Matute: “Batzuek proposatzen dituzten txandakatze antzuen aldean, EH Bildu aldaketaren bermea da”

Gaur agerraldia egin dugu Bilbon, iraganean Etxebarria lantegia izandako orubean, egun Etxebarria parkea, herri honentzako dugun proiektu politikoa eta sozialaren berri eman eta, atzo zein gaur, gure kaleetan izan diren elkarretaratze desberdinak nabarmentzeko. Ekainak 26ko bozetarako hautagaiak izan dira agerraldian, eta Oskar Matute kongresurako zerrendaburuak hartu du hitza.

Asteburu honetan, argi ikus daiteke aldaketa politikoaren beharra oso bizirik dagoela gure kaleetan. Izan ere, aldaketaren motor diren herritarrak, kalean izan dira atzo eta gaur: Prekarietatearen aurka Bilbon; burujabetza urratu nahi duten akordioen aurka Iruñean; edo osasuna kaltetzera datorren errausketaren kontra Donostian.

Euskal Herrian baditugu gehiengoak osatzeko indarra eta gogoa, eta argi esan nahi dugu batzuek proposatzen dituzten txandakatze antzuen aldean: EH Bildu aldaketaren bermea da. Eta guk ordezkatzen dugun benetako aldaketa, orain eta hemen hasten da.

EH Bildu

Gure ekimenez, Gasteizko Legebiltzarrak EB-Turkia akordio lotsagarria gaitzetsi eta salatu du

Ganberak pertsona errefuxiatuen eskubideen harira aurkeztutako 11 puntuko ekimena onartu du aho batez, besteak beste, Madrili exijituz berehala bete dezala 15.000 pertsona jasotzeko hartu zuen konpromisoa.
 
Gasteizko Legebiltzarrak irmoki gaitzetsi du gaur Europar Batasuneko eta Turkiaren arteko errefuxiatuen inguruko akordioa, “nazioarteko arau anitz urratzen dituelako Giza Eskubideen eta pertsona migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan”, eta, zentzu horretan, EBri eskatu dio “akordio hori indargabetu” dezala. “EUk merkadeorako kontratua sinatu du, herri kurdua suntsitzen ari den Turkiarekin, zeinari 6.000 milioi euro oparitu dizkion bere politika hiltzaileak inpunitate osoz egiten jarraitzeko”, salatu du Alternatibako kide eta EH Bilduren legebiltzarkide Diana Urreak.

 
Akordioaren aurkako ebazpen irmoa lortzeaz gain, koalizioak lortu du EAJrekin eta PSErekin sinatu duen 11 puntuko erdibideko testu bat aho batez onartua izatea. PPk ere alde bozkatu du, eztabaida ganberara ekarri duen Urrearen kritika nabarmenak jaso dituen arren. “PPk akordio kriminal horri bide eman dio, eta Europa hegoaldeko mugetan gertatzen diren giza eskubideen urraketa nabarmenak bultzatzen jarraitzen du”.
 
Urreak garrantzia berezia eman dio ebazpenean jasotzen den beste puntu bati, zeinean jasotzen den Gasteizko Legebiltzarrak talde guztiekin batzorde berezi bat sortuko duela errefuxiatuen eta pertsona migratzaileen inguruan. “Batzorde berri honen bitartez Jaurlaritzari etxeko lanak jarriko dizkiogu, lurralde honetara heltzen diren errefuxiatu eta pertsona migratzaileen bizitza duina bermatze aldera”.
 
EH Bilduren legebiltzarkideak bere hitzartzea Europako jendarteari dei eginez bukatu du: “lan egin dezagun guztiok batera, bestelako Europa bat defendatzen dugun pertsonok, herritartasun global eta herrien arteko elkartasunean oinarritutako Europa eraikitzeko”.
 
Jarraian, Legebiltzarrak onartu duen ekimenaren puntu guztiak:
 
1. Gogoratzen du pertsona errefuxiatuek miseriatik, askatasun-faltatik, indarkeriatik, gerretatik eta Giza Eskubideen urraketetatik egiten dutela ihes. Horregatik, Europar Batasunari eta Estatu kideei premiazko erantzun humanitarioa exijitzen die. Erantzun horren oinarri izango dira asilorako Nazioarteko Zuzenbidea, nazioarteko Hitzarmenak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideak.
 
2. Erabat gaitzesten eta salatzen du EB-Turkia akordio lotsagarria, nazioarteko arau anitz urratzen dituena Giza Eskubideen eta pertsona migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan, eta, zentzu horretan, EBri eskatzen dio akordio hori indargabetu dezala.
 
3. Nazioarteko etorkinei buruzko politika komuna defendatzen du, asiloaren eta Giza Eskubideen gaietan arduratsua izango dena.
 
4. Zeharo arbuiatzen ditu Batasuneko hainbat Estatuk mugak itxi izana eta errefuxiatu-esparruetan egindako atxiloketak.
 
5. Bat egiten du ‘Pasabide Segurua’ manifestuarekin, eta eskatzen die bai Europar Batasunari bai haren Estatu kideei korridore humanitarioak sor ditzatela, ahalbidetuko dutenak migratzaile eta errefuxiatuak Europara sartzea.
 
6. Europar Batasunari eskatzen dio ahaleginak indartu ditzala desagertutako milaka ume errefuxiatuak aurkitze aldera.
 
7. Espainiar Gobernuari exijitzen dio, ahalik eta azkarren, 15.000 pertsona jasotzeko bere konpromisoa, eta gogoratzen dio asilo-eskubidea unibertsala dela, jatorri-herrialdea edo penintsulara sartzeko bidea edozein direlarik ere.
 
8. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio inplikatutako Erakunde guztiekin elkarlanean jardun dadila, pertsona errefuxiatuek Euskadira iristeko aukera izan dezaten eta zerbitzu zein baliabide publiko guztietarako sarbidea izan dezaten, osoko harrera bermatuz.
 
9. Aitortu eta eskertu egiten du GKEk eta gizarte zibilak egindako aparteko lana pertsona errefuxiatuen eskubideen defentsan, bai maila lokalean bai hainbat errefuxiatu-eremutan.
 
10. Legebiltzarrak legebiltzar-taldearteko bat berehala sortzea onartzen du, pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako, datozen legealdietan ere jarraipena izango duena, sortutako beste taldearteko batzuekin gertatzen den bezalaxe.
 
11. Ebazpen hau igorriko die Europako Batzordeari eta Parlamentuari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
 

Estatuko ezkerrari galdetzen diogu ea prest dagoen eraldaketarako akordioetara heltzeko

Gaurkoan, EH Bildun gai sozioekonomikoak, erakunde zein esparru desberdinetan jorratzen ditugun hainbat lagun, elkartu gara. Ondoren, Alternatibako kide eta EH Bilduko bozeramaile Oskar Matutek hartu du hitza:

Oraindik ere, herritar askoren lan eta bizi baldintzak kinka larrian daude, eta erantzunak beharrezkoak dira. Baina benetako aldaketak nahi baditugu, hitz antzuekin baino, eduki zehatzekin bete behar dira, hauteskundeei begirako programak. Norabide horretan doaz, azken hilabeteetan defendatu ditugun hainbat ekimen: Industria plana, Enplegu plana eta Pentsio duinen ekimena, besteak beste.

https://pbs.twimg.com/media/CiaPz-4XEAAi3_d.jpg
 

Eraldaketa guztiek, bi oinarri dituzte: Demokrazia gehiago eta herri boterea. Eskutik doaz biak, eta ardatz berbera dute: erabakitzeko eskubidearena. Tamalez, badirudi eskubide hori defendatzen zuten beste indar batzuek, lehentasunak aldatu dituztela azkenaldian. Horregatik, Unidos Podemos koalizioari galdera argia egin nahi diogu: Ea prest dauden, eraldaketarako akordioetara heltzeko; hemen gauzagarriak diren akordioak, eta Madrilen elkarrekin defendatu ahal ditugunak.

Madrilen diogu, bai. Galdetu izan digute, zertara goazen Madrilera. Eta erantzun garbia jarri dugu mahai gainean: herritarren etorkizuna eta eskubideak jokoan dauden eremu guztietan izango gara, lanerako prest eta lehentasunak argi ditugula. Horregatik, Euskal Herria Bilduren botoak balio bikoitza izango du: eraldaketa soziala ekarriko duen burujabetza bilatuko duena, eta estatuaren demokratizazioan eta eraldaketan lagunduko duena.

EH Bildu

Ordenagailua, ezinbesteko lagun

Hector Prieto Alternatibako kide eta Aretxabaletako EH Bilduko zinegotziarekin erreportajea egin du Goiena aldizkariak. Bere borrokaren berri ematen digu, besteak beste, Mirari Altube kazetariaren artikuluak.

Ahots barik geratu zen iaz Hector Prieto (Aretxabaleta, 1983). Baina horrek ez du isildu, ez horixe. Ordenagailu baten laguntzarekin zinegotzi lanean jarraitzen du, sare sozialetan gogotsu dihardu eta historia kontuen gaineko hainbat proiektu ditu buruan.

Muskuluetako gaitz degeneratiboa du Prietok, eta urte asko daramatza gurpildun aulkian. Eskuak mugitu barik ere aise idatzi du ordenagailuan oraintsu arte, ahotsak lagunduta. Gaitzak, baina, aurrera jarraitzen du eta iaz ahots barik geratu zen. “Hilabete gogorrak pasatu nituen, baina lanerako gertu itzuli naiz”. Asko du esateko eta besteekin partekatzeko eta horretan lagunduko dion ordenagailua jarri diote: “Ohiko tableta da, baina arratoia begiekin mugi dezaket. Gainera, idatzitakoari ahotsa jartzen dion programa dut”.

Teknologi baliabideei oso eskertuta dago: “Elbarritasunak ditugunondako mundura zabaldutako leiho bat dira”. Horrez gain etxekoen babes handia du: “Horiek barik ezinezkoa zatekeen egin dudan guztia, euren bultzada ezinbestekoa dut une txarretan”, eta batez ere ama nabarmendu du: “Nire bizitzaren zati handi bat da, beti alboan; ama benetan kementsua”.

Blog bi eta historia kontuak

Iazko ekainetik da zinegotzi Prieto: “Aitak, gaztetan, sindikatuen inguruan jardun zuen eta horren eraginez edo nik beti izan dut kontzientzia soziala. Zinegotzi izan zen Tomas Fernandezek proposatu zidan 2011n Bilduren zerrendan joateko eta baietza ematearekin batera Alternatiban afiliatu nintzen”. Gizarte Zerbitzuak beste aldetik ezagutzen ditu eta esperientzia hori eroan gura izan du udaletxera: “Etxerik etxeko laguntza hobetu gurako nuke batez ere; erabiltzaileen eta laguntzaileen egoera. Ondo ordaindu gabeko lana dela kontura gaitezen gurako nuke, batez ere emakumeek egindakoa”, dio eta gaineratu du: “Borondate politikoa behar da etxerik etxeko zerbitzua egoitzen alternatibatzat hartzeko”.

Zinegotzi lana bateratzen du idaztearekin: “Oso gustuko dut, eta une gogorretan asko lagundu izan dit”. Sare sozialetan ere ibiltzen da, batez ere Facebooken, eta bi blog ditu: “Lehengo Rinconcito de los Sueños orain Atxabalta Redvolution bihurtu dut eta hor nabil. UDAko kontuak jasotzen ditudan Pasion Celeste, ostera, geldi daukat. Datorren denboraldian helduko diot berriro, futbolzale asko ditut horren zain eta”. Historia ikasketak ditu eta buruan badu proiektutxoren bat: “Hainbat dokumentu jasotzen bukatu berri dut eta aurrerago helduko diet”.

Aurten 33 urte beteko ditu Aretxabaletako gazteak. Etorkizunera begira egon beharrean egunean egunekoa bizi du: “Che Guevarak zioen esaldi bat dut oso gustuko: “Bizitza honetan aire-ahokada bakoitzeko egin behar da borrokan”. Asma zuelako asko sufritu zuen hark, baina ez zuen sekula amore eman”.

Goiena

X