Alternatibako Mahai Internazionalistako bozeramaile Diana Urreak ontzat eman du Gazako Zerrendan hitzartutako su etena “50 egun eta 50 gau iraun ditun erasoaldi desorekatu bati amaiera ematen diolako, milaka emakume, gizon eta ume bonbardatu eta sarraskitu dituena, Israelgo Estatuaren okupazioa hasi zenetik bere lurraldeen askatasuna aldarrikatu duen herri baten eskubideak modu sistematikoan urratuz”.
Aldi berean, Urreak Israelen ‘behin-betiko’ su eten delako hori “engainagarritzat jo du” hain zuzen “aurreko menia guztiak hautsi dituenean”. Horrexegatik, “estatu genozida honi adi kasu egitearen beharra” azpimarratu du, “bere helburu bakarra kolonizazio hedapen proiektuarekin aurrera egitea eta herri palestinarra ezabatzea delako”.
Egoera honen aurrean, Alternatibatik “nazioarteko herrialdeen isiltasun konplizea” salatu nahi izan dute, beste behin ere, “neurri honetako genozidio baten aurrean ezikusiarena egin dutelako”. Hau dela eta, alderdi ezkertiarretik Euskal Herriko jendarteari zein munduko herri solidario guztiei dei egin diete “Palestinaren askatasuna aldarrikatzen eta BDS mugimenduaren boikot kanpaina babesten jarrai dezatela, Palestinako herriaren oinarrizko eskubideak behin eta berriro zapaltzen dituen apartheid sistema honekin behingoz buka dezagun”.
Joan den abuztuaren 15ean Cristina Uriarte andereak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak parte hartu zuen alarde baztertzailea antolatzen duen elkarte pribatuaren egoitzaren estreinaldiko ekitaldian. Gogoratu behar dugu elkarte hori, “Alarde Fundazioa Hondarribia” legeztatu gabe geratu zela emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna urratzen zuelako.
Euskal Herria Bildu koalizioak lotsagarri jotzen du EAJk eta Urkulluren Jaurlaritzak alarde baztertzailearen antolatzaileei ematen dien babesa. Hau da, bere garaian berdintasunaren printzipioa betetzen ez zuelako legeztatu gabe geratu zen elkartea babesteagatik. Lotsagarria.
Hondarribiko alkate jeltzalearen jarrera ezagutzen genuen. Orain, berriz ere, Jokin Bildarratz, EAJko senatariaren adierazpenek agerian uzten dute EAJren konplizitatea alarde baztertzailearen antolatzaileekin.
Edozein kasutan, gure ustez, larriena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren jarrera eta inplikazioa da. Ezin onar daiteke Jaurlaritzaren sailburu garrantzitsuenetariko batek emakumeak baztertzen dituzten taldeak babestea.
Egoera honen aurrean, EHBilduk Cristina Uriarte anderearen agerraldia eskatuko du Gasteizko Legebiltzarrean bere jarduerak eta jarrerak azal ditzan: Zergatik babesten duen emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioa urratzen duen elkarte pribatua? eta zergatik ez du defendatzen emakumeen parte hartzea gizonezkoekiko berdintasunez, alarde bakarrean, publikoan eta ez baztertzailean?
EAJk emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna defendatu beharko luke. Lan munduan, politikan, jendartean eta baita jaietan ere. Horregatik, Jaurlaritzako kontseilariei exijitzen diegu berdintasuna urratzen dutenei babesik ez ematea. Aldiz, berdintasunaren alde egunero lanean dihardutenak babesteko eta laguntzeko eskatzen diegu.
Bukatzeko, beste behin ere, gure babesa adierazi nahi diegu emakumeen bazterketarik gabeko jai herrikoi eta demokratikoen alde lan txalogarrian aritzen diren pertsona guztiei. Eta hemendik, Uriarte Anderea hurbileko etorkizunean berdina egitera premiatzen dugu.
Azken hilabetean zehar 1.800 palestinar baino gehiago hil eta 7.000tik gora zauritu ditu Israelen armadak Gazan buruturiko erasoak.
Sarraski honen aurrean, Palestinarekiko elkartasuna biderkatzeko deia luzatu nahi die EH Bilduk herritarrei, horretarako aukera ezberdinak baliatuz:
1. Ekarpena egin: Ekarpen material edo ekonomikoa egiteko deia luzatzen dugu, herri palestinarraren alde antolatzen diren ekimen ezberdinen bitartez. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako udalak material kirurgikoa erosteko zabaldutako deialdia babestera dei egiten du EH Bilduk. Hortaz gain, Madrilgo palestinar enbaxadak martxan jarritako material bilketan parte hartzeko deia ere luzatzen du EH Bilduk.
2. Boikota: Israelen ekoizturiko produktuak edo israeldar koloniak inbertsio bitartez babesten dituzten enpresen produkturik ez erosteko deia egiten dugu.
3. Mobilizazioetan parte hartu, elkartasuna adierazi: Mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Gure elkartasuna adierazi behar diogu herri palestinarrari eta Israeleko estatuaren jarduna babesten dutenei argi eta garbi utzi behar diegu herri palestinarraren eskubideen aurkako erasoa ez dela onargarria.
4. Israelekin harreman normalizaturik ez: Azken urteotan asko dira Israelekin harreman normalizatuak ezarri dituzten erakunde eta instituzioak, horietarik batzuk Euskal Herrian. Israelek ez ditu Giza Eskubideak eta nazioarteko legedia betetzen, horrela egin artean ez dezagun garatu harreman normalizaturik Israeleko estatuarekin. EH Bilduk Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari harreman diplomatikoak etetea eskatu die.
ISIL taldea, Ekialde Hurbilean, egun hauetan, komunitate etniko eta erlijioso desberdinen aurka aurrera eramaten ari den ofentsibaren aurrean, EHBilduk ondorengoa adierazi nahi du:
Kurdistandik, erregio honetako gutxiengoen genozidio arriskuaren inguruan helarazten ari zaizkigun berriak direla eta zeharo kezkatuta gaude.
Egun hauetan, Irak iparraldeko nahiz Kurdistan hegoaldeko kristau, asiriar, ezidi, chiita eta aluitar komunitateak ISILen jazarpen sektario eta totalitarioaren biktima izaten ari dira.
Arrazoi horregatik, milaka zibil erailak izan dira eta milaka emakume bortxatuak eta esklabo gisa salduak izan dira. Era berean, 40.000 pertsona baino gehiagok (Turkomanoak, ezidi kurdutarrak) Shengal mendian errefuxiatu beharrean aurkitu dira. Bertan ez dute ez urik ez elikagairik, hamarnaka lagun hiltzeko arrazoia izan da. Kurduar gerrilla hauek babestera hurbildu badira ere, ISILen ofentsibak aurrera darrai komunitate hauen aurka.
Horregatik, EH Bilduk:
1.- Ofentsiba hau jasaten ari diren herri nahiz komunitateei elkartasun agur bat helarazten die.
2.- Indar kurduek, desberdintasunen gainekin, kurduen nahiz bestelako gutxiengo ez kurduen giza eskubideen defentsan elkarrekin joateko egin duten esfortzua agurtzen du.
3.- Hego Kurdistango Gobernu Erregional Kurduarren autoritateek nahiz oro har indar kurduek errefuxiatu guztiak (kristau, asirio, ezidi, chiita, alauita eta turkomanoak) jasotzeko eta babesteko azaldutako disposizioa aitortu eta eskertzen du
4.- Nazioarteko komunitateak errefuxiatuak babestu eta hauei laguntza eskaintzeko deia egiten du
5.- Gure babes osoa adierazten diegu milizia kurdu eta Gobernu Erregional Kurduari giza eskubideen defentsan betetzen ari den funtzioetan.
Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko kideak agerraldia egin du gaur Donostian, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan gertatutako azken gorabeherak baloratu eta Jaurlitzari proiektua geldiaraztea eskatzeko.
Sindikatuek eta hainbat komunikabidek egunotan zabaldutako informazioen arabera, Eusko Jaurlaritzak aurrera doa inora doan trena eraikitzeko helburuan. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren helmuga bakarra diru publikoa xahutzearena dirudi. Guztion dirua, krisiaren ondorioak pairatzen dituzten milaka lagunen onurako erabili beharko litzatekeen dirua
Dagoeneko, ez Lakuak ezta Oregiren sailak, ez dakite zertan amaituko den AHTren abentura; gogora dezagun, guztiok ordaindu beharreko abentura dela. Eta horrexegatik, EH Bildutik obretan ematen diren istripu zein garestitze guztiak salatzen jarraituko dugu.
Gauza biak gertatu dira, berriz ere, Zumarragako tuneleko lanetan. Trenbidearen zati hau proiektuaren eredugarri bihurtu nahi dute baina kaosaren eta diru xahuketaren eredugarri izateko bidean dago.
Azken berriek diote tuneleko obrak, gutxienez, beste lau hilabetez luzatuko direla gertatu berri diren lurjausien ondorioz. Ez dakigu, gainera, istripu berri honek langileak arriskuan jarri dituen. Izan ere, AHTren obrak hasi zirenetik, gutxienez, sei izan dira lanean hildakoak eta dozenaka zaurituak.
Trenbidearen zati honetako metro bakoitzak 35 mila euroko kostua dauka. Horiek dira herritarrentzat datu eskandalagarriak, eta ez alkate arrazista batek egin ahal dituen adierazpen faltsuak. Eta badirudi, ibilbidearen zati hau diru publikoa irentsiko duen putzu handia dela, proiektua osoa bezala, guztira 5.000 milioi euroko kostua izango baitu, gero eta gehiago garestitzen ari dela ahaztu gabe. Zati honengatik gainera, salaketa aurkeztu da Lan ikuskaritzan, tunelaren azken 500 metroko tartea erabat geldirik dagoelako.
Eta hau gertatzen ari da, osasun sistemako sindikatuek Lehen Arretan eta ospitaleetako oheetan murrizketak egin direla salatu dutenean. Osakidetzak ukatu egin du hala denik, baina benetako datuen berri dugunean onartu beharko dute, dagoeneko jakin baitugu ekainetik uztailera ia 500 ohe murriztu zituztela Autonomia Erkidegoko ospitaleetan.
Gogoratu behar dugu AHTren inguruan emandako eskandaluetako bat besterik ez dela hau: Gain-kostu izugarriak, jaurlaritzak babestutako hormigoi lantegi ilegalak, inoiz erabiliko ez dituzten trenbide zatiak, lan baldintza kaskarrak obretan Ikuskaritzak beste alde batera begiratzen duela eta abar luze bat
Guzti horregatik, berriz ere diogu Urkulluren gobernuak inora ez doan proiektu zoro hau gelditu behar duela, horretarako berehalako moratoria ezarrita. Aski da herritarren dirua xahutzeari ergelkeria politikoaren monumentua bilakatu den trenean, bitartean euskal gizartearen duintasuna eta eskubideak, hamarkada luzeko borrokaren ostean lortutakoak, galtzen diren bitartean. Pentsa dezagun nora doan proiektua eta herritarrek erabaki dezatela zer egin.
EHBilduk hurrengo ikasturteari begira bere plangintza eta programa osatzeko parte hartze prozesu bat jarri du abian. Ekimen honekin herritarrei eta batez ere haien iritziari eta eguneroko politikagintzako parte-hartzeari garrantzi berezia eman nahi diogu. Horregatik, parte-hartze prozesu irekia abian jarri dugu. Irailaren 6an ekitaldia egingo dugu, ikasturterako plangintza eta programaren lerro nagusiak zehaztuz.
EHBilduren oinarri ideologiko nagusietako bat da politika egiteko bestelako eredu berri bat indarrean jartzea: herritarrengandik eta eragile sozialengandik hurbila, haien iritzia entzun eta aintzat hartzen duena, arreta haien benetako interesetan jartzen duena… Azken finean, herritarrak eta haien beharrak eta interesak dira gure eguneroko jardun politikoaren ardatza. Besteak beste, horretarako jaio ginen eta etorri ginen taula politikora. EHBilduk herritarrekin eta herritarrentzat egin nahi dugu politika. Politikan aritzeko beste modurik ez dugu ulertzen.
Esan dugun bezala, hurrengo ikasturte politikoari begira EH Bildutik beste urrats bat eman nahi dugu zentzu horretan, eta urteko plan politikoaren plangintza gure oinarri sozialarekin eta herritar ororekin batera prestatu nahi dugu.
Komunikaziorako tresna berriek eskaintzen dituzten abantailak erabiliko ditugu horretarako, eta EH Bilduren webgunean -www.ehbildu.eus- ere atal berezi bat irekiko dugu. Baina ez gara horretara mugatuko, eta aurrez-aurreko ekarpen, iritzi edo kritika guztiak entzuteko eta aintzat hartzeko prestutasun osoa daukagu. Azken baten, EHBilduren ateak oraindik eta gehiago zabalduko dizkiegu herritarrei eta eragile sozialei.
Egin nahi dugun auzolan horretarako sarbide nagusia, esan bezala, koalizioak bere webgunean jarriko duen atal berezia da. Bertan egin ahal izango du bere ekarpena nahi duen orok. Ekarpenak modu eraginkorragoan egin eta biltzeko asmoarekin, atal berezituak jarriko ditugu bertan: euskara, hezkuntza, burujabetza ekonomikoa, Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren politika ekonomikoak, AHT, Kutxabank eta euskal finantza sistema, alor sozial eta ekonomikoaren eztabaida estrategikoak, tokiko garapena, energia eta elikadura burujabetza, osasungintza, politika feminista, politika egiteko bestelako eredu gardena eta herritarra eta askatasuna eta eskubideak. Modu horretan laburbildu nahi izan ditugu gaiak, baina horrek ez du esan nahi herritarren eta eragileen ekarpenak horretara mugatu behar direnik.
EHBilduren helburua politikagintza egiteko bestelako ereduan oraindik eta gehiago sakontzea delako, egungo eredua goitik behera eraldatuz, edo hobe esanda, behetik gora eraikiz. Politikagintza herritarra eta gardena egin nahi dugulako, herritarren kezkak eta interesak entzun, aintzat hartu eta erabakiguneetara eraman nahi ditugulako. Laburbilduz, politikagintzaren jardunaren ardatza herritarrengan eta haien interesetan jarri nahi dugu, eta ez elite ekonomiko, sozial eta politikoen ezkutuko interesetan. Bide horretan, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman nahi dugu hurrengo hilabeteetan.
Alternatibak bihar, larunbata, Donostian egingo den elkarretaratzean parte hartu eta presoen eskubideak aldarrikatzera deitu du. Boulevardetik 17:00etan aterako den martxa Ibon Fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Aitzol Gogorza Gipuzkoako preso larri gaixotuen askatasuna eskatzeko antolatu dute.
Ezkerreko alderditik gogorarazi dutenez, inoiz ez da arrazoirik egon euskal presoen aurkako salbuespeneko neurriak hartzeko, izan ere, espetxe politika horiek presoen oinarrizko giza eskubideak urratu dituzte. Baina zigorrak, haientzat ez ezik, beren senide eta lagunei ere kalte egin diete, sakabanaketak izan dituen ondorio lazgarriekin edota Badajoz berriki ikusi dugun gertaera larriarekin, kolpe handia hartu zuen preso baten amari anbulantzia ukatu baitzioten presondegiko funtzionarioek.
Eta legearen aurka jokatzeko arrazoirik inoiz egon ez bada, are gutxiago dira gaur egun, ETAk jarduera armatua laga zuenetik urteak pasa direnean, presoen kolektiboak berraskidetzearen urrats irmoak egin dituenean, eragindako minarengatik barkamenak ere eskatu dituela, eta guztiaren gainetik, euskal gizartearen gehiengoak normalizazioaren alde eta urte luze iraun duen gatazka atzean uzteko konpromisoak eskatzen dituenean, pertsona guztien eskubide guztiak berrezarrita.
Alternatibako ordezkariak izango dira biharko martxan, besteak beste, Amaia Agirresarobe bozeramaile nazionala, Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskoz eta Koordinakunde Nazionaleko kide Alba Fatuarte.
Deialdian adierazi bezala, agerraldi honen bidez EH Bilduk babesa adierazi nahi dio larunbat honetan Donostian burutuko den “Preso gaixoak kalera!” lelodun manifestazioari.
Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoei ezartzen ari zaien espetxe politika ankerkeria eta mendekuaren adierazle nagusia da. Mendekuan eta giza eskubideen urraketa sistematikoa oinarri duen espetxe politika ezartzen zaie euskal presoei.
Larriki gaixorik dauden Ibon Fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Aitzol Gogorza preso gipuzkoarren askatasunaren aldeko herri ekimenek deitu dute larunbateko mobilizazioa. EH Bilduk salatu egin nahi diru hiru preso hauek zein gainontzeko gaixo larriek pairatzen duten egoera. Nabarmentzekoa da aste honetan berriro ere Ibon Iparragirre preso ondarrutarra isolamendura zigortu dutela eta Aitzol Gogorzari askatasuna ukatu diotela.
Ankerkeria eta mendekua ez da ordea soilik presoei mugatzen. Senide eta lagunak ditu ere jo puntuan. Horren adibide gordina da Badajozen preso dagoen Igor Gonzalez Solaren amak, Bixenta Solak, istripu baten ondorioz izaniko zauriak artatzeko anbulantzia bat deitzeari uko egin ziotela kartzelariek.
Bada garaia mezu argi bat luzatzeko: Aski da espetxe politika bake eta konponbidearen aurka erabiltzeari. Ez dugu sufrimendu eta krudeltasun gehiagorik normaltasunaren baitan kokatzen utziko. Gaixo diren presoak etxeratu arte ez dugu etsiko. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarri, lehen fasean, eta guztiak kaleratu arte ez dugu atsedenik hartuko.
Hau ez da gure aldarrikapen isolatua, hau euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahia besterik ez da, eta gauzatzeko ordua da. Amaitu dira aitzakiak: gauzatzeko ordua iritsi da.
Horregatik, herritar orori deia luzatzen diogu larunbatean burutuko den manifestazioarekin bat egiteko eta era berean, presoen eskubideen aldeko dinamika zabala biderkatzeko.
Alternatibako bozeramaile Asier Vegak 35/02 auziaren epaia baloratu du, hogei lagun kartzelaratzea ekarriko duena, “bakearen eta normalizazio politikoaren kontrako enegarren erasoa da, gatazkaren mamuari betirako eutsi nahi diotenen eskutik”. Zentzu honetan, Vegak Madrilgo gobernuari galdetu dio “zein helburu jarraitzen duen estatuak kartzelatutako politikarien zerrenda handituz”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak ohartarazi duenez, Euskal Herriak gehiegi pairatu du dagoeneko, “euskal militanteen ehiza arbitrarioa ETAren armagabetzea ematen zen bitartean; Erregimenak espetxe politika gogortzea kalean herritarren gehiengok urratsak eskatzen zituen unean; Espainiako epaitegiek behin eta berriz ukatu diete askatasuna Arnaldo Otegi eta Bateragune auziko gainerakoei, beren delitu bakarra, gaur jakinarazitako zigortuen kasuan bezala, militantzia politikoa eta bide armatuak gainditzearen alde lan egitea denean”.
Hala, Vegaren hitzetan, ehundik gora Herriko Taberna herriei ebatsi eta Karmelo Landa, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez, Floren Aoiz eta zigortutako gainerako buruzagi politikoak “bahitzea gehiegikeria onartezina da. Espainiako erregimena bidegurutze batean dago euskal herritarren aurrean, Espainiako Erresuma deritzon honetan ematen diren eskubide zibil eta politikoen kartzelan jarraitzeko prest ez dagoena”.
Azkenik, Alternatibatik beren elkartasuna adierazi nahi izan diete kondenatutako lagunei zein ezker abertzaleko gainerako militanteei, eta gaurko zein larunbaterako kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin dute, “euskal gizartearen bakerako eta askatasunaren kontrako eraso berri honen aurrean protestatzeko”.
EH Bilduk lortu du Arabako Foru Aldundiak atzera egin eta klausula sozialak sartuz lan batzuetarako lehiaketa publiko berri bat egitea. Pasa den hilabetean EH Bilduk helegite bat aurkeztu zuen lehiaketa publiko hori bertan behera uzteko ez zituelako klausula sozialak jasotzen. Besteak beste, baldintza hauen bitartez lan baldintza duinak eta segurtasuna bermatzea da helburua, baita ingumena zaintzea, berdintasunezko politikak edo edo euskara bultzatzea. Otsailean foru arau hau onartu zenetik lan publikoen kontratazio guztietan araudi hau aplikatu behar da.
Baina handik eta ia bi hilabetetara, maiatzaren 13an, Diputatu Kontseiluak, Mañuetako hondakin urak Eskuernagako arastegira eramateko lanak kontratatzeko lehiaketa publikoa onartu zen. EH Bilduk espedientea aztertu du eta klausula sozialak ez daudela jasota ikusi zuen. Neurri horiekin egun diru publikoarekin finantzatzen diren beste obra publikoetan gertatzen ari diren praktika esklabistak saihestu nahi ziren, besteak beste, Salburuako Gizarte Etxean edo Gasteizko Autobus geltokian.
Hau guztia ikusita, akordio hori berehala bertan behera uztea eskatu zuen EH Bildu helegite horretan. Koalizioaren ustez, akordioa baliogabea zen, kalteak eragin zitzakeen eta ondoren kontratua deuseztatuz gero kalte ordainak ordaindu beharko ziren. Helegitea aurkeztu eta egun gutxietara, Gobernu Kontseiluak aurreko uztailaren 15ean kontratazioa bertan behera uztea eta beste deialdi publiko egitea erabaki zuen. Aste honetan Arabako Buletin Ofizialean lehiaketa publikoaren plegu berriak argitaratu ditu. Oraingoan, bai, klausula sozialak jasota daude
EH Bildutik Luis Salgado biltzarkide eta Alternatibako kideak erabakia txalotu du helburua lortu delako, hau da, langileen lan baldintza duinak bermatzea. Hori bai, herrilan hauek atzeratu egin direla azpimarratu du PP-ren gobernuak burugogorkeriaren ondorioz. Izan ere, Alderdi Popularrak ez zuen foru arau hau babestu baina aplikatu egin behar du.