EH Bilduk bere poztasuna agertu nahi du gaurkoan Hontzak konpartsako idazkariaren absoluzioarengatik “Carniceria Vaticana” apainketaren auziaren inguruan izandako epaiketan, 2017ko Aste Nagusian Gotzaingoak aurkeztutako salaketaren ondorioz.
Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak azpimarratu duenez, kasua “ez litzateke inoiz epaitegietara heldu behar izan”. Bere aburuz, “subertsioa, umorea eta kritika soziopolitikoa Aste Nagusiaren parte izan dira eta izango dira, oztopo guztien gainetik”. Era berean, “larri eta onartezintzat” jo ditu gertatutakoak.
Fatuartek, Jai Batzorde Mistoaren parte ere badena, Juan Mari Aburto alkateari polemika honen inguruan bere garaian botatako hitz “moralizatzale eta onartezinetan” atzera egitea eskatu dio. Zinegotziak gaineratu duenez, “Aburtok ulertu beharko luke bere sinesmen pertsonalen eta bilbotar guztion eskubideak defendatzearen artean ezberdintasun handia dagoela”. Fatuarteren iritziz, Aburtok “hasierako momentutik bere babesa adierazi behar izan zion Gotzaingoak Hontzak konpartsaren, eta oro har, jai ereduari, eraso egiten saiatu zenean”
Bide beretik, EH Bilduk argi dauka Bilboko Konpartsek 1978tik lanean daramatela jai “anitz eta zabalen alde”, non kritika eta satira politikoek bere ezinbesteko tokia izango duten. Epaiketa, eta oro har, salaketa honen inguruan emandakoak, “kolpe latza izan dira aldarrikapenean eta subertsioan oinarrituriko hiri eta jai eredu honentzako”.
EH Bildu Bilbo