‘Matxismoaren aurpegiak’ argazki erakusketa

MATXISMOAREN AURPEGIAK izenburupean, gure Gasteizko, Bilboko eta laster Donostiako egoitzan ikusgai izango den erakusketa da. Eremu politiko, enpresarial, erlijioso eta kazetaritzako lagun ospetsu desberdinek, medioen oihartzunaz baliatuta, haien adierazpen matxistekin emakumeen desberditasunezko egoera betikotzen eta larriagotzen dutela ikustarazteko eta salatzeko helburua du.

Bilboko Udalak azpikontratatutako zerbitzuetan batez ere emakumea prekarietatearen biktima dela salatu dugu

EH Bilduko Aitziber Ibaibarriaga, Alba Fatuarte eta Izaskun Guarrotxena zinegotziek Udalak azpikontratatutako enpresetan dagoen prekarietatea salatu dute. Batez ere emakumeei eragiten dien prekarietate bat dela zehaztu dute.

Martxoak 8a hurbil dagoela gogoratu du Ibaibarriagak eta, Gobernuak inolako adierazpenik egin baino lehen, benetako egoera zein den deskribatu du.

Administrazioak egin dituen murrizketa eta azpikontratazioek eragin latza daukate emakumeengan. Emakumeak dira, normalean, lanpostu prekario horietan aritzen direnak eta, nahiz eta instituzioek berdintasunaren alde egin behar, hori ez da gertatzen. Bilboko Udalean egoera, zoritxarrez, ez da desberdina. Udal gobernuaren planaren oinarrietariko bi berdintasuna eta enplegua dira. Hala ere, administrazio honek azpikontratatutako zerbitzuetan generoan oinarritutako desberdintasunak ematen dira. Ez da kasualitatea administrazio honetako azpikontrata prekarioenetako lanpostu gehienetan emakumeak egotea”, azpimarratu du Ibaibarriagak.

Egoera horren zenbait adibide jarri dituzte. Fatuartek gogoratu du egoera prekarioena etxeko-arreta zerbitzuan, garbitzaileen enpresetan eta 010 zerbitzuan ematen direla. Etxeko-arreta zerbitzuan langileen %100a emakumezkoak dira eta desegonkortasuna nagusi da eta ez diete soldata igo 2014tik, nahiz eta enpresek haien prezioak %7a igo. 010 zerbitzuan ere denak emakumeak dira eta desengonkortasuna ere nagusi da hitzarmenak errespetatu gabe. Garbitzaileen %90a ere emakumezkoa da, lan zama itzela daukate eta urtarriletik hitzarmenik gabe daude”, zehaztu du Fatuartek.

Egoera zuzentzeko proposamena

Euskal Herria Bildu udal taldeak uste du konpromiso zehatzekin lan egiteko unea dela, instituzioak berdintasunaren alde daudela esateaz gain.

Guk proposamen bat egin eta aurkeztuko dugu martxoko Udalbatzan. Arloen arteko batzordeak egin dezala urtero sektore feminizatuenen diagnostikoa. Horrela jakin ahal izango da zein den egoera erreala eta kontratazioetan baldintzak ezarri ahal izango dira egoera zuzentzeko.

Uste dugu beharrezkoa dela marko hori sortzea azpikontratekin lan egin eta haien jarraipena egiteko. Berdintasun arloaren gidaritzapean egin beharko litzateke lan gizon eta emakumeen soldatetan dauden desberdintasunekin bukatzeko. Marko horretan sindikatuen lana ezinbestekoa izango litzateke jarraipen egoki bat egiteko”, esan du Guarrotxenak.

Azkenik, EH Bilduko zinegotziek adierazi dute mugimendu feministak Bilbon antolaturiko ekimenekin bat egingo dutela.

EH Bildu Bilbo

Bruselako Forum Feministan dira Alba Fatuarte eta Diana Urrea gure kideak

Europako Parlamentuko Ezkerreko taldeak, GUE/NGLek antolatuta, egunotan Forum Feminista izaten ari da Parlamentuak Bruselan duen egoitzan. Antolatu diren ekintza ezberdinetan parte hartzeko Euskal Herritik bertaratutako delegazioan Alternatibako kide Alba Fatuarte eta Diana Urrea ere bertan dira, EH Bilduko hainbat kiderekin batera, besteak beste, Oihana Etxebarrieta Gasteizko Legebiltzarreko kidea, Onintza Enbeita Madrilgo Kongresuko diputatu ohia, Ainhoa Beola Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea.

Entzun Info 7 irratiak Fatuarteri grabatutako adierazpenak.

 

 

 

 

 

Alternatibak zamaketarien egoera aztertzeko hitzaldiak egingo ditu Donostian eta Bilbon

Sektorea liberalizatzeko dekretua mahai gainean dagoela eta langileak mobilizazioak prestatzen ari direla, Alternatibak hitzaldi irekiak antolatu ditu Donostian eta Bilbon, Europako zein Espainiako araudi berriek Bilbo eta Pasaiako portuetan izango duten eraginaz aritzeko.

Zamaketarien sektorean 700 lagun inguru aritzen dira gaur egun gure portuetan (ia 500 Santurtziko kaian eta 200etik gertu Pasaian) eta eztabaida sozialaren erdigunean kokatu dituzte azken egunetan, pribilejiodunak ere direla esateraino. Hala, solasaldietako aztergaia izango da ere desberdintasunak nagusi diren sistema batean, non gehiengoak lan baldintza eta eskubide sozialetako asko galdu dituenean, eskubideei eutsi dietenen edo borrokatzen direnen kontra egiten den.

Lehenengo hitzaldia martxoaren 9an egingo da, Alternatibaren Donostiako egoitzan (Autonomia 16, behealdea) arratsaldeko 19:00etan. Bertan, Estiba Pasaiako langile batzordeko presidente Jose Angel Izquierdok hartuko du parte, Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko kongresuko diputatu Oskar Matuterekin batera. Azken hau Bilboko solasaldian ere egongo da, Bilbo Estibako Langile Batzordeko kide Alain Olagortarekin batera. Martxoaren 20an izango da, Alternatibaren Bilboko egoitzan, 19:00etatik aurrera.

Feminismoa gerran #M8

Badira egoera edo une historiko jakin baten ondorioz sortzen diren sinboloak. Eta badira halabeharrez jaiotzen direnak. Gehienek, inguruan ditugun logika maskulino, kapitalista eta patriarkalari erantzuten diete. Baina badira izenik gabe sortzen diren ikurrak ere. Hedabideetako azaletan edo historia liburuetan ageri ez direnak. Borroka ikusezin baina nekaezinen ondorioz jaiotzen direnak.

Bada denbora Rosie the Riveter emakumeak lantegietan aritzeko gizonezkoek sortutako ikono izateari utzi zionetik, ordura arte etxeko lanetan eta zaintzan murgilduta baitzeuden, otzan eta menpeko. 2. Mundu Gerraren harira sortu eta bere jatorriaren gaineko ikuspegi desberdinak dauden arren, orain dela asko bilakatu zen Rosie, We can do it leloarekin batera, egun den ikur feminista. Patriarkatua gizateriaren zapalkuntza sistemarik zaharrena dela gogora ekartzen digun beste ikur bat baina, aldi berean, desberdintasun guztiei aurre egiteko proposamen eraldatzaileena dela agerian uzten duena.

Aldi berean, indarkeria matxista, bere aldaera desberdinetan eta munduko gizarte guztietan uneoro ematen dena, gogora ekartzen digu emakumeok, testuinguru honetan ere, gerra egoeran gaudela, Alterkaria honetan gure hainbat kidek berregin duten irudiaren garaian bezala. Gatazka krudela da, deklaratu gabekoa eta biktimak alde bakarrean dituena.

Soldaten arteko amildegia, zaintzarako kondena, ikusezintasunera zigortzea, gutxiestea, eremua publikoan dagokigun ordezkaritza ukatzea, indarkeria… Bakea, Jule Goikoetxeak dioenez, ez da bakarrik gizonezkoek haien artean hiltzea. Hori ezin baita izan gure bakea; era berean, ezin da gurea izan gizartearen erdia alde batera uzten duen oro. Horregatik, martxoaren 8 honetan, egunero bezala, jakin badakigu ahalduntzea bilatzen duten borroka guztiek gure eskutik joan beharko direla. Feminismoa edo basakeria.

La imagen puede contener: 5 personas

X