastuen bataz bestekoa 22.000€
  • Udalaren dirulaguntza gastuaren %7a suposatzen du
  • Jai batzordeen gastuaren laurdena azpiegituretara doa: tarimak, eszenatokiak, komunak, segurtasun hesiak… Udalak berak exigitzen dituen elementuak dira gainera.

Datuak ikusita: Benetan udal honek ezin duela esfortzu bat egin aurrekontua handitzeko eta gutxienez jai batzordeen azpiegituren gastua arinagoa izan dadin, udalak gastu hauek bere eginez? Benetan ez duzuela asmorik hori egiteko kontuan izanda urtean ia 600 jarduera antolatze dituztela? gogoratu behar al dizuegu 600 ekintza hoiek doakoak eta jendarte osoari zuzendutakoak direla? gogoratu behar dizuegu auzoetako jai batzordeak auzoetako bizitza sortzeko ezinbesteko eragileak direla, komunitatea sarea biziberritzen dutela? Gogoratu behar dizuegu jai batzordeetako kideak boluntarioak direla eta gero eta zailtasun handiagoak dituztela euren lana egin ahal izateko.

Okerrena da EAJk eta PSOEk hau guztia badakitela, baina penagarriena da hau jakinda ere, ez dutela inongo asmorik gauzak aldatzeko.

Asmorik ez aurrekontuan konpromiso bat hartzeko eta asmorik ez herritar hauei kudeaketa lana errazteko. Ze dena ez da dirua. Tramiteak burokraziaz beteta daude.

Auzo bateko jaiak antolatzeko zortzi leihatila ezberdinetatik pasa behar dira jai batzordeetako kideak: Parte-hartzea, Obrak eta Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasuna, Garraioa, Segurtasuna, Kultura, Osasuna eta Kontsumoa, eta Jaiak. Beraz eskakizun hau, Udal osoarentzat da, ez bakarrik jaietako sailarentzat. Eta eskakizuna argia da: Leihatila bakarra osatzea.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak emakumeen bazterketa alardeetan babesten uzteko exijitu die PNV eta PSEri

Berdintasun efektiboaren aldeko borrokak, jaietan parte hartzerakoan ere bai, iaz hogei urteren muga psikologikoa gainditu zuen, lehenengo aldiz, hainbat emakumek Irungo Alardean parte hartzeko eskaera egin zutenetik eta udalaren ezezkoaren aurrean, aldebakartasunez parekidetasuna gauzatzea erabaki zutenenik. Gaur, bi hamarkada beranduago, oraindik ere egoera normalizatzeko saiakerak egiten dira, baina emandako aurrera pausoen gainetik, Irungo Alardean diskriminazioa dirau, are larritasun gehiagorekin Hondarribiko Alardean. Larriena da aldiz, instituzio publiko eta hauen ordezkariek egoera hau onartu ez ezik, haien ekintzekin gizartearen erdia, emakumeak, baztertzea babesten dutela.

Horregatik, herritarrei Alarde parekidean parte hartzera edota bera kalean babestera deitu ez ezik, Alternatibatik berriro ere salatu nahi dugu bihar, Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE), Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok (PNV) eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk parekidetasunari bizkarra emango diotela. Santanok alarde baztertzaileari harrera egingo dio eta emakumeek eta gizonezkoek osatutakoari begiratu ere ez die egingo. Olano ere ez da bertan egongo; bere “ekarpen” handia izan da dekretatzea alardeen afera ez dagokiola genero desberdintasunari baizik eta bizikidetzari, kaltetuak beren herriko jaietan berdintasunean parte hartzeko aukera galarazita dutenak emakumeak izan arren. Eta Urkulluk, berriro ere esango du aski duela bere gobernuaren izenean Emakunde bertaratzearekin, eta inongo edukirik gabeko planak iragarriko ditu benetan konpondu nahi ez duen gatazka konpontze aldera.

Bihar, Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza berdintasun eza estrukturalaren eta diskriminazioaren konplize izango dira. Eta halako lotsagabekeriaren aurrean mezu argia helarazi nahi diegu: Aski da! instituzio publiko batek arrazakeria, xenofobia, indarkeria eta bortxaketa babestu ezin dituen modu berdinean, ezin du Alardeetako diskriminazioa bermatu. Santano, Olano eta Urkullu jauna, zuen presentzia falta, zuen isiltasuna eta zuen gelditasuna, indarkeria estruktural horren eta emakumeek bizi duten berdintasun eza horren parte dira ere bai.

Gure hiriko kaleak eta jaiak gureak ere badira. Gora emakumeak alardean!

X