Sortu

Alternatibak albiste pozgarria deritzo Sorturen sorrerari Euskal Herriaren normalizaziorako eta “bakeari trabarik ez jartzeko” eskatu du

DONOSTIA, 2011ko OTSAILAren 9an – Alternatibak baikor hartu du Sorturen jaiotza, “Euskal Herriaren normalizaziorako albistea pozgarria” delako. Izan ere, “bakea lortzeko helburuan laguntzera datorren indar politiko berria da eta, horrez gain, herri honetan beren burua ezkertiar eta abertzaletzat duten herritarren kopuru handi baten bozka askatuko du, orain arte bahituta egon baita”.

Hala esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak ETAren indarkeria estatutuetan “argi eta garbi” errefusatzen duen Sortu erakunde berriaren hamar sustatzailek atzo eginiko aurkezpenaren harira.

Alderdi honen sorrerak, Matuteren esanetan, “aro berria ireki du euskal politikagintzan, ez baitago ETA justifikatzen duen indar politikorik eta, ondorioz, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.

Horregatik, “alderdien legea baztertu eta herri honetan ebatsi diren eskubide zibil eta politikoak berrezartzeko ordua dela” ohartarazi du, “normalizazio politikorako eta demokraziaren oinarrizko printzipioak erabat errespetatuta gatazka gainditzeko xedean aurrera egin ahal izateko”. Bakea helburu duen bidean, buruzagi ezkertiarrak nabarmendu duenez, “soberan daude alderdien arteko zangotrabak eta epe luzera begiratzea lehenetsi beharra dago”, beraz, “ez da zilegi Sortu bezalako alderdi demokratikoak jokoz kanpo uzteko trikimailu legalak erabiltzea”.

Euskal Herria Ezkerretik, greba orokorrarekin bat

‘Euskal Herria ezkerretik’ akordioaren oinarri nagusiak nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza dira. Txanpon beraren bi aldeak dira. Akordioaren aurkezpen ekitaldian azpimarratu genuenez, erantzun irmoa eman behar zaie langileen eskubideak gutxietsiz merkatuen nagusitasuna mantendu nahi duten neurri ekonomiko eta sozialei.

Horixe da, hain zuzen, Gasteizko, Iruñeko eta Madrileko gobernuak (azken hau EAJren babesarekin) egiten ari direna. Bere azken ekarpena erretiro-adina 67 urte bete arte atzeratzea da, eta horrekin batera pentsioa kobratzeko eskubidea izatearren kotizatu beharreko urte kopurua ere handitzea.

Neurri hori, eta ez da bakarra, atzerapauso argia da langileen lan eta gizarte eskubideen ikuspegitik, eta beste behin krisiaren ondorioak gizartearen sektorerik ahulenen bizkar gainean erori da, hau da, gazteak, etorkinak eta emakumeak bereziki, azken hauek zigor bikoitza jasaten ari baitira krisiaren ondorioz.

Espainiako Erresumako Gobernuak hitzez hitz bete ditu banku-botereen exijentziarik onartezinenak; botere horien helburu bakarra haien etekin iraingarriei eustea da, guztiei, horrek hondamen kolektiboa ekarri arren. Banka pribatua da benetan gobernatzen gaituena; alegia, Zapateroren txeke multimillonarioak diru-gosez pilatu dituena, Estatuko zor publikoa erosita interes altuak lapurtzen dizkigun bitartean.

Horrela, banka pribatuak patronalari likidezia eskatzen dio, eta patronalak PSOEk eta EAJk lotsarik gabe txalotzen duten lan erreforma eskatzen dio espainiar Gobernuari.

Hori dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba erabat justifikaturik dagoela uste dugu, eta deialdi horrekin bat egiten dugu.

Zalantzarik ez dago, pentsioen erreforma eta haien ustezko bideragarritasunik eza saio bat baino ez dira sistema publikoarekin amaitzeko eta sistema bera pribatizatzeko. Guk prozesu horri aurre egingo diogu, gure oposizioa erabatekoa delako. Enplegua sortu eta lan-prekarietatea murriztu beharrean, langileen egoera larriki ahuldu da; gobernuak langileak bakarrik uzten ari dira espekulatzaileen interesen alde egiteko. Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak gizarte-justizia defendatzen dugu, eta argi dugu murrizketa sozial hauek guztiak gure burujabetzaren aurkako buruz buruko eraso bat direla, guk aldarrikatzen dugun lan harremanetarako euskal esparruaren ukazioa direla. Erabakitzeko eta gizarte-elkarrizketarako estatuko esparruaren inposaketa jasaten du euskal gizarteak, eta esparru horren eredua mimetikoki aplikatzen da EAEn zein Nafarroan, Euskal Herri osoaren errealitate soziala, politikoa, ekonomikoa eta sindikala aintzat hartu gabe.

Pertsona guztiek pentsio duin bat jasotzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen dugu, eta horretarako enplegua sortu behar da, baina kalitatezko enplegua; soldata altuagoa, kotizazioa ere altuagoa. Gazteek eta emakumeek lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, baldintza eta aukera berdintasunean. Zerga politika aurrerakoia eta progresiboa ezar dadin. Eta lehenago esan dugun bezala, Euskal Herriak bere pentsio-sistema erabakitzeko ahalmena eta tresnak izan ditzan, hau da, erabakitzeko euskal esparrua izan dezan.

Hau guztia dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egitea erabaki dugu, argi eta garbi.

Greba Orokor honek ez die erantzunik ematen amorruari edo haserreari bakarrik. Benetako aldaketaren alde lan eginez jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lanean segitu behar dugu. Eredu bat non herritarrok ez garen egongo batzuk bakarrik babesten dituen eredu ekonomiko baten zerbitzuan, ekonomia bera herriaren interesen zerbitzuan egon dadin. Euskaldunok kalera irten eta mobilizatu behar dugu gure eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Baratze urbano ekologikoak> Ainhoa Etxebeste (Euskadi Irratia)

Iturria: Eitb.com argitaratutako erreportajea

Egilea: Ainhoa Etxebeste

Eskobareak, bihortzak, laiak, aitzurrak, karretilak, otarrak edo lurra ureztatzeko ontziak … denetarik dago udal baratze hauek hornitzeko biltegian. Eraikin berean daude komunak eta aldagelak eta beraz, baratzean aritzeko erropa eta oinetako egokiak aldatu eta lanean hasi besterik ez dago.

Kaletarrak

50 m2-ko azalera dute 87 udal ortuek. Pello Garai Arrasateko landa inguruneko teknikariak azaldu digunez, “udazkenean banatu zituzten eskatzaileen artean” eta lur sailak txikiak direla esaten zuten erabiltzaileek ere onartu behar izan dute “baratzea aurrera eramateko lan asko” egin behar dela .

Kaletarrak dira erabiltzaile ia denak eta beraz ikastaro txiki bat jaso zuten lanean hasterako. 7 udal ortu, gizarte zerbitzuei eskaini dizkiete beren beharretarako eta nola erabili aztertzen ari dira. Ikusmina sortu du esperientziak baina “gu ez gara aurrenekoak” esaten du Pellok.

Adin guztietako erabiltzaileak

Lur onenak industriak hartu dituen garaian, agenda XXI ekimenaren barruan berreskuratu zuten baratze ekologikoak egiteko orubea. Hondea-makinek “xapaldatan antolatu zituzten baratzeak” eskatzaileen arabera “adineko erabiltzaileak beheko txapaldatan eta gazteenak goikoetan” kokatu dituzte.

“Sorpresa izan da” udal teknikariarentzat jubilatu gutxik eskatu dutela baratzea eta harritzekoa gazte askok eman duela izena, “berdin neska edo mutilak”.

Udaberria

Udaberriko arratsalde batean aurkitu ditugu beren baratzak lantzen Mikel eta Iñaki. Goizez egin dute ohiko lana eta arratsaldea eskaintzen diote hoby-ari . Mikel “erlajatzera” etortzen da baratzera bi edo hiru ordu aritzen da eta badaki presaka iharduteak hemen ez duela balio. Orain hilabete erein zituen marrubi landareei begira dago: “natural gustatzen zaizkit, azukre edo natarik gabe … freskatu eta barrura”. Aurten uzta handia edo txikia izango duen pentsatzeak ez du kezkatzen “zerbait ateraz gero pozik” geratuko da.

Haziak erein

Iñakik, ez du denbora handirik izan orainarte eta aurtengoz baratzearen erdia bakarrik prestatuko du “tomatea , lekak … eta piperrak” sartzeko asmoa dauka. Orainarte , etxeko terrazako lorontzietan atera izan du uzta txikia “ez da berdin, hemen lur gehiago dago eta ale handiagoak ateratzen dira”.

Mikelek ere etxeko lorontzietan erein zituen gaur aldatzera dihoan landareak “haseratik ikusi nahi nuen prozesua, txikitatik etxean jaso nuen kulturatxoa berreskuratzeko”. Horixe da udal ortuen berezko helburua “baserriari , sektore zapaldu horri , oihartzun piska bat ematea” Garaik azpimarratu digunez .

Ekologikoa

Landaketak , modu ekologikoan “molekula kimikorik gabe” egiten dira Garagartzako ortuetan . “Giro polita sortzen ari da erabiltzaileen artean ” esaten du Mikelek. “Dakienari galdetuz” ezagutza konpartitzen dutela dio berriz Iñakik. Bistakoa da, gogo onez etortzen direla lanera eta gauza berriak ikastera.

Auzoak ahazten dituen Bilboko Aurrekontuei EZ!

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdien Bilboko Udal taldeek 2011rako Bilboko Udal Aurrekontuei ezetz esan diete gaur goizean Udaletxearen aurrean egindako kontzentrazioan. Hirurek herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako aurrekontu sozialak eta parte-hartaileak eskatu dituzte.

Aurrekontuak elkarrekin aztertu dituzten aipatutako alderdiek EAJk eta IUk aurkeztutako zenbakiak azken urteetan egindakoaren jarraipen hutsa direla azpimarratu dute. Orain arteko hiri eredu bera jarraitzen dela adierazi dute, “Bilbo kontsumo objektu eta kontsumorako gune bezala”, hain zuzen.

Ekonomia, ingurugiro eta zaintza krisian murgildurik egon arren, EAJk eta IUk eraikuntza eta turismoaren alde soilik egiten duen eredu desarrollista lehenesten dutela salatu dute. San Mames Barrian, Alondegian, Deustuibarran eta ekitaldi handietan neurri gabeko gastua egingo dutela azpimarratu dute.

EAJk eta IUk bultzatzen duten turista eta kongresistentzako hiri ereduaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek “Bilbon bizi diren pertsonentzako hiria eraikitzeko apustu argia” egin dute.

Hirurek aurrekontuak inolako parte-hartzerik gabe egin direla azpimarratu nahi izan dute. “Auzoak ahazten dituen aurrekontu antisozialak dira parte-hartze ezaren ondorioaren isla”.

2007tik Aurrekontua 12 milioi eurotan handitu den bitartean, auzoetarako diru partidak, bai herri lanak egiteko bai kultura suspertzeko, ia %50 murriztu direla aipatu dute Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek.

Era berean, salatu dute aurrekontuek ez dituztela lehenesten esklusioaren aurkako borroka ezta hiritargoan positiboki eragin dezaketen inbertsioak.

Bestalde, aurrekontuen inguruan eramandako dinamika bateratua ezagutzera eman dute. Jakitera eman dute aurreko astean sindikatu, alderdi politiko, auzo elkarte zein eragile sozialekin batzartu zirela eta horren ondorioz, alegazioak elkarrekin aurkeztea eta abendurako aurrekontu partehartzaileak eta sozialagoak aldarrikatzeko mobilizazio bateratu bat egitea adostu zuten.

X