Alternatibaren adierazpena Kataluniaren kontrako erasoen aurrean

Kataluniako Errepublikako erakundeen ordezkari legitimoen kontrako azken erasoen aurrean, gobernuko zortzi kontseilarien atxiloketa edota alderdiak legez kanpo uzteko mehatxuak, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak honakoa adierazi nahi du:

1. Gure elkartasuna atzo atxilotutako Kataluniako Generalitateko gobernu demokratikoaren ordezkariekin, baita atxilotu nahi dituztenekin eta, noski, duela aste batzuk atxilo sartutako ANC eta Omnuim Cultural mugimendu herritarren ordezkariekin.

2. Era berean, egunotan zabaldutako mehatxu larrietan irakur daitekeen alderdi jakin batzuk legez kanpo uzteko asmoa arbuiatzen dugu, abenduaren 21eko hauteskundeak manipulatzea helburu dutela.

3. Indar demokratiko guztiei dei egiten diegu, errepresioaren aurkako fronte zabala osatzeari begira. Ez gara ari independentismoa babesteaz, baizik eta oinarrizko oinarri demokratikoei eusteaz inolako mugarik gabe eskubideak zapaltzen dituen estatuaren aurrean.

4. Azkenik, Alternatibatik, herritarrei dei egiten diegu, Euskal Herriko kaleak bete daitezela bihar Bilbon eta igandean Iruñean egingo diren manifestazioetan, atxiloketen eta 155. artikuluaren aurrean, eta Kataluniako herriaren alde. Tamalez, ezarritako neurriak (atxiloketa politikoak, alderdiak legez kanpo uztea, hauteskundeetan iruzurra baliatzea, zapalkuntza poliziala…) ez dira ezezagunak herritarren gehiengoarentzat eta, horregatik, are beharrezkoagoa da euskal herritarrek irmo erantzutea atzeraldi demokratikoan murgilduta dagoen estatu ustel bati.

Bizkaiko erresidentzietako langileak zoriondu nahi ditugu, beren borroka luzearen arrakastarengatik

Bi urteko borrokaren ostean, azkenean, irabazi duzue. Nork dio grebak ez duela ezertarako balio? Emakume hauek, oztopoen gainetik eta instituzioen boikotaren gainetik, elkarrekin eta antolakuntzaren bidez, lan hitzarmen duina lortu dute. Zorionak guztiei, egin daitekeela frogatu duzuelako, baina batez ere kapitala eta bizitzaren arteko gatazka mahai gainean jarri duzuelako.

Baina ez dezaegun ahaztu arreta sistemaren gabeziak ez dira egun batetik bestera desagertuko, kudeaketa eredua aldatu ezean zaintzaren sektorea merkartuaren menpe jarritauko dutelako. Beraz, lorpenengatik pozik egon gaitezen eta indarrak har ditzagun zaintza duinak lortzeko borrokak luze iraungo duelako #ErresidentziakBorrokan

Testua gure kide Alba Fatuarterena da, hona hemen, gazteleraz, Oskar Matute Alternatibaren bozeramaileak eginiko bideoa.

Bilbao Bizkaia Museoak-eko Komunikazio lanpostua esleitzeko prozesua bertan behera uzteari uko egin diote EAJk eta PSOEk, iruzur zantzu handiak egon arren

“Frogak ditugu neurrira egindako prozesua izan dela. Hori ez da batere justua eskaintzara aurkeztu diren beste 126 pertsonekin”, esan du Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek. 

EH Bilduk oso mozio zuzena eraman du gaurko Osoko Bilkurara: Euskal Museoan komunikazio teknikaria aukeratzeko egindako prozesua errepikatzea. Iruzur zantzu handiak egon arren EAJk eta PSOEk prozesu errepikatzearen kontra bozkatu dute. Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko komunikazio arloko pertsonal teknikoa kontratatzeko prozesuari buruz informa jasotzeko asmoz, EHBildu udal taldeak eskatuta, urriaren 5ean egindako agerraldian, hainbat gabezia azaleratu ziren, bai Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko Administrazio Kontseiluak onartutako oinarriei dagokionez, zein Campo Ochandiano enpresak burututako aukeraketa prozesuari dagokionez ere.

Honen aurrean, eta kontuan izanda Bilbao Bizkaia Museoak sektore publikoan kokatzen dela, – menpekoak diren bi Administrazio Publikoek, hau da, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, parte-hartze bera dute horietan-, EHBildu Udal taldeak eskatzen du aukeraketa prozesu hau errepikatu dadin, administrazio publikoan ezartzen diren irizpide berdinekin, publizitate, berdintasun, konkurrentzia, gardentasun eta diskriminazio eza bermatuz.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak bere militante borrokalarienaren heriotza deitoratzen du, Hector Prieto Aretxabaletako zinegotzia

Atzo, urriaren 26an, albiste lazgarria jaso genuen, Hector Prieto Rosado Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu zinegotziaren heriotzarena. Galera mingarria, Euskal Herria justu eta solidarioago baten aldeko borrokan izan dugun militante borrokalarienaren umezurtz utzi gaituelako. Gaztea bazen ere, beste inork ez bezala jakin izan du bizitzaren minutu bakoitzari zukua ateratzen, mundua hobea eraikitzea iparrorratz zuela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak galera honek eragindako samina adierazi nahi du, eta bere senide, Pepi Rosado eta Jose Ramon Prieto gurasoei bereziki, eta hurbilekoei dolumina agertu nahi die. Haiekin guztiekin partekatzen dugu Hector ezagutu izanaren harrotasuna, eta bere bizitzari aurre egiteko moduaz zipriztindu izana. Oztopo handia jarri zion patuak, endekapenezko gaixotasun bat hain zuzen ere, baina ausardiaz egin zion aurre eta muga fisikoen gainetik, kezkaz beteriko adimen iraultzaileak hegan egiteko gai izan zen.

Hectorrek betidanik maitatu izan zuen historia, argi zuen iragana ezagutu ezean, akats berdinak errepikatzeko joera duela gizateriak. Zailtasunak zailtasun, eremu honetan ikasketak egitea lortu zuen, lizentziatura eta master bat eginda, baina baita ere bere ideia eta idazkiak hainbat blogetan jasoz. Babeslekua zen historia harentzat eta, maiz, lerro batzuk eskaintzen zizkien Buenaventura Durruti, James Connolly edota hainbeste estimatzen zuen Ernesto Che Guevara komandanteari.

Ezkerreko militante gisa, pertsona guztiak duintasunez eta elkarri kontra egin gabe biziko ziren mundua zuen amets. Eta bere harri-koskorra jarri zuen helburu horretan, Alternatiban militatzen eta harago ere joanda, izan ere, 2015eko udal hauteskundeetan Aretxabaletako EH Bilduren zerrendetan parte hartu zuen, herritarren babesari esker, zinegotzi atera zela.

Gazte joan zaigu, 34 urterekin, baina medikuen aurreikuspen guztiak gaindituta eta, batez ere, bere bidea zentzuaz eta konpromisoaz jantzita. Hector joan zaigu, baina bere eredua utzi digu, inoiz aipatu zuen Hellen Keller idazle eta aktibista itsu eta gorraren aipua egi bilakatu baitzuen: “Ezin diozu zure buruari onartu arrastaka joatea gogoak hegan egiteko eskatzen dizunean”.

Sit tibi terra levis Hector, agur eta ohore.

Alternatibako Koordinakunde Nazionala

Euskal Herria, 2017ko urriaren 27an

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala Mariano Rajoyk Kataluniako herriaren eta demokraziaren kontra emandako kolpearen aurrean

1. Irmotasunez salatzen dugu Mariano Rajoyren gobernuak iragarritako kolpe faxista, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarrita demokraziaren, Kataluniako erakundeen eta, batez ere, Kataluniako herritarren aurka egin dutelako.

2. Gure elkartasun osoa Kataluniako herria duin eta antolatuari, hasieratik izan delako prozesu baketsu eta demokratiko baten protagonista, iragan urriaren 1ean erreferendumarekin burutu zutena Kataluniako Errepublika sortzeko azkan urratsa eginda, estatuaren errepresioaren gainetik ere.

3. Iruditzen zaigu 78ko erregimenak eta hari eusten dion bipartidismoak pauso kualitatiboa eman duela bide zapaltzaile, antidemokratiko eta eskubide urratzaileetan Kataluniako autonomia bertan behera utzita, bere karguak kenduta eta bere burujabetza Madrilera eramanda. Funtsean, egungo parlamentuaren bosgarren indar politikoak gobernatuko du Katalunia.

4. PSOEk bere babesa eta bermea eman dio demokraziaren aurkako kolpeari, argi erakutsita harentzat Espainiako Erresumaren lurralde batasunaren ideia frankista eskubide eta askatasun demokratikoen gainetik dagoela. Horregatik, Kataluniako herriaren eta erakundeekin elkartasunean baina, batez ere, oinarrizko printzipio demokratikoak aintzat hartuta, PNVri eskatzen diogu, batetik, Madrilen PPren gobernuari ematen dion babesa bertan behera uzteko eta, bestetik, EAEko erakunde guztietan PSErekin dituen gobernu akordioak hautsi ditzala.

5. Deitoragarria deritzogu estatuko ezkerrak Kataluniako prozesu subiranistaren aurrean eta, bereziki, Rajoyren gobernuaren neurri errepresiboen aurrean erakutsitako jarrerari. Entzungor azaldu dira 78ko erregimenak izan duen erronka nagusiaren aurrean, kolokan jarri duen bakarra eta, era berean, haientzat ere estatu justuago bat eraikitzeko aukera izan dena. Aukera hori baliatzeari uko egin diote, Espainiaren batasun zatiezinarekin bat egiteko, herrien erabakitzeko eskubidearen gainetik.

6. Euskal gizarteari dei egiten diogu Kataluniako herriarekiko elkartasuna ager dezan; ez bakarrik hein handi batean bere borroka partekatzen duelako baizik eta, 155. artikuluarekin estatuak Kataluniara zabaldu nahi dituelako Euskal Herrian aspaldi entsegatu zituen jarduerak: alderdiak legez kanpo uztea, ideia politikoen jazarpena, komunikabideen zentsura edota inongo deliturik gabe jendea atxilotzea. Jokoan daudenak ez dira bakarrik katalanen eskubide eta askatasunak, baizik eta Frankismoa inongo konplexurik gabe berpiztu dutenen gobernupean gauden guztionak.

7. Euskal erakunde guztiei eskatzen diegu beren elkartasun instituzionala ager dezatela Kataluniarekin eta hango herritarrekin, besteak beste, Europari eta nazioarteko instituzioei begirako mozioak onartzeko, Kataluniako herritarren eta bere eskubide zein askatasunen alde parte har dezatela.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala

Euskal Herrian, 2017ko urriaren 21ean

La imagen puede contener: texto

X