EH Bilduk azken asteotako gertakariek EAJ ez dela PP-ren alternativa Araban agerian utzi dutela esan du. “Araban egoera geroz eta larriagoa da, eta honetara eraman gaituen politika ereduak, De Andres eta PP honen ordezkari ditugularik, ez gaitu egoera honetatik aterako. Arazoen aurrean beti konponbide ezberdinak izaten dira, eta aspalditik ezagutzen ditugu hauena. Azaltzen ari garenagatik, eta aldaketaren bidean, gure bozkak mahai gainean jartzen ditugu agintzen jarraitu ez dezaten. Legealdiaren hasieran Ahaldun Nagusia izendatu zenean bezala, PP-k Araba ez gobernatzekoaren aldekoak dira gure bozkak. Baina EAJ-k ardura eta erantzunkitzuna hartu behar du. Guk oso argi dugu, gure esku dagoen guztia egingo dugula PP geldiarazteko. Baina zoritxarrez, EAJk ez duela PPren alternatiba izan nahi uste dugu”, azaldu dute Belen Arrondok eta Iosu Estarronak. Horiekin batera, Patxi Mtz. De Albeniz eta Rikardo Otxoa ere egon dira.
PPk herrialdeko instituzioak gobernatzen hasi zenetik gero eta babes gutxiago duela azpimarratu dute, egun, laugarren indarra bilakatu delarik Araban, eta horrek aldaketa sozialaren alde gero eta jende gehiago gauden seinale da. “Arabaren kalterako izaten ari dira behin eta berriz PPk hartzen dituen erabakiak, horren adibide Forondako aireportua dugu: Gure herrialderako oinarrizkoa den infraestruktura ez dute defendatu, ez De Andresek ez Marotok eta herrialdearen interesak defendatu beharrean, Araba salgai jarri dute” gehitu dute.
Legealdiaren hasieratik, PP ez gobernatzeko eskua zabaldu zuela EH BILDUk esan dute. Norabide horretan, aldaketak sustatzeko eta konponbideak eta alternatibak eskaintzeko ari direla esan dute: aldaketa politikoa eta sozialaren alde eta ildo horretan elkarlanerako guneak bilatzen herri mugimendu, eragile sozial eta gainontzeko alderdi politikoekin. “Baina zoritxarrez, PSE-k eta EAJ-k, PP-ren gobernuari babesa ematen jarraitzen diote. Hautesleen artean inoiz izan duen babesik txikiena izan arren, bere kudeaketa inoiz baino erantzun zabalagoa gizartean izan duenean, orduan erakutsi du EAJ-k bere jarrerarik onena PP-rekiko”, diote.
Zahaztu dutenez, “helburua Araba indartzea da, etorkizunerako alternatiba eskeiniz”. Eta horretarako proposamen sozioekonomikoa dutela gogora ekarri dute arazo zehatzei erantzuteaz gain, oinarriak finkatzen ari direlako, “etorkizun laburrean zutabe sendoak eraikitzeko asmoz”.
Une erabakigarrian gaude. Espainiako banketxeak erreskatatzeagatik Kutxabanken pribatizazioa berehala gertatuko da. Hala ere, gai honen inguruan oraindik ez da eztabaidarik egin BBK, Kutxa eta Vitalen batzarretan, nahiz eta batzar horiek izan Kutxabanken akzioen gaineko erantzukizun osoa daukatenak.
EAJri nahi bezala ateratzen ari zaizkio gauzak. Gertatzen ari den guztiaren atzean dago EAJk eta PPk eredu politiko eta ekonomiko bera partekatzen dutela, eta horren baitan gauzatu zuten akordioa. Aurreratu genuen Bizkaian. Finantza sistemaren erreforma eta politika neoliberaletan sakontzea dira krisi ekonomikoari aurre egiteko EAJk eta PPk partekatzen duten errezeta.
EAJk bere izaeran txertatua daraman eredu neoliberalaren ondorioz, eta emerjentziazko egoera ekonomikoari aurre egiteko Bizkaiko herritarrak eta ekonomia erreala sustatu beharrean, gure eskualdeetako beharrei erantzunez eta bertako enpresetan inbertituz eta lagunduz, jeltzaleek espekulazioa sustatzearen alde egiten dute; gainera, ez diote etxe kaleratzeen arazoari irtenbiderik ematen, eta BBKren pribatizazioa bultzatzen dute.
Horren adibide argia da Kutxabankek etxe kaleratzeak egiten jarraitzen duela. Fernandez jaunak kontrakoa iragarri bazuen ere, Kutxabankek etxe kaleratzeen prozesuak etengo zituela dekretu edo legedia berria indarrean egon arte, ez du agindutakoa inoiz bete. Legedia berria indarrean egon ez zenean eta ez orain, herritar gutxi batzuei mesede egiten ez dion dekretua indarrean dagoenetik. Kutxabank da etxe kaleratze gehien gauzatzen dituen finantza erakundea, eta norbaitek galga jarri ezean, bide beretik jarraituko du. EAJk eta PPk bazekiten EH Bildu izango zela etxe kaleratzeak geratzeko motorea, eta horregatik baztertuak izan gara.
Ikuspegi hori kontuan izanda aritu ziren Kutxabankeko Administrazio Kontseiluaren osaketa eta Kutxen Legea bera adosteko. Kutxen Lege horrek boterea kentzen die udalei, eta Kutxabanki aniztasuna eta hurbiltasuna kentzen die.
Aurretik, Bizkaiko bigarren indar politikoak Batzar Nagusietako Mahaian ordezkaritzarik ez izatea galarazi zuten eta, orain, EAJ-PP bikoak direnak eta ez direnak egin ditu EH Bilduk BBKren Administrazio Kontseiluan ordezkaritza ez izatea lortzeko. Tristea da kezkagarria da PSEk eta CCOOk fronte horrekin bat egin izana.
Hausnarketa sakonerako deia ere luzatu nahi diegu alderdi eta sindikatu horiei. Errepara diezaietela aurreko astean harturiko posizioak eragingo dituen ondorio sozial eta ekonomiko larriei. Izan ere, ez dago zalantzarik, Euskal Herria Bildu Kutxabankeko Kontseilutik kanpo uzteak ondorio zehatzak izango dituela, etxegabetzeen aurrean planteatzen den irtenbidearen arloan, aurrezki kutxen erabateko pribatizazioan eta gizarte lanaren galeran. Horregatik eta horretarako utzi baikaituzte dagozkigun karguak gabe; horren garrantzitsuak diren arloetan erabakiak oztoporik gabe hartu ahal izateko, Euskal Herria Bildu baztertuta ez baitago PNV-PPren asmo eta interesei aurre egingo dionik.
EH Bilduk bestelako eredua proposatzen du, bizkaitarrak aintzat hartuko dituena, egiazko fiskalitate progresiboan oinarrituko dena, enplegua sortzeko inbertsioak egingo dituena, gure eskualdetako sare sozioekonomikoa indartzea helburu duena eta alboratuta utzitako lehen sektorea berreskuratzeko eta sektore publikoa indartzeko helburua daukana; izan ere, beharrezkoa da justizia sozialean oinarritutako neurriak indarrean jartzea, eta horretarako, ezinbestekoa da izaera publikoa eta helburu soziala duen aurrezki kutxa bat edukitzea.
BBK-k ez-ohiko batzarra egitea proposatu dugu (Kutxan eta Vitalen ere bai), honako proposatzen zehatz hauek aztertzeko eta Kutxabanken Administrazio Kontseilua anitza eta demokratikoa izateko helburuarekin, etxe kaleratzeak geldiarazteko eta pribatizazioaren aurkako gure jarrera irmoa argi uzteko.
1. Kutxen pribatizazioa
Aurrezki Kutxak, besteak beste, Kutxa, Vital eta BBK, pribatizatzeko asmoak gauzatu nahian, Kutxabankeko akzio batzuk saltzeko aukeraren aurrean, Batzar hau honako adostasun honetara iristea proposatzen dugu: Kutxako ordezkariek Kutxabankeko akzioak saltzearen aurka daude eta beraien eskuan dagoen guztia egingo dute ekintza hori eragozteko.
2.-Etxegabetzeak
Egun pairatzen dugun krisiaren ondorioz, familia eta norbanakoei etxe-kaleratze neurriak aplikatzeak eragin duen ezbehar larriaren aurrean, BBKko Batzarrari honako akordio hau adostea proposatzen diogu: Erakunde honen izenean Kutxabanken parte hartuko duten ordezkariek, Bankuko Administrazio Kontseiluko hurrengo bileran honako proposamen hau bozka dezatela eskatzea: Kutxabanken etxe-kaleratze guztiak bertan behera utziko dira eta, gutxienez 2008tik, Kutxabankek etxegabetu dituen pertsonei, etxebizitza bat alokairu sozialean bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu, Etxebiderekin elkarlanean.
Honako adostasun honetara iristea proposatzen dugu: Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan kutxen izenean parte hartuko duten ordezkariak, ordezkaritza hori betetzeko Batzarrean aurkezten diren hautagaitzak bozkatuz eta emaitzen proportzionaltasuna errespetatuz izendatuko dira.
Horiek dira hurrengo batzarraren gai-ordenean sartzeko Fernandez jaunari bideratzen dizkiogun gaiak.
Gaurkoan, aurreko astean iragarri genuen moduan, etxe-kaleratzeei aurre egiteko EH Bilduk harturiko konpromiso eta instituzio ezberdinetatik hartuko ditugun neurrien inguruan berri ematera gatoz. Horretarako, bertan bildu gara hainbat alkate eta hautetsi, koalizioaren hautetsi guztien ordezkari gisa.
Gobernatzen ditugun udaletan garatuko dugun proposamena da gaur aurkeztuko dizueguna, era berean oposizioan gauden udaletan ere aurkeztuko dugu eztabaidatua izan dadin. Neurri zehatzak biltzen dituen protokoloa da, eta bi helburu ditu, batetik egoera larri honen aurrean daudenei laguntza praktikoa ematea eta, era berean, etxegabetzeen sistema bidegabeari aurre egitea.
Lehenik eta behin, etxegabetze denak denbora mugagabean bertan behera uzteko exijitzen du EH Bildu-k. Herritarren eskubideen defentsa bermatzeko legediaren aldaketa exijitzen dugu. Era berean, herritarren etxebizitza eskubidea babesten du, gai honetan bankuek eta Espainiako gobernuak duten jarrera ozen salatuz.
1.- Horrela bada, ezinbestekoa deritzogu, egoera honen aurrean, instituzioen eta etxegabetzeen aurka ari diren eragileen arteko elkarlana. Horretarako udala eta eragileekin harreman iraunkorra izango da. Beharrezkoa ikusten den kasuetan, etxegabetzeen gaiaren lanketarako, udal batzorde berezi bat antolatzeko aukera irekia geratzen da.
2.- Udala, herrian ohiko etxebizitzaren etxegabetzeak jasan dituzten edo jasateko arriskuan dauden herritarrei irekita dago. Egoera hori nozitu duten edo arriskua duten herritarren informazioa jasotzea ezinbesteko du udalak, ekinbideak martxan jarri ahal izateko.
a) Horretaz arduratuko den zinegotzi bat izendatuko da.
b) Kaltetuen eskura, telefono zenbaki bat eta e-mail bat jarriko dira.
c) Hala eskatzen duten kaltetuek, diskrezio osoa izango dute Udalaren aldetik.
3.- Udalak, herritarraren aurkako etxegabetze prozedura martxan duen bankuarekin harreman bidea irekiko du, honako helburuekin:
a) Etxegabetze prozedura denbora mugagabean bertan behera uzteko exijitzea.
b) Kaltetuaren aldetik dagoen proposamen oro bankuari bideratzea.
4.- Udalak, Kutxabank-eko partaide den heinean (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban), bereziki exijitzen dio entitate honi, etxegabetzeak bertan behera utzi ditzan denbora mugagabean. Epaitegietan martxan dauden prozedurak ere bertan behera uzteko beharrezko diren urratsak eman ditzan exijitzen dio Udalak Kutxabank-i. Kutxabank-en barne egituran dauden aukera guztietatik bideratuko dio Udalak, arestian aipatutako exijentzia.
5.- Udalak, etxegabetzeen gaiarekin duten jarreraren arabera kreditu entitateekin duen harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu: Etxegabetzeak gauzatzen dituzten eta egiten ez dituzten entitate finantzieroen arteko sailkapena egingo du Udalak eta etxegabetzeak egiten dituzten banketxe horiekin harremanak etengo ditu.
6.- Udalak, herritarren jakinaren gainean utziko du etxegabetzeen gaiaren aurrean Banku, Kutxa edo Kooperatiba bakoitzak duen jarrera.
7.- Ordezkatzen ditugun udalek, ez dute etxegabetze prozedurarik bultzatuko eta beraietan parte hartuko. Era berean, gai hauetan, epaitegietatik bideratutako prozedurak gauzatzeari uko egiten dieten udal langileak (udaltzainak kasu gehienetan), babestu egingo ditu udalak.
8.- Udalak, ohiko etxebizitzaren etxegabetzea nozitu duten herritarrei, etxebizitza eskubidea onartua izan dezaten, informazioa, laguntza juridikoa eta lehen arreta eskainiko die.
9.- Ohiko etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrei premiazko irtenbidea emate aldera eta alokairu soziala erreferentzia nagusitzat harturik, Udalak,
a) Etxebizitzaren eskumena duten erkidego eta foru entitate publikoekin (Etxebide eta Vinsa) elkarlana bultzatu du.
b) Hainbat etxebizitza hutsik dituzten banku eta higiezin enpresei ardura exijituko die.
10.- Herrian etxegabetze prozedura bat gauzatzen den bakoitzean, egunean bertan, Udalak herri eragileekin batera, etxebizitza eskubidearen alde eta etxegabetzeen aurka, kontzentrazioa egingo da herriko plazan.
Igor Nabarro, Alternatibako Aniztasun Funtzionaleko Taldeko kideak, abenduaren 3 honetan, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean alegia, gogoratu nahi izan du urritasuna duten pertsonek pairatzen dituzten bidegabekeriak, aukera berdintasuna eta aitortza soziala urratzen zaielako. Horregatik, “oraindik ere haien eskubideen alde borrokatu egin behar dute”.
Nabarrok salatu du sistema kapitalistaren krisiak egoera larrian utzi dituela urritasuna duten pertsonak eta haien familiak, egunero gainditu behar dituzten oztopoak ugari dira eta murrizketak pairatzen dituzte, laguntzetan eta lan merkatuari begira. Aniztasun Funtzionalaren taldetik azken alderdi honetan sakondu nahi izan dute gaurkoan, izan ere, “Aniztasun funtzionala duten pertsonek beste inork baino zailtasun handiagoak dituzte lan merkatuan sartzeko, eta lortzen dutenean ere, besteek baino baldintza kaskarragoetan” egiten dute. Nabarrok gogorarazi du, halaber, urritasuna dutenen artean, iazko langabezia tasa %40koa izan zela, urritasnik gabeko pertsonena ia bikoiztuz. Gainera, aniztasun funtzionala duten emakumeek gizonezkoek baino zenbaki larriagoak dituzte, 10 puntu handiagoa baita haien langabezia: “Sistema kapitalista honen parte da, zeinen arabera ez gara produktiboak, ez baitugu gainerako langileen modura plusbaliak sortzeko prozesuan parte hartzeko gaitasuna”.
Alternatibatik, bestetik, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok asteburuan, elkarrizketa batean, Menpekotasun legeaz esandakoa gogor kritikatu du, inolako enbarazurik gabe honakoa esan baitu: “Inork pentsatu izan balu Menpekotasun Legea bideragarria izan behar zuen, agian ez ginateke egoera honetan izango”. Nabarrok bere kezka azaldu du erakunde publiko batzuetatik erakusten den arduragabekeriagatik menpekotasunaren legeari lotutako laguntzen inguruan, Bilbaok iradoki baitu lege hori beharrezkoa ez dela eta, izatekotan, dirua soberan egotearen menpe egon behar duela, “bermatu beharreko eskubide gisa jorratu beharrean, horretarako aberastasuna benetan banatzeko baliagarria izango den zerga politika eginda”.
Guzti horregatik, Alternatibako kideak herritar guztiei dei egin die, urritasuna izan edo ez, “sistema kapitalista eraldatzeko lanean bat egin” dezatela, “justizia soziala eta pertsona guztien aukera berdintasuna ardatz izango dituen beste sistema batekin ordezkatzeko. Guztion artean eredu berneratzailea sortu behar dugu, adina, genero, aniztasun funtzionala zein bestelako aldagai guztiak kontuan izango dituena”.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek hitzaldia eskaini zuen azaroaren 28an Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe Kultur Etxean, Alternatibaren sorreraren, ibilbidearen eta etorkizunaren inguruan, Alternatibak lotuz: Ezkerra Eraldatzearen Erronka titulupean. Matutek menpekotasun sistema desberdinei aurre egiteko borroka guztiak agenda berean uztartzearen garrantziaz hitz egin zuen. Hector Prieto talde ezkertiarreko kidea udal asanbladako kideak hitzaldiaren aurkezle lanak egin zituen eta testuingurua zehazteko arduraduna ere izan zen; batetik, euskal ezkerrak dituen erronkak eta, bestetik, Euskal Herrian ezker alternatiboak batera lan egiteko berrosatze prozesuan parte hartzearen gogoa eta konpromisoa hizpide izan zituen. Alderdiaren bozeramaileak, berriz, oinarri desberdinak izango dituen paradigma berria sortzeko ezker eraldatzaileak bere burua birpentsatu eta autokritikatu behar duen ikuspuntua eman zigun. Matutek, krisi sistematikoari aurre egingo dion harresi sozialean parte hartzearen beharra ikusten du, azken batean, Euskal Herriko ezkerraren eraldatzearen erronkaren ondorioz, mundua bera ere aldatzen laguntzeko.
Alternatibako Kontseilu Nazionaleko kide Mireia Arginzonizek bihar, abenduaren 1a, Euskal Herri osoko euskaltzale eta hizkuntza eskubideekiko errespetua adierazi nahi duten guztiei Donostiako kaleak zeharkatuko dituen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, Anoetako estadiotik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan, Euskaraz bizi nahi dut lemapean.
“Hizkuntza harremanetarako eta komunikatzeko tresna” dela gogorarazi du Arginzonizek, eta “gure arteko harremanak sortzeko eta egituratzeko lanabesa izateaz aparte, hizkuntza komunitate sendo bat eratzeko ere” badela esan du. Are gehiago, euskal herritarren “nortasuna bermatzeko altxorrik preziatuena ere bada”. Horregatik, herritarren konpromisoa eta bultzada beharrezkoa dela adierazi du, eta gizarte osoari deialdia bidali dio euskara kalean erabiltzera eta bultzatzera animatuz, “euskara herri osora zabaltzearen bizi nahia posible egiteko guztion lanaren bitartez bakarrik lortuko” dugula azpimarratu du.
Alternatibak ordezkaritza zabala izango du Donostiako kaleetan. Arginzonizekin batera, besteak beste, Josu Estarrona Alternatibaren Arabako bozeramailea eta Pablo Fernandez Bilboko Asanbladako koordinatzailea izango dira.
Palestinar Agintaritza Nazionalak, Nazio Batuetako Erakundearen Asanblada Orokorrean, obserbatzaile statusa izanen duen Palestinar Estatu aitorpenaren eskaeraren testuinguruan, honako adierazpen instituzionala aurkeztu du EH Bilduk Euskal Herriko hainbat udaletan.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek eta alderdiko Koordinakunde Nazionaleko kide Asier Vegak Elkarte Kolonbiarreko (ASOCOL) buru Fredy Rodríguez Corrales eta Nekazarien Koordinakunde Nazionaleko abokatu David Uribe Laverderekin bilera egin dute gaur, Kolonbiako nekazariek paramilitarren eskutik bizi duten sufrimendua, beldurra eta bortizkeria salatzeko.
Matutek eta Vegak nekazariek pairatzen duten egoera larriarenganako ardura adierazi dute, eta horregatik, gogor salatu dute Bellacruz Etxaldeko – orain Gloria Etxalde izenekoa- 600 familiek jasandako lurren desjabetze bortitza. ASOCOLeko buruek, paramilitarren eskutik mehatxuak eta pertsekuzioak jasateaz ez ezik, legez kanpo kendutako lurren berresartze prozesuaren buru ere badira, elkartea osatzen duten 96 familien laguntzarekin batera.
Rodriguezek eta Uribek hasiera eman diote Bruselazen Europako eurodiputatuekin, goi-funtzionario eta herrialde desberdinetako ordezkariekin egingo duten hilabete bateko bilera sortari; Kolonbiako Gobernuari berehalako bake prozesua eta “nekazariei indarez lapurtutako lurrak bueltatzera behartzen duen Europako herrialdeen laguntza” lortzeko helburua duen bira, alegia. Aldi berean, “nekazarien eta euren familien babes efektiboa” eskatu diote estatu kolonbiarrari, euren lurretara bueltatzeko aukera izan eta lurrak berreskuratzearen ondorioz, lantzeko askatasuna ere izan dezaten.
Esan dutenez, “gaur arte Bellacruzen egindako kalte guztiari buelta ematea ezinezkoa bada ere”, ASOCOLetik eta Alternatibatik Gobernu Kolonbiarrari eta FARCei, La Habanan lurraldeen inguruan hitz egingo duten heinean, “biktimek justizia, konponbidea eta egia” merezi dutela gogorarazi nahi izan dute. “Bakea lortzeko lehen pausoa nekazariei lurrak bueltatzea da. Errestituziorik gabe bakea sinatzerik badugu, baina ez da benetako bakea izango”.
Murrizketen eta murrizketek sortzen duten egoera larriaren inguruko eztabaida puri-purian dago euskal jendartean. 14. paga edo “Gabonetako paga” delakoaren inguruko eztabaida dugu horren adibide.
EH Bildu-ren ustez, murrizketen inguruko hausnarketa orokorra egin beharra dago, irakurketa partziala egiteak arazoaren dimentsio osoa ezkutatzen duelako.
Horrela bada, lehenik eta behin, murrizketa hauen zergatiaz eta testuinguruaz hausnartzea ezinbestekoa deritzogu:
1. Krisi orokorra pairatzen ari gara, herri eta herritar bezala. 2. Estatu espainiarrean krisia sakonagoa eta bortitzagoa bihurtu zen neurrian, bankuei zorra ez ordaintzeko arrisku bizia zegoen eta Troikak bete beharrak zehaztu zizkion Estatuari hori gertatuko ez zela ziurtatzeko, alegia bankuei ordainduko zaiela bermatzeko. 3. Horregatik, ukiezina omen zen Konstituzio espainiarraren aldaketa egin zen, PSOEk proposatua, PPren baiezkoarekin eta EAJren abstentzioarekin. 4. Konstituzioaren aldaketaren arrazoi bakarra bankuei zor publikoa ordaintzea lehentasun legala bihurtzea izan zen, eta horrek bestelako gastuak murrizteko beharra sortu zuen derrigor. 5. Norabide horretan onartu zuen PPren Gobernuak “Aurrekontuen Egonkortasun Legea”. Lege horren oinarrizko helburua honakoa da: gastu publikoa eta soziala murriztea, bankuei zorra ordaindu ahal izateko. 6. Eta horren ondorio zuzena da gero etorri zen langile publiko eta sektore publikoaren kontrako erasoa: kontratazio berriak egiteko debekua eta pribatizazioak, langile publikoen lan baldintzak okertzea eta azkenik 14. paga kentzea. 14. pagaren desagertze saiakerak langile publiko guztiei eragiten diela azpimarratu beharra dago, beraien soldata dena delakoa izanda, berdin hilero 3.000, 1.500 zein 800euro kobratzen badute ere. 7. Neoliberalismoak beraz garbi du, bankuak lehenetsi eta sektore publikoa “argaldu”, alegia, gastu publikoa eta soziala murriztu, bi ondorio nagusiekin: hiritarrei ematen zaion zerbitzuaren kalitatea okerragoa dela eta langile publikoen lan baldintzak okertu egiten direla. 8. Beraz, krisi honetara ekarri gaituen politika neoliberala eta bere mesedetan lan egiten duten PP-PSOE-EAJ alderdiak dira arduradun nagusiak egoera honetara iristeko, eta era berean, krisira ekarri gaituen bide berdinean sakontzea besterik ez dute proposatzen.
PPren Gobernuaren erabaki ekonomikoek ondorio politikoa badute ere, Katalunia eta Euskal Herrian subiranotasuna inoiz baino biziago dagoen momentu honetan “café para todos” formula pean sortutako autonomien estatua ere jasanezina egiten zaie eta beraz zentralizazio prozesu basatiari ekin diote.
Izan ere, gauza bat izan behar dugu argi: Madrilen hartutako erabakiak Euskal Herrian indarrean jartzeko derrigortasuna burujabetzarik ez dugulako gertatzen da. Horixe da Madrilek harturiko erabakiak inposatzeko arrazoia. Estatuarik ez izatearen ajeak dira.
Madrilen erabaki eta Euskal Herriko instituzioetan erabaki horiek inposatu nahi dituzte, eta berdin dio BEZaren igoeraz ari bagara zein 14. pagari buruz ari bagara.
Zertarako balio du beraz egun dugun markoa? Zertarako balio du ere kontzertu ekonomikoa edo hitzarmena, politika fiskala bera Madriletik inposatu behar bazaigu? BEZarekin gertatu da eta ikusiko dugu zer gehiago etor daitekeen. Autonomia Estatutuak, Amejoramenduak ez dituzte euskal herritarrak Madrilen hartzen diren neurri bidegabeetatik babesten. Euskal Herrian erabakiak hartu ahal izango ditugula bermatzen duen bide bakarra Estatu propioa eta bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzea da.
Murrizketak, neurri inposatuak, dekretuak,… gure herria garatzeko, politika propioak bultzatzeko, … lehen mailako mugak dira. Azken helburua zentralizazioa eta erabakitzeko ahalmenak murriztea ere… Estatuaren aginduen menpean, Murrizketen aferaren inguruan dagoen eztabaida politikoa ezin atzeratu edo zokoratu daiteke. Atzean dagoena eskumen, burujabetza eta borondate politikoaren inguruko eztabaida eta erabakiak hartu behar. Eragile politiko, sozial, sindikal eta instituzionalok posizio argia azaldu behar dugu honen aurrean eta dituen ondorioen aurrean. Euskal Herriak marko berria behar du. Berria eta berehalakoa, premiazkoa delako. Austeritatearen izenean inposatzen ari zaizkigun neurriak jada ondorio sozial larriak ekarri ditu: langabezia tasa jasanezina, babes sozialeko laguntzen murrizketak pobreziari ateak parez pare zabalduz… Oro har langileen eskubideak urratzen ari dira etengabe, gazteak eta emakumeak krisiaren lehen biktimak suertatzen ari dira…
EH Bilduk horri guztiari aurre egingo dio. Ez dugu murrizketarik nahi, ezezko borobila esaten diogu neurri, erreforma eta dekretazo hauei guztiei, inposatuak direlako, guk erabaki ez ditugulako eta bereziki injustuak eta krudelak direlako. Eta horiek euskal gizarteari – zerbitzu sozialen erabiltzaileei eta langileei- ez eragiteko lan egin dugu. Hori da gure konpromisoa eta horrela izango da kudeatzen ditugun erakundeetan.
Horrela bada, honako azpimarratu nahi dugu:
Euskal Herriak bere etorkizun politikoa ez ezik, ekonomikoa ere eraikitzeko behar duen marko politiko burujabearen alde lan egin behar du. Euskal Herriak, lehen bait lehen, burujabetza ekonomikoa behar du, arlo ekonomikoan, laboralean, fiskalean edota sozialean gure erabaki propioak hartu ahal izateko. Burujabetza politiko eta ekonomikoa jendarte eredu berri bat eraikitzeko; egungo eredua errotik aldatu herritarren eta langile klasearen mesedetan.
Marko berri hori lortze bidean, zein inposatu zaizkigun neurri horiei herri bezala aurre edota planto egiteko, instituzio eta eragile ezberdinen arteko elkarlana eta akordioaren beharra aldarrikatu nahi dugu. Berriro diogu, herri bezala aritu eta erantzun behar da oraingoan, ezbairik gabe. Ildo horretan hiru gai zehatzen inguruko adostasuna bilatzeko deia luzaten diegu eragile guztiei:
1. Gobernu espainiarrak onartu dituen dekretuei erantzutea. 2. Politika fiskal berri baten inguruko adostasuna erdiestea. 3. Madriletik inposatu nahi den Aurrekontuen Egonkortasun Legeari aurre egitea.
Azkenik, murrizketa hauen aurrean harresi sozial bat eraikitzea ezinbestekoa dela deritzogu. Horregatik, biharko egunean Euskal Herria Martxan deialdiak burutuko dituen mobilizazioekin bat egin nahi dugu, herritarrei manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzearekin batera.
Alternatibako Koordinakunde Nazionalak Kataluniako alderdi ezkertiar subiranistak zoriondu nahi izan ditu atzoko hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. Talde ezkertiarreko batzorde eragiletik azpimarratu dutenez, gorakada nabarmena izan dute nazio eraikuntza sozialarekin batera ulertzen duten alderdiek, burujabetza herritarrei hitza emateko nahi dutenena, bandera desberdinarekin eginda ere, botere finantziero berdinen aginduetara eta gizarteari bizkarra emanda agindu nahi dutenen aurka.
Alternatibatik, bestalde, bereziki ospatu da Candidatura d’Unitat Popular Alternativa d’Esquerres, CUP, hautagaitza legebiltzarrera lehenengo aldiz heldu izana, 3 eserleku eta 126.00 boto baino gehiago lortuta. Alternatiba hauteskunde kanpainaren azken egunetan izan da, CUPetik jasotako gonbidapenaren ostean, hautagaitza honen hainbat ekitaldietan parte hartzen David Fernandez eta beste zerrendaburuekin batera. Horregatik, bertatik bertara ezagutu ahal izan du CUPeko militanteek eginiko lan paregabea, hautagaitza milaka lagunen erreferentzia izatea eragin izan duen lana: askapen nazionala eta soziala batera lortzea ezinbestekoa dutenena, mailaketarik egin gabe kapitalismoaren, patriarkatuaren, desarroilismoaren, demokrazia faltsuaren eta arrazakeriaren aurka borrokatzen dutenena; erakundeak helburu gisa baino, klase popularren bozgorailu izateko bitartekari gisa erabiliko dutenena, herritarren borondatea ordezkatu baino zapaldu egiten dutenen kontraesanak eta iruzurrak salatzeko.
Guzti horregatik, bere poztasuna agertu du Alternatibak CUPek lortutako emaitza bikainarengatik, eta haien proiektua gero eta zabalagoa izan dadila opa egin die, herritarrak oinarri hartuta sistema eraldatu eta Katalunia zein Herrialde Katalan burujabeak eta sozialistak eraikitzeko apustuan aurrera egin dezatela, behetik eta ezkerretik.