Guztion ardura da, eragile sozial, politiko eta sindikalena, emergentziazko egoeran erantzun eta alternatibak plazaratzea

“Murrizketarik ez. Burujabetza ekonomikoa” lelopean Euskal Herria Bildu koalizioak datorren larunbaterako deituriko mobilizazioaren harira ELA sindikatuak kaleraturiko oharraren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:

Gobernu espainiarrak hartu dituen neurriek sortu duten egoera larri eta ezinegon orokortuaren aurrean, murrizketen aurkako eta burujabetza ekonomikoa aldarrikatzeko pertsona eta kolektibo orok mobilizaziorako eskubidea dutela adierazi nahi dugu.

Era berean, adierazi nahi dugu errespetatzen dugula ELAren jarrera, baina ez gaudela ados hartu duen jokabidea eta erabakiarekin. Halaber, aldarrikatu nahi dugu esparru sozial eta sindikala ez direla inoren jabegokoak, baizik eta herri osoarenak direla. Herri osoarenak diren bezala bestelako esparruak, besteak beste, erakundeak eta kaleak.

ELA sindikatuak eremu sindikal eta sozialera mugatzen du Gobernu espainiarraren neurri ekonomiko eta sozialei erantzuteko ardura, indar politikoon eragin eremua instituzioetara mugatuz. Irakurketa erratua da hori EH Bilduren iritziz. Guztion ardura da, sindikatuena, alderdiena eta eragile sozialena, emergentziazko egoera honetan, erantzutea eta alternatibak plazaratzea.

Honela bada, Euskal Herria Bildu koalizioak eremu guztietan egingo du euskal herritarren eskubide guztien defentsa, bai kalean eta bai instituzioetan eta horretarako prest dauden eragile guztiekin egingo du, ELA barne, ulertzen baitugu gu guztion eskuak beharrezkoak izango direla estatu golpe ekonomiko honi aurre egiteko. Ez dago inor soberan, eta ez gara inor inoren parte hartzea mugatu edo baldintzatzeko.

Bukatzeko, euskal herritar guztiei deia luzatzen diogu uztailak 21, larunbata, Bilbon, “Murrizketarik Ez. Burujabetza Ekonomikoa” lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera.

Alternatibak salatu du murrizketak herritarren aurkako merkatuen estatu kolpe bortitza direla

Alternatiba osatzen dugunontzat, modu bakarra dago Mariano Raxoik eta Espainiako erregeak gaur presidituko duten ministroen kontseiluan gertatuko dena: Estatu kolpea. Merkatuek zuzendutako estatu kolpea, klase herritarren duintasunarekin amaitu nahi duena, botere politikoaren birzentralizazioa  bilatzen duena eta urte luzez ongizate estatu gisa saldu diguten iruzurraren errotik desegitera datorrena.

Espainiako Erresuman, gezurra eta kirtenkeria nonahi ikus daitezke, PPren egungo Gobernuan zein PSOEren aurreko exekutiboan. De Guindos ministroak esan zigun “krisiaren ondorioak bankuek ordainduko zituztela”, eta Raxoik duela gutxira arte zioen “Espainia ez zegoela interbenitua eta ez zuela BEZa igoko”. Eta, zein da egun inposatzen diguten errealitatea? Murrizketa basatia eta zekena, gizarte bazterkerian milaka pertsona utziko dituena, baita hemen ere, Euskal Herrian.

– BEZa bi eta hiru puntu artean igo izanak Europako BEZarik altuena duten Europako Belgika edo Erresuma Batua bezalako herriekin parekatzen gaitu. Herrialde horietan, alabaina, Gutxieneko Soldata bi edo hiru aldiz handiagoa da dute; igoerak, beraz, erosteko ahalmena galtzea dakar, bizitza duinaren sostengarritasuna oso zail egiten duela.

– Are iraingarriagoa da langabezia sariaren murrizketa, langabeak enplegu bila aritzera bultzatuko dituela argudiatuta. Zinismo ariketa hain handia da ezen lan ministroa eta gobernuko presidentea dimititzera eraman beharko lituzkeela. Beste 600.000 lagun kale gorrian uztera doaz.

– Funtzionarioen abenduko estraren ezabaketa eta berau 2015ean berreskuratzea pentsio funtsetan ekarpena eginda ankerkeria hutsa da. Soldatak murrizteaz gain jokaldi bera baliatzen dute bankari mozkinak ematen jarraitzeko pentsio funts pribatuetan dirua txertatuz; PSOEk eta PPk pentsio sistema publikoa desegiteko egin behar izan duten guztia egin ondoren.

– Menpekotasun Legearen erreforma, jatorrian ere nahikoa ez zen legearena, are gehiago sakonduko du erabateko prekarietatean egiten diren zaintza lanaren baldintzetan, emakumeen esku dauden lanak batez ere eta gure bizitzarako ezinbestekoak direnak.

– Zinegotzien kopurua %30 murrizteak aniztasun politikoa desagerrarazteko helburua besterik ez du. Merkatuek PP eta PSOEren arteko bipartidismo leiala eta otzana behar dute.

Laburbilduz, estatu kolpe bat; eta Madril, Gasteiz zein Iruñeko gobernu txotxongiloek ez dute inolako arazorik izango klase herritarrak zapaldu eta sakrifikatzeko hondamendira eraman gaituztenen eskutik, Madrilen meatzariekin egin duten bezala. Alternatibatik gure babes osoa adierazi nahi diegu.

Une erabakigarria bizi dugu, kapitalismoak bere iraupena oztopatzen duen edozeinen kontra daraman borrokan. Ez dute inolako arazorik izango behar beste pertsona zapaldu eta kriminalizatzeko. Jakin badakitelako, guk dakigun bezala, haien kapitalaren eta gure bizitzaren arteko lehia bizian murgilduta gaudela.

Beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi digute, beste biderik ez dagoela eta ardurarik ez dutela diote. Eta berriz ere gezurretan ari dira. Badakitelako iruzur global honen erantzukizun bakarra haiena dela, kapitalismoa gurtzen dutenena. Oraingo honetan ezin diote gehiegikeriarik leporatu ezkerrari. Haien sistema izan da, merkatuekiko menpekotasunaren onespenak eta gizartea antolatzeko moduak porrot egin duena.

Alternatiban argi daukagu honek irtenbidea baduela. Eta irtenbide hori herri eta eredu justuagoa eraikitzeko aukera emango diguten neurrietan oinarritzen da. Horregatik premiazkoa dugu Euskal Herriaren erabateko burujabetza aldarrikatuko duen alternatiba martxan jartzea, merkatuekiko menpekotasunetik askatzeko modu bakarra delako. Eta premiazkoa da, halaber, haien murrizketei pertsonen duintasunaren alde egingo duten proposamenekin aurre egitea.

– Egun inoiz baino ageriagoan dago 35 lanorduen aldarrikapena. Dagoen lana eta gero eta esku gutxiagoren artean dagoen aberastasuna banatzea ezinbestekoa da.

– Atzeraezina da zerga politiken erreforma aurrera eramatea, progresibotasuna, zerga iruzurraren jazarpena eta pribilejioen desagertzea oinarri izanda.

– Gizarte justuagoa eraikitzeko berehala igo behar dugu Gutxieneko Soldata, egungo 641 euro ziztrinen gainetik, mila euroren mailatik gora.

– Etxe desjabetze guztiak ekidin daitezke, Grezian bezala, bankuek hipoteka ordaindu ezin dutenak desjabetu ditzaten galarazita.

– Makro proiektuak geldiarazi behar ditugu, eraikuntza enpresen mozkina besterik ez baitute bilatzen PP, PSE, UPN eta PNVri esker. Supersur da eredurik argigarriena, amalurra porlanez estaltzeko bakarrik balio dutelako erakunde publikoak zergapetzen dituzten bitartean. Inbertsio horiek askoz beharrezkoagoak diren politika sozialetara bideratu behar dira.

– Euskal banku nazionala sortzeko proiektuari eutsi behar diogu, funtzio soziala eta ekonomia planifikatzeko zereginak izango dituena, Kutxabank pribatizatu dezatela saihestuta, PPk, PSEk eta PNVk nahi duten bezala.

– Zorraren benetako kontu ikuskaritza exijitzen dugu, zilegi den zorra ordaindu eta bidegabea ez ordaintzeko. Europako teknokratek badakite ez dela zorra ordainduko, gezur handi bat delako. Murrizketak, aldiz, oso errealak dira.

Alternatibak Euskal Herriko gizon-emakumeekin batera, ezker sindikal, sozial eta politikoarekin batera egin nahi duen bidea da hau. Erantzuteko ordua da, batera eta herriz herri kalera ateratzeko ordua. Basakeri hau geldiaraztea dugu, zutik gaudelako; pertsona guztien eskubide guztiekiko errespetuagatik kalera ateratzeko prest gaudelako. Horrexegatik, herritarrei dei egiten diegu Euskal Herriko ezker subiranistaren eskutik bakarrik etorriko den aldaketaren subjektua eraikitzera batu daitezen.

Ildo horretatik, euskal sindikalgintzak eta mugimendu sozialek gaur deituk dituzten mobilizazioekin bat egiten dugu, esan bezala, indarrak batu eta kalean erantzutea ezinbestekoa delako Mariano Raxoiren Gobernuaren eraso bortitzen aurrean.

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes01.jpg

http://alternatiba.net/old-files/120713AlternatibaRecortes02.jpg

EH Bilduk proposatzen du hipoteka ordaindu ezin dutenei finantza erakundeek luzamendua ezartzea

Krisialdi ekonomikoak ahulenak kolpatzen dituela behin eta berriro salatu egin dugu azken hilabete hauetan.

Agerikoa da krisiak eredu kapitalista duela oinarri, finantza sistemaren desarautzea ahalbidetu duten hazkunde politika jasangaitzek eragin dutela. PNVk, PSEk, UPNk eta PPk bultzatu duten sistema neoliberal honen diktadurapean heldu gara egoera honetara.

Eta krisi honetako ondoriorik lazgarrienetarikoak etxe desjabetzea pairatu duten pertsonak dira. Krisialdiaren hasieratik 9.000 lagun baino gehiagori kendu egin zaio etxebizitza Hego Euskal Herrian. Horren berri ematen diguten datuak nahiko argigarriak dira. Aurtengo lehen hiru hilabeteetan bakarrik, 968 etxe desjabetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Nafarroan, berriz, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak 370 desjabetzeaz hitz egin izan du iazko datuak aipatuz. Guztira, krisia hasi denetik, 1.300 lagun etxe desjabetu dituzte herrialdean. Agerikoa da goraka doazen datuak direla, eta ondorioak gero eta larriagoak izango direla (kalean utzitako pertsona eta familiak, bazterkeria soziala…).

Etxe desjabetzeak oso errealitate gordina dira, mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek, hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak kale gorrian uzten dituzte; hutsik dauden etxebizitzak pilatzen dituzte, jatorrian zuten helburu sozialari traizio eginda eta, hori guztia gutxi bailitzan, finantza erakundeen kontabilitatean aktibo toxiko gisa azaltzen dira, irizpide espekulatiboen arabera baloratu izan direlako. Egoera honen aurrean argi izan behar duguna: etxe desjabetzeen arazoa ondorioa besterik ez dela, etxebizitzaren afera globalaren baitan aztertu beharrekoa.

Eta egoera larri honen aurrean, zer egiten dute Urkulluren PNVk, Lopezen PSEk eta Basagoitiren PPk? EZER EZ, beste alde batera begiratzen dute, arazo larri hau haiekin zerikusirik ez duelakoan, etxe desjabetzeen eta desjabetuen afera herritarren eta finantza erakundeen arteko konponbide pribatu soil batera mugatuko bailitzan. Ezta gutxiago ere, PNVk, PSEk eta PSEk ostrukarena egiten dute, ezkutatu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute, ez dituztenean zuzenean babesten etxe desjabetzeak. Bankaren adiskide diren hiru alderdi hauek, haien alde jartzen dira, etxea lagatzera behartuta dauden milaka familia babesgabeei bizkarra emanda.

Urkulluk, Lopezek eta bankarien seme Basagoitik bankuentzako laguntzak dituzte lehentasun, milaka milioi euro txertatzen dizkiete haien kudeaketa lazgarriaren ostean onbideratzea behar dutelako; aldiz, erabateko ezintasuna agertzen dute desjabetuen arazoari irtenbide duina bilatzeko; akaso, areagotu egiten dute ere. Kutxabankek proposatutako Etxelan edota Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza zerbitzuaren moduko neurriek banka erakundeen erantzukizun etikoa zuritzeko baino ez dute balio, ez baitie inolako konpromisorik eskatzen. Era berean, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu oso larria dela Kutxabank osatzen duten hiru kutxek etxe desjabetzeak gauzatzea erakunde publikoak izanik.

Horregatik, etxe desjabetzen arazoaren aurrean Euskal Herria Bilduk honakoa proposatzen du:

1. Hipoteka exekuzioak bertan behera utziko dira. Kasu honetan ez da hipotekaren luzamendua eskatuko.

2. Finantza erakundeak jabetza eskumenak dituen erakunde publikoen esku uztea proposatzen da.

3. Etxebizitza horren erabilera eta okupazioa alokairu sozialaren bidez kudeatuko da.

4. Hipotekaren ordainketaren ezohiko etetea ezartzea hala eskatzen duten familiei. Eskakizunak:
– Hipoteka ordaintzerik ez izatea arrazoi objektiboak direla medio (langabezia kasu).
– Proposatzen da hipotekaren ordainketa aldi jakin batean uztea; kaltetuak ez du etxebizitza lagako eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du (familiaren erosteko ahalmenaren arabera ezarriko litzateke zenbatekoa, diru sarreren %15 izango litzatekeena)
– Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin.

5. Finantza erakundeek hipotekak emateko orduan duten jarrera aztertzea eta arduragabekeriaz jokatu denean, erantzukizuna onar dezaten eskatuko zaie. Ardura horiek zehazteko, etxebizitza eskumenak dituzten erakundeek arautu eta zigortzeko eskumenak izango dituzte.

Banku eta kutxen erreskateak Euskal Herria hipotekatuko duela salatu du EH Bilduk

Espainiak planteatu duen erreskatea hau da, banku eta kutxen erreskatea, Euskal Herrirako epe luzerako hipoteka izango dela salatu du gaur Gasteizen EH Bilduk. Andra Mari Zuriaren plazan, Vital Kutxaren aurrean egindako agerraldi batean antzeztu ditu erreskatearen ondorioak. Izan ere, Espainiako bankuen erreskateagatik arabar bakoitzak 1.500 euro ordaindu beharko ditu. Horri beste 300 euro gehitu behar zaio interesetan. Momentuz, 62.000 miloi euro dira baina 100.000 miloietara heldu daiteke.

Igor López de Munainek eta Iratxe López de Aberasturik eman dituzte azalpenak koalizioaren izenean. Benetako egoera eta neurriak ezkutatzen baldin badituzte ere, EH Bilduk somatzen du zer gerta daitekeen hurrengo asteoan. “Nazioarteko erakundeek bete beharreko baldintzak jarrko dituzte eta momentuz, aurreratu dute 10.000 miloi euro murriztuko dituztela Hezkuntzan eta Osasungintzan, 100.000 langile izango direla kaleratuak administrazio publikoetan, aparteko ordainsaria kenduko diete eta langabetuek gutxiago kobratuko dutela, pentsionistek ere bai. Horrez gain, sarrerak igo ahal izateko, Espainak BEZa igoko du, %21era”, diote.

Gauzak horrela, EH Bilduk “arabarrok eta orokorrean euskal herritarrok ez dugula zergatik ordaindu behar Espainiako finantza erakundeen espekulazioa, ezta PPren eta PSOEren kudeaketa txarra ere” aldarrikatu du. Izan ere, EAEk erreskateak sortutako zor publikoaren %6,24 ordaindu behar izatea ez dela zilegia dio koalizioak.

Halaber, EAJ-ren ardura egoera honetan azpimarratu nahi du EH Bilduk. “Sekulan ez da murrizketa hauen aurka azaldu eta horren alde bozkatu du Madrilen. Gogoratu beharra dago EAJk, PPrekin batera, sektore kritikoa kanpoan utzi zuela eta pribatizazioaren alde egin zuela, obra soziala deuseztatuz; azken finean, hona ekarri gaituen politika neoliberalen alde dagoelako, bere negozioen alde eta orain Kutxabank-ek ere erreskatearen dirua jasoko duela”, zehaztu dute.

Hau guztia kontuan hartuz, gutxi batzuen onerako gobernatzen dutela eta gu guztiok hipotekatu nahi gaituztela ozen esan du EH Bilduk. Horregatik, aldaketa bultzatu behar dela aldarrikatu nahi izan dute berriro. Horretarako, sektore publikoa, gastu soziala eta zerbitzu publikoen aldeko apustu argia egin du EH Bilduk eta subiranotasun osoa exijitu du Euskal Herriak eskatzen duenaren aurka gobernatzen dutelako.

EH Bilduk salatu du Raxoiren murrizketek finantza sistema saritu eta herritarrak zigortzen dituela

Euskal Herria Bilduko kide Unai Ziarretak, Rebeka Uberak, Maribi Ugarteburuk eta Oskar Matute agerraldia egin dute gaur Mariano Raxoiren gobernutik gaur iragarritako murrizketa larriak salatzeko. Prentsaurrekoaren hasieran EH Bilduk elkartasuna adierazi die Madrilen manifestatu eta indarkeria poliziala jaso duten meatzariekin, finantza botereak ditu publikoarekin saritzen dituzten bitartean.

PPren Espainiako Gobernuak murrizketa sorta luzea iragarri du gaur. Horien artean azpimarratu behar dira langabeziagatiko prestazioaren jaitsiera, BEZaren igoera, menpekotasun legean egindako murrizketak, kontratazioengatiko hobariak kentzea eta zinegotzi kopuruaren murrizketa.

Hau da, PPk urratsa eman du bere herri ikuspegia inposatzeko, zentralismoan sakonduz eta aldez aurretik pentsatutako sistema publikoaren eta ongizate estatuaren desegitea gauzatuz.

Murrizketek Zapatero jaunaren PSOEren aurreko gobernuak zein Raxoiren gobernuak orain arte hartutako bidean sakontzea dakar. Langileen aurka, azken batean herritar guztien aurka, hartu diren neurrien jarraipen hutsa dira. Herritar horiek ez daukate zerikusirik krisiaren sorrerarekin, baina orain, murrizketak bata bestearen atzean pairatu behar dituzte.

Espainiako gobernu ezberdinek izan duten murrizketen dinamika areagotu egin da Espainiako bankaren eta, beraz, Espainiako Estatuaren erreskatearen ostean. Europako batasunak murrizketa berriak inposatu dizkio Espainiari, merkatuaren eta Merkel anderearen eskaerak asetzeko, defizitaren murriztea aitzaki bezala jarrita. Izan ere, Madrilgo Gobernuak indarrean jartzen duen politika ekonomikoa Bruselan edo Berlinen erabakitzen da, Europako Batasunak eta Europako banku Zentralak erabat interbenitua dutelako Espainiako estatua.

Neurri horiek guztiak onartzearen jatorria mundu mailako krisi batean dago, baina krisi hori eragiten dutenak dira finantza desregulazioan eta iraunkorrak ez diren politiketan oinarritzen diren politika neoliberalak; horri gaineratu behar zaizkio garai ekonomiko onetan Espainiako estatuan indarrean jarri ziren politika negargarriak, azpiegitura handietan egin zuten diru-xahutze izugarria, ustelkeria, higiezinen burbuila…

Eta egoera larri honen aurrean, proposatzen duten konponbidea da diru kopuru izugarriak xahutu dituztenei, finantza sistemari, diru publikoa, herritar guztion dirua, ematea; eta, aldi berean, herritarroi beharrezkoak zaizkigun zerbitzu publikoak kentzea edo pribatizatzea edota eskubide sozialak murriztea.

Ekonomiarik ahulenak zigortzen dira, pentsiodunak, langabeak eta menpekotasuna dutenak. Eta herritar orori, soldata handienak eta txikienak dituztenei, eragiten diguten neurriak inposatzen dira: BEZaren igoera, esaterako, errenta mailaren irizpidea kontuan izan gabe; hau da, gehien dutenek ekarpenik handiena egitea, egoera honetatik irten ahal izateko. Egoera honetatik irteteko guztiok ahalegina egin behar dugula esaten ari zaizkigu, baina zenbait gauza ukitzeko prest ez daudela agerian uzten ari dira: fortuna handiak, finantza espekulazioa, gastu militarrak, koroa….

Argi eta garbi esan beharra dago: krisi honek baditu bere erantzuleak. Eta horiek izen-abizenak dituzte: Aznar, Zapatero, Raxoi, Rubalcaba, Rato, Botin, Ackermann, finantza sistema… Beraz, EH Bildutik erantzukizunak exijitzen ditugu eta egindako kaltea konpontzeko.

Alemaniako bankaren eta Espainiako patronalaren agindupean gure herrian indarrean jartzen diren politikek ondorio oso kaltegarriak izango dituzte: langabezia datu oso kezkagarriak, lan-baldintzetan prekarizazio handiagoa kaleratzeak errazteko neurrien ondorioz, industriaren eraispena, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuetan murrizketak, edota premia larrienak dituztenak babesteko neurrien eraispena.

Gainera, PPk bere DNAn daukan dena zentralizatzeko asmoa hazi egin da, estatu osoa Moncloatik gidatu nahi duelako, batez ere udalen autonomiari eraginez.

Zentzu horretan, Patxi Lopezen Jaurlaritzak eta Barcina anderearen UPNren Nafarroako gobernuak eta EAJk, neurri horiek ezarriko dituzte, herritarrek bestelako politika batzuk indarrean jartzea eskatzen ari diren arren. Alderdi horiek, PP-UPN-k, PSE-k eta EAJ-k, sinestarazi nahi digute egoera larri honetara eraman gaituzten politikek aterako digutela orain gauden putzu beltzetik.

Ezta gutxiago ere. Finantza sektoreei eta bankari kontrolik gabe aritzea ahalbidetzen zieten politika neoliberalek, baliabide publikoak xahutzeko politikek eta higiezinen burbuilak eraginda, langileek, emakumeek, gazteek eta pentsiodunek krisi globalaren ondorioak pairatu beharko dituzte. Eta egoera honetara ekarri gaituzten politika berberekin jarraitzeak agerian uzten du beraien helburu bakarra dela kapitalaren eta finantza sistemaren neurrira egindako sistemari eustea, beti ere herritarren kolkora.

Banka eta kapitalaren interesek gobernatzen duen Espainiarekiko menpekotasuna hausteko garaia dugu. Raxoi eta Rubalcaba eta haien menpe dauden Lopez eta Barcina bezalakoen gaitasun faltagatik ezin gara arrastaka ibili. Euskal Herrian bestelako hegemonia soziala eraiki beharra dugu, ezkertiarra eta burujabea.

Horregatik guztiagatik, gaur inoiz baino indar handiagoarekin gure burujabetza politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu EH Bildutik, gure herriko herritarren beharretara egokitzen diren politikak indarrean jarri ahal izateko.

Zentzu horretan, bankaren erreskateen eta langileei kalte egiten dieten murrizketa basatien aurrean, oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea eta indartzea edota premia larrienak dituztenei estaldura publikoak mantentzea aldarrikatzen dugu EH Bildutik.

X