Bertan behera utzi ditugu gaurko kanpainako ekitaldiak, Gasteizko hilketa matxistagatik

EH Bilduk erabaki du bertan behera uztea hauteskunde kanpainako gaurko ekitaldiak, Gasteizen gertatutako hilketa matxista salatzeko. EH Bilduk gogor salatu nahi du azken erailketa matxista, eta gertueneko babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Gasteizen hildako emakumearen lagun eta senitartekoei.

Emakume bat erail, txikitu eta hondakinen moduan botatzea ez da gertaera isolatu edo salbuespeneko gisa ulertu. Indarkeria matxista patriarkatuaren DNAan dagoen indarkeria mota da, egiturazkoa, eta sistemak funtzionatzeko ezinbestekoa duen tresna; indarkeria matxista emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua da.

Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian, lehen mailako arazoa da EH Bildurentzat. Horregatik, ezin genuen kanpainarekin normaltasunez jarraitu. Era horretara, erabaki dugu bertan behera uztea ekimen oro, urteotan aktibatua dugun indarkeria matxistari aurre egiteko barne-protokoloak horrela zehazten baitigu. Eta horregatik deitzen ditugu herritarrak, etzi mugimendu feministak herrietan deituko dituen elkarretaratzeetan parte hartzera.

Indarkeria matxista era askotara agertzen da; esparru sozial, politiko, ekonomiko, kultural, juridiko, sinboliko eta ideologikoan presente dago. Eta guztion ardura da jendarte eredu berriak eraikitzen hastea, herritartasun aske, burujabe eta biziak eraikitzeko. Emakumeak bizi bizi nahi dugulako, inor gure bizitzen eta heriotzen jabe izan ez dadin.

Horregatik, atzoko moduan gaur ere, gure konpromisoa adierazi nahi dugu indarkeria matxista ororekin amaitzeko, eta jendarte feminista eraikitzeko bidean, gure ekarpenak egiten jarraitzeko. Eta etziko elkarretaratze guztietan izango gara, herritarrekin batera.

Oskar Matute: «Bozetan ikusi nahi dugu gure oinarrietan ikusten hasi garen ilusioa»

Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetariak Oskar Matute Euskal Herria Bilduren Bizkaiko hautagaiari eginiko elkarrizketa.

Oskar Matuteri (Bilbo, 1972) askotan egokitu zaio kideren bat konbentzitu behar izatea EH Bilduk proposatutako ardura bat har dezan. Orain, dioenez, «bueltan» etorri zaio, bera proposatu baitute Espainiako Kongresurako zerrendaburu izateko. Ez zaio samurra izan baiezkoa esatea —«nik familia daukat, eta, niretzat, parekidetasuna ez da soilki diskurtso polit bat, egunerokoan gauzatzen saiatzen naizen zerbait baizik; diputatu izateak, berriz, gutxienez astean hiru egun Madrilen eman behar izatea esan nahi du»—.

Dioenez, gogoeta bakarrik egin beharrean bikotekidearekin batera egin izana lagungarri suertatu zaio baiezkoa ematerakoan. Orain, EH Bilduren mezua Madrilera eramateko aukera «harrotasun eta ilusio handiz» hartzen duela dio.

Ezohiko hauteskundeak dira hauek. Nolako aldartearekin egiten diezue aurre?
Alde batetik, aurreko hauteskundeetako zapore garratza kendu nahi dugu, eta hautetsontzietan hasi nahi dugu ikusten gure oinarrietan dagoeneko ikusten duguna; hau da, aurrera egiteko ilusioa eta gogoa. Uste dugu Espainiako Estatuan planteatzen ari den eztabaida ezin dela egin euskal herritarren agenda tiradera batera bidalita. Espainiako Estatuko eztabaida politikoan egon behar du Euskal Herriak zer izan nahi duen, batzuei zein besteei gustatu edo ez.

Aurreko hauteskundeetako emaitza txarretatik ikasbideren bat atera duzue?
Bai, esaterako, gure aurkari politikoek jendearen aurrean aurkezten gaituztela sektore sozial zehatz bati zuzendutako eta soilki gai batzuez arduratzen den indar bat bezala. Hori ez da egia, baina lortu zuten EH Bilduren irudi hori ematea. Gure helburua da gure herritarren arazoei irtenbideak ematea, askatasun handiagoa, eskubide gehiago eta duintasun handiagoa izango duen Euskal Herri batean.

Aurreko kanpainan, Bizkaian Onintza Enbeita eta Irantzu Varela hautagai izanik, genero ikuspegiak garrantzi handia hartu zuen. Norbaitek pentsa dezake orain atzerapausoa egon dela.
Bada, ez da horrela, alderantziz baizik. Ni guztiz bat nator Onintzak eta Irantzuk eman zuten mezuarekin; EH Bildu ere erabat bat dator logika feminista ezkerraren ekinbide politikoan txertatzeko beharrarekin, eta nik, behintzat, ez dut gogoeta horietatik pittin bat ere aldentzeko asmorik.

Zer iruditzen zaizkizue lau hilabete hauetan Espainiako gobernua osatzeko gertaturiko mugimendu guztiak?
Oso frustragarria izan zen, baina, aldi berean, oso argigarria. Espainiako Estatuko politikak, benetako aldaketarako proposamenak sortzea baino gehiago, ikuskizuna du ardatz, eta boterera iritsi nahi dute boterera iristeko arrazoiak eta programa lausotuta. Dena dela, guk argi esan dugu: guri eragiten diguten gune guztietan egongo gara, eta hemengo herritarren bizi kalitatea erabakitzen den leku guztietan parte hartuko dugu. Hauteskundeetan parte hartuko dugu, jendearen interesak eta duintasuna defendatzeko.

Zer esango zenieke Madrilera joatea Estatua legitimatzea dela esaten dutenei?
EH Bildu Europako Parlamentuan dago, eta ez dut uste horregatik Europako Parlamentua legitimatzen duenik. Horrek balio du, esaterako, Europak errefuxiatuekin duen jokabide miserablea salatzeko. Ez dut uste, ezkerreko subiranista eta independentista asko Austriari begira egoten garenean eta eskuin muturraren gorakada dela eta asaldatzen garenean, austriar izateko bokazioa dugulako egiten dugunik. Egungo errealitatean prozesu guztiak konektatuta daude, eta ona da adi egotea. Gu ez goaz Madrilera demokrazia eskas duen estatu bat legitimatzera, alderantziz baizik: uste dugu hori salatu ahal izateko egon behar dugula han, eta horregatik goaz.

Eta pentsatzen dutenei Euskal Herriko interesetatik begiratuta beharbada komenigarriagoa dela erabakitzeko eskubidearen alde dagoen Estatu mailako indar batek ahalik eta diputatu gehien edukitzea?
Espainiako Kongresuan, nik ez dut ahots irmoagorik entzun gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde, Sabino Kuadra, Anjel Rekalde edo, bere garaian, Jon Idigorasenak baino. Ezkerreko subiranista eta independentisten presentzia Espainiako Kongresuan ez da salbuespena, etapa desberdinak izan dituen arren, eta balio izan du gure aldarrikapenak ongi finkatu eta Estatuaren jokabide antidemokratikoak salatzeko. Uste dut jarraitu behar dugula hori egiten, eta ezin dugula zeregin hori beste indar batzuen esku utzi.

Zergatik?
Beste indar horiek, beraiek esaten dutenez, lehentasuna beste leku batzuetan jartzen dutelako. Kontua ez da galdeketa egin ahal izatea, galdeketa hori egiteko ahalegin guztiak egitea baizik. Kontua ez da erabakitzeko eskubidea norbaiti txarto ez iruditzea, baizik eta lortzea gauza guztien inguruan eta denon artean erabaki ahal izan dezagun.

Zuentzat Podemos bidelaguna edo aurkaria da?
Beraiek erabakiko dute. Guk, seguru asko, oker ugari egin ditugu, baina badago inoiz egin ez dugun oker bat; etsaiez tronpatzea, alegia. Gure aurkariak dira erregimena eraiki duten alderdiak, eta horri eutsi diotenak, PP eta PSOE. Unidos Podemosek erabaki beharko du nolako aliantzak egin nahi dituen, baina gu beti egongo gara duintasunez eta askatasunez bizitzea galarazten digutenen kontra.

Gure dolumina Yolanda Rojas Venezuelako Bilboko kontsularen heriotzaren aurrean

“Venezuela aurrera”, Alternatiba kide duen Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataformak, Yolanda Rojas Urbina-ren, Venezuelako Errepublika Bolibartarraren Bilboko Kontsul Orokorraren heriotza dela eta, bere atsekabetze sakonena, adierazi nahi du. Familiari eta Koltsulatuko talde guztiari gure doluminak adieraztearekin batera.

Yolanda-k fisikoki soilik utzi gaitu. Bere oroimena gure buru eta bihotzetan mantenduko da. Bere lan ona, bere espiritu askea, bere adeitasun bereziki berezia. Hutsik gabeko diplomatikaria soilik ez, une zailenetan lehen lerroan beti egon dena joan da. Yolanda, ororen gainetik, Iraultzaile bat izan da. Justizia sozialean eta pertsonen duintasunean oinarritutako mundu hobe baten aldeko borrokalari nekaezina izan da. Proiektu sozialistan sinetsi izan zuen beti, Hugo Chávez Komandantearen legatuari jarraitu zion eta fidela izan zen, momentu oro, Iraultza Bolibartarrarekiko.

“Venezuela aurrera” mugimenduko hainbat eta hainbat lagunentzat eta berau osatzen duten 29 eragile, alderdi eta sindikatuentzako, Yolanda diplomatika bat baino gehiago izan da. Lagun bat izan zen beti.

Bere heriotzaren aurrean, Markos komandanteordearen esaldi bat gogoratu nahi dugu, gure ustetan Yolanda ezinegokiako definitzen duena: “Askatasuna egunsentia bezalakoa da, lotan goiza iritsi zai itxaroten dutenak daude. Baina iratzarri eta gaua oinez igarotzen dutenak ere badaude”.

EH Bilduren oharra

EH Bilduko militanteok Bilbon Venezuelako kontsul Yolanda Rojasen heriotzak sortutako atsekabea azaldu nahi dugu. Era berean, gure elkartasuna eta dolumina adierazi nahi diogu familiari eta kontsulatuko talde osoari.

Bera ezagutu eta berarekin lan egiteko aukera izan dugun EH Bilduko kide guztiok beti maitasunez gogoratuko dugu.

Yolandak, beti diplomazia zorrotzenetik, maitasuna eta errespetua erakutsi zion beste herritar bat bezala hartu zuen Euskal Herriari.  Berak bezala, mundu hobe bat eraikitzearen utopia partekatzen dugun milaka Euskal Herritarren gogoan izango da beti.  Agur eta ohore Yolanda!

X