Bizkaiko erresidentzietako langileak zoriondu nahi ditugu, beren borroka luzearen arrakastarengatik

Bi urteko borrokaren ostean, azkenean, irabazi duzue. Nork dio grebak ez duela ezertarako balio? Emakume hauek, oztopoen gainetik eta instituzioen boikotaren gainetik, elkarrekin eta antolakuntzaren bidez, lan hitzarmen duina lortu dute. Zorionak guztiei, egin daitekeela frogatu duzuelako, baina batez ere kapitala eta bizitzaren arteko gatazka mahai gainean jarri duzuelako.

Baina ez dezaegun ahaztu arreta sistemaren gabeziak ez dira egun batetik bestera desagertuko, kudeaketa eredua aldatu ezean zaintzaren sektorea merkartuaren menpe jarritauko dutelako. Beraz, lorpenengatik pozik egon gaitezen eta indarrak har ditzagun zaintza duinak lortzeko borrokak luze iraungo duelako #ErresidentziakBorrokan

Testua gure kide Alba Fatuarterena da, hona hemen, gazteleraz, Oskar Matute Alternatibaren bozeramaileak eginiko bideoa.

Bilbao Bizkaia Museoak-eko Komunikazio lanpostua esleitzeko prozesua bertan behera uzteari uko egin diote EAJk eta PSOEk, iruzur zantzu handiak egon arren

“Frogak ditugu neurrira egindako prozesua izan dela. Hori ez da batere justua eskaintzara aurkeztu diren beste 126 pertsonekin”, esan du Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek. 

EH Bilduk oso mozio zuzena eraman du gaurko Osoko Bilkurara: Euskal Museoan komunikazio teknikaria aukeratzeko egindako prozesua errepikatzea. Iruzur zantzu handiak egon arren EAJk eta PSOEk prozesu errepikatzearen kontra bozkatu dute. Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko komunikazio arloko pertsonal teknikoa kontratatzeko prozesuari buruz informa jasotzeko asmoz, EHBildu udal taldeak eskatuta, urriaren 5ean egindako agerraldian, hainbat gabezia azaleratu ziren, bai Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko Administrazio Kontseiluak onartutako oinarriei dagokionez, zein Campo Ochandiano enpresak burututako aukeraketa prozesuari dagokionez ere.

Honen aurrean, eta kontuan izanda Bilbao Bizkaia Museoak sektore publikoan kokatzen dela, – menpekoak diren bi Administrazio Publikoek, hau da, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, parte-hartze bera dute horietan-, EHBildu Udal taldeak eskatzen du aukeraketa prozesu hau errepikatu dadin, administrazio publikoan ezartzen diren irizpide berdinekin, publizitate, berdintasun, konkurrentzia, gardentasun eta diskriminazio eza bermatuz.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak bere militante borrokalarienaren heriotza deitoratzen du, Hector Prieto Aretxabaletako zinegotzia

Atzo, urriaren 26an, albiste lazgarria jaso genuen, Hector Prieto Rosado Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu zinegotziaren heriotzarena. Galera mingarria, Euskal Herria justu eta solidarioago baten aldeko borrokan izan dugun militante borrokalarienaren umezurtz utzi gaituelako. Gaztea bazen ere, beste inork ez bezala jakin izan du bizitzaren minutu bakoitzari zukua ateratzen, mundua hobea eraikitzea iparrorratz zuela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak galera honek eragindako samina adierazi nahi du, eta bere senide, Pepi Rosado eta Jose Ramon Prieto gurasoei bereziki, eta hurbilekoei dolumina agertu nahi die. Haiekin guztiekin partekatzen dugu Hector ezagutu izanaren harrotasuna, eta bere bizitzari aurre egiteko moduaz zipriztindu izana. Oztopo handia jarri zion patuak, endekapenezko gaixotasun bat hain zuzen ere, baina ausardiaz egin zion aurre eta muga fisikoen gainetik, kezkaz beteriko adimen iraultzaileak hegan egiteko gai izan zen.

Hectorrek betidanik maitatu izan zuen historia, argi zuen iragana ezagutu ezean, akats berdinak errepikatzeko joera duela gizateriak. Zailtasunak zailtasun, eremu honetan ikasketak egitea lortu zuen, lizentziatura eta master bat eginda, baina baita ere bere ideia eta idazkiak hainbat blogetan jasoz. Babeslekua zen historia harentzat eta, maiz, lerro batzuk eskaintzen zizkien Buenaventura Durruti, James Connolly edota hainbeste estimatzen zuen Ernesto Che Guevara komandanteari.

Ezkerreko militante gisa, pertsona guztiak duintasunez eta elkarri kontra egin gabe biziko ziren mundua zuen amets. Eta bere harri-koskorra jarri zuen helburu horretan, Alternatiban militatzen eta harago ere joanda, izan ere, 2015eko udal hauteskundeetan Aretxabaletako EH Bilduren zerrendetan parte hartu zuen, herritarren babesari esker, zinegotzi atera zela.

Gazte joan zaigu, 34 urterekin, baina medikuen aurreikuspen guztiak gaindituta eta, batez ere, bere bidea zentzuaz eta konpromisoaz jantzita. Hector joan zaigu, baina bere eredua utzi digu, inoiz aipatu zuen Hellen Keller idazle eta aktibista itsu eta gorraren aipua egi bilakatu baitzuen: “Ezin diozu zure buruari onartu arrastaka joatea gogoak hegan egiteko eskatzen dizunean”.

Sit tibi terra levis Hector, agur eta ohore.

Alternatibako Koordinakunde Nazionala

Euskal Herria, 2017ko urriaren 27an

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala Mariano Rajoyk Kataluniako herriaren eta demokraziaren kontra emandako kolpearen aurrean

1. Irmotasunez salatzen dugu Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako kolpe faxista, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarrita demokraziaren, Kataluniako erakundeen eta, batez ere, Kataluniako herritarren aurka egin dutelako.

2. Gure elkartasun osoa Kataluniako herria duin eta antolatuari, hasieratik izan delako prozesu baketsu eta demokratiko baten protagonista, iragan urriaren 1ean erreferendumarekin burutu zutena Kataluniako Errepublika sortzeko azkan urratsa eginda, estatuaren errepresioaren gainetik ere.

3. Iruditzen zaigu 78ko erregimenak eta hari eusten dion bipartidismoak pauso kualitatiboa eman duela bide zapaltzaile, antidemokratiko eta eskubide urratzaileetan Kataluniako autonomia bertan behera utzita, bere karguak kenduta eta bere burujabetza Madrilera eramanda. Funtsean, egungo parlamentuaren bosgarren indar politikoak gobernatuko du Katalunia.

4. PSOEk bere babesa eta bermea eman dio demokraziaren aurkako kolpeari, argi erakutsita harentzat Espainiako Erresumaren lurralde batasunaren ideia frankista eskubide eta askatasun demokratikoen gainetik dagoela. Horregatik, Kataluniako herriaren eta erakundeekin elkartasunean baina, batez ere, oinarrizko printzipio demokratikoak aintzat hartuta, PNVri eskatzen diogu, batetik, Madrilen PPren gobernuari ematen dion babesa bertan behera uzteko eta, bestetik, EAEko erakunde guztietan PSErekin dituen gobernu akordioak hautsi ditzala.

5. Deitoragarria deritzogu estatuko ezkerrak Kataluniako prozesu subiranistaren aurrean eta, bereziki, Rajoyren gobernuaren neurri errepresiboen aurrean erakutsitako jarrerari. Entzungor azaldu dira 78ko erregimenak izan duen erronka nagusiaren aurrean, kolokan jarri duen bakarra eta, era berean, haientzat ere estatu justuago bat eraikitzeko aukera izan dena. Aukera hori baliatzeari uko egin diote, Espainiaren batasun zatiezinarekin bat egiteko, herrien erabakitzeko eskubidearen gainetik.

6. Euskal gizarteari dei egiten diogu Kataluniako herriarekiko elkartasuna ager dezan; ez bakarrik hein handi batean bere borroka partekatzen duelako baizik eta, 155. artikuluarekin estatuak Kataluniara zabaldu nahi dituelako Euskal Herrian aspaldi entsegatu zituen jarduerak: alderdiak legez kanpo uztea, ideia politikoen jazarpena, komunikabideen zentsura edota inongo deliturik gabe jendea atxilotzea. Jokoan daudenak ez dira bakarrik katalanen eskubide eta askatasunak, baizik eta Frankismoa inongo konplexurik gabe berpiztu dutenen gobernupean gauden guztionak.

7. Euskal erakunde guztiei eskatzen diegu beren elkartasun instituzionala ager dezatela Kataluniarekin eta hango herritarrekin, besteak beste, Europari eta nazioarteko instituzioei begirako mozioak onartzeko, Kataluniako herritarren eta bere eskubide zein askatasunen alde parte har dezatela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala

Euskal Herrian, 2017ko urriaren 21ean

La imagen puede contener: texto

Estarrona: «Aniztasuna defendatzen duela esan baina gero 155. artikulua aplikatzen duen alderdi batekin gobernatzen du PNVk»

Josu Estarrona Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, onartezina da Turismo Saileko kabinete zuzendaria Kataluniako autonomia interbenitzearen alde agertzea, lehendakariak zehaztutako Jaurlaritzaren iritzi ofizialaren aurka.

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kabinete zuzendari Andoni Unzalu berehala kargutik ken dezala exijitu dio Jaurlaritzari, Euskadi Irratian Konstituzio espainolaren 155. artikulua Katalunian aplikatzearen eta hango autonomia bertan behera uztearen alde agertu izanagatik. Estarronaren aburuz, 155. artikuluaren defentsa egitea ez da bateragarria Lakuan goi mailako kargu bat betetzearekin, iritzi hori lehendakariak berak gaur bertan berretsi duen Jaurlaritzaren posizio ofizialaren aurkakoa delako. Are gehiago, Lakuako bozeramailearen erantzunak arrazoia eman dio, berez, Estarronari, ezagutzera eman baitu Etika Publikorako Batzordearen ebazpen batek argi utzi duela Unzalu bezalako goi kargu batek ez duela adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik hedabideetan.

Estarronak salatu du Jaurlaritzako kide bat 155. artikuluaren aplikazioaren eta autonomiak interbenitzearen alde agertu izana, eta, ildo horri jarraituz, EAJri egotzi dio “PSE gobernukide izatea, nazio aniztasuna defendatzen duela esaten duen baina gero di-da batean 155. artikulua aplikatzen duen alderdi batekin gobernatzea”.

EH Bildu

Alternatibak Eisenstein-en ‘Urria’ filmaren proiekzioak antolatu ditu Gipuzkoako hiri nagusietan

Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena dela eta, Alternatibak munduko historia aldatuko zuen gertaera horren gaineko ekitaldiak antolatu ditu URRIA (Eisenstein, 1927) filma proiektatuz Gipuzkoako hiri nagusietan. Lehen emalandia gaur izango da, Irunen, eta hurrengoak Errenteria-Oreretan (24, asteartea), Arrasaten (25, asteazkena), Donostian (26, osteguna) eta Eibarren (31, asteartea) izango dira. Filmaren ostean, Joxemari Carrere idazle eta ipuin-kontalariak gidatutako solasaldiak egingo dira.

Urriko Iraultzaren hamargarren urteurrenaren harira, Sergei Eisenstein zinegileak gertaera haiek berregin zituen film honetan. Errusiako Iraultzak munduko historia aldatu zuen, jendartearen aldaketarako bidean eta mundu justuago baten bilaketan, ezkerreko jendearentzat erreferentzia eta ikasbidea bihurtuz. XIX. mendean emandako askatasunaren aldeko iraultzen ondorengoa dugu, Pariseko Komunaren (1871) esperientzia esaterako.

Iraultza sozialisten lehertzearen zergatiak eta garapenak eztabaidagai izan dira beti ezkerraren baitan. Errusiako Iraultza beraren lehenengo fasea eta geroago Sobiet Batasunak Stalinen gidaritzapean izandako garapen odoltsua, kritikoen hiketekin eta errepresioaren aurrean ezker mugimenduaren baitan eztabaida luzeak eta zatiketen eragile izan zen. Geroago beste iraultzak etorri ziren, Kuban eta Nikaraguan esaterako, guztiak boterearen hartzea armen bidez izan zirenak, horiek ere hamaika eztabaida bide zabaldu izan dituztenak.

Sobietar Iraultza lehertu zenetik 100 urteko tarte historikoa eman da; URRIA filmaren aitzakiarekin Alternatibak gizarte berri baterako bide horretaz gogoeta proposatzen dugu, gizarte justuago, askeago eta pertsonen berdintasunean oinarritutakoa lor dezagun.

U19 IRUN Kabigorri 19:30

U24 ERRENTERIA-ORERETA Mikelazulo 18:30

U25 ARRASATE Jai-zale 18:30

U26 DONOSTIA Alternatibaren egoitza 18:30

U31 EIBAR Portalea 19:00

 

Nazioarteko eragileon bisita erreferendumaren egunean

Ayem Oskoz – Alternatiba

Kataluniako Erreferendumaren harira CIEMEN erakundeak antolaturiko ordekaritza internazionalistan parte hartu zuen Alternatibak joan den asteburuan. Tartean Galiza, Valentzia, Balearrak, Kolonbia eta Euskal Herriko kideok osatu genuen taldea.

Harrera Institut del Teatren egin ziguten larunbateean, bertan Espainiako estatuko ordezkari ezberdinek parte hartu zuten hizketaldi labur bat eginez, Andaluziatik, Asturiasetik eta baita ere Europako beste herri batzuetatik ere, Eskozia, Flandria eta Frantziatik kasu.

Gauean Bartzelonako Sants auzoko eskola bat bisitatu genuen. Igandean bozkatzeko tokia izango zela, ostiral gauetik ekimen ugari antolatu zituzten. Azaldu zigutenez, guraso elkartetik eta bere seme-alabekin batera, eskolaren 50. urteurrena espatzen ari ziren, beste eskoletan udazkeneko jaialdia antolatu zen bitartean. Jaialdi hauek baimenduta zeuden eta 48 orduz eskola barruan ekimenak egitea ahalbidetzen zuen.

Igande goizean, eskolen aurrean goizeko 5:00etan kontzentrazioak deiturik zeuden bozka eskubidea defendatzeko, adibidez Nou Barris-ko eskola batean (azkeneko hauteskundetan Ciudadanosek irabazi zuen han) ehun pertsona inguru zeuden goizeko ordu txikitan asanblada eginez; lasaitasunez eta poliziaren mehatxuei aurre eginda.

Badalonan pasa genuen goiza, eskolaz eskola. Horietan guztietan ehunka lagun ikusi ahal izan genuen bozkatzeko hilara egiten, adin guzti-guztietakoak, txalo zaparrada artean jaso gintuzten, benetan momentu hunkigarria izan zen, eskerrik asko Catalunyako herriari egin ziguten harreragatik. Goizeko 9:00etarako han zeuden, boto paperak, ahaldunak eta hautsontzi famatuak.

Badalonako alkateak ere hartu gintuen denbora laburrez. Hango bots eskola bisitatu genituen, nahiz eta arazoak zituzten, Guardia Zibilak sarea blokeatzen zuelako. Hala ere, oro har bozketa mantxo baina aurrera zioala baieztatu zigun. Halakoetan geundela, Batzelonan jasaten ari ziren zapalkuntzaren irudi bortitzak jasotzen hasi ginen.

Igande arratsaldean Bartzelonara itzuli eta Catalunya Radioko zuzendaritzarekin bilera egin genuen (Saul Gordillo eta Rita Marzoa), bertan Catalunya Radio judizialdki nola jazartzen ari ziren esplikatu ziguten. Eta erreferendum honen berezitasun nagusiari buruz hitz egiten aritu ginen hau da, auto-antolakuntza, sare lana, erreferendum hau herriak egin du, ez instituzioek alegia.

Handik Eixample aldera jo genuen eskola gehiago bisitatzera; jende mordoa zegoen bozkatzen, goizeko errepresioak, beldurra baino, gehiago bozkatzeko gogoak areagotu zituen.

Argi dugu Catalunyan ez dagoela batzuek astintzen duten haustura soziala. Jardunaldia guztiz paketsua izan zen herritarren partetik, haustura bat egon bazen Espainako poliziak eragindako biolentziarena izan zen, zentzu horretan espainako gobernuaren eta bere indar armatu polizialen portaera salatu besterik ez zaigu geratzen, baina jakin dezatela urriaren 1ean Catalunyako herriak irabazi egin zuela, eta Espainako gobernu faxistak jakin dezala oraingoan ez dutela ez konbentzituko ezta irabaziko ere, nahiz eta indar basatia soberan eduki.

Gure elkartasun eta miresmen guztia Catalunyako herriarentzat, mila esker eman diguzuen irakaspenarengatik. Azkenik eskerrak ematea CIEMENeko kideei egin duten izugarrizko lanarengatik eta haiengandik jaso dugun tratu eta atentzioagatik.

http://alternatiba.net/old-files/Catalunya000 (1).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Catalunya000 (2).jpeg

http://alternatiba.net/old-files/Catalunya000 (3).jpeg

Alternatibak Kataluniako herriaren duintasun eta demokrazia irakaspena txalotu du

Alternatibaren ordezkaritza zabal batek aukera paregabea izan zuen Katalunian, bertatik bertara, urriaren 1eko galdeketa bizitzeko. Herritarrak zoriondu nahi ditugu, hautetsontzietan garaipen garrantzitsua lortuta, prozesua arrakastaz burutu dutelako. Baina beste edozeren gainetik, garaipen hori lortzeko guztia eman duten milaka eta milaka lagunen balioa azpimarratu nahi dugu, oztopoei, mehatxuei, debekuei eta okupazio polizialari aurre eginda lortu dutelako. Kataluniako emakumeek eta gizonek, antolakuntza, ausardia, erresistentzia eta, azken batean, duintasun eta demokrazia irakaspen handia eman digute.

Galdeketaren bezperan bidea abiatu zuten eragile sozialetako batzuekin bildu ginen, eta ikaragarria zen nolako lasaitasunez hitz egiten zuten ikustea. Irailaren 20an emandako eskubide zibilen urraketa larrien ostean ere, eman beharreko pausuen gainean zalantzarik ez zuten. Eta azkenean, garaipen bila indarra bakarrik baliatu duen Espainiako gobernuaren aurrean, Kataluniako subiranistek gehiengoa konbentzitzea lortu eta irabazi dute.

Egoera honen aurrean, estatuko ezkerrak hitz egin behar du. Rajoy, Sanchez eta Riverak osatutako bloke eskuindarraren aurrean, Espainiako ezkerrak PSOEren ispiluan begiratu beharko luke, bere diskurtsoa zertan desberdintzen den ikusteko. Bere konponbide bakarra Katalunia, Euskal Herria eta beste herrien burujabetza eskakizunen aurrean, erregimenaren zutoin bat beste batekin aldatzean datza. Eta hori ez bazen nahikoa urriaren 1a baino lehen, are gutxiago egun historiko horren ostean.

Euskal Herritik, elkartasun elkarretaratzeetan protestan aritu diren milaka lagunen papera azpimarratu beharra dugu, baita Kataluniara galdeketa normaltasunez eman zedin lanera joandakoen lana ere, suhiltzaileena barne. Kataluniak behar eta espero zuen elkartasunaren mailan ibili da Euskal Herria, Urkulluren jarrera lotsagabea konpentsatzeko nahikoa izan ote den zalantza dugun arren. Erronka, beraz, herritarrak mugitzea eta euskal prozesu baten motore bilakatzea da.

Datozen egunak berebiziko garrantzia izango dute Kataluniarentzat, horregatik dei egiten diogu euskal gizarteari kalean jarraitzeko, elkartasun keinuak oraindik ere beharrezkoak izango direlako, gaurkoan kasu, katalanek deitutako greba orokorraren harira.

https://pbs.twimg.com/media/DLH-R1ZX0AA-0Gs.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DLH_xlTXUAAdJFX.jpg

https://pbs.twimg.com/media/DLC1xNHXcAA9VZ3.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/v/t31.0-8/22104316_1885861064764534_6585714975521948290_o.jpg?oh=77ee198ee2e238fa504f89a2a55c3a55&oe=5A868961

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/v/t31.0-8/22137068_1885861544764486_1014178008517547484_o.jpg?oh=2a09c09567ca5f2fe10170ed6e7918b1&oe=5A497F6F

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/v/t31.0-8/22137111_1885861761431131_3274827664888887446_o.jpg?oh=0e850c09843b4ae5587382036452da67&oe=5A3E4EF7

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/v/t1.0-9/22089790_1885861078097866_4641199511732698206_n.jpg?oh=1675e278d2e80b43809def096788507d&oe=5A796287

Kataluniarekin eta gure erabakitzeko eskubidearen alde

Euskal Herriko Fundazio Soberanistok bat egiten dugu urriaren batekoan burutuko den ariketa demokratikoarekin, erreferendumarekin. Honetan parte hartzeko deia luzatu nahi genuke, bakoitzak bere esparrutik. Dokumentu honen sinatzaile garen Fundaziook CIEMEN elkarteak gonbidaturik delegazioa bidaliko dugu egun horietan Bartzelonara.

1: Euskal Herriko Fundazio Soberanistok kezka handiz ikusten dugu espainiar estatua herritar katalanen erabakitzeko eskubidearen kontra bideratzen ari den eraso zital erraldoia. Onartezina da errepresioa baliatzea herri baten demokrazia gogoaren aurka. Eredugarria da Kataluniar Herriak jazarpenaren aurrean duen jarrera irmo, baketsu eta arduratsua.

2: Kataluniak demokratikoki erabaki nahi du bere etorkizuna eta espainiar estatuak indarrez ukatzen dio. Prozesua guztiz zilegi eta garbia izan da. Gauzak horrela, ezinbestekoa da demokrata, ezkertiar edota aurrerakoi guziontzat burujabetze demokratikoarekin eta, era berezian, urriaren bateko erreferendumaz bat egitea. Halaber, demokrata eta ezkertiar gisa, herri burujabetza ariketa eratzaile etengabe bezala ulertzen dugu, herriak une jakin baten ez ezik, etengabe gauzatu behar duena. Hain zuzen ere, bizitzaren esparru guztietan eredu justu, duina eta bizigarria eraikitzeko ahalmen demokratikoa da guretzat burujabetza, dena erabakitzeko aukera ematen duena, eta horrela ulertzen dugu bere defentsa ere.

3: Katalunian lehertzen ari da 1978ko erregimena, autonomien erregimena, gurean ere aspaldi agorturik dagoena. Iritsi da, gauzak honela, espainiar estatuaren aldaketaren ezintasun estrategikoaz jabetzeko garaia. Sakoneko demokraziarik nahi duen orok, neoliberalismoari aurre egiteko bideak ireki nahi dituen orok jakin badaki dagoeneko herrien burujabetza dela aukera bakarra. Guk, gurean, hala ikusten dugu eta konpromisoa hartzen dugu euskal burujabetze prozesu propioa elkarrekin bultzatzeko, gure herriaren jardueran zentratuta, beste inoren baimenik itxoin gabe, beste inorekiko itunaren fantasian lotu gabe. Gogoeta ideologiko eta estrategikoan aritzen garen elkarte gisa, gure ahaleginak biderkatuko ditugu burujabetze jardueran ekarpen sendoak egiteko.

4: Elkartasun mezu beroa bidali nahi diogu Kataluniako herriari une garrantzitsu honetan. Ohore bat da CIEMEN elkartearen gonbidapena jaso izana eta Bartzelonan izango gara gu ere urriaren batean, Kataluniaren eta Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu eta oinarrizko eskubideak defendatzeko.

Manu Robles Arangiz Institutua , Alkartasuna Fundazioa, Ipar-Hegoa Fundazioa, Kultur Alternatiba eta Iratzar Fundazioa

Euskal Herria, 2017ko irailaren 28a

Alternatibak bere formakuntza politikorako eskola Emancipatibari berrekingo dio Juan Hernandezekin Internazionalismoa hizpide

Gogoratuko duzuenez, Alternatibaren eztabaida eta formakuntza politikorako eskola dugu Emancipatiba; militante eta zaleei begirako egitaraua da, feminismoa, ekologismoa, sozialismoa, errotiko demokrazia, internazionalismoa eta normalizazio politikoan ezagutza komunak eskaintzeko asmoa duena.

Saio honetan INTERNAZIONALISMOA jorratuko dugu eta, aurreneko hizlaria Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasle, Herrien Auzitegi Irakunkorreko kide eta OMALeko ikertzailea izango dugu. Nazioarteko egungo testuinguruaz ariko da.

Hiruhileko honetan beste bi saio izango ditugu, internazionalismoaren oinarrizko edukietan sakontzeko eta, azkenik, kolektibo internazionalista desberdinen esperientziak aztertzeko. Momentuz, hilaren 29an, ostirala, izango gaituzue zain Alternatibaren Bilboko egoitzan (Casilla Plaza 6, behealdea). Etorriko zaretela baieztatzeko, admin@alternatiba.net helbidera idatzi.

X