Antuan, beti gogoan
Joan den irailaren 26an Antonio Campon Andrada, Antuan, Alternatibako Bilboko asanbladako militantea hil zitzaigun. Industria garaian langile borrokaren ikur bilakatu zen Euskaldunan aritu zen lanean. Eraldatze industrialaren ondorioz eman ziren borroka handien aurretik ere, Antuan EMK Euskadiko Mugimendu Komunistatik oso hurbil egon zen, Peseto, Pelos eta bestelako kideekin Arangoitiko taldea osatzen zuen. Auzoan bizi izan zen zendu arte. Euskaldunako borroka osoan ekintzaile handia izan zen.
Lantegia ixtean, aldendu egin zen mugimendutik, borrokan bidaide izandakoen adiskide izaten jarraitu arren. Ondoren, Ezker Batuan sartu zen, beranduago Alternatibaren sorrerarekin bat egiteko, euskal ezkerraren eraldaketa eta bat egitea bilatzen zuen alderdiarekin Euskal Herria Bildu koalizioa osatu zela; Arangoitiko beste kide batzuekin egin zuen urratsa, Juen Puertorekin kasu. Aspaldiko borroketan bidaide izandakoak topatu zituen hemen, Gorripideako lagunak Alternatibarekin bat egin zutenean, Iñaki Markiegiren moduan, bere garaian EMKn ibilitakoak.
Antuan, zauden tokian zaudela, zuregana joko dugu berriz Arangoitin Errepublikaren eguneko bazkaria antolatzeko. Zu agurtzera kide asko joan ginenekoan lore sortan jarri genuenez, beti gogoan izango zaitugu.
Marokok Mendebaldeko Saharan egin dituen azken eraso militarren aurrean Espainiako gobernuaren “isiltasuna” kritikatu dugu
Mendebaldeko Saharan izan diren azken gertakari larriak Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura eramango dituen galdetu dio Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak Espainiako gobernuari.
Joan den abuztuaren 11an indar militar marokoarrek Mendebaldeko Sahararen hego mendebaldeko La Güera herria inbaditu zuten. EH Bilduko diputatuaren arabera, “1991tik izan den gertakari larriena da hau”.
Matutek gogor kritikatu du Espainiako gobernuaren “isiltasuna”. Izan ere, duela 40 urte Marokok, Fronte Polisarioak eta Nazio Batuen Erakundeak sinaturiko akordio militarrak urratu ditu Rabateko gobernuak.
Diputatu subiranistak gogoratu duenez, Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea da Espainiako estatua eta beraz, “Marokok bertan egiten duenaren erantzule ere bada”.
Besteak beste, gertakari militar larri horren aurrean publikoki adierazpenik ez egin izanaren arrazoiez galdetu dio Matutek PPren gobernuari. Ildo horretan, Rabateko gobernuari erantzukizunak eskatuko dizkion ere galdetu dio diputatu subiranistak Rajoyren gobernuari.
Euskal Herria Venezuelarekin gaur eta beti: Caracaseko kaleak chavistak dira, Iraultza Bolivartarrarekin jarraitzen dugu
Venezuelako oposizioak bere gezurrak berriro kaleratzen saiatuko den Irailak 1 honetan, Venezuela Aurrera Plataformatik gure konpromezuan eusteko beharra adierazi nahi dugu. Etengabea den desinformazio, ezegonkortze eta injerentzia kanpainaren aurrean iraultza bolivartarrarekin elkartasunean gure ahotsa gero eta ozenago altxatuko dugu.
Iraultza Bolivartarra inperialismoaren eta Venezuelako oligarkia konplizearen jo puntua direla badakigu, baita horretarako bere esku dituzten arma guztiak erabiliko dituztela eta Gobernua kanporatzeko saiakeretan etsituko ez dutela ere. Baina nahiz eta momentu korapilatsua igaro, gaurko Venezuela ez da garai batean izandako inperialismoaren morroia. Borrokan emandako urte hauek internazionalismoa eta sozialismoaren eraikuntza inperialismoaren eta bere esplotazio ereduaren aurkako tresna baliagarrienak direla erakutsi digute.
Horrexegatik, Venezuela eta Latinoamerikako herrialdeen aurkako erasoen larriagotze honetan Euskal Herrian Venezuelako Gobernuaren erresistentzia deialdiarekin bat egiten dugu. Irailak 1 honetan Venezuelako herri mugimenduak kaleak herriarenak direla berriro erakutsiko du, Caracaseko Bolivar Etorbidetik eta herrialde osoan zehar herri organizatua gehiengoa dela eta amore ematen ez duela erakutsiko du. Euskal Herritik gure ahotsak haiekin batera altxatzen ditugu:
KALEAK CHAVISTAK DIRA! GORA VENEZUELAKO IRAULTZA BOLIVARTARRA!
“Venezuela Aurrera” 29 kolektibo, alderdi eta sindikatuk osatzen duten Iraultza Bolibartarrarekin Elkartasuna Euskal Plataforma da. Ondorengoek osatzen dute: Alternatiba, Aralar, Arbol Euskal Herria, Askapena, Asodemuc, Bachue, Bakea eta Duintasuna / Paz con Dignidad, Cine de Base, Emigrados sin Fronteras, “Encuentros” aldizkaria, Ernai, Euskadi-Cuba, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Gazte Komunistak, Gazte Komunisten Batasuna, Giltza, GITE-IPES, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, Inti Kokone, LAB, “La Puebla” Zirkulu Bolivartarra, Komite Internazionalistak, Marcha Patriótica EH, PCE-EPK, Resumen Latinoamericano, Sodepaz Nafarroa, Sortu.
Fatuarte: “Aburtok azaldu beharko du zergatik nahiago zuen zezen plazan egon, herritarrak erasoen kontra kalean ziren bitartean”
“Herritarren partehartzeak azken lau hamarkadetan landutako jai eredu arrakastatsu bati erantzuten dio. Hala ere, badago zer hobetu”, adierazi du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak.
EH Bilduk modu baikorrean baloratu du aurtengo Aste Nagusia. “Argi dago herritarren partehartzea eta doakotasuna oinarritzat duen eredu hau arrakastatsua dela. Hori poztekoa da”, azpimarratu du Alba Fatuarte zinegotziak.
“Beste behin jaien bultzatzaileak diren Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu haiek baitira Aste Nagusia munduan bakarra egiten dutenak. Aurten ere argi geratu da jaien batzorde mixtoa, non Udalak eta konpartsek elkarlanean diharduten, eredu egokia dela”.
Hala ere, badago zer hobetu:
- Beste behin ere eraso sexistak izan dira, baina baita erantzuna. Hori dela eta Bilboko Konpartsak eta herritarrak zoriondu nahi ditugu emandako erantzun azkarragatik. Batez ere Bilboko mugimendu feminista. Lehen egunetik gai izan dira erasoen aurrean autodefentsa feministaren garrantzia erakusteko, emakume brigadak, manifestazioak eta ostiral gauean jaietan ordu beteko geldialdia antolatzeko. Izan ere, jaietan, urte guztian gertatzen den bezala, gizartean instalatutako matxismoa ageri da. Emakumeen kontrako erasoen bitartez bere aurpegi latzena erakusten digun indarkeria, alegia. Hala ere, jaietan izandako elkarretaratze guztietan alkatea egon ez izana kezkagarritzat jotzen du EH Bilduk. Jai batzorde mixtoak adostutako protokoloaren arabera antolatutako hiru elkarrateratzetik bitan ez da egon. “Aburto jaunak gizarteari azaldu beharko lioke zergatik zuen nahiago zezen plazan egon Juan Karlos Borboiarekin, ehundaka herritar Arriagan plazan batzen ziren bitartean. Gizarte erdiaren eskubideak, alegia emakumeen eskubideak, defendatzen zituzten herritarrak”, salatu du Fatuartek. Horretaz gain, Udalak, beste erakundeak bezala, berdintasun politika baten aldeko apustu serioa egin behar du desberdintasunekin bukatzeko eta ez bakarrik egoera horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko. Hurrengo aurrekontua, esaterako, aukera paregabea izango da emakumeenganako konpromiso hori erakusteko.
- Udalak azpiegitura publikoetan zezenketak bultzatzen jarraitzen du. Nahiz eta gero eta gehiago izan kontra dauden herritarrak, beste behin Aste Nagusian 9 zezenketa egin dira. Diru pubikoz (Udalak 40.000 euro gastatzen ditu sarreretan EAJ, PSOE, PP eta jubilatuen elkarteen artean banatzeko) babestutako eta bultzatutako zezenketak izan dira. Gaur publiko egin diren datuek erakusten dute gero eta jende gutxiago doala zezen plazara eta hori da Juan Mari Aburtok ikusi nahi ez duen errealitatea. Gogoratu behar da zezen plazaren jabetzaren erdia Udalarena dela eta aurreko urtean 150.000 euroko galerak izan zituela. Hirugarren urtez galerak izango ditu. Eta hirugarren urtez alkateak zalantzak baditu jar dezala beste hautesontzi bat irailaren 25ean eta galde dezala ea herritarrak zezenketak nahi dituzten. Eztabaida kalean dago.
- Alkatea protagonismo bila: Aburtori kostatu egiten zaio ulertzea herritarrak eta konpartsak direla jaietako protagonistak beste hiru ikonorekin batera. Hau da, Mari Jaia, Pregoilaria eta Txupinera. Agian hauteskunde batzuen hurbiltasunagatik duen protagonismo nahiak oposizioko taldeekin izandako jarrera azal dezake: barraken irekieran edo bilbainaden sarietan oposizioa alde batera utzi ditu.
- Meza katoliko instituzionalak: abuztuaren 5ean Alkatetzak ekitaldi instituzionalen aurrerapen bat bidali zuen. Horien artean abuztuaren 15 eta 16rako mezak zeuden, Mari Jaiak erlijioarekin zerikusia izango balu bezala. Beste behin ere, gobernuak erakutsitako izaera erlijiosoa salatu behar dugu.
- Harrera: Udalak antolatutako harrerak herritarrei arrotz egiten zaizkien ekitaldiak dira, batez ere osteguan alkateak egindakoa. Arriagan egiten denaren inguruan EH Bilduk honako proposamena egiten du: gonbidapen kopuru bat herritarren artean zozketatuak izatea. Horretaz gain, koalizioak modu publikoan galdetzen du ea zer dela eta aurten Euskaltel bezalako enpresa pribatu batek harrerara joateko gonbidapenak zozketatu dituen.
Azkenik EH Bilduk Gisèle Fellik eta Patxo Telleriak Txupinera eta Pregoilari bezala, hurrenez hurren, egindako lana eskertu nahi du. Orain Aste Nagusiaren historiaren parte dira. Eta horrek pozten gaitu.