EHBilduren aldizkari digital berria, harpidetu zaitez

Otsailaren hasieran EH Bilduren aldizkari digitala editatzen hasi gara. Helburu nagusi bat du aldizkari honek: EH Bilduk gauzatzen dituen ekimen zein hausnarketen berri era zuzen batean ematea. Hamabostero argitaratuko da eta zure e-posta helbidean jaso dezakezu, nahi izanez gero, aski duzu ondorengo helbidean ageri den inprimakian izena ematea. Edozein kasutan, Alternatibaren aldizkari digitalean ere eskainiko dugu aldizkariaren ale berri bakoitza.

Lehen alea deskargatu edo ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.


 

EHBilduk La Navalen etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du langileekin bilera egin ostean

EHBilduren legebiltzarkide Oskar Matute eta Arri Zulaikak bilera egin zuten atzo goizean, Bilbon, La Navaleko langileen lan batzordearekin. Matute eta Zulaikak langileei elkartasuna adierazi diete koalizioaren izenean, izan ere, Ezkerraldeko enpresaren etorkizuna kolokan dago martxotik aurrera. Hain zuzen, langileak kezkatuta daude, hurrengo hilean bukatu egingo zaielako orain esku artean duten eskaera, eta momentuz ez dutelako beste eskaririk jaso. Erakundeen inplikazioa eskatzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 26rako eta EHBildu bertan izango dela esan dute bi legebiltzarkideek.

Zentzu horretan, koalizioak berretsi egin gura izan du La Navalen etorkizuna bermatzeko lan egiteko konpromisoarekin. Matute eta Zulaikak konponbidea bilatzeko ardura politikoa eskatu diote Jaurlaritzari eta gaur arte jarraitu duen bide okerra kritikatu dute. “Jaurlaritzak ez du euskal industriaren egoera eta etorkizuna begitantzeko  gaitasunik. Ez du euskal industriaren sektore estrategikoen definizioa eta diseinua egin, eta hori egitea ezinbestekoa da erakunde publikoaren industri politika ezartzeko. Hori egin beharrean, arazoa gainean duenean erreakzionatzen du, ikuspegi nazionalik gabe, jada berandu denean. Epe laburreko emaitzak bilatzen ditu, arazoak aurretiaz begiratu ordez”, salatu dute.

Ildo horretatik, EH Bilduk galdera egingo dio Arantza Tapia sailburuari, Jaurlaritzak ontziolen sektorea estrategikotzat duen jakiteko. Legebiltzarrean Tapiak egingo duen interbentzioan ere gogoraraziko zaio La Naval Ezkerraldearen motoreetako bat dela, eta eskualde hori dela Euskal Herrian langabetu gehien duen zonaldetako bat. “Ahoa bete zaie ustez lanpostuak sortuko dituen Enplegu Plana salduz. Eta oraindik buruan sartu ez bazaie ere, gizarteak badaki iruzur egiten ari direla. Izan ere, guztiok dakigu enplegu planik egokiena jada existitzen den enplegua mantentzen duena dela. Horregatik, Jaurlaritzak marketing kanpainak alboratu beharko lituzke eta bideragarriak diren sektoreak bizirik mantentzeko inplikatu beharko litzateke”, salatu dute.

ehbildu.net

Matute: “Onartezina deritzogu Bilbao lapurren erakuslehio eta kolaboratziale bilakatzeari”

Mundua pobretzen dihardutenen agindu politikoak babesten eta betetzen jarraitzeko asmoa duela berretsi du gaur Lehendakariak Gasteizen, EH Bilduko Oskar Matutek egindako interpelazio baten harira. Hala, martxoaren 3ko Bilboko gailur ekonomikoan egongo dela esan du, Luis de Guindos, Olli Rehn (Europako Batzordea), Christine Lagarde (FMI), Joaquín Almunia edo Mariano Raxoiri ongi etorria emateko. Hain zuzen ere, koalizioaren iritziz horiek dira “krisi ekonomikoaren arduradun nagusiak eta gizartearen pobretzea bultzatzen dutenak”.

Matutek salatu du martxoaren 3ko gailurrean “irainaren argazkia” aterako dela, eta Urkullu eta Azkuna argazki horretan agertuko direla. Horren haritik, Jaurlaritzaren bozeramaile nagusiari exijitu dio “gure eskubideak urratzen dituztenei jartzen dien alfonbra gorria” erretiratzea. Lehendakariak, aldiz, bere hitzekin adieraztera eman du Raxoi eta besteen eredu ekonomiko bera duela.

Zentzu horretan, EH Bilduren bozeramaileak “iraintzat” ere hartu du gailurrean parte hartzeko erabakia. “Euskal gizartea dagoen egoeran ez da zilegi argazki horretan parte hartzea”, kritikatu du. Horrez gain, Legebiltzarrean hartutako erabakiei ere trufa egiten diela gaineratu du. “Ez da logikoa EAJk lan erreformaren aurka bozkatzea Gasteizen, eta biharamunean, Raxoirekin elkartzea eta bere eredu ekonomikoarekin bat egitea”.

Koalizioak adierazi du gailur ekonomikoari Jaurlaritzak eskaintzen dion babesa erretiratzea eskatzeko mozioa aurkeztuko duela hurrengo egunetan. Horrez gain, bat egin du ekimenaren harira egingo diren mobilizazioekin.

EHBildu

Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da

Arkaitz Bellon preso elorriotar gaztearen heriotzaren berri lazgarria jaso genuen atzo.  Gaur, egoeraren larritasunak eta urgentziak hala aginduta, Bilbon bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialok, honakoa adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Arkaitz Bellonen senide eta lagunei. Une lazgarri hauetan, gure babes eta berotasuna adierazi nahi dizkiegu.

Bere herritik mila kilometrotara hil da Arkaitz Bellon, Puerto I-eko espetxean, zigorraren 2/3 beteta izan arren. Beraz, kalean egon behar zen. Mila kilometro hauen atzean dagoen errealitateari erreparatzen badiogu, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela da gaur egun protagonista nagusia, eta Arkaitzen heriotzaren erantzule zuzena.

Egoera hau beti izan baldin bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa, edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar.

Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da. Aski da esateko unea da.

Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugun indarrek bat egitea eta kalera ateratzea, sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.

Ondorioz, “Espetxe politika honi ez, sakabanaketa amaitu” lelopean, mobilizazioak deitzen ditugu gaur arratsaldean Euskal Herriko herrietan eta, era berean, bihar eguerdian kontzentrazioak Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hiru hiriburuetako udaletxeen aurrean.

Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.

LAB – Egiari Zor – Goldatu – Eusko Alkartasuna – Sortu – Gazte Abertzaleak – Alternatiba – EHNEBizkaia – CNT – Bai Euskal Herriari – ESK – Ikasle Abertzaleak – STEE-EILAS- Ernai – Komite Internazionalistak – Eskubideak

X