Espainako Erresumako Gobernua euskal gizartearen beldur da

Indarra dute, gure gainetik pasa daitezke, baina gizarte prozesuak ezin dira krimenaren eta indarraren bitartez geldiarazi. Historia geurea da eta herriek egiten dute.

Salvador Allende

 

Oinarrizko eskubideak urratzea ohiko praktika bihurtu da geure herrian: elkartzea, manifestatzea, bozkatzea edo edozer gauza aldarrikatzea bera eskubide izan beharrean agintean direnei gordetako pribilegioak direla dirudi, indarrean den ordenari aurka egin edo zalantzan jartzen ez duen jendeari eman ezin zaizkienak. Euskal Herrian jasaten dugun errutinak agerian uzten du Espainiar Erresumak duen demokraziaren kalitate txarra.

Horrela, Auzitegi Nazionalak larunbat honetako giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa debekatu izana logika antidemokratiko honen jarraipena da. Botere publikoak izanik manifestazioa bezain oinarrizkoak diren eskubideen bermatzaile behar luketenak, salbuespen auzitegi honek argi adierazten du espainiar zuzenbide-estatuaren ahulezia.

Ez zaie axola deialdia egin zuen herri plataformak, Adierazi EHk, eskubide eta askatasunen defentsan ibilbide zalantzaezina egin duten erakunde eta pertsona ugariren babes anitza jaso izana. Espainiar justiziaren arabera, nahikoa da legez kanporaturiko erakunde politikoen militanteek bertan parte hartzea edozein gizarte prozesu kutsaturik ager dakion bere begietara; hala, batetik, pertsona horiei oinarrizko norbanako eskubideak kentzen dizkie, bestetik, elkarlana bultzatzen duen edozeinera hedatzen dute susmoaren itzala.

Bi oinarrizko arrazoik bihurtzen dute hau guztia onartezin. Batetik, debekatu duten manifestaldiak aldarrikatzen zuena honakoa zen: eskubide guztiak pertsona guztientzat onartzea, bizitza eskubidearekiko errespetua edozein dinamika sozial edo politikoaren funtsean jarrita. Bigarrenik, ekimen hau kriminalizatu dutelarik, ekimena babestu duen pertsona eta erakunde aniztasunari egiten zaio eraso, status quoarekin bat ez gatozenoi, usteltze demokratiko honen aurrean isilik geratu nahi ez dugunoi, eta itxaropenez josiriko testuinguru berrian zein ezker tinko eta gogotsua berrosatzeko prozesuan sinisten dugunoi.

Ez ote da izango hauxe, hain zuzen ere, Espainiar Erresumak hainbesteko beldur diona? Ez ote du beldurtzen bide demokratiko hutsekin borrokatuko duen gizarteak’ Gizarte bateratu, indartsu, tinko, bizi eta parte hartzaileak? Zeinek eta zergatik egiten dio aurre gehiengo zabala biltzen duen manifestazio bati, are gehiago, bizitza eskubidea oinarrizkotzat jotzen badu beste giza eta politika eskubideak defendatzearekin batera?

Hamaikagarren eskubide urraketa hau (sasi)demokraten eskutik iritsi da, euren interesen mesedetan demokrazia zatikatzeko arazorik ez dutenengandik, gutizia moduan herritarren eskubideak hara eta hona darabiltzatenengandik; euren sorgin-ehiza eta gobernu bidegabeen aitzakia izango den gatazka armatua behar duten demokratengandik. Izan ere, beldur dira benetako bake testuinguru batean euren botere ia behin betiko horren oinarriak arriskuan dituztela. Gizarte honen eta bere parte hartzearen beldur dira demokrata hauek, herri mugimenduen aurrean kikildu egiten baitira, jakin badakite-eta herria dela hainbeste gezur eta demokrazia urraketarekin amai dezakeen bakarra. Eurek, demokratek, ez erabiltzekotan soilik onartzen dute demokrazia.

Hau guztia dela eta, gizarte gehiengoak itxaropena dakusan honetan, eurek beldurra nabari dute; sare anitz, borrokalari eta demokratikoak osatzen ari garenean, eurek terrorismoa dakusate; bakea dugunean helburu, eurek gatazka hau inoiz amai ez dadin bilatzen dute.

Baina ez gaituzte geldiaraziko, euren beldurra bide onetik goazen seinale onena da, gizartearen parte hartzean oinarrituriko bake eta justizia sozialaren alde egiten jarraitu behar dugu, beraz. Egun, inoiz baino gehiago, euskal gizarteak bere garaia du, indarkeria erabili eta eskubideak ukatzen dituztenenak egin du. Ez dugu atzera egingo.

Honegatik guztiagatik, Alternatiba osatzen dugun pertsonok Euskal Herriko ezker soberanistaren berrosatzea bermatuko duen testuinguru demokratikoaren alde egiten jarraituko dugu, botereari borroka esparru guztietan aurre egin aldera, erroko demokrazian eta parte hartze aktiboan oinarrituriko ezkerrari esker.

Larunbat honetan kalera aterako gara erakustera benetako bake prozesuak gizarteak gidatu behar dituela, boterearen kudeatzaileak oztopatzen saiatuagatik ere. Hitzak protagonismoa hartuko duen garai berriaren beldur dira, baina Euskal Herriak hitza hartuko du eta ez dio uko egingo.

Alternatibaren Nazio Koordinakundeak, 2010eko irailaren 9an

Eskubide zibil eta politikoen atzerakada fasean gaude

Alternatibaren ustez eskubide zibil eta politikoen atzerakada fasean gaude

BILBO 2010-09-11 Ezkerreko alderdiaren bozeramaile Oskar Matutek, Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzitako hainbat manifestaldiren harira, “jasaten ari garen eskubide zibil eta politikoen atzeradaka izugarriak” sortzen dion kezka adierazi du. Matuteren ustez botere publikoei “sekulako urduritasuna darie garai berriotan” eta honek guztiak terrorismoarekin zer ikusirik ez baizik eta “batzuei sekulako beldur eta kezka sortzen dien testuinguru politiko berriarekin” dago lotuta.

Alternatibaren bozeremailea espainiar sistema politikoan manifestazio eta aldarrikapen eskubideak duen berme judizial eskasaz harritu da. “Pentsa zitekeen gai batzuk, manifestazio eskubidea kasu, ustezko Europa demokratiko horren funtsa bera zirela” adierazi du Matutek. Azkenik, bozeramaileak “hau gure herrian irekitzen den aro berrian oztopo bat besterik izan dadin” itxaropena adierazi du; izan ere, bere hitzetan “ez dugu utziko bakearen, giza eskubideen eta denontzako eskubideen trenak bere bidetik atera dezaten”. 

ETAren komunikatuaren aurrean

Alternatiba osatzen dugun pertsonek berri ontzat dugu ETAk bere ekintza armatuak eteteko erabakia; izan ere, urte gehigiren buruan luzatu den gatazka konpontzeko abagune historikoa delakoan gaude.

Nahiz eta jakin badakigun indarkeria oro amaitzeko behin betiko pausuak emateko lan handia dagoela aurretik, herri honek nahi duen bake eta eskubide demokratikoen testuinguruak herritarren mugimenduari eta eragile sozial, politiko eta sindikalen aldeko lanari esker iritsiko beharko duela ziur gaude. Ezin dugu ulertu itxaropenerako zantzuak ikusteko gai ez direnen eta herri honen borondate nagusiarekib bat ez datozen ukatze estrategia antzuekin tematzen diren horien jarrera.

Esandako guztien harira, bakeak eta elkarrizketak giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen urraketa atzean utziko duten garai berrirako elkarkidetzara deitu nahi dugu. Bide baketsu, politiko eta demokratikoekin atxikitzeko konpromisoa dugu eta geure egiten ditugu Mitchell printzipioak edozein eskubideren urraketa gainditzeko oinarrian. Honexegatik, ETAri argi eta garbi printzipio hautara lot dadin eskatzen diogu, eta Espainiako Erresumako Gobernuari dei egiten diogu arduraz eta interes berekoiei men egin gabe erantzun diezaion herri honetan irekitzen den aukera testuinguru honi.

Euskal Herria, 2010eko irailaren 5ean

Transition mugimendua: Euskal herrirako ikasbideak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Lanki Institutuak eta Bagara elkarteak hitzaldi bat antolatu zuten uztailaren 6rako Goi Eskola Politeknikoan: “Iraunkortasunerako trantsizioa: Euskal Herrirako ikasbideak”, eta bertan Ben Brangwyn eta Peter Lipman hizlariek azaldu zuten zer den Transition mugimendua.

Zer da Transition mugimendua? Transition mugimendua Totnes hirian sortu zen, Devon herrialdean, Ingalaterran, eta poliki-poliki beste lurraldetara hedatu da. Petrolio ugari eta merkearen amaierak eta aldaketa klimatikoak eman diote izateko arrazoia mugimenduari. Hori dela-eta, gizarte aldaketak bultzatzen ditu petrolioarekiko menpekotasuna murrizteko eta karbono isurketak gutxitzeko, herria edo komunitatea oinarri hartuta.

Argibide gehiago, Bagara elkartearen blogean aurki daiteke.

X