Bakea eta konponbidearen aurka edozer gauza egiteko prest dagoen Estatua dugu aurrean

Euskal Herria Bilduk bere iritzia agertu nahi du, ETAk egindako azken urratsaren harira, Entzutegi Nazionalak Nazioarteko Egiaztatze Batzordea deklaratzera deitu duen honetan: 

ETA erakundearen ekimena jakin bezain pronto, Euskal Herria Bilduk bere urgentziazko balorazioan “Bakea eta konponbidea bultzatzen duen mugarri berri baten aurrean gaudela” aipatu zuen. Eta ziur gaude euskal herritarren gehiengoak bat egiten duela irakurketa honekin. Berri on baten aurrean gaude, beraz.

Berehalakoan erantzun du Madrilgo gobernuak: erantzun larria, ezin larriagoa eskaini du, bere blokeo eta boikot jarrera horretan sakonduz.

Euskal Herria Bilduren iritziz, bakea eta konponbidearen aurka edozer gauza egiteko prest dagoen Estatua dugu aurrean.

Era berean, Espainiak bere benetako aurpegia erakutsi dio nazioarteko komunitateari: torturatzaileak Argentinara estraditatzeari uko egiten dio batetik, eta bestetik bere armategi judiziala prest du bakegintzan adituak diren nazioarteko ordezkarien aurkako jazarpenari heltzeko. 

Gertakari honen aurretik, Espainiaren marka nazioarteko komunitatearen aurrean minimoetan zegoela pentsatzen bagenuen ere, Entzutegi Nazionalaren gaurko zitazio honek are gehiago kaltetzen du Espainiari buruzko iritzia munduan zehar. Aieteko konferentzian parte hartu zutenak eta Euskal Herriaren pakearen alde lanean jarraitzen duten jende oro prozetatzen jarraituko dute? Jakin dezaten Munduan eta Europa mailan erridikulua egiten ari direla!

Hala ere, gauza jakina da Espainiaren arazoa ez dela nazioarteko egiaztatzaileekin: Madrilen benetako arazoa bakearen eta konponbidearen alde, erabakitze eskubidearen alde egiten duen euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialarekin da. Hauxe da Madrilen benetako arazoa, prozesuaren aurka blokeo eta boikot jarrera erakutsiz erantzuten duena.

Hau da, beraz, pasa den ostiralean Nazioarteko egiaztatzaileekin bilduta egon ginen eragile guztiek erantzun beharreko errealitatea. Euskal Herria Bilduren iritziz, nazioarteko egiaztatzaileei erakutsi beharreko errespetu eta babesaz harago, gure ardura prozesuan aurrera egiteko urrats sendoak egitea izan behar du. ETAk egin du berea. Askoz ere urrats gehiago behar ditugu guztion partetik.

Testuinguru honetan, Urkullu lehendakariak hainbatetan errepikatu izan du bere helburua Rajoyren gobernuarekin elkarlan estuan aritzea dela. Euskal Herria Bilduren iritziz, noiz arte itxaron behar du gertakari ezin larriago honen aurrean egiaztatzaileen aurkako jazarpena amaitu dadin eskatzeko? Ez da batere ulergarria halako egoeraren aurrean ezer egin ez izana.

Amaitzeko, Euskal Herria Bilduk datorren asteleheneko Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen batzordera eramango du gertatu denaren salaketa eta gauza bera egingo dugu Gasteizko legebiltzarrean ere, horretarako bilera urgentea eskatu dugularik. 

Irakurri iturrian: ehbildu.net

Bakea eta konponbidea bultzatzen duen mugarri berri baten aurrean gaude

ETA bere esku dauden urratsak egiten ari da norabide egokian, Aieteren Konferentziaren hasieratik gaur arte. Oraingoan, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak bere gain hartuko du ETAren armategien zigilatzea eta erabilpen operatibotik kanpo uzteko prozesuaren gainbegiratzea, etorkizunean estatuekin armagabetze prozesu bati heltzeko oinarriak jarriz eta horretarako borondate osoa agertuz. Beraz, urrats honekin, ETAk aurrerantzean eragile armatua izateari uzteko prozesua abiatu du.

Era berean, ekimen honen bitartez ETAk bere jarduera armatuaren bukaeraren erabateko segurtasuna ematen die euskal herritarrei, eta horrek balio politiko itzela dauka.


 

Gainera, eta aldebakarreko erabakia den neurrian, bakearen kontrakoen gainetik, aldebakartasunez jardutearen balioa berrestera dator. Madrilen duen aurkako jarrerarekin ere aurrera egin daiteke eta egin behar da.

Ekimen honen bidez ETAk beste aurrera pauso bat eman du. Desarmea behar bezala egitea ezinezkoa gertatu da egun gobernu espainolak ez duelako eman dadin nahi, eta horretarako oztopo guztiak ari delako jartzen. Bera da egun, gobernu espainola alegia, blokeo jarrera mantentzen duen bakarra, eta jarrera hori behin betikoz alboratu eta urratsak egitea dagokio aurrerantzean.

Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen papera ere azpimarragarria eta txalogarria da guztiz, batik bat espainiar estatuan bakearen aurkako indarren aldetik jasotzen ari diren presio eta deskalifikazioen gainetik, Aieten hasitako bidea bururaino eramateko hartu duten konpromisoarengatik. NEBaren jokabide honek ondorio oso positiboak ekar ditzake nazioarteko eremutik.

NEBk gaurtik hartu duen mandatu berriak agerian uzten du Euskal Herriko gatazka nazioarteko agenda politikoan dagoela eta konponbidea bultzatzeko borondatearen adierazle da.

ETAren urrats hau Aieteko konferentziak irekitako bidean kokatzen da et erabaki honen hartzaile nagusia Euskal Herria da eta bakearen aldeko ahalegina indartzera eta elikatzera dator.

Herri honek bakea behar du, gatazka bere osotasunean konpondu: Helburua motzera, gatazkaren ondorioei aterabideak topatzea da. Lehentasuna da. Horretarako, salbuespeneko politikak deuseztatu eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago, presoak Euskal Herriratuz eta hortik etxeratze prozesuari ekiteko. Era berean, ETAren armagabetze prozesu kontrolatua, ordenatua eta adostua burutu behar da. Eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa.

Ez dute errezeta zaharrek eta agortutako praktikek balio. Praktika berriaren abiapuntua Euskal Herrian bakea lortzeko eragile bakoitzaren konpromisoa izan behar du eta urratsak egitea dagokigu guztioi. Euskal Herria Bilduk bakea bultzatzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa berresten du herriaren aurrean.

Iturrian irakurri: EHBildu

Alternatibak Erribera 13ren hutsaraztea gaitzetsi du okupazioa kriminalizatzeko eta zapaltzeko saiakera berria dela salatuz

Alternatibaren Bilboko Asanbladatik Erribera 13ren hutsaraztearen aurrean gure erabateko gaitzespena adierazi nahi dugu, berriro ere,epaileek eta poliziek bat egin dutelako okupazioa kriminalizatzeko eta zapaltzeko; Okupazioa aukera guztiz legitimoa da, eta egun inoiz baino gehiago, beharrezkoa ere, etxebizitza baterako sarbidea bezalako oinarrizko eskubideen gabezia dagoenean.

Berriro ere, jabetza pribatuaren defentsa beste edozein ardura guztien gainetik jarri dela ikusten dugu; ez du inporta eraikina urtetan hutsik egon bada, edota ondasunen banaketa duinago batean sinesten duten pertsonen konpromisoari esker hondatuta zegoen eraikina txukundu eta atondu dutenean.

Gizarte honek jabetza pribatuarekiko eta indibidualismo neurrigabearekiko duen joeraren aurrean, eta espekulazio kapitalistari aurre egin ahal izateko, toki desberdinen erabilera kolektiboa tresna aproposena dela uste dugu, aipatutako espazio horiek erabilera sozial eta komunitarioetarako erabiliz.

Egoera honen aurrean, Alternatibatik gaur arratsaldean Erribera 13 eraikinaren defentsaren alde Unamuno plazatik 19:00etan abiatuko den mobilizazioarekin bat egitera deitzen dugu.

Espainiako immigrazio politika eta Ceutako hildakoak Legebiltzarrera eramango ditugu Eusko Legebiltzarrera

EH Bilduk iritzi dio Ceutan hildako 15 pertsonen heriotza Espainiako migrazio politikaren ondorioa dela. “Gertatu dena nahikoa garrantzitsua da konturatzeko Espainiako migrazio politikak giza eskubideen aurka doazela eta Legebiltzar honek horien aurka adierazpen publikoa egin behar duela. Horrez gain, hildakoen senitartekoekin eta inguru hartan muga pasatzeko zain daudenekin ere elkartasuna adierazteko balioko du”, adierazi du Diana Urreak, ekimena sinatu duen legebiltzarkideak.

“Espainiako migrazio politikek horrelako sarraskiei bide ematen die. Madrilgo gobernuak hartzen duen jarrera, gainera, egoera okertzea bakarrik ekartzen dute. Eta hori gutxi balitz, arduradun politikorik gabe geratzen da guztia. Horregatik gura dugu Estrasburgoko Giza Eskubideek epaitegiak Ceutan gertatu zena sakonki aztertzea, arduradun politikoak bilatze aldera”, gaineratu du.

Legez besteko proposamenean espresuki aipatzen da Human Rights Institute erakundeak egindako txostena, zeinak azpimarratzen duen Espainiako migrazio politikak Eurpar Batasunaren arautegiaren aurka doazela. Izan ere, aipatutako arautegiak galarazi egiten du muga pasatzen duten etorkinak gogoz kontra euren estatuetara berriro itzultzea, tratu txarrak pairatzeko arriskuan egon baitaitezke.

EHBildu

X