Feminismoa edo basakeria: “Él nunca me pegó” filmaren proiekzioa eta Irantzu Varelaren hitzaldia indarkeria matxisten inguruan

Faktoria Lilaren “Él nunca me pegó” dokumentalaren proiekzio zikloa antolatu du Alternatibak hurrengo otsailaren 2an eta 8an Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren, eta emanaldiaren ostean, filmaren zuzendari eta militante feminista Irantzu Varelarekin eztabaida egingo da. Jardunaldi hauen bitartez emakumeen, eta hortaz munduko populazioaren erdiaren kontra adierazpide eta intentsitate desberdinetan ematen den indarkeria pairatzen dutenen errealitatea irudikatu eta salatu nahi dugu.

Irantzu Varela, kazetaria eta berdintasunean, feminismoan, maitasun erromantikoan, lidergoan eta komunikazioan formatzailea, ospea eta oihartzuna lortu ditu Youtubeko gaurkotasunezko eta gogoeta politikorako La Tuerka programaren barnean astero igortzen duen El Tornillo izeneko saio feministari esker. “Él nunca me pegó” filmak, ordu erdi eskasean, haien gizon-bikotearen eskutik jasotako indarkeria ez fisikoa pairatu duten hainbat emakumeen testigantzak jasotzen ditu. Indarkeria bere forma anitzetan identifikatzeko zailtasunak agerian uzten dituen lekukotasunak dira, baina baita ere hauei aurre egiteko eta jabekuntzarako giltza ere ematen dutenak.

Bilboko emanaldia, Diana Urrea legebiltzarkide ohiak aurkeztuko duena eta ondorengo eztabaida, Alternatibak antolatu du eta gure Bilboko egoitzan (Casilla plaza 6) arratsaldeko 19:00etan egingo da. Gasteizkoa aldiz, Kultur Alternatibak antolatu du eta Ignacio Aldecoa Kultur Etxean (Florida pasealekua 9) izango da 19:30etatik aurrera. Zuriñe Rodriguez EHUko ikerlariaren aurkezpena izango du. Biak doakoak eta sarrera askekoak izango dira aretoa bete arte.

http://alternatiba.net/sites/default/files/170202DocuElNuncaMePego%20(Bilbo)Redes.jpg

http://alternatiba.net/sites/default/files/WhatsApp%20Image%202017-01-25%20at%2015.29.43.jpeg

Matute: «Argindarraren prezioaren igoerak pobrezia energetikoa desagerrarazteko Espainiako gobernuaren borondate eza adierazten du»

Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak esan duenez, argindarraren prezioaren historiako bigarren igoera handienaren aurrean energia ministroak egindako adierazpenek “Espainiako estatuko milaka etxebizitzatan bizi duten pobrezia energetikoa desagerrarazteko gobernuaren borondate eza adierazten dute”.

Oskar Matuteren arabera, “ez da onargarria energia enpresen aurrean behin eta berriz amore eman duen gobernuko ministroak bere erantzunkizunari muzin egitea euri eta haize eskasia, edo eta beste herrialde batzuetako faktoreei aipamena eginez”. Ildo horretan, euskal diputatuak gogoratu du “energia berriztagarriak alboratu dituena, eguzkiaren zerga ezarri eta erregai fosilekiko dependentzia areagotu duena gobernua bera izan dela”.

Matutek berretsi egin du “arlo guztietan burujabea den herria eraiki behar dugula, baita energiaren alorrean ere”, eta gehitu du “zein energia motaz hornitu nahi duen erabakitzeko ahalmena izango duen Euskal Herria defendatzen duela EH Bilduk”.

“Jendea jatearen eta berogailuaren artean aukeratzera nola kondenatzen duten ikusteaz nazkaturik gaude”, esan du.

EH Bildu

Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da!

Azken egunetan markesina ezberdinetan ohiko publizitate sexista ikusi ordez, Euskal Herriko Chrysallis elkarteak egindako kanpaina beharrezko bat ikusi ahal izan dugu. “Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Horrelaxe da! Horietako gehienek sufritu egiten dute, gizarteak errealitate honen berri ez duelako. Hitz egin beharra daukagu. Beraien zoriona zure esku ere badago” dio kanpaina honek.

Hain zuzen, hitz egiteko asko eman du kanpainak, baina tamalez ez espero zen norabidean. Hasteko, kanpaina publiko egin bezain laster Facebook orrialdeak irudia zentsuratu egin zuen. Jendartearen mobilizazioari esker berrezartzea lortu zuten ordea. Hala ere markesinetako kartelek ere jaso dituzte erasoak. Mezu transfoboz esnatu zen Iruñea kanpaina martxan jarri ondorengo egunean, Gasteizen ere kristalak apurtuta eta kartelak kenduta ikusi ditugu, eta errepikatu dira Bilbon ere.

Gogor salatu nahi ditugu eraso guzti hauek. Hain zuzen, kanpainak dioenaren kontrako jarrera oldarkor eta bortitz hauek pertsona transexual guztien kontrako sufrimendu biderkatzaile baitira. Norberaren dogma eta ideologia atzerakoiak, pertsonen ongizate eta zoriontasunaren gainetik jartzeak mespretxu handiena merezi du eta jadanik bizi-istorio gogor eta zailak dituzten pertsonen sufrimenduan sakondu nahi dutenen aurrean, aniztasunaren aldarrikapen irmoena egiten dugu. Pertsona heldu transexualak galdutako haurtzaroaz mintzo dira euren testigantzetan. Eta ikaragarria da jakitea haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera tasa %41ekoa dela (populazio osoaren %1,6a izanik).

Aitzitik, itxaropenez bete gaitu gazte transexualekin berriki egindako ikerketa beten emaitzak; kasu honetan, haien identitatea errespetatu zuten familiek, haien ondoan egon eta babestu egin zituzten, eta nerabezaroan blokeorako tratamendua eskaini zitzaien. Ikerketa honetan egiaztatu da, bai bizi eta zoriontasun kalitate indizeak, bai antsietate indizeak eta bakoitzaren gorputzaren itxuragatik dituzten kezkak, bere adin bereko populazio ez transexualaren antzekoak edo hobeak direla.

Horregatik, transexualitate egoeran dauden haurren, helduen, zein ingurune hurbilaren ongizateagatik Chrysallis elkarteak egiten duen lana berebizikoa da. Haiekin asko ikasi dugu azken urteetan eta garapen handia suposatu duten urrats asko ematen lagundu digute. Horrexegatik, haien jakintza eta bizipenetatik ikasten jarraitu nahi dugula eta bidelagun izango gaituztela esan nahi dugu gaurkoan.

EH Bilduk, dituen baliabide eta espazio ezberdinetan Chrysallisen lana bultzatu eta babesteko ekimenak egiten hasi edo jarraituko duela adierazi nahi du, eta publikoa izan beharko lukeen kanpainari bere babes osoa adierazi. Trasexualitatearen legearen garapenean, eskoletako programen sakontzean, herrietako trebatze eskoletan… haiekin batera lanean egongo gara.

Oztopo guztien gainetik, elkarteak egiten duen lana goraipatu eta txalotzea besterik ez zaigu geratzen. Eskerrik asko Chrysallis!

EH Bildu

Alternatibak giza eskubideen alde “aitzakiarik gabe” kalera ateratzeko deia egin du

Alternatibako bozermaile nazional Oskar Matutek Euskal Herria Bilduk atzo eginiko deialdia berretsi du, datorren larunbatean Bilboko kaleak betetzeko, giza eskubiden alde eta Madril zein Parisko gobernuek “modu guztiz ulertezinean aplikatzen jarraitzen dituzten mendeku eta salbuespen politiken” aurka.

La imagen puede contener: 7 personas, personas sonriendo, personas de pie

Ezkerreko erakundetik gogorarazi dutenez, oinarrizko eskubideen defentsan “inoiz ezin da ez aitzakiarik ezta salbuespenik” jarri; gainera, “mobilizazioa indartu ezean, bakea eta normalizazio politikoa oztopatzea helburu bakarra dutenekin bat egitearen parekoa” dela gaineratu dute.

Azkenik, Matutek bakea lortzeko eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean, egunerokoan ere ahaleginak biltzera deitu du, nekez lortuko dena “presoen senideen eta ingurukoen kondena erantsia bihurtzen diren sakabanaketaren moduko zigorrak, edo gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzen diren bitartean”. Guzti honen ondorioz, Sare elkarteak larunbatean deitutako mobilizazioarekin bat eta presoen eskubideen alde egitea “bidegabekeria pairatzen eta eskubideen urraketa sufritzen dutenekiko elkartasuna sentitzen duten guztien ardura” dela adierazi du.

X