Hautes-zerrendak kutsatuak

DONOSTIA, 2011KO OTSAILAREN 25A – Alternatibak gaur berretsi du ez dela kikilduko Espainiako Lehendakaritza ministro Ramon Jauregiren ilegalizazio mehatxuen ostean. Aitzitik, dagokion lan politikoari askatasunez eta demokratikoki ekingo dio: “Gure ideiak defendatuko ditugu Sorturekin, EArekin zein aldaketa politikoa eta soziala helburutzat duen ezkerretik abiatutako iraultza baketsuaren alde dagoen edozein alderdi nahiz herritarrekin batera”.

Modu honetan erantzun dio alderdi ezkertiarreko bozeramaile Oskar Matutek atzo Jauregik egindako adierazpenei. Ministroak ohartarazi zuen legez, Espainiako Gobernuak Alternatibako eta EAko hautes-zerrendak aztertuko ditu “kutsatutako” Ezker Abertzaleko kideen bila.

“Alternatibak osatuko dituen hautes-zerrendak kostu baxuko demokrazia honi haize pixka bat eman nahi dioten herritarrek baino ez dituzte kutsatuko. Hau da, herri honek aldaketa bat behar duela uste duten herritarrak izango dira: aberastasuna era egokiagoan banatuz, gizarte-eredu desberdina sustatuz eta giza-eskubide, eskubide zibilen eta politikoen defentsa irmoari ekinez”, erantzun du Matutek.

Buruzagi ezkertiarrak “deitoragarritzat” jo du “Erreinuko gobernuak aro politiko berriari eta euskal gizarteak iragan larunbateko manifestazio jendetsuan plazaratutako eskaerari ilegalizazioaren mamua sektore gehiagorengana zabalduz” erantzun izana. Honek zera esan nahi du: “Gurea bezalako taldeen eskubide zibilak eta politikoak praktikan urratzen ari direla, gure zerrendetan hautetsi independenteen presentzia mugatu nahi dutelako. Hau guztia Berlangaren “Todos a la cárcel” filmearen antza hartzen ari da”.

Matutek ohartarazi du Alternatibak ez duela “inoren tutoretzarik” onartuko. Era berean, gogorarazi du ez dagoela prest “bizitzaren zein oinarrizko eskubideen defentsari buruzko ikasbiderik” onartzeko “euren erantzukizun instituzionalaren jardunean, gure gizartean giza eskubideen urraketak saihesteko gai izan ez direnen aldetik”.

Murrizketa gehiago gizarte laguntzetan

DONOSTIAn, 2011ko OTSAILAren 23an – Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak proposamena egin du Politika Sozialeko Batzordean, Eusko Jaurlaritzari beharrizan gehien dituzten familiak zigortzeari utz dezala eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskuratzeko eskakizunak gogortzeko prozesuan atzera egin dezan galdegiteko.

Hala iragarri du gaur Alternatibako bozeramaile Jon Lasak, “onartezina da Gemma Zabaletak GLLak jasotzen dituzten hiru lagunetik bati laguntzak ukatzea, are gutxiago, egungo egoera larrian, krisialdi ekononomikoa, langabezia eta beharrizanak nagusi direnean”.

Lasak gogorarazi duenez, familientzako azken laguntza sarea dira GLLak eta, era berean, “inoiz baino beharrezkoagoak direnean” murrizketak egitea kritikatu du. Hala, ezarritako baremo berriak arbuiatu ditu, Eudelek eginiko kalkuluen arabera, hiru onuradunetik bat laguntzarik gabe galdituko delako. Pentsio minimoak dituztenei, seme-alabak dituzten emakume ezkongabeei eta autonomo langabeei egingo diete kalterik handiena, baztertu egingo dituztelako.

“Guztiz onartezina da murrizketa sozialen politika hau, krisiaren zama berau gehien pairatzen dutenen gainean jartzen duelako”, esan du ezkerreko batzarkideak. Horregatik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Sozialeko Batzordean, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzeko irizpide berriak ezartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren kontseiluaren 2011ko urtarrilaren 18ko akordioa errefusatzen duen proposamena” egin du Alternatibak.

Euskal Kutxen fusioak

Euskal Kutxen fusioaren inguruan, “EAJri, PSEri eta PPri interetsazen zaien gauza bakarra pastelaren banaketa” dela kritikatu du Alternatibak, “benetan beharrezkoa dena erakunde hauek gizartean bete behar duten paperaren gaineko hausnarketa denean, irizpide etikoak, parte hartzaileak eta errentagarritasun sozialeko banka publikoa lortzera eraman gaitzakeena”.

Hala hitz egin du Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkideak euskal kutxen fusioaren inguruan egunotan sortutako gatazkaz; nagusiki jeltzaleek, sozialistek eta popularrek erakundeetako administrazio kontseiluetan izango duten ordezkaritzan zentratu dena.

“Honek erakusten du pastela nola banatuko duten kezka besterik ez dutela” esan du buruzagi ezkertiarrak, PSEren, EAJren, eta PPren jokabide “deitoragarria” salatu eta negoziazioetan “argia eta takigrafoak” eskatu ditu egiten ari diren negoziazioetan. Era berean, Rodriguezek premiazkoa deritzo “balizko fusioa pribatizazio prozesu eralda dezatela saihesteko neurriak ezartzeari nahi dugun banka publikoa berreraiki beharrean, fusio hotzaren bidetik ezinezkoa dena”.

 

Sorturen aurkako txosten poliziala

Alternatibak “esperpentikotzat” jo du Sortu “ETAren tresna hutsa” dela “inongo froga fidagarririk gabe” dioen txosten poliziala. Aldi berean, Espainiako gobernuari sorgin ehizarekin amaitu dezan eta susmoaren itzala zabaltzeari utzi diezaiola eskatu dio. “Egunkaria eta Udalbiltza auzietan gertatu bezala, txosten polizialek ETArekin lotura izatea leporatu diote Sorturi inolako froga barik”, Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek azaldu duen legez. Gainera, txostenok Alternatiba aipatzen dute Ezker Abertzalearekin akordio estrategikoak izateagatik.

“Hau guztia ondorioztatu dutenek Egunkaria itxi eta Udalbiltzako kideei terrorista deitu zieten indar polizial berak dira. Espainiako gobernua arinkeriaz salatzeko ohitura dauka Euskal Herrian. Izan ere, herri honetan susmoaren orbana tesi ofizialak kolokan jartzen dituen edozein gizarte eta politika arlora zabaltzen da”, salatu du bozeramaileak.

“Orban hau Alternatibara heltzen ari da”, Matuteren hitzetan. Alternatiba Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren txostenetan agertu da Ezker Abertzaleko kideekin akordio estrategikoak lortu dituelako. “Gurea hutsik gabeko ibilbide demokratikoa da eta ez dugu onartuko inork bakearen eta normalizazio politikoaren alde daukagun konpromisoa zalantzan jarri dezan, horren alde denbora luzea daramagulako borrokan”, ohartarazi du buruzagi ezkertiarrak.

Hori dela eta, Espainiako Gobernuari sorgin ehiza bukatu dezala eskatzeaz gain, Matutek “indarkeria mota guztiak euren estatutuetan errefusatzen duten alderdi zein lagunak” seinalatzeari uzteko eskaera egin dio, jarrera horrek demokraziaren kalitatea kaltetzen duelako, hain zuzen.

Gobernua lobby nuklearren menpe berriz ere

Espainiako Gobernua lobby nuklearraren presioen aurrean berriz ere makurtu dela deitoratu du Alternatibak, “hamaikagarren aldiz, industriaren interes ekonomikoak ingurumenaren eta osasunaren gainetik jarri dituelako”.

Alternatibako Ekologia Mahaiko arduradun Asier Vegak Espainiako Gobernuak ireki duen aukera legalaren inguruan hitz egin du, Espainiako zentral nuklearrak 40 urtetik gora ere martxan jarraitzeko, denbora horretarako diseinatu bazituzten ere. “Zentral nuklearren bizitza luzatzea politika energetikoaren arazoa saihestea da eta PSOEk orain arte izan duen jarrerarekin talka egiten du, hauteskundeetan agindutakoa betetzeko gai ez dela erakutsita”.

Ezkerreko alderdiaren ordezkariak gaineratu duenez, “ezin ahaztu EAJk Zapaterori eskainitako laguntza ordainezina honek eskumarantz egiten duen bakoitzean”. Horren harira, PSOE noren menpe dagoen argi utzi dutela azpimarratu du Vegak: “Pentsioen eta lan merkatuaren erreforman merkatuen aginduetara zeuden eta politika energetikoan, aldiz, lobby nuklearraren aginduetara. Bitartean, herritarrek politika lazgarri baten ondorioak pairatzen dituzte”.

X