Bakerantz legalizazioa

BILBON, 2011ko OTSAILAren 15ean – Alternatibak datorren larunbatean, otsailak 19, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin du, euskal politika, kultura eta gizarteko 22 ordezkari ezagunek deitutakoa eta bakea zein Sorturen legeztatzea eskatuko duena. Martxa isilak ‘Bakerantz, legalizazioa’ leloa izango du eta gizartearen gehiengoaren borondateari erantzun egingo dio, “indarkeriarik gabeko bidetik aurrera egitea aukera politiko guztiak zilegi direla”.

Ildo honetatik, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gogorarazi du “herritarrak direla, haien botoekin, apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak” eta, horrexegatik, “beharrezkoa” deritzo “ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan” egoteari. Errefusatu ditu, aldiz, “hauteskunde interesei jarraituta euskal gizartearen zati adierazgarri baten botoa bahitzen jarraitzeko legeak sortu eta manipulatzeko asmoak dituztenak”.

 “ETAren indarkeria behin betiko baztertuta izango duen garai berriaren beldur diren alderdiak eta erakundeak” egotea deitoratu du Matutek eta, azpimarratu du, halaber, “eskubide zibil eta politiko guztien urraketak gaindituko dituen egoera eraikitzea beharrezkoa dela gatazka gainditzeko”. Hori dela eta, Alternatibako bozeramaileak Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustatutko Nazioarteko Harreman Taldeko kideen bitartekaritza txalotu du.

Eralketa publikoa Karrantzako plantan

Karrantzako plantako “txapuzaren” arduradunek bere gainkostea ordain dezatela eskatu du Alternatibak

Karrantzako Mindako arduradun politikoek beren “kudeaketa txapuzeroa eta arduragabearengatik” ordaindu eta plantaren gainkostua bere egin dezatela eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak. Era berean, administrazio publikoek “inolako ikustatze publikorik ez duen sozietate baten esku hainbat milioi euro” jarri dituztela salatu du Jonathan Martinez batzarkideak.

Martinezek nabarmendu duenez, Alternatibak behin eta berriro ohartarazi du obra honen inguruko “iluntasuna” eta EAJko udal agintariek “irregulartasun ugari“ egin izan dituztela, “haien nagusiak jakinaren gainean zeudela”. Gogorarazi du, halaber, talde honek eskatu eta “gogoz espero” dituela Batzar Nagusien aurrean Jose Maria Martin Karrantzako jarduneko alkatearen eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuaren agerraldiak.

Planta eraikitzeko kudeaketa txarraren ardura baieztatuz gero “dimisioak” espero ditu Martinezek, “ez daitezen herritarrak izan haien zabarkeriaren erantzule”. Azkenik, Alternatibak abeltzaintzaren aldeko aldarria egin nahi izan du, “abeltzainak direlako sektorea galbidera daraman hamaikagarren zatarkeriaren kaltedun nagusiak”.

Zumalakarregiko errausketa-labeari baimena ematearen aurka

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek gai honekiko ardura duten administrazioei, Udalari zein Lakuari, Zumalakarregiko errausketa-labeari baimena ez emateko eskatzen diete. Euren artean erantzukizuna elkarri leporatu ez diezaiotela eta errausketa-labea hiritik kanpo lekualda dezatela eskatzen diete. Otsailaren 16rako deitutako auzo manifestazioarekin bat egiten dute.

Bilboko ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiak Zumalakarregiko errausketa-labea zabaltzearen aurkakoak dira. Hiri barruan jarduera kutsagarriak baimentzea bidezkoa ez dela uste dute. Funeraria Bilbainak sortuko duen kutsadurak Uribarri, Zurbaran, Begoña, Zurbaranbarri eta Iturrialde auzoetako 25.000 biztanle kaltetuko du.

Arazo honen aurrean ardura duten administrazioek axolagabeki jokatu dute. Ezin ahaztu, Funeraria Bilbainak errausketa labea martxan jartzeko udal baimena lortu zuela, Hirigintza zinegotziaren arduragabekeria dela medio. Era berean, Gasteizko Gobernuko Ingurugiroko sailaren ardura azpimarratzen dute. Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak 1976. urteko lege batean oinarritzen da baimena emateko. Europatik datozen zuzentarauak eta araudia, aldiz, oso zorrotzak dira gai honen inguruan: halako jarduera kutsagarriek hirigunetatik kanpo egon behar dute.

Lotsagarritzat jotzen dituzte Bilboko Udalaren zein Lakuaren jarrerak. Batera jo eta herritarrek osasunerako duten eskubidea bermatu beharrean, elkarri leporatzen diote ardura.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek uste dute kutsadura eta minbizia eragin dezaketen partikulak sortuko dituen tximiniaren eragin-eremuan bizi diren 25.000 biztanleen osasunerako eskubidea lehenetsi behar dela.

Hori dela eta, EAJ, IU zein PSOE alderdiei dei egiten diete akordio batera heltzeko eta errauste-labea hirigunetik kanpo lekualdatzea agintzeko, herritarrek eskatzen duten moduan.

Bukatzeko, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek bat egiten dute otsailaren 16rako arratsaldeko 7etan Zumalakarregiko beilatokitik abiatuko den manifestazioarekin. Bide batez, bertan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Osasunerako eskubidea orain!!!

Legalizazioa

Alternatibako ordezkariak Euskaldunan izango dira astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian

BILBON, 2011ko OTSAILAREN 5ean – Alternatiba Bilboko Euskalduna Jauregian izango da astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian, ezker abertzalearen estatutu berrien aurkezpenean. Alternatibako ordezkaritza Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkideak, Jonathan Martinez Bizkaiko batzarkideak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak osatuko dute.

Hauteskundeetan aukera politiko guztiak egotearen aldeko apustua berretsi du Alternatibak eta, berriz ere, ‘ad hoc’ sortutako salbuespen legeak salatu ditu, eskubideak murriztu eta sistema demokratikoari kalte egiten diotelako.

Bizkaia 0’7

Alternatibak salatu du Jose Luis Bilbaok ez duela garapenerako laguntzarekin zer ospatu, ez baitu %0,7a betetzen

BILBON, 2011ko OTSAILAREN 3an – Bizkaiko Foru Aldundiaren hipokresia salatu du Jonathan Martinez Alternatibako batzarkideak atzo, otsailak 2, inauguratutako Bizkaia 0,7 izeneko erakusketa dela eta, “lankidetza eta garapenerako laguntza kopuru horretatik oso urrun egongo baita 2011ko aurrekontuetan”. Jose Luis Bilbao beraren arabera, aurten 9,07 milioi euro bideratu dituztel atal honetarako, foru gobernuak aurten gastatuko dituen 1.892,53 milioi euroetatik %0,48. Era berean, Martinezek nabarmendu du “azken bi urteetan atal honek behera egin duela, ehunekoetan (-0,16 puntu) eta euroetan (2,82 milioi euro)”.

Alternatibako batzarkideak, halaber, 0,7aren helburuaren berezko definizioa garapenerako laguntza herrialde baten Barne Produktu Gordinaren %0,7 bideratzea dela gogorazi du. “Administrazioek laguntza hauek aurrekontuekin lotzeko darabilten tranpa onartuta ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du kopurua legealdi osoan bete”, atxikitako datuek ageri dutenez, 2009a izan dela gertuen ibili diren urtea aurrekontuaren %0,64 bideratu zela. Bizkaia 0,7 erakusketa, beraz, “2010etik aurtengo aurrekontuetara lankidetza eta garapenerako laguntzan 2 milioi euroko murrizketa zuritzeko baliatu dute”. Azpimarratu duenez, “BFAk lankidetzarako laguntza faltsutu ohi du ‘Herritarren eskubideak’ deritzon ataleko gastuak ere aintzat hartzen dituztela, lankidetza eta garapenarekin loturarik ez dutenean”.

Alternatibak ez du ulertzen zer da ekitaldi honekin, propaganda instituzionaletik haratago, Jose Luis Bilbaok ospatu nahi duena eta, bide batez, garapenerako “laguntzarako %0,7ko konpromisoa benetan betetzeko dei” egin dio ahaldun nagusiari. Azkenik, “Jose Luis Bilbaok hain ondo zaindu nahi duen Petronor behi esnedunak BFAk laguntzen omen dituen herrialde azpigaratu horiek txirotu eta kutsatu” egiten dituela gogorarazi dio, ahaldun nagusiak Muskizko plantari buruz egin berri dituen adierazpenak gogora ekarrita.

X