Gobernu espainiarraren espetxe politika Iosu hiltzen ari da

Gaurkoan EH Bilduk euskal preso politikoen senitartekoen elkartearekin, Etxerat-ekin, izaniko bileraren ondotik larritasun ahotsa altxatu nahi du eta Iosu Uribetxeberria preso arrasatearrak bizi duen egoera irmoki salatu nahi du.

Iosu Uribetxeberriaren osasun egoera larriak ez du atzerabueltarik eta senitartekoek adierazi bezala Iosu hil egingo da. Hain gordin adierazi digute senitartekoek zein den Iosu-ren egoera eta hortaz EH Bildu-tik lanean jarraituko dugula adierazi diegu Iosu-ren eskubideak onartu daitezen. Egungo espainiar legediaren arabera dagoeneko 2007tik etxean behar luke eta askatasunean, baina askatasun eskaera ukatua izan zen eta erabaki horrek Iosu-ren hiltze akta suposatu zuen.

Euskal preso politiko askoren bizia arrisku larrian dago eta gero eta denbora eta aukera gutxiago dute espainiar espetxeetatik bizirik ateratzeko. Iosuren osasun egoera asko gaiztotu da, ekidin bazitekeen ere. Legearen arabera, Iosu kalean behar luke 2007tik, baina eskari hori ukatua izan zen.

Mendekuzko eta salbuespenezko espetxe politika hau deuseztatzeko garaia da, Iosu eta gainontzeko euskal preso politikoak hiltzen ari delako. Iosu-ren osasun egoera larriaren oinarrian espetxe politika anker hau baino ez dago. Espetxe politika honen ondorioz, Iosu-k ez du jaso behar bezalako laguntza medikurik bere gaixotasun larria sendatu ahal izateko. Biriketako minbizia iragarri ziotenetik ez du behar besteko laguntza medikurik jaso eta horrek hilzorian jarri du. Gobernu espainiarrak aplikatzen duen espetxe politika honek ez du preso gaixoen asistentzia medikurik bermatzen eta horren ondorioz euskal preso politikoen kopuru altuak gaixotasunak pairatzen ditu. Behar bezalako laguntza medikua jaso izanak Iosu-ren bizia bermatu ahal izango luke.

Iosuren egoerak, espainiar gobernuak, euskal preso politikoekin aplikatzen duen mendekuzko eta salbuezpeneko espetxe politikaren adierazlea da. Espainiar gobernuak, PSOEren laguntzaz, gure herrian ireki den irtenbide prozesua baldintzatu nahi du, prozesuaren oinarriak Aieteko Agirian jasota daude, baina prozesu honek euskal jendarte gehiengoaren bultzada du.

Espetxe politika honen helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ahuldu, horretarako mendekuzko eta salbuezpeneko politika aplikatuz, era berean, konponbide prozesua, euskal jendartearen gehiagoak bultzatzen duena hondoratzeko.

Egungo medekuzko eta salbuespenezko espetxe politika honen helburua, egungo espainiar legedia bera errespetatzen ez duena eta Giza Eskubideen Europar Epaitegiaren aginduei muzin egiten diena, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideak murriztea eta pertsona gisa suntsitzea da, era berean, euskal jendartearen gehiengoak babesten eta bultzatzen duen konponbide prozesua zapuzteko.

Dei bat luzatzen diegu gainontzeko alderdi eta arduradun politikoei erantzukizunez joka dezaten eta berehalakoan Iosu-ren askatasuna eska dezaten beste 13 presoena bezalaxe.

Josu askatu! Hamalauak herrira! Hau da gobernu espainiarrari luzatzen diogun esijentzia. Ondorioz, espainiar gobernuari Josu Uribetxeberria berehalakoan aske utz dezaten esijitzen diogu, gaixo dauden gainontzeko 13 presoak bezalaxe.

Alternatibak kopagoaren bidegabekeria salatu du eta Lakuari eskubide sozialak propagandatik haratago babesteko galdegin dio

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek ordainketa partekatuaren inposizioa salatu du gaur, Auzitegi Konstituzionalak Lopez Gobernuak onartutako “arau elektoralista” bertan behera utzi ondoren. Agirresarobek gogorarazi du “kopagoa pertsonen eskubideen eta duintasunaren kontrako hamaikagarren kolpea dela, izendapenetik hasita ere iruzur handia izateaz gain; izan ere, aurretik ere herritarrek ordaintzen zituztelako botikak, klase popularrak gero eta gehiago zamatzen eta gehien dutenentzat hain mesedegarria den fiskalitatearen bidez”. Horregatik, “ordainketa partekatua baino, berrordainketa” deitu beharraz ohartarazi du.

Alternatibatik bidegabea deritzote herritarren gehiengoari botikak ordainarazi eta gizarteko sektorerik ahulenetako bati osasun estaldura kentzeari. Gainera, ezkerreko bozeramaileak azpimarratu duenez, “ustez, 33 milioi euro aurrezteko besterik ez du balio, Espainiako Aurrekontu Orokorrek aurten AHTeko lanetarako aurreikusitakoaren hamarren bat beraz”. Kopuru horri, halaber, “sistema berria ezarri eta kudeatzeak dakarren gastua kendu beharko zaio”. Gogorarazi du, bestetik, EAE, Nafarroarekin batera, Espainiako Erresuman industria farmazeutikoarekiko zor gutxien duen erkidego autonomoa dela.

Berrordainketarekin Bengoak zein Lopezek egunotan erabilitako aitzakia eta azpijokoen harira, azkenik, Agirresarobek “intsumisio formako propaganda astintzea” leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, “inongo esku-hartzerik gabe murrizketa propioak egin dituztenean, hezkuntzan, laguntza sozialetan eta, baita ere, osasungintzan”. Horrexegatik, lehendakariari galdegin dio “eskubide sozialak bere eskumenetatik eta propagandatik haratago babesteko”. Ildo horretarik, bestelako euskal erakundeek zerga politikaren inguruan erakutsitako jarrera ere kritikatu du, zamarik handiena langileen esku jartzen jarraitu dutelako, gehien irabazten dutenei zergak barkatuta: “Ikaragarria da gogoratzea superabita zegoenean enpresa eta aberestasun handienei zergak jaisteko baliatzen zutela, orain, baliabide publikoak falta diren garairako, askoz egoera okerragoan utzi gaituztela”.

PPk, EAJk eta PSEk Kutxabank lehenbailehen pribatizatu nahi dutela salatu du EH Bilduk

Datorren ostegunean egingo diren euskal kutxen asambladak direla eta, ehbilduk gaurko egunez PP, PNV eta PSEk Kutxabak berehala pribatizatzeko asmoaz ohartarazi nahi dugu euskal jendarte osoa.

Ehbildutik euskal sistema finantzarioaren egoeraren larritasuna azpimarratu nahi dugu, eta neurri handi batean euskal eta espainiar eskuinak, Urkulluren PNV eta Rajoy-ren PPk adosturiko eta PSEk babesturiko Kutxen Legea dago larritasun horren oinarrian.

PNV eta PP alderdiek Kutxabank-en boterea banatzeko adostasuna lortu dute, Bildu alboratuz, eta horrela Kutxabank-en kontrol organoetan euskal jendartearen aniztasuna ezabatu dute. Euskal Kutxen Legeak udalak diskriminatzen ditu, batzarren osaketan ordezkaritza murriztuz eta instituzio publikoek batzarretan duten ordezkaritza ere %50etik %40ra jaitsiz.

Eta hau ez da integrazio kontratuan Bildurekin adostu zutena. Gogoratu beharra dago, halaber, Aralarrek kontra bozkatu zuela. Akordio horretan zera adostu zen, hiru euskal kutxen batzarrei zegokiela kapital pribatuari sarrera emateko erabakia. Orain, ordea, Espainiako Bankuaren erregulazioak, Luis de Guindos ministroaren eta PPren helburuek eta Kutxen Euskal Legeak eta ostegunean bozketara eramango diren estatutuek, euskal aurrezki kutxak pribatizatzeko asmoak indartzen dituzte.

Are gehiago, Europar Batasunak estatu espainiarrari laguntza finantzieroak jasotzeko kaleratutako “memorandum” batean zera jasotzen du, aurrezki kutxen eta bankuen banaketa dekretua ezarri behar duela azarorako, beraz, argi esan dezakegu, azaroan Kutxabank erabat pribatua izango dela. Zentzu honetan ulertzen dira azken boladan, kutxak fundazioak bilakatzeko emaniko urratsak.

PNVk PPrekin bat eginik, aurrezki kutxak banketxe pribatu bihurtzeko asmoa salatu behar dugu eta gizarte ekintzaren edo kapital publikoaren inolako arrastorik ez uztea. Euskal kutxak fundazio bihurtzeak bere sorrerako helburua alboratzea suposatuko du, gizarte ekintzaren desagerpena ekarriko du eta pribatizazioaren bideari ateak irekiko dizkio. Horretarako egin dute ituna PPk eta EAJk administrazio kontseiluan botere osoa eskuratzeko, beren eredu eta apustua Kutxabank-en etorkizuna esku pribatuetan uztea delako, eta horretan PSEk babesa adierazi die.

Ezin dugu onartu Kutxabank-en pribatizazioa. Herritarren zerbitzura egongo den eta planifikazio sozial eta ekonomikoa izango duen banka publikoa behar dugu, eta hori da gure aldarrikapena. Sistema finantzario publiko, garden eta demokratikoa behar dugu, gure herriko ehun industrial eta sozialaren beharretara egokituko dena. Krisi sistemikoa gainditzen lagunduko gaituen sistema finantzario publikoa defendatzen dugu.

Azken finean, honakoa aldarrikatzen du Euskal Herria Bilduk: bere funtzio soziala definituko duen entitate publikoa, banka komertzialaren rola gaindituz irizpide ekologiko eta sozialetan oinarrituko den inbertsio produktiboa erraztuko duen inbertsio banka bihurtuaz. Espekulazio finantzarioaren aldeko apustua egingo ez duena, inbertsio militarra eta megaproiektuei errefusatuko dituena. Funtzio sozial konkretuei eutsiko dien kutxa behar dugu: zaintza ekonomiaren lehentasunei prestamu eta inbertsio egokiak egingo dizkiona, kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatuko duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatuko duena, elikadura burujabetza eta sektore zaurgarrienen kontsumoa babestuko duena. Azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzaile eta gardentasunaren printzipioengatik zuzenduko dena.

Bilboko Konpartsak-en kontrako jazarpena bertan behera utz dezala eskatu dio Bilduk Azkunari

Gaur goizean Bilboko Konpartsak-en kontra abiatutako jazarpenaren kapitulu berri bat ezagutu izan dugu. Oraingo honetan, Konpartsero Eguna Areatzan egiteko debekua jaso izan dute konpartsakideek. Horren aurrean, Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak dei zuzena egin dio Azkuna alkateari zuzen dezala eta, behingoz, Bilboko Konpartsak-en kontrako jazarpenari amaiera jar dezala. Bide batez, gogor salatu du oso eztabaidagarria den Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren Udalak egiten duen erabilpen okerra.

Bilduko zinegotziak uste du Azkunak azken aldi honetan biderkatu dituen mespretxuzko adierazpenek eta jazarpenek ez dutela batere laguntzen iraganeko gatazkak gainditzeko Batzorde Mistoan talde guztiak egiten ari diren esfortzuan.

Jarraian, Ibaibarriagak azpimarratu du Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren Udalak egiten duen erabilpen okerra. Bilduk bat egiten du aurreko astean Kalea Guztiona da herri ekimenak egindako salaketarekin. Ibaibarriagak gogoratu du Udalak behin eta berriro erabiltzen duela “ez da interes publikokoa” leloa denetariko jarduerak debekatzeko. “Aitzakia horrekin, herritarrei inolako eragozpenik sortuko ez zieten eta espazio publikoaren erabilera pribatibo edo berezirik egingo ez zuten oso jarduera desberdinak debekatu ditu. Jokabide horrek argi erakusten du zein zen udalaren helburua: kalea herritarren gozamenerako eta errebindikazioetarako erabiltzeari mugak jartzea” , gaineratu du.

Ibaibarriagak biharko deialdia mantentzearen aldeko Bilboko Konpartsak-ek erakutsitako jarrera irmoa txalotu du. Honetaz gain, deia luzatu die herritarrei biharko ekimenetan parte hartzeko “Azkunari zein EAJri argi uzteko kalea guztiona dela”. Bukatzeko, Ibaibarriagak bihar Areatzara hurbilduko dela konpartsei babesa emateko iragarri du.

EH Bilduk bat egiten du I26ko greba deialdiarekin eta murrizketen aurka bihar Bilboko kaleak betetzeko deia egin du

Egun batzuk lehenago iragarri zituzten arren, gaur astebete onartu zituen Mariano Raxoiren Espainiako Gobernuak pertsonen eskubide sozialen eta duintasunaren aurkako eraso bortitzenetako batzuk. Murrizketen itxuran heldu zaizkigun eraso horiei orain hilabete batzuk abian jarritakoak gaineratu behar dizkiegu, eta, ez dugu ahaztu behar, krisiaren etengabeko aitzakian aurreko gobernuek abian jarritakoak.

Euskal Herria Bildutik neurri horiek bata bestearen atzetik salatu ditugu, eta bide beretik jarraituko dugu erasoek darraiten bitartean. Onartutako neurri guztien helburua baita finantza merkatuen eta sistema kapitalistaren erreskatea gauzatzea. Horiek dira beraiek krisia deitzen duten horren sorburua, herritarrok argi dugulako horrek beste izen bat daukala: estafa. Madrilgo gobernuak, Alemaniako instituzioek eta batez ere bankak agindutakoaren aurrean makurtuta, eta Gasteizko gobernuaren erantzun epela tarteko, salbuespen egoera batean kokatu gaitu. Egoera horrek, baina, badu ondorio baikor bat: herritarrak ez dira eskuak gurutzatuta geratuko tamaina honetako zapalketaren aurrean.

Asteon, Alderdi Popularrak ezarritako murrizketa larrien aurkako dozenaka protesta ekitaldi egin dira Euskal Herriko herri, plaza eta lantokietan. Merkatuen agindupean egin diren eskubide urraketen aurkako jarrera agertu duten milaka gizon eta emakume kalera atera dira bai Euskal Herrian eta bai Espainiako estatuan. Eta atzo bertan, greba orokorrera deituak izan ginen Hego Euskal Herrian; aurtengo bigarren greba orokorra izango da, gainera. 8 sindikatu eta ia ehun plataforma eta mugimendu sozial ados jarri dira, irailaren 26an gure herria geratzeko. EH Bilduk bat egiten du deialdi horrekin, eta bat egingo duten eragileak oraindik eta gehiago izango direnaren itxaropena du.

Era berean, herritarrek beren haserrea agertu ahal izateko koalizio honetatik biharko egiten dugun manifestazio nazionalerako deialdia berresten dugu. ‘Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa” lelopean egingo den mobilizazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da. Herritar orori manifestazio horretan parte hartzeko deia egiten diegu, guzti-guztion eskubideak eta duintasuna direlako jokoan daudenak eta guztiok batera elkarlanean arituta bakarrik lortuko dugulako erasoak geldiaraztea eta alternatibak eraikitzea.

Erakundeek, gizarte eragileek, sindikatuek, alderdi politikoek eta, nola ez, jendarteak egoera aldatzeko gaitasuna eta ardura dutela erantzuten die EH Bilduk mobilizazioak ez duela ezertarako balio esaten dutenei. Alternatiba egon badagoela sinisten dugunok baikoitzak bere alroan lan egiteko aukera dugu eta, ahal den guztietan, modu osagarrian, PPk inposatu nahi duen gizarte, ekonomia eta herri eredua gelditzeko. Bihar burujabetza ekonomikoa aldarrikatuko dugu gure herriarentzat, jakin badakigulako posible dela interes kolektiboak eta ez gutxi batzuen diru gosea defendituko dituen sistema eraikitzea. Bizirauteko edozein prezio ordaintzeko prest dagoen porrot egin duen kapitalismo bidegabearen aurrean, alternatiba sozioekonomiko sinesgarria, eraginkorra eta herritarra eraikitzeko, burujabetza aldarrikatzen dugu.

Euskal Herriko eta Espainiako eskuinak, EAJk, PPk, PSOEk eta UPNk osatzen duten laukoteak, sinestarazi nahi digute egoera honetara ekarri gaituzten politika berak direla gauden putzutik aterako gaituztenak. Eta halaxe sinesten dute, ez baitute nahi ezer aldatzea, daukaten guztia galtzeko beldur direlako; kapitalaren neurrira eta pertsonen kolkora egindako sistema defendatzen dutelako.

Eusteko borondatea daukagula erakutsi behar diegu, alternatibak ditugula, eta horiek abian jartzeko beharrezkoak diren tresnak aldarrikatzen jarraituko dugula. Bihar, larunbata, kalera atera behar gara guztiok; eta irailaren 26an, Hego Euskal Herria erabat geldituko dugu. Eta bien bitartean, zalantzarik gabe uda garai honetan helduko zaizkigun eroso berrien aurrean adi egongo gara.

X