EH Bildu Gipuzkoako birziklapenaren aldeko adostasun sozialak eta politikoak lortzeko prest

Prentsaurreko honetan, azkeneko asteetan EH Bilduren baitan eman dugun hiri hondakinen kudeaketari buruzko hausnarketa politikoaren ondorioak aurkezteko helburua dugu. Egun erakunde guztiek onartu dute hondakinek suposatzen duen arazoari ekologikoa, osasungarria eta ekonomikoki onargarria den konponbidea aurkitu behar zaiola.

Zaborra inongo bereizketarik gabe botatzearen garaiak betirako iragana dira, zorionez, guztiontzako, are gutxiago pairatzen ari garen krisi sistemiko honetan. 2011ko maiatzeko hauteskundeetatik atera ziren udal eta foru gobernuak osatu ondoren, EH Bildurentzat hondakinen arazoari irtenbide integrala ematea lehentasunezkoa izan da.

Zoritxarrez, hondakinen gaia erabat teknikoa izanda, herrialdean politizatu egin da, eta Gipuzkoako zenbait tokietan oraindik ez dugu hondakinen kudeaketak behar duen eztabaida lasaia eta sosegatua ematerik lortu. Gai honetan, Catalunyan iritsi diren egoerara iristea normalena izango litzateke, eta horixe da gure proposamena: alderdi politiko guztiek hiri hondakinen gaia eztabaida politikotik ateratzeko konpromisoa hartzea. Izan ere, hondakinek ez dute kolore politikorik.

Batzuk eta besteen posizioak argi eta garbi agertzen ari den une hauetan, hausnarketa sakona egiteko unea iritsi zaigu alderdi guztiei. Politikaren funtsa da arazoak konpontzea, eta hondakinen gaiari dagokionez, denon arazoa dena denon artean konpondu behar dugu. EH Bilduren aldetik, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu konponbide horren alde. Eta herriz herri eta auzoz auzo, konponbide horren alde iniziatiba berriak hartzeko prest gaude.

Herritarrei proiektu bakoitza seriotasunez eta manipulaziorik gabe azaltzeko gai izan behar gara: errauskailuaren aldeko apustua egiten dutenek esan beharko dute planta egiteko dirua nondik atera nahi duten, nondik kendu errauskailua egiteko, baita errauskailuek osasunean eta ingurumenean duten eraginaren berri eman; era berean, atez atekoari buruzko eztabaida zintzilikario edo beste arlo anekdotikoak alde batera utzita egitea lortu behar dugu.

Hona hemen gure gogoetaren emaitzak:

1. Lehenik eta behin, EH Bilduk Zero Zabor filosofiarekin erabat ados dagoela berretsi nahi du. Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, EH Bilduren ekimen instituzional, politiko eta sozialetan oinarrizkoa da eta izango da: hori izango da gure hausnarketa eta lanaren oinarri eta abiapuntu. Hilabete hauetan Zero Zabor norabidean Gipuzkoa osoan aurrera pausu nabarmenak eman ditugu, eta hemendik aurrera ere EH Bilduk norabide berdinean konpromisoak hartzen jarraituko du, instituzioetan edota kalean, gobernuan edota oposizioan, Zero zabor filosofiak duen babesa zabaltzeko lan egiten dugun bitartean.

2. Zentzu horretan, azkenaldian Gipuzkoako talde politiko desberdinak adierazten ari diren moduan, hondakinen kudeaketan ere Gipuzkoak akordioak behar ditu.

EH Bilduk birziklapenaren aldeko adostasun sozialak eta politikoak lortzeko prest dagoela adierazi nahi du. Bada garaia hiri hondakinen kudeaketa lehia alderdikoietatik ateratzeko. Denok adierazi dugu gehiago birziklatzearen alde gaudela eta alde teknikoari begiratuta alderdikeriak utzita, adostasunak lortzea posible dela ziur gaude.

3. Errausketari dagokionez gauza bera esan dezakegu. Gizarteak ez du errausketa plantarik nahi ingurumenari zein pertsonen osasunari begira aukera txarra delako.

Gainera gauden egoera ekonomikoan, erabat pentsaezina da Diputazioak 500 milioi euro jarriko dituela errauskailua eraikitzeko. Diru hori hainbat zerbitzu mantentzeko behar dugu, enpleguak sortzeko, zerbitzu sozialak indartzeko, gipuzkoarron bizitza kalitatea mantentzeko, labur esanda.

Guztiok ados bagaude gakoa gehiago birziklatzean dagoela, balizko errausketa planta batek ez du zentzurik eta ez litzateke errentagarria izateko behar duen zaborra izango eta beste herrialdetatik inportatu beharko lukeelako. Eta osasun publikoaren aldetik begiratua ezin da errauste plantarik eraiki horrelako plantek minbizia sortzen dutelako, orain dela egun batzuk Carlos III.eko Institutuko ikerketa batek beste behin demostratu duen moduan. Bestetik ez dugu ahaztu behar Europar Parlamentuak 2020 urtea baino lehenagorako hondakinak erraustea eta zabortegietan pilatzea debekatu nahi du. Horrek esan nahi du 500 milioi kostatzen duen errauskailuak 5-6 urtetako bizitza baino ez lukeela izango.

4.Birziklapena sistemari dagokionez, lehendabizi esan behar da gehiago birziklatzea munduan zehar eskuineko eta ezkerreko gobernuek hartu duten norabidea dela. Gipuzkoan gaur egun arte izan dugun birziklatze ereduak goia jo du, eta %30-%35eko topean ataskatuta dago. Birziklapen tasak igotzeko bide desberdinak daude eta horien artean atezatekoa da, askogatik, zenbaki onenak lortzen dituena, baino ez da sistema bakarra.

5. Edozein kasutan argi dagoena da birziklapen sistemaren inguruko azken erabakia herriek eta herritarrek hartzen dutela ziurtatzeko bermeak jarri behar ditugula. Herri bakoitzak erabaki beharko du ze erritmoetan, eta ze modutan egin. Herri batzuek bere bidea bilatu zuten moduan, Gipuzkoako gainontzeko herriek ere bere bidea bilatuko dute. Baina helburua berdina da: Sailkapen tasa %80ra hurbiltzea, birziklapen tasak ere ildo berean gora egin dezan

Alternatibak euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen alde larunbatean egingo den manifestaziora deitu du

Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Diana Urreak herritar guztiei dei egin die euskal gazteriaren eskubideen alde kalera ateratzera, Eleak mugimenduak hurrengo larunbaterako, hilak 19, Donostian egingo duen manifestaziorekin bat eginda. Era berean, aldarrikapen berdinarekin gaur eta bihar Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan antolatutako kontzentrazioekin bat egitera deitu du. “Euskal Gazteria. Libre eta Legala” lemapean, larunbateko manifestazioa eguerdiko 12.30etan Boulevardetik abiatuko da eta hiriburuko kaleak zeharkatuko ditu Euskal Herriko Gazteriaren eskubide zibilak zein politikoak aldarrikatuz.

Urreak, alderdi ezkertiarreko gazteen taldeko kide eta Gasteizko ganberako legebiltzarkide gazteena, bizi dugun egoera ulertezina salatu du: “Euskal herriarentzat bakea eta normaltasun politikoa lortzear gauden garai itxaropentsu hauetan, onartezina da oraindik ere gazte jazarriak, atxilotuak, epaituak, kondenatuak eta iheslariak egotea politikan aritze hutsagatik”. Horrez gain, Espainia eta Frantziako gobernuei leporatu die “behin eta berriro pertsonen oinarrizko eskubideak, eskubide zibil zein politikoak neurri zapaltzaileekin urratzea”.

Bestaldetik, Alternatiba Gazteak larunbateko manifestazioan gizarte osoaren mezu bateratu bat bidaltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta “norbaiten etxean indarraren bitartez sartzean, gure etxea ere inbaditzen ari direla” gogorazita. Gazteek bizi duten errepresio egoera honen aurrean, babesgabetasun egoeran bizi direnentzat zubiak eraikitzera eta laguntza luzatzera deitu du.

Diana Urrea bera izango da Alternatibaren ordezkaritzaren baitan Donostiako manifestazioan eta, besteak beste, Gipuzkoako Koordinatzailea Xabier Soto ere izango da bertan harkein batera.

EAJ eta PPren arteko akordioak Bizkaiak oraindik eskubikoagoak eta eskubide sozialen kontrakoagoa izango den aurrekontua ekarriko du

Dirudienez, Bizkaian ere aurrekontuei buruzko eztabaida izango dugu azkenean, datozen egunotan, datorren astean agian, deitzekoa litzatekeen osoko bilkuran. “Dirudienez” esaten dugu, oraindik gai horren inguruko albiste argirik jaso gabe jarraitzen dugulako, aurrekontuek bizkaitar guztientzako sekulako garrantzia duten arren. Espero dezagun oraingo honetan eztabaida ez atzeratzea, hasiera batean abenduan 28ko data zeukan eta.

Une honetan, urtarrilean jada, aurrekontuak luzapen tekniko fasean sartuta, agerikoa da zer nolako zailtasunak dituen EAJk akordioak lortzeko eta zer nolako gabeziak dituen aurrekontuak kudeatzeko. Eta gogora dezagun, bide batez, aurrekontuak ezinbestekoak direla Bizkaian pairatzen ari garen larrialdi sozioekonomikoari berehala aurre egiteko.

Testuinguru honetan, ekimen instituzionala inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, non egon da Jose Luis Bilbao orain arte? Lehenago, oporretan; gero Juan Mari Aburtok Urkulluren Gobernura joanda sortutako arazoa konpondu nahian, eta azkenean, antza denez, PPrekin akordio bat negoziatzen Bizkaiko aurrekontua ezusterik gabe onartzea bermatzeko. Alegia, Rajoy, Urquijo eta Basagoitirena ere izango litzatekeen aurrekontua.

EAJ-PP balizko akordio hori, EAJk Araban aurrekontu luzatuari egonkortasuna emateko, Bizkaiko PPren babesaren truke, ez da zerotik sortzen edo ateratzen. Azken batean, EAJk proposatu duen aurrekontua eskuinekoa da eta, beraz, eskuineko beste alderdi batek arazorik gabe defenda dezake. Are gehiago, EAJ eta PP egun negoziatzen ari omen diren aurrekontuak ultraeskuinekoak izango direla esan genezake, PP Madriletik inposatzen ari den politikak ederki asko ezagutzen ditugulako.

Eta ezin dugu ahaztu Madrileko Komunitateko Gobernua murrizketen eta pribatizazioen erregea dela. Hori guztia dela eta, EH Bilduren ustez, kontraesankorra da, batetik, espainiar Gobernuaren inposaketen aurka azaltzea, hala nola, langile publikoei aparteko ordainsaria kentzearen aurka, baina bestetik, bizkaitarren aurrekontuak inposaketa eta murrizketa horiek dakartzan alderdiarekin berarekin hitzartzea. EAJk ez du zalantzarik izan PPrekin hitzarmenak egiteko orduan, Rajoyren alderdiarekin, kopagoa ezarri duena, Euskal Herriko udalak ezabatu nahi dituena, eta autogobernua bertan behera utzi nahi duenarekin.

EAJ eta PPren arteko balizko akordio horren ikuspegitik hartu beharko litzateke Basagoitik pasa den asteburuan medioen aurrean eginiko agerraldia. Jose Luis Bilbaoren alderdiarekiko aldeak markatu zituen, Araban EAJri arazoak sor diezazkiolako, baina, EH Bilduk behin baino gehiagotan adierazi duenez, EAJk gustuko du kromoak trukatzea, eta orain politika egiteko modu horren adibide argi baten aurrean gaude, azken orduko eta erlojuaren kontrako negoziazio baten bidez.

EH Bilduk ukatu nahi du, halaber, EAJk noizbait plazaratu duen hipotesia. Ez dugu, eta inoiz ez dugu izan, PSErekiko inolako akordiorik Gipuzkoan aurrekontuak onartzeko eta Bizkaikoak eta Arabakoak, ordea, atzera botatzeko. Logikoa da, hala ere, ezkerretik antzeko irakurketa politikoak egitea gehien dutenen zerbitzura eginiko aurrekontu batzuk aztertzeko orduan.

Bazen garaia Bizkaiko aurrekontuen berri izateko! Berretsi behar dugu herrialde honetan pertsonen aldeko –eta ez porlanaren aldeko– aurrekontu-eredua ezartzearen alde EH Bilduk egiten duen apustua, Bizkaiko berpizkunde ekonomikoa sustatzeari begira enplegua sortzeko politika aktiboak planteiatzeko, eskualdeetan arreta berezia ipiniz eta Gizarte Gaietako Departamentua indartuz, besteak beste.

Alternatibak deitoratu egin du Europak babestea Espainiako gobernuek ideiak legez kanpo utzi izana

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek deitoratu egin du gaur Estrasburgoko Auzitegiak eman duen epaia, 2008an Espainiar Erresumako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi izana berretsi duelako: “Tamalgarria da Madrilgo gobernu desberdinek ideien ilegalizazioa  bermatzen duten politika zapaltzaileak eta salbuespenekoak behin eta berriro erabiltzearen estrategia jarraitu izana, beti ere, edozein ekintza edo ideologia abertzalea ETArekin lotuz eta haien kanporatze publiko zein politikoa justifikatuz”.

Era berean, Agirresarobek gogorarazi du “euskal gizarteak argi eta garbi adierazi duela aukera politiko guztiak zilegi direla, kalean eginiko manifestazioaetan zein hauteskundeetan Euskal Herrian aro politiko berria irekitzearen alde dauden alderdien alde bozkatuta”. Horregatik, eta “PPren gobernuaren itxikeriaren aurrean”, dei egin die Europako erakundeei Madril bultza dezatela gatazka gainditu zein bakea eta normalizazioa eraikitzeko lanean, euskal herritarrek espero duten “helmuga gauzagarri eta atzeraezinera heltzeko”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “anakronismoa demokratikoa” iritzi izan dio XXI. mendean sartuta eta beren burua demokratikotzat duten estatuen batasunean ideiak legez kanpo uzteari. Horren harira, Agirresarobek gogora ekarri du Human Rights Watch eta OCDE bezalako erakundeek zalantzan jarri izan dutela Espainiako Erresuman justiziak politikarekiko duen menpekotasuna.

Ipar Irlandara zubiak igaroz

Maialen Lizarralde – Lokarri

Berradiskidetze zubiak eraikiz” proiektutik urte bete igarota, sentsibilitate ezberdinetako gazteek osatutako talde batek Belfastera egin zuen bidaia Lokarrirekin joan zen azaroaren 28tik abenduaren 2ra. Zehazki, Lokarrik proiektuaren aurkezpenean azaldu zuen bezala, Euskadiko Gazteria Sozialistak, Gazte Abertzaleak, Ezker abertzalea, EGI eta Alternatibako kideek hartu zuten parte esperientzian, Lokarriko bi pertsonekin batera.

Aurtengo bizipenaren ondorioa oso positiboa da berriz: Ipar Irlandako prozesua zuzenean ezagutzeak eta bizipenean parte hartzen duten pertsonen arteko elkarbizitza biziak beste eguneroko testuinguruetan lortzea zailak diren ikaskuntza, elkarrizketa eta konpromiso prozesuak eragiten ditu. Zaila da, baita ere, ikasi eta bizitako guztia azaltzea, baina jarraian bidaiaren kronika labur bat eskaintzen saiatzen gara.

1. eguna: Dublin

Taldearen lehenengo geltokia Dublinen izan zen, bere parlamentuan, gure anfitrioia zen Ruairi Rowan-ekin. Instituzioa ezagutu genuen Sinn Féineko gazteen eskutik eta laburki Gerry Adams agurtu ahal izan genuen, Sinn Féineko ordezkariekin bilera batean parte hartu aurretik. Bilera horretan zegoen, besteak beste, Eoin Ó Broin “Matxinada. Historia del movimiento juvenil radical vasco” (Txalaparta) liburuaren autorea. Batzarrean elkarrizketaren garrantzia, gazteen paper garrantzitsua edo nazioarteko sostengua bezalako gaiak azpimarratu ziren. Dena blokeatuta dagoela ematen duen uneetan pazientziaren garrantzia nabarmendu zuten: “beti hartzen du uste baino denbora gehiago”, zioten. Eguna Dublineko toki esanguratsuetatik zehar Sinn Féinnek antolatutako ibilaldi historiko batekin bukatu genuen.

2. eguna: Belfast, iraganera eta etorkizunera bidaia

Bidaiaren bigarren eguna, jada Belfasten, Healing Through Remembering-en egoitzan antolatutako mahai inguru batekin hasi zen Brian Rowan eta Eamonn Maille kazetariekin, Alliance Party eta Northern Ireland Youth Forum-eko gazteekin eta UDA talde armatu unionistako kide izandako Jackie McDonald-ekin. Solasaldia zinez interesgarria izan zen.

Kazetariek beren bakearen aldeko paper aktiboa nabarmentzen zuten: alde guztiekin hartu-emanak dituzten agenteak izanik, gertatzen zena kontatzeko ardura zuten, egiaren prozesuarekin zerikusia duena. Prozesu horri azalpen edo informazio prozesu deitzea egokiagotzat hartzen zuten, eta ez da salaketarekin, erruarekin edo barkamenarekin nahastu behar, eta batez ere, ez da politikoen arteko “erruen” egozpen bataila bat izan behar. Gure taldetik gobernua mugitzen ez denean zer egin daitekeen galdetzean, zera erantzuten zuten: “ez du merezi gobernua kritikatzen tematzeak. Limurtu, pedagogia egin eta, batez ere, lengoaia berri bat erabili behar da. Bakea ez datza exijentzietan, baizik eta bakoitza konpartitzeko prest dagoen horretan. Arriskuak hartu eta deserosoak diren gauzak egitea eskatzen du”.

Bertako gazteek ere azpimarratu zuten gertatutakoaren irudi osoa kontatzearen garrantzia, gatazkaren arrastoak haien belaunaldira ere iritsi baitira mesfidantza eta erru bezala, eta beharrezkoa da hesiak apurtzea.

Jackie McDonald berak ere berretsi zuen: giltza gazteen artean dago, indarkeriaren zama haiengana ere iritsi baita: “Gertatutakoa kontatu behar zaie, erromantizismorik gabe, harrotsaunik gabe: hau egin genuen eta ezin da errepikatu”, zioen. Preso ohi bezala kartzelatik ateratzean bizitzen dituzten zailtasunez eta edozein bake prozesutan duten ezinbesteko paperaz ere aritu zen.

Elkarrizketa honen ondoren, taldea Ipar Irlandako parlamentuari bisita egitera joan zen Stormont-en. Bere funtzionamendua eta berezitasunak ezagutu zituen, parlamentuko lehendakari den William Hay-ekin bildu zen eta Sinn Féin, DUP, SDLP eta UUP alderdietako legebiltzarkideekin hizketaldi batean hartu zuen parte, urte batzuk arte elkarren etsaitzat hartzen ziren ordezkariak mahai berean esertzeko gai direla ikusiz.

3. eguna: Burdin hesiek badiraute, hormek hitz egiten dute

Hirugarren egunean komunitateen arteko harremanetan lan egiten duen Intercomm erakundea ezagutzera joan ginen. Hainbat pertsonekin solasalida izan genuen han, haietako asko preso ohi unionista zein errepublikarrak, gaur egun Intercomm bezalako proiektuetan elkarrekin lankidetzan ari direnak. Benetako bake prozesua gizartearen oinarrietan gertatzen dela eta gertatu behar dela azpimarratu zuten, eta hor aske geratutako presoek ezinbesteko papera izan zuten eta dute. Hala ere, denek baieztatu zuten birgizartearatzeak dakartzan zailtasunak, baliabide praktikoak edo sortutako gorroto soziala kasu. Gure taldeak galdetu zien ea nola azalduko lioketen beren bilobei bakoitzaren kontakizun pertsonala, eta hainbat gauzen inguruan hitz egitea oso zaila dela baieztatu zuten, betiere, beharrezkotzat hartuz “buruak desarmatzeko”. “Ez gara pertsona txarrak. Gauza ikaragarriak egin dituzten pertsona onak gara”, azaldu zuen batek.

Haietako batek, talde armatu unionista bateko kide izandakoa eta egun gizarte langilea eta doktoregai den John Howcroft-ek, Belfasteko iparraldeko auzo batzuk ezagutzera eraman gintuen, indarkeria gehien bildu duen gunera hain zuzen. Lehen banaketa eta indarkeria bultzatzen zuten eta bizikidetzaren aldeko baloreak sustatzeko berrituak izan diren horma-irudiak, komunitateek normaltasunez harremanak izateko helburuarekin ireki egin diren hesiak edo gune oso gatazkatsuetan bi komunitateetako pertsonak hartzen dituen eraikin eraberrituak erakutsi zizkigun. John beraren adibidea ere oso adierazgarria izan zen.

4. eguna: Falls Road, Brian Rowan-ekin

Brian Rowan kazetaria bake prozesuan zehar jazotako gertakari askoren lekuko zuzena izan da, eta bera izan zen Falls Road inguruko gune errepublikarrak ezagutzera eraman gintuena, berak bizitako mugarri horiei buruzko pasarteak kontatzen zizkigun bitartean. Horma-irudiak eta biktimen memorialak ikusi genituen, eta kafe bat hartu genuen urteetan zehar bildu zuen altxorra erakusten zigun bitartean: azken urteotako dokumentu, egunkari-zati eta argazki esanguratsuz betetako karpeta bat, besteak beste, IRAren su-etenaren adierazpen originalak barne. Preso errepublikarren museoa ere ikusi genuen, Tar Anall-en Seanna Walsh-ekin bildu baino lehen.

Seanna Walsh-ek 21 urte pasa zituen espetxean IRAko kide izateagatik. Bobby Sands-en laguna zen, eta bera izan zen 2005ean IRAk su-etena iragartzen zuen adierazpena irakurri zuena. Azken urteotako prozesuaren bere kontakizuna eskaini zigun: “ez da katoliko eta protestante edo errepublikar eta unionisten arteko gatazka bat. Guk IRAn argi genuen gure borroka britainiar okupazioaren aurka zela, britainiar Gobernuaren aurka, eta ez unionisten aurka”. Indarkeriaren zirkuluak inora eramaten ez zuela ikusi eta britainiar Gobernuarekin negoziatzen saiatu behar zirela ondorioztatu zuten, eta denak iritsi ziren ondorio berera.

IRAko disidenteen inguruan ere aritu zen, helburu argirik gabeko gutxiengo bezala definituz, eta baita 1998 urtean adostutako presoen askapen prozesuaz, barkamenaz, egiaz eta biktimez ere. Bukatzeko, taldeak galdetu zion nola sentitu zen IRAren su-etena iragartzen zuen adierazpena irakurri zuenean, eta hunkituta erantzun zuen “harro eta ohorez”.

Bidaiaren agenda bizia SDLP alderdiko gazteekin pub batean egindako bilera informal batekin bukatu zen. Besteak beste, beren harridura eta nolabaiteko miresmena azaldu ziguten sentsibilitate hain ezberdinek osatutako gure taldea ikustean elkarrekin eta konfiantza handiko harremanarekin bizipen hau konpartitzen. “Betidanik ezagutzen zaretela ematen du”, zioten. Gazterien artean harremanak egon arren, halako esperientzia baterako elkartzeko gai izango ote ziren ez zekitela esan ziguten. Guri bisita egiteko gonbitea luzatu genien.

Izan ere, Ruari Rowan-ek artikulu honetakogure bisitaren inguruko kronikan, ikaskuntzak bi noranzkotan izan zela ematen du, eta ikasitakoak berradiskidetzearen zubiak igarotzen ditu Euskal Herria eta Ipar Irlandaren artean eta baitan.

Oharra: taldea itzuli eta ordu gutxitara, egun indarrean dirauen britainiar banderekin lotutako gatazka sortu zen Belfasten. Gatazka honen garapenari jarraipena ematea, bildu ginen pertsonek konpartitzen zizkiguten hausnarketekin lotuz, oso baliagarria izaten ari da. Bakerako beren bidea zailtasunez beteta dagoela eta kontatzen ziguten “hartutako zama” hori egon badagoela ikusten dugu, eta gure babesa adierazten dugu indarkeria adierazpen hau bideratu ahal dezaten, berriz ez errepikatzeko.

EHBilduk herritarrak zoriondu ditu bakea eta giza eskbideen aldeko manifestazio kolosalagatik

Lehenik eta behin, atzokoan Bilboko kaleak lepo bete zituzten hamarna milaka lagunak zoriondu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, atzokoa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko herri mobilizazio erraldoia burutu zen.

Baina guztiaren gainetik, aldarrikapen eta mandatu argi bat utzi digu atzoko mobilizazioak: euskal gizarteak dispertsioarekin amaitzeko eskatzen du, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatzeko.

Euskal jendarteak argi adierazi zuen atzo: Amaitu da blokeo eta aitzakien garaia. Aski da; espetxe politikak eta eskubide urraketak konponbidearen aurkako tresna izateari utzi behar diote.

Eta atzokoan ere argi eta ozen adierazi zen: euskal jendartearen borondatea ezin du mespretxatua izan. Izan ere, jakin badakigu Bilboko kaleetan entzun zen aldarrikapenak Herrira mugimenduaren deia babestu genuen indar politikoen siglen askoz ere haratago doa eta gehiengoa zabalaren babesa du.

PP eta Espainiako gobernua soluzioaren aurkako planteamenduan murgilduta dabiltza. Baina argi eta garbi dugu: ezin dugu PPren blokeoaren azpian kokatu. Ezbairik gabe, ezarri nahi diguten ukazioaren harresia gainditu eta konponbidearen eta bakearen bidea urratu behar dugu.

Ziur gaude helburu horren garapenean euskal jendartea eta nazioarteko komunitatea erabakitzaileak izango direla eta horretarako borondatea eta kemenaz gain, tresna eta bide-orria ere badugula: Aieteko Adierazpena.

Horrela bada, datozen hilabeteetan Aieteko Adierazpena bazter guztietara zabaldu behar dugu eta bere edukien garapenean indarra egin.

Gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako aukera probestu beharra dago, justizian eta eskubide guztien oinarrituko bakean. Horretarako, herri honek oinarrizko kontsentsua erdietsi behar du euskal herritarren eskubideen inguruan, norbanakoak eta kolektiboak; eta euskal jendartearen borondate demokratikoa errespetatua izango denaren konpromisoa.

Eta nola ez, ibilbide horretan ezinbestekoa eta urgentziazkoa da atzoko Bilboko kaleetako herri deiadarrari eustea eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikarekin behin betiko amaitzea. Horretarako erabateko konpromisoa adierazi nahi du, berriro ere, Euskal Herria Bilduk.

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/19287_582287598455227_867300429_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/385328_582287671788553_344639840_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/530800_582287688455218_1039671418_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/196702_582287685121885_1884272127_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/230686_582287728455214_1578899230_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/398077_582287381788582_390746065_n.jpg

Alternatibak presoen eskubideen alde kalera ateratzera deitu du, “ideologia eta alderdikerien gainetik”

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Euskal Herriko herritar guztiei dei egin die larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko, Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lemapean. Matutek azpaimarratu izan duenez, “gure herrian bakea eta normalizazio politikoa lortu nahi badugu, giza eskubideen defentsa ideologia eta alderdikerietatik haratago joan behar dugula” eta, horregatik, pertsona guztien eskubide guztiak babesteko indarrak batzera deitu du.

Iaz bezala, EH Bildu taldeko parlamentariak larunbatekoa deialdi historikoa izango dela aurreikusi du: “Milaka pertsona eta eragilek dira manifestazioari atxikimendua erakutsi diotenak eta dagoeneko inork ez du aitzakiarik mendekuan oinarritutako espetxe politika babesteko”. Guzti honengatik, Alternatibak “Paris eta Madrilgo gobernuei sakabanaketa bezalako neurri zigortzaileekin amaitzeko eta, eskubiderik oinarrizkoenak beteta, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko” eskatu die.

Bukatzeko, talde ezkertiarreko bozeramaileak esan du “bihar, milaka eta milaka lagunek Bilboko kaleetatik salbuespen politikak behin betiko bukatu behar direla exijituko” dutela,” seguruenik manifestaziora deitu ez duten eragileetako jarraitzaileak barne”.

EH Bilduk dio zentzugabekeria dela Bizkaiak, EAEk bezala, oraindik aurrekonturik ez izatea

Astebete joan da, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrekontuen gaineko eztabaida gauzatzeko data ezagutu gabe jarraitzen dugu. Aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJk akordiorik lortu izanaren berririk ere ez dago. EAJk dauka ordezkaritzarik handiena herrialdean; beraz, berari dagokio aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioak bilatzea.

Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Legebiltzarra dira beren aurrekontuak tramitatu ere egin ez dituzten administrazio bakarrak. EAJk du gehiengoa bi administrazioetan, berari dagokio aurrekontuen onarpenerako akordioak bilatzea, baina ez du horretarako urrats eraginkorrik eman. Egoera honek agerian uzten du zenbaterainokoa den alderdi horren kudeaketa gaitasuna eta ezberdinen artean akordioak lotzeko daukan gaitasuna ere zalantzan jartzen du.

Jaurlaritzako bozeramaileak asteon esan du Gobernu Kontseiluak martxoaren 12ko data jarri duela aurrekontuak onartzeko. Iragarpen horretan eta horren osteko erreakzioetan egon dira begirada guztiak aste honetan. Bizkaia ere aurrekontu gabe dagoela oharkapean pasa da. Gure buruari orain egiten diogun galdera da ea Jose Luis Bilbaoren asmoa bera den, hau da, udaberriaren bezpera arte itxaron behar ote duen bere herrialdeko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Baina bada diferentzia bat: Legebiltzarra orain gutxi osatu den erakundea da eta Bizkaian EAJk gehiengoz gobernatu du betidanik.

Jose Luis Bilbao diputatu nagusia “desagertuta” dago 2012ko azarotik, proposatzen zuen aurrekontua eta fiskalitate arloko zenbait neurri iragarri zituenetik. Baina oraindik ere kezkagarriagoa da aurrekontuen eztabaidari heltzeko EAJ erakusten ari den gaitasun eza, are gehiago kontuan hartzen badugu aurrekontuak funtsezko tresna direla bizkaitarrok pairatzen dugun egoera sozioekonomiko larriari aurre egiteko, ez baita ahaztu behar gure herrialdeko langabezia eta pobrezia tasak ingurukoak baino handiagoak direla.

EH Bildutik gure buruari galdetzen diogu zer nolako egoeratan egongo ginatekeen Gipuzkoa izango balitz egoera horretan den herrialdea, aurrekontuak onartzeke egongo balira. Izan ere, urtarrilaren erdi aldera goaz, eta oraindik aurrekontuen eztabaida gauzatzeko datarik ere ez dugu. Zer gertatuko litzateke egoera honetan Gipuzkoako foru agintariak jendaurrean agertu gabe eta duten erantzukizunari heldu gabe egongo balira?

EAJk apustu argia egin zuen: Araban eta Bizkaian kromo aldaketa egin. Jokaldia ezin okerrago atera zitzaien, baina oraindik ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela ematen du. Bien bitartean, erantzukizuna eskatzen ari zaigu gainontzeko indar politikooi, euren buruari begiratu gabe. EAJ berebiziko garrantzia daukan eztabaida lapurtzen ari zaigu bizkaitarroi; baina hori baino okerragoa, arduragabekeria galantaz jokatzen ari da, beraien ekimen faltaren ondorioz areagotzen ari delako bizi dugun emergentzia egoera eta horren ondorioak.

EH Bilduk, ordezkaritza politikoan Bizkaiko bigarren indarrak, ekimen politikoa hartuko du hurrengo astean, aurrekontuen eztabaida behingoz gauzatu dadin eta gure herrialdeak herritarren egiazko beharrei erantzungo dien aurrekontu sozialak edukitzeko helburuarekin.

EAJk aurkeztutako aurrekontuek murrizketa handiak ditu gizartekintzan, eta horrek babes gabe utziko ditu Bizkaiko herritarrak. Diputazioak zenbakiak bere erara erabiliko ditu, baina egia dena da Gizarte Ekintza Sailera aurrekontuen %38 bideratuko dela eta zaharren egoitzetako langileen baldintzak zein zerbitzuaren kalitatea kaltetuko dela. Mendekotasun Legetik eratortzen diren prestazioak eta diru prestazioak osatu gabe jarraitzen du eta Madrildik finantzazio faltagatik datozen murrizketak baino sakonagoak beregain hartzen ditu, sortu diren gabeziak estali beharrean.

Oparotasunaren garaian Bizkaiko zenbait udalerrik zorrak hartu zituzten, baina Diputazioak bakardadean utzi ditu, eta bere erantzukizuna bete gabe jarraitzen du. Beharrezkoak diren diru-sarrerak ez dituen aurrekontuak dira, fiskalitatean egin beharreko aldaketak ez zituztelako nahi izan; zorraren eta premiazkoak ez diren azpiegituren aurrekontuak dira. Eskuineko aurrekontuak dira, eta ez eskubide sozialena.

EH Bilduk elkartasuna adierazi die Gernikan pikete batean parte hartzeagatik gaur epaitutako 18 lagunei

EH Bilduk bere elkartasun eta babes osoa adierazi die 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorraren egunean Gernikan pikete informatibo batean parte hartzeagatik gaur bertan epaituak izango diren 18 lagunei, eta Eusko Legebiltzarrak ere berdin egin dezala nahi du koalizioak. Horretarako, legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Gasteizko Ganbaran.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, fiskalak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu ditu auzipetu bakoitzarentzat, “gehiegikeria izugarria”, bere iritziz, eta “are gehiago kontuan hartzen badugu pertsona horiek jada kondenatuta daudela, Madriletik bideratutako neurrien ondorioz prekarietatea pairatzera, hain zuzen ere”.

EH Bilduk “greba eskubidea herritar zein langile ororen oinarrizko eskubidea” dela nabarmendu du eta, horren harira erantsi duenez, “une honetan gainera herritar, sindikatu eta eragileen mobilizazioa behar-beharrezkoa da lan eta gizarte eskubideak defendatzeko eta murrizketei aurre egiteko, horiek geldierazi eta egoera sozioekonomikoa aldatze aldera”.

Ildo horri jarraituz, gaur aurkeztutako proposamenaren bitartez koalizioak eskatzen du Legebiltzarrak espainiar Gobernuak inposatutako murrizketak arbuia ditzala eta Jaurlaritzak murrizketa horiei aurre egin eta EAEn aplikatzeari uko egin diezaiola, “prekarietatea eta langabezia sustatzea besterik ez dakartelako”.

Asteazken Beroak mugimenduak Bilboko udala inguratzen du murrizketa sozialen aurka

Asteazken Beroak mugimendu sozialak, bere hastapenetik murrizketen aurkako borroka alternatiboak defenditu dituena,  kontzentrazio zaratatsu bat antolatu zuen azaroaren 30an eta horretarako, Bilboko udala giza-kate batez inguratu zuen jendeak. Azkuna jaunak egindako murrizketa sozialen kontra egiteko helburuarekin egin zen eta EAJk 2013ko aurrekontuak onetsi behar zituen egun berdinarekin bet etorri zen.

Fernando Bilbaok, Asteazken Beroak mugimenduaren kidea, bere sorreraz eta helburuaz hitz egiten digu ondorengo bideoan.

 

X