Alternatibak eta Eusko Alkartasunak bilerak iragarri dituzte ezkerreko subiranistekin

Eusko Alkartasunak eta Alternatibak Nafarroako lekukoari heldu diote eta ezkerreko subiranistekin bilerak iragarri dituzte Hego Euskal Herri osorako ahalik eta subjektu elektoralik anitzena lortzeko asmoz

Bilbon, 2011ko martxoaren 29an
Eusko Alkartasunak eta Alternatibak aldaketarako deia egin zuten nafar ordezkarien lekukoari heldu diote, herrialde horretan ez ezik, Hego Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.

Erakunde biek, ezker abertzalearekin batera Euskal Herria Ezkerretik akordioa sinatu zutenak, beharrezkotzat jo dute euskal gizarteari subjektu elektoral berria aurkeztea, ezkertiarra eta subiranista, sigletatik eta hauteskundeetatik haratago gogoak bilduko dituena eta gure herrian aldaketa gauzatzea ahalbidetuko duena.

Hala, ezkerreko subiranotasuna, betorik eta bazterketarik gabekoa, ordezkatuko duen eskaintza plazaratzeko lanean hasiko direla iragarri dute. Joan den larunbatean, Lizarran, Nafarroako milaka herritar ordezkatzen dituzten indar politikoek subjektu abertzale, azkertiar eta aurrerakoi bat sortzearen alde egin zuten, bakarrik bide demokratiko, bakezale eta demokratikoetatik aldaketa politikoa eta soziala sustatuko duena, eskumari eremu guztietan aurre egingo diona.

Gaur goizean eginiko bileran, erakunde biek egitasmo horrekin bat egin dute eta eremu guztietako ezkerreko indar subiranistekin harremanak hasiko dituztela iragarri dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko helburuan indarrak biltzeko. Larunbatean Lizarran irekitako lan ildotik aurrera egin eta lan egiteko prest dauden pertsona independenteak badirela jakinda, harremanak berehala hasiko
dituzte erakunde bietako ordezkariek.

Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren ustez, abagune politiko berria ilusioz beterik dator, zeinetan ezker anitzek, subiranistak eta independentistak, Euskal Herrian aldaketa sakona eragingo duen agenda bateratua jorratzeko prest dauden. Horixe bera da, bi erakundeetako ordezkarien arabera, milaka eta milaka euskal herritarrek duten itxaropena eta eskakizuna, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko dituen Euskal Herri baten alde borrokatzeko.

Eusko Alkartasuneko eta Alternatibako bozeramaileek adierazi dutenez, datozen foru eta udal hauteskundeak eraketa prozesu baterako bultzada izan daitezke, hauteskundeetan amaiera izango ez duena eta Euskal Herri subiranoa eraikitzen saiatuko dena, behetik eta ezkerretik.

Gernikako Akordioaren sinatzaileek Sorturen legalizazioaren aldeko manifestaldira deitu dituzte herritarrak

Euskal Herriarentzat normalizazioa: LEGALIZAZIOA ORAIN!

Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi politikoa ez legeztatzeko hartu duen erabakiak euskal gizartearengan eragindako egonezinaren jabe gara. Azken batean, Sortu ez legeztatzeak espainiar Estatuak euskal herritarren oinarrizko eskubide zibil eta politiko guztiekiko duen begirune eskasa berriro agerian uzten du. Gure iritziz, bake eta normalizazio politiko agertoki baterantz bidean, giza eskubideak oinarri izanik, eskubide zibil eta politiko guztiekiko begirunea ezinbestekoa da.

Tamalez, Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak berriro ere espainar Estatuak heldutasun demokratiko eskasa erakutsi du. Gernikako Akordioa izenpetu dugun eragile guztion aburuz, espainiar Estatuak legalizazioak eta jarduera politiko guztien normalizazioa kontrapartida politikorik eskatu gabe eman behar ditu

Gauzak horrela, ez dugu zalantzarik erabaki berri honen bitartez espainiar Estatuak Euskal Herrian abian dagoen bake eta normalizazio prozesua zapuztu nahi duela. Gainera Auzitegi Gorenaren erabakia ez da, zoritxarrez, uharte bat ozeano zabalean, ezta gutxiago ere. Azken hilabeteetan Estatuak Euskal Herrian behin eta berriz oinarrizko eskubideen aurkako jarduera latzak kateatu egin ditu, hala antolakunde independentistetako kideen atxiloketak nola tortura kasu izugarriak.

Badakigu Euskal Herriko jendarteak bake eta normalizazio politiko agertokia nahi eta behar duena. Badakigu Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak eskaera honekin bat egiten duena. Hargatik, Gernikako Akordioarekin bat egin dugun eragileok espainiar Estatuak euskal jendartearen gainean etsipen zama astuna utzi nahi duela pentsatzen dugu.

Gernikako Akordioa sinatzen dugunok Euskal Herriko jendarteari gaurkoan ere prozesu honen motorea izan behar duela jakinarazi nahi diogu, berari eta bakarrik berari prozesu honetako protagonismo guztia baitagokio. Gure lana jendarte horren mesedean tresnak jartzea da, prozesuaren baitan dagokion protagonismoa har dezan tresnak eskaintzea, hain zuzen ere. Luze jotzen duen ibilbidea egiteko tresna berriak, tresna desberdinak eskaintzeko konpromisoa hartzen badugu ere, gaurkoan etsipen oro gaindituz bidea eginez segitzeko tresna zehatza jarri nahi dugu Euskal Herriko jendarte osoaren esku: apirilaren 2an, Bilbon La Casillatik arratsaldeko 5´30etan abiatuko den nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diogu. “Euskal Herriarentzat normalizazioa. LEGALIZAZIOA ORAIN!” lelopean Bilboko kaleak legalizazioa eta jarduera politiko guztien normalizazioa nahi dituen gizarte oso baten bozgoragailuak izango dira.

Alternatibak dio hauteskundeek “defizit demokratikoa” izateko arriskua dutela

Alternatiba: “Hauteskundeek defizit demokratiko larria izateko arriskua dute Euskal Herrian, Sorturen aurkako epaiaren ondorioz”

DONOSTIAN, 2011KO MARTXOAREN 24AN – Datozen udal eta foru-hauteskundeek Euskal Herrian pairatuko duten defizit demokratikoaren aurrean, Alternatibak “erantzun bateratua” emateko dei egin ditu euskal alderdiak. Izan ere, “itzulipurdi juridiko harrigarriaz” baliatuz, Auzitegi Goreneko 61eko aretoaren epaiak “errugabetasun-presuntzioa urratu eta errunduntasunarena ezartzen du, Zuzenbidezko Estatua behin-betiko hautsiz”.

Epaiaren eduki osoa oraindik ezagutzeke dagoen arren, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek aurreratu du funtsezko oinarri juridiko batzuk urratuko dituela: “Hasteko, frogatu beharraren kargaren inbertsioa egiten du eta auzitara eramandako subjektua behartzen du Alderdien Legea betetzen duela frogatzera, lan hori Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren esku utzi beharrean”. Hori dela eta, “errugabetasun-presuntzioa urratu eta errunduntasunarena ezartzen da”.

Era berean, “sinesgarritasun kontzeptua” oinarri juridiko gisa “onartezina” dela nabarmendu du Matutek. Batez ere, “araudiak a posteriori egindako ilegalizazioa eta hautetsiei aktak kentzeko aukera” aurreikusten duela kontuan hartuta. Azaldutako guztiaren ondorioz, erabaki honek “alderdi zein gobernu jakin batzuek hainbestetan aipatzen duten Zuzenbidezko Estatu horren haustura” suposatzen duela gaineratu du Matutek.

Sorturen aurkako sententzia “bidegabekeri hutsa” izanda ere, “ziur gaude Ezker Abertzaleak bide demokratiko eta baketsuei eutsiko diela, indarkeria errefusatuz eta bizitza publikoan parte hartzeko eskubidea ukatzen dioten lagun horiei nabarmen utziz”, buruzagi ezkertiarrak adierazi duen legez.

Alternatibak “esperpento politiko-juridikotzat” jo du Sorturen aurkako epaia

Alternatibak “esperpento politiko-juridikotzat” jo du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia eta “PP eta PSOEren borondateari” men egiten diola salatu du

Alternatibak “esperpento politiko-juridikotzat” jo du Sorturen legeztapena eragotzi duen Auzitegi Gorenaren epaia “PP eta PSOEren borondate politikoari” men egiten diolako, oinarri juridikoei baino.

Sententziaren argudioen “arbitrariotasuna” salatzeaz gain,  Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gogorarazi du saiakera berri honek milaka euskal herritarren parte-hartze politikorako eskubidea “bahitzeko” helburua duela.

Matutek adierazi du “Espainiako politikarien alderik erreakzionarioenak” ezarritako oztopoek ezin izango dutela  geldiarazi “euskal jendartea eskatzen ari den aldaketa politikoaren eta sozialaren aldeko apustua”.

Zentzu honetan, hauteskundeei begira euskal herritarrek “eragile politiko batzuen zein besteen borondate politikoa” baloratzen jakingo dutela gaineratu du. Azkenik, Alternatibako bozeramaileak Gorenaren erabakia deitoratu egin du “ustez demokratikoa den sistema honen kalitatea” are gehiago murrizten duelako.

Desberdinen arteko ituna

Alternatibak desberdinen arteko itunaren alde dago,  Euskal Herrian aldaketarako ilusioa eragingo duen ezkerreko eskaintza egin ahal izateko

Datozen hauteskundeetara euskal ezkerra “ahalik eta batasun handienarekin” aurkeztearen aldeko apustua berretsi du Alternatibak, “fronte komuna sortu eta, aniztasunetik, aldaketarako ilusioa eragin eta boterean dagoen eskumaren aurrean zilegitasunez, irmotasunez eta beharrezkoa den indarrarekin aurre egin ahal izateko”.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azpimarratu duenez, hauteskundeei begira “ezinbestekoa da erakustea ezkerreko alderdiak noraino dauden prest indarrak metatu eta, aniztasunetik, gizarteari programa bateratua aurkezteko”:

Horren harira, Alternatiba “ezkerreko eskaintza politikoa eratzeko elkargune bila lanean” ari dela nabarmendu du, “Euskal Herrian aldaketa galdegiten dutenen artean ilusioa eragingo duena”. Horren arabera, eragile desberdinen artean “elkarri aitortzeko prozesua eta iritzi elkartrukea” ematen ari da.

Matutek gogorarazi duenez, “Alternatibak bere oinarrien arabera jokatu du, bere militanteen erabakiarekin bat eginda, euskal ezkerra sendotzeko prest dauden indarrekin urratsak egiteko itunak sinatzeko apustua berretsita, nazio eraikuntzarako eta gizartea eraldatzeko”. Era berean, “ezkerraren atomizazioa guztien kalterako” dela gogorarazi du, “are gehiago herria ezkerretik eraiki nahi dugunontzat”. Horregatik, “aniztasunetik eraikitako batasunaren alde” daudela ziurtatu du.

X