Polizia ugari, soluzio gutxi

Ana Etxarte eta Amaia Agirresarobe – Alternatibako Mahai Feminista

Orain dela hilabete Mugimendu Feministak manifestazioa egin zuen Bilbon, instituzioek emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzun eta trataera eskasa salatzeko, Ada Otuya eta Jenny Rebolloren erailketen kasuan gertatu bezala. Salaketaren helburua, instituzioen ustez indarkeria sexistari aurre egiteko aukera bakarra emakumeen gaineko kontrol eta murrizketa handiagoa eragitea dela adieraztea zen eta gizarte parekide bat lortzeko konpromiso eta borondate politikoa eskatu zennon indarkeria sexistak lekurik izango ez duen, ez erabilerarik ezta justifikaziorik ere.

Salaketa ezerezean gelditu zen beste behin ere, eta Bilboko Udaleko osoko bilkura PNV, PSOE eta PPk eragiten duten ikusezintasunaren erakusleiho bihurtu zen, Bilbon azkenaldian gertatu diren emakumeen aurkako eraso eta erailketen harira. Hala, PNVk, PSOEren babesari esker, eta herritarren segurtasunaren alorrean administrazioen arteko elkarlana hobetzeko PPk aurkeztutako mozioari erantzunez, polizia guztiekin eta sistema judizialarekin elkarlanean aritzea eta koordinatzen jarraitzea onartu zuen.

Nola da posible Udalak eraso sexistei aurre egiteko segurtasunean oinarritutako soluzioak, hau da, kontrol eta polizia gehiago proposatzea? Gai honen erantzukizuna Segurtasun Sailari egozteak arazoa “polizializatzea” eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko ikuspuntuan huts egitea dakar. Izan ere, Otuya eta Rebolloren hilketak indarkeria sexistaren ondorio dira, eta gizonek emakumeengan eragiten duten zapalkuntzan, esplotazioan eta dominazioan oinarritzen den eta indarkeria kontrolerako tresna moduan erabiltzen duen gizarte matxista honetan errotuta daude.  

Ezinezkoa da emakumeen aurkako indarkeria saihestea eta honi aurre egitea bere zergatia aztertu eta berdintasun politika eraldatzaileak martxan jarri gabe. Indarkeria guzti hauei aurre egiteko, erakunde eta sail ezberdinetatik bultzatutako politika eta neurrien koordinazioa ezinbestekoa da. Izan ere, helburua emakumeei autonomia eta burujabetza eskaintzea izan behar da, indarkeria sexistari aurre egin diezaioten.

Baina Udaleko gobernuan dagoen alderdiak dena modu berean konpontzen du, gaia edozein dela ere: lapurreta bada, polizia; auzokideen arteko gatazketarako, polizia; indarkeria matxistaren kasuan ere, polizia gehiago. Udal gobernuaren lotsagabekeria agerian gelditu zen Areso jaunak esan  zuenean “zaintza berezi bat eskainiko lukeela emakumeak prostituzioan diharduten zonaldeetan”. Aitzitik, beraiek izan ziren kalean prostituzioan aritutako emakumeak zigortzeko ordenantza onartu zutenak. Euren soluzioa al da bere lana egiteagatik isuna jartzen dieten pertsona horiek berberak izatea babesa eskainiko dietenak?

Lehenik eta behin, PNVk espazio publikoaren Ordenantza bertan behera utzi beharko luke, kalean prostituzioan diharduten emakumeen estigmatizazioa eta ikusezintasuna handitu baino ez duelako egiten. Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasun bihurtu beharko luke, apustu politiko erreala eginez. Aski da diskurtso hutsekin; gezurrezko konpromisoak baliabide ziztrinetan bihurtzen dira, soilik erantzun sinple eta herrenak emateko gai direnak eta emakumeen egoera aldatzeko gai ez direnak. 

Berebizikoa eta premiazkoa da indarkeria matxistari bere arrazoietatik eta ondorioetatik abiatuta aurre egitea, politika integral eta kolektiboetan oinarrituta, emakumeen jabekuntza sustatuz eta euren egoera maila guztietan hobetuz. Horretarako mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko espazioak baliatu behar dira, indarkeria matxistaren aurkako borrokan egin duten ibilbide luzea dela eta.

Horretarako baliabide ekonomiko eta langile nahikoak behar dira. Baina ez, Bilbon eraso sexisten kopurua gora egin arren, PNVko jaun-andreek berdintasun aurrekontua eta indarkeriaren aurkako programak murriztu egiten dituzte urterik urtera. Bitartean Alkateen Foroa bezalako ekitaldia antolatzen dute, herritarrik gabeko topaketa bat, enpresa handiek euren negozioak egin ahal izateko egina, eta 500.000 euroko kostua izan duena. Horretarako dirua egon badago; emakumeentzat ordea, ez.

Bilbao Ria 2000ak Iberdrolari eginiko mesedea Udalak ordaintzea EAJk herritarrei eginiko lapurreta perfektua da

Dorrea eraikitzeagatik multinazionalak ordaindu beharko lituzkeen 25,5 milioi euro bere gain hartuko ditu Udalak, eta ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du hilaren 16an, zorraren zati bat kitatzea onartzeko.

Udalbatzarra uda erdian eginda, jokaldi makur horren ondorioak isilpean eta inongo erantzukizunik onartu gabe kudeatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduk EAJren udal gobernuari

Iberdrola dorrearen magalera etorri gara gaur, porrot egin duen politika egiteko modu baten erakusle baita eraikin hau. Herritarrei bizkarra eman eta enpresa handien mesedetan jarduteko politika molde baten adibide argigarria ere bada Iberdrola dorrearen eraikuntza. Herritarrei eginiko lapurreta perfektua.

Zergatik diogun hau?

Heldu den asteartean, ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du Bilboko Udalak. Eta 12 milioi euroko diru atala onartuko du, Bilbao Ria 2000 sozietatearen baitan duen zorraren zati bat kitatzeko. Hau da, ingeniaritza finantzarioa eginez, dorrea eraikitzeko Iberdrolari emandako erraztasun guztiek Bilbao Ria 2000 sozietatean eragin zuten zuloaren zati bat estaltzeko.

Argi daukagu: ez da kasualitatea udan deitu izana horretarako aurrekontua onartzeko ohiz kanpoko udalbatzarra, noiz eta uztaileko bigarren hamabostaldian, Bilboko herritarren gehiengo handi bat oporretan edo kanpoan denean. Eginiko operazioa, zeinaren bidez Udala zorpetu duten multinazionalaren mesedetan, larria da oso, eta are larriagoa da orain hartu duten jarrera: isilpean kudeatu nahi dituzte jokaldi makur horretatik eratorritako ondorioak, inongo autokritikarik edota erantzukizunik onartu gabe, eta noski, egiten ari direnaren berri herritarrei azaldu gabe.

Eta eginikoa larria dela diogu, Bilboko herritarrentzat erabat kaltegarria den jokaldia egin baitzuen Udalak. Zeinen eta Iberdrolaren mesedetan, 2012an 2.800 milioiko irabaziak izan zituen multinazionalaren onuran.

Enpresa jakin batzuen alde politika egiteko modu hori, porlanean eta espekulazioan oinarritutakoa, ohikoa da batzuentzat. Urte luzaz jardun dira horrela, eta orain ari gara ikusten zeinen larriki kaltetu dituzten herritarren interesak eta udal kontuak.

Beste behin ere salatu behar dugu, Udalak 25 milioi zorra duela Bilbao Ria 2000 sozietatean (20 milioi + KPIa), Iberdrolak ordaindu beharko lukeen zenbateko bat bere gain hartu zuelako. Halaber, gaur-hemen salatu behar dugu Udal gobernuak harturiko bideak agerian utzi dituela Azkunak behin eta berriro esan dizkigun zenbait gezur.

EH Bilduk 20 milioiko zulo horren berri eman zuenean, Udalak esan zuen 20 milioi horiek aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordainduko zituela. Baina edo orduan sartu nahi izan zigun ziria edo orain sartu nahi digu, zeren sinatuko duen hitzarmenean argi uzten du 20 milioi euro ordainduko dizkiola Bilbao Ria 2000 sozietateari, eta 20 milioi euro horiek direla, hain justu, dorrea eraikitzeko orubea saltzean Iberdrolari oparitu egin zizkion 20 milioi euroak. Eta ez Iberdrolaren Gardoki kaleko lehengo egoitzako aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordaindurikoak.

Horregatik, 2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpetutako hitzarmenaren bestelako interpretazio bat jasotzen duen txosten bat osatu du EH Bilduk. Hau da, hitzarmenean hitzez hitz jasotakoari segitzen badiogu, Udalak aprobetxamenduzko 9.000 unitateak erosteko konpromisoa hartu zuen bere gain, eta unitate horietako bakoitza 2.305 eurotan ordaintzekoa (eta 2.855 euro ere bai, KPIaren igoera kontuan hartuz gero). Baina Udalak ez zuen hitzartu 20 milioi (gehi KPIaren igoera) ordaintzea. Ez zuen horrelako eginkizunik izenpetu. Besteak beste, 2005ean jakiterik ez zegoelako hamar urteren buruan aprobetxamenduzko 9.000 unitate horiek salduak egongo ziren edo ez.

Eta zein da egungo egoera? Bada, Bilbao Ria 2000ak aprobetxamenduzko unitateetako batzuk saldu egin ditu hamar urte hauetan, baina 2005ean finkaturiko prezioaren azpitik. 1.457 eurotan, zehazki. Eta hori kontuan harturik EAJren udal gobernuak proposatzen du kalte ordainen zenbatekoari (12.583.214 euro) ezarritako prezioaren azpitik Bilbao Ria 2000ek RAGaren bidez urte hauetan saldutako unitateen diferentzia gehitzea. Hau da, 2005ean zehaztutako 2.855 euroko prezioaren eta gauzatutako 1.457 euroko salmentaren arteko diferentzia ere udalak ordaintzea, kalte ordain gisa. Hau da, herritar guztiek.

Baina modu horretan, saltzeko falta diren unitate horiek 3.869 euroan salduko lirateke, hitzarmenean zehaztutako salneurria baino %35 garestiago eta Udalak berak eta Anidak RAGaren orubeagatik aurten ordaindutako salneurria baino %165 garestiago. Horrez gain, udal gobernuak dio hitzarmenean jasotakoak hamar urte baino lehenago betetzeko betebeharra duela Udalak. Baina hori ez dago batere garbi, hitzarmenean ez baita aipatzen horrelakorik. Halaber, EAJren udal gobernuak konpentsazio batez hitz egiten du, unitateen prezioaren debaluazioagatik, baina hori ere ez da hitzarmenean jasotzen.

Gure ustez, Udalak 14.902.608 euro ordaindu beharko lizkioke Bilbao Ria 2000 sozietateari. Izan ere, saltzeko dauzkan 5.218 unitateetako bakoitzarengatik hitzarmenean jasotako 2.855 euro emango balizkio, 14.902.608 euro eman behar lizkioke. Ez gehiago. Eta, beraz, ez eman nahi dizkion 25 milioiak. Eta ezta ere 2015 urtea baino lehen.

Eta Udalak ulertzen badu merkatuaren prezioari gaina hartzen dion zenbatekoa kalte ordain gisa zenbatu eta gehitu behar dela, eta gainera BEZik ezarri behar ez zaiola, eragiketaren oinarriak hauxek izango lirateke:

Kalte ordaina= 14.902.608-7.606.867 = 7.295.741
Aprobetxamenduzko berrerosketa = 7.606.867
BEZa (7.606.867en %21) = 1.597.442

2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpeturiko hitzarmena oinarri horietan konprenitu eta aplikatu beharko litzatekeelakoan gaude, eta horregatik azalpen horiek guztiak jasotzen dituen txostena emango diogu udalbatzako idazkariari, EAJren udal gobernuak egiten duen interpretazioa zuzena ez dela, eta Udalaren eta oro har herritar guztien interesen aurkakoa dela sinetsita baikaude.

EAJren udal gobernuak Iberdrolaren mesedetan jokatzea erabaki du. Eta esan beharrik ez dago, jokamolde hori ulertezina eta onartezina dela, goitik behera. Eta eman beharko dizkigu azalpenak herritar guztioi nolatan egin duen halakorik. Herritarren alde lan egin beharrean, multinazionalaren interes ekonomikoak lehenetsi ditu EAJren gobernuak, noiz eta krisiak inoizko gogorren kolpatu gaituenean. Eta zeinen alde, eta urtetik urtera gero eta irabazi handiagoak dituen Iberdrolaren mesedetan. Jokabide hau ezin daiteke inolaz ere zuritu, eta EAJren taldeak badaki oso bestela egin daitezkeela gauzak. Batzuen eta besteen interesen oreka bilatuz, Pablo Alzola kaleko klinikarekin berriki egin duen bezala.

Gisa horretako erabaki politikoak onartezinak dira beti, baina berriro diogu: are gaitzesgarriagoak eta ezin onartuzkoak dira egungo testuinguru ekonomikoan. 12 milioi euro xahutuko ditu Udalak Iberdrolaren mesedetan, eta herritarren kaltetan. 12 milioi euro xahutuko ditu sail eta zerbitzu askotan murrizketak egin ondoren.

Iberdrolari 12 milioi euro oparitzea nahiago izan du, diru hori gizarte laguntzak handitzeko edota enplegua sustatzeko ekinaldietara bideratu beharrean. Eta ahaztu du Bilbon dagoeneko 32.646 direla enplegurik ez duten herritarrak, eta 20.655 premiaz bizi arren inolako laguntzarik jasotzen ez dutenak.

EAJren gobernuak ahaztu du, halaber, anbulantzia zerbitzuetan eta autobus lineetan murrizketak egin dituela oraintsu, estu bizi diren herritar askoren bizimoduan areago estutuz, eta ahaztu du nonbait eskolan zailtasunak dauzkaten umeei laguntzeko eta euskara irakasteko programak ere kendu egin dituela berriki, horiek finantzatzeko dirurik ez zegoela arrazoituz. Ez gaitzatela engainatu! Dirua egon badago. Beste kontua bat da zertara bideratu nahi duen EAJk.

Eta gaur-hemen salatzen ari garen jokaldi honek argi erakusten du zertara nahiago duen bideratu dirua udal gobernuak. Zein diren bere egiazko interesak. Eta, horrenbestez, EH Bilduk gaur-hemen salatu nahi du Iberdrola eta Bilbao Ria 2000 xede dituen jokaldi honek galerak baino ez dizkiela ekarri herritarrei. Eta gainera argi utzi nahi dugu ekidin zitekeela. Hau da, udal gobernuak baditu beste bide batzuk 2005ean izenpetutako hitzarmena urratu gabe herritarren interesak egokiago defendatzeko. Zehazki, hiru aukera edo bide dauzka zuzen eta garbi jokatu, eta uneoro egin beharko lukeen bezala, herritarren zerbitzura jarduteko. Astearteko udalbatzarrean jakinaraziko ditugu hiru bide horiek.

Eta gauzak zer diren, behin eta berriz arrakastaz beterik aurkezten zaigun Bilbao Ria 2000 sozietatearen inguruan udal-ikuskatzaileak eginiko txostenean lehendabiziko aldiz onartu dute ofizialki guk aurrez behin baino gehiagotan esandakoa: hau da, Bilbao Ria 2000ek 50 milioiko zorra duela. Beraz, argi geratu da Udalak defizitik ez duela esaten zutenean gezurretan ari zitzaizkigula. Gezur handi bat zabaldu dutela ‘defizit zero’ kontu horrekin. 50 milioi horiei, gainera, gaur salatzen ari garen jokaldiaren ondoriozko 25,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.

Beraz, EH Bilduk azken hileotan azaleratutako datuek argiro erakusten dute ez direla azken urteetan asperduraraino errepikatu diguten bezain kudeatzaile onak, eta are gutxiago, gardenak eta zintzoak.

Hautsi egin dira EAJren inguruan eraikitako mitoak. Eta EH Bilduk argi dauka Bilborako bestelako eredu bat posiblea izateaz gain, premiazkoa ere badela. Horretan eman ditugu azken bi urteak, instituzioan zein kalean lanean. Eta horretan segituko dugu, ez izan zalantzarik.

Sinetsita gaudelako gehiengoa garela bestelako Bilbo bat nahi eta behar dugunak, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen hiria eraiki nahi dugunak. Horregatik, bestelako hiri eredu baten alde segituko dugu lanean. Zorpetu behar bada, pertsona guztien ongizatea ziurtatzeko zorpetuko den hiri baten alde, baina ez enpresa handien interes kapitalak babestuko dituen hiri baten alde.

Kezka handiz ikusten dugu BBKk zuen berezko Gizarte Ekintza deuseztatzen ari dela, BBK Sarriko adibide

Gaur BBK-ko Gizarte Ekintza Batzordea bilduko den honetan Gizarte Ekintzaren jarduerak 2013ko lehen seihilekoan eta BBK-Sarrikoren proiektua gai-zerrendako puntuak izanik, berriro ere EH Bildutik aldarrikatzen dugu BBK-ko Gizarte Ekintzan murrizketak ez egitea eta jarduerak benetan gizarte-beharrei erantzutea, bereziki krisialdiaren ondorioak pairatzen dituztenei laguntzeko. Gizarte behar ugari daude: etxegabekoentzako aterpeak, jantoki sozialak… Gizarte Ekintza izenak adierazten duen izaera sozialari eutsi behar da.

BBK-ko aurreko asanbladan salatu genuen BBK-ko Gizarte Ekintzarako aurrekontua erdira jaitsi zela. Orain salatu behar dugu, dagoen diru gutxiago hori, gainera, gizarte beharrei erantzuteko baino beste era batean erabiltzen dela. Bilbon arazo nagusi bat da kalean bizi direnen arazoa. Zergatik ez du planteatzen BBK Sarriko eraikinean etxegabekoentzat aterpe bat sortzea?

Jakin dugunez, Bilbao BBK Talent Place Euskal Elkarte autonomotik kanpo Bizkaira datozen goi mailako ikerlariei zuzentzen den egoitza gunea izango da. Ez dugu zalantzan jartzen ikerlarientzako egoitza behar denik, baina hori izan behar da BBK-ko Gizarte Ekintzaren jarduera bat? Ikerlarientzako egoitza bat eraikitzea ez da gizarte beharrei erantzutea.

Eta egitasmo honek lotura zuzena du BBK Sarriko eraikinaren etorkizunarekin. Duela  bost urte, Reina de la Paz egoitza zena itxi eta bertako egoiliarrak beste egoitza batzuetan sakabanatu zituzten. Egoiliarrek eta beren senideek, Oihanka elkartean bilduta, borroka luze eraman zuten bermatu ahal izateko zituzten eskubideak ez zituztela galduko. Bost urte igaro dira, eta eraikin berrira, BBK Sarrikora bueltatu dira, baina ez baldintza berdinetan.

Reina de la Paz egoitzako langileak BBK-ko Gizarte Ekintzako langileak ziren, baina BBK Sarrikoko zentrora ez dira bueltatuko, hain zuzen, BBK-k egoitzaren kudeaketa esku pribatuetan utzi duelako, Vitalitas enpresaren eskuetan hain justu. Horren ondorioz, gainera, zerbitzuen kalitatearen jeitsiera pairatzden dute orain. Reina de la Paz egoitzan nagusiek zituzten baldintzak ez dira mantendu BBK Sarrikon, hain zuzen, BBK-k azpikontratatu duelako egoitzaren kudeaketa. Eta azpikontratazio horrek argi uzten du hainbat aldiz salatu dugun BBK-ko Gizarte Ekintzaren deuseztapena.

BBK Sarriko eraikina handia da eta erdia hutsik dago, baina BBK-k erabaki du ez dituela eskainiko nagusientzako plaza gehiago, hau da, Reina de la Paz egoitzatik datozenak hiltzen direnean, nagusien egoitza ez da egongo BBK Sarrikon. Egitura bera ezberdina da, gehiago dira apartamentu tutelatuak, egoitza baino. Beraz, BBK-k zituen Gizarte Ekintzako zati bat, nagusientzako egoitza, desagertuko da, Gizarte Ekintza deuseztatzen ari dira berriro. Hor kokatzen da hain justu Bilbao BBK Talent Place egitasmoa.

Pregoren kasua bezalakoak ahalbidetzen dituen kudeaketa eredu ilun bera da Bizkaiko Aldundiarena

Dakizuen moduan, gaur hedabideen bitartez jakin dugu Bizkaiko Aldundiak Metro Bilbaoko gastuak ikuskatzeko eskatu duen txostenaren edukia. Eduki guztiz sumingarria. Politika egiteko eredua aldatzeko beharra argi eta garbi uzten duena. PSEk lau urte besterik ez ditu eman Eusko Jaurlaritzan eta nahikoa izan zaizkio diru publikoarekin, guztion diruarekin, gastu lotsagabe eta onartezinak egiteko, ezkutuan.

Iñaki Pregoren lan kontratua geroz eta baldintza estuagotan bizi den gizarteko sektore zabalarentzako iraingarri da. Kontratu hori sozialistak deitzen diren horien gobernuak sinatu zuen. Ernesto Gasco ustezko sozialista, orduan Garraio sailburu zenak sinatu zuen pribilegioz jositako kontratu hura. Hauexek dira ondoren politikaren gutxieneko oinarri etikoak aipatuz beste batzuei goitik behera begiratzeko legitimatuak sentitzen direnak.

Onura pertsonalerako guztion diruarekin ehunka milako gastuak egitea nahikoa ez, legez kanpo 183.000 euro jasotzea nahikoa ez eta gainera, Pregok Metroko langileen eta erabiltzaileen arteko konfrontazioa bultzatu zuen. Eta ezin dugu ahaztu Pregoren aurretik ere, aurreko taldeak 500 milioi euroko zorra utzi ziola Bizkaiko Garraio Partzuergoari.

Gaurko albistea ez da gizartearen bizkar onura pertsonala bilatzen dutenen adierazle bakarra. Halako erabaki onartezinak ematen badira, kudeaketa eredu ilunak posible egiten duelako da. Merkataritza Sozietateek, sozietate publikoek, diru publikoz hornitzen dira kudeaketa pribatua egiteko. Sozietate horietan diru publikoarekin zer egiten den gizarteak ez du ezagutzen eta gutxi balitz, gure erakundeen kontuak zorpetzen dituzte.

Horren adibide garbia dugu Bizkaian dugun eredua. Jose Luis Bilbao entzun dugu gaur irratian gardentasunari dagokionean egiteko asko dugula esaten, kargu publikoa dugunok eredugarri izan behar dugula esaten baina bera ere, Bizkaiko Aldundia ere, eredu horixe ari da aplikatzen. Bizkaian, Merkataritza Foru Sozietateek 1.000 milioi eurotik gorako zorra eragin diote lurraldeari. Aldundiko Foru Sozietateen kargu altuek kobratzen dituzten soldatak iraingarriak dira. Esaterako, BECeko gerenteak 105.000 euro kobratzen zituen urteko joan den urtera arte. Eta gainera, diru publikoarekin egiten duten erabileraren kontrola zailtzen dute. Beraz, gardentasunean sakondu nahi badu, Bilbao jaunak badu nondik hasi.

Bilbao jaunak kudeaketaren gardentasuna bezalako hitzak erabiltzea zinismo hutsa da, eta herritarrei burla egitea ere bai. Metro Bilbaokoa bezalako kasuak edo gure instituzioen zorpetze lotsagarria ahalbidetzen duen ereduaren bultzatzaile nagusiena da Bilbao bera eta bere alderdia. Orain gardentasunaz hitz egiten ateratzeak edo Jaurlaritzako kargu publikoek inolako ondorio penalik ez daukan kode etikoa sinatzearen bitartez beraien irudia zuritu nahi izateak agerian uzten du zenbaterainokoa den EAJren konpromisoa kudeaketa publiko eredugarriarekin..

Gardentasuna, kontrol publikoa, kudeaketa zuzena eta parte hartzea dira halako kasuak murrizteko bermea. Bai, EAJk, bai PSEk eta bai PPk politika egiteko duten eredu ilun eta urrunaren kontrako norabidea da EH Bilduk defendatzen duena. Ezin bestekoa da, garai hauetan inoiz baino gehiago, politika pertsonen zerbitzura jartzea eta horretarako orain arte izan dugun kudeaketa ereduari buelta eman beharko diogu. 

Urduñako Udalaren koherentzia txalotu du EH Bilduk, eta inplikatzeko eskatu die Aldundiari eta Kutxabanki

Urduñako Udalak garrantzia handiko erabaki bat hartu zuen atzo, erabaki historiko bat. Carlos Arranz alkateak jakinarazi zuen gizarte zerbitzuak lehenetsiko dituztela, bankuen aberasteko apeta ezin asezkoaren gainetik. Eta, hartara, herritarren ongizatea bermatuko duela Urduñako Udalak.

Erabaki horren bidez, herritarrekiko erantzukizunez jokatzea posible dela erakutsi du Urduñako Udalak. Borondate politikoa baino ez dela behar horretarako, eta herritarren beharrizanak lehentasunen artean kokatzea. Besterik ez.

Horrenbestez, Urduñako Udala zoriondu nahi du EH Bilduk, erabaki ausarta hartu duelako. Eta Bizkaiko Aldundiari eta Kutxabankeko agintariei dei egiten diegu Urduñako Udalari lagun diezaioten, eta honek zulotik irteteko ekindako bidean pausoak eman ditzaten haiek ere.

Aspaldi esan genuen Urduñako Udalak pairatzen duen egoera ekonomiko larriari gaina hartzeko modu bakarra dela egun biltzen den diruaren bestelako banaketa bat egitea. Herritarren beharren araberako politika ekonomiko bat egitea da korapiloa askatzeko modu bakarra, eta ez korapiloa bera sortu zuten bankuak areago aberasten dituen diru banaketari eustea.

Urduñako Udalak jorratuko duen bideak gainera aurreko hilabeteko osoko bilkuran erabakitako manifestuan du oinarria, testu horretan aurkezten diren printzipioak bermatu egiten dira. Manifestua Udaleko langileek sinatu zuten, baita auzo-alkateek, 30 elkartek eta “Urduñak merezi du” herri-plataformak ere. Ekimen politikoa garatzeko ezinbestekoa den herri babesa dugu Urduñan harutako erabakiaren oinarrian; pertsonengan pentsatu eta pertsonekin pentsatu

Zeharo desberdinak diren bi une gertatu dira aste honetan Bizkaian. Bi argazki guztiz argigarriak. Lantegia bera kapitalaren zerbitzura jarri arren, Ertzaintzak Troquenor-eko langileak haien lantegitik atera ditu. Urduñan aldiz, langileen lansairei emango die lehentasuna Udalak. Herritarren ongizatea banketxe ordainketaren gainetik.

Politikagintzan ari garen gutiontzat izateko arrazoia den funtzio publikoa ulertzeko bi modu desberdinen aurrean aurkitzen gara. EHBilduren ustetan goraipatzekoa da Urduñako Udalaren erabakiak erakusten duen koherentzia.

Utzikeri politikoa eta instituzionalean oinarritzen dira aipatu egoera bi hauek. Are gehiago, Urduñako kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak duen erantzukizun ukaezina da, Diputazinoak ez du inondik inora bermatu Udalarekiko izan behar duen tutoretza eraginkorra. Ez hori bakarrik, Urduñako herritarrek benetako ahalegin ekonomikoa egin dute azken bi urte hauetan, aldiz, bitartean eta oraindik ere, Foru Aldundiak ez du bere gain hartu urduñatarrekin eta Urduñako Udalarekin duen erantzukizuna.

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/1014591_670807309603255_692298582_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/1040738_670807499603236_633632928_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1048758_670807786269874_2012614298_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn2/1049246_670807816269871_948720538_o.jpg

Troquenor bideragarria izateko lan egin behar da, langileak beren lanpostuetara buelta daitezela

EHBilduk exijitu die, Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Aldundiari, esku hartu dezatela Troquenorren bideragarritasuna gauzatzeko beharrezkoak neurri guztiak hartuta, Sondikako lantegiko beharginak beren lanpostuetara buelta daitezela. Atzoko kaleratzearen ostean, Troquenorreko ehun langile inguru lantegira joan dira gaur berriz, kanpoaldera bada ere, maiatzaren 6tik egin duten bezala, eta egunero joaten jarraitzeko asmoa berretsi dute.

Berriro diogu Gasteizko Gobernuari, inposatutako lan erreformari aurre egin eta gure ehun industriala indartu eta babesteko politikari ekin diezaiola. Ildo honetatik, langile batzordearen beldurrarekin bat egiten dugu, Troquenorrek -ondo kudeatuz gero- etorkizuna duen arren, jabeek ondare industriala salduko duten arriskua, alegia.

Lotsagarria da langileak lantokia uztera behartuak izatea enpresariak pabilioiko jabearekin egindako 250.000 eurotako zorra baten ondorioz. Gizarte Segurantzari eta Aldundiari kopuru diruduna, eta Eusko Jaurlaritzari zazpi milioi euro zor dizkion bitartean, enpresariak bere interesei erantzuna emateko aukera izaten jarraituko du. Gauzak horrela, Bizkaiko Aldundiko bozeramailearen jarrera hipokrita kritikatu nahi dugu, enplegua mantentzeko ahalegin batean “esfortzuak elkartzeko” beharra dagoela esan duenean. Baina aldi berean, lantegian atzo egin zen utzaraztetik deslotu zen “foru administrazioaren konpetentzia ez dela” argudiatuz. 

Bilbao RuInA 2000, edo 203

Bilbao Ria 2000 hondamena baino ez da. Eta ez da gure iritzia, ez bakarrik behintzat. Iritzi berekoa da Jose Luis Bilbao Basket Ahaldun Nagusia, joan den astean aitortu baitzuen “crack finantzieroa” zuela etorkizun bakartzat. Horregatik egin daitekeen bakarra, hala dio, “itxiera ordenatua” da, neurria egokiak ezarrita, zertarako eta “bazkideon kalte ekonomikoa ahalik eta txikiena izan dadila”. Bilbao RuInA 203 espekulazioan oinarritutako erankundea zen, enpresari eta finantza botere desberdinekin Monopolyan jolasteko txokoa. PPSEAJ hirukoteak betidanik babestu du, zoragarria zelakoan.

Ba orain, badirudi jokoa amaitu eta zorretan gaudela aitortu beharra dago, 203 milioi eurotik gorakoa, Bilboko Udalak (zorrik ez zuen hori bai…), Bizkaiko Aldundiak, Jaurlaritzak eta gainerako kideek, herritarren dirutik noski, ordainduko dutena. Zenbat urte pasa beharko dira orain zoragarritzat saldu nahi diguten Supersur, edo SuperZor, errepidea porrot ikaragarria dela aitortzeko?

Bilbao Ruina 2000

http://alternatiba.net/old-files/BilbaoRuina203.jpg

Azkunari Kukutzaren auzitik erretiratzeko eta interes pribatuen alde lan egiteari uzteko eskatu dio Alternatibak

Alternatiba Bilboko bozeramaile Jorge Segovianok, Bilboko alkate Iñaki Azkunari eskatu dio Kukutza gaztetxearen hustearen inguruko istiluak prozesatzen dituen auzia uzteko, orubearen jabe Cabisa enpresak, 2011an eraikinaren hustearen ondorioz egon ziren hiru inputatuen eta 23 atxilotuen kontrako auzian salaketa pertsonal bat egitera uko egin dionean.

Segovianok  Azkunari “alkate zerbitzaria” izatea leporatu dio, “erakunde pribatuen defentsan lan egiten duena, haien burua defendatzeko interesik ez dutenean ere. Nolatan ari da alkatea bestela auzi batean, enpresa pribatu baten defentsan, enpresak berak bere burua defendatzeko interesik erakusten ez duenean?”. Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak orubearen gaurko egoera deitoragarria salatu du “guztiz abandonatuta dago, proiekturik gabe bistan eta inolako erabilpenik gabe, Errekaldeko bizilagunek hasieratik susmatzen zuten bezalaxe”.

Kukutzaren Elkartasun Taldeak dioenez, “salaketa zentzurik gabekoa da, legalitatetik zein gizartearen ikuspuntutik, higiezin baten usurpazioa leporatzea 23 lagun jakinei Kukutzara joandako milaka lagun izan zirenean eraikina hustera joan zirenean”. Are gehiago, Segovianok horrela azpimarratu du: “haien burua demokratatzat dutenei eta besteei irakaspenak emateko ohitura duten horiei ahotsa eta indarra emateko saiakera berri bat da hau, bortizkeria polizialaren bitartez egindakoa”.

Guzti horregatik, Alternatibatik gaur Bilbon, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Bilboko Udalaren aurrean “Bilbo x kukutza” herri ekimenak deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dute, inputatuei haien elkartasuna  helarazteko, eta burujabetza eta okupazioa defendatuko dituen eredu sozial berri baten aldeko kausan indarrak batzeko.

Agur, San Mames

Jonathan Martinez – Alternatiba

Bilbo existitu aurretik, bazegoen itsasadarreko bi bazterrak lotzen zituen zubi bat. San Antongo zubi zaharra hiribilduko paisaiaren parte izan zen bostehun urte luzez, 1870ean Udalak uholdeen kontra borroka egiteaz aspertuta, berri batekin ordezkatu zuen arte. Bilboko, Athleticeko eta Txileko Constitución hiriko armarriek ageri duten zubia, orain dela mende bat baino gehiago desegin zuten. Ondarearen suntsiketa tatuatuta daramagu armarrian.

Sustrai sakonak dituen ohiturari jarraiki, ehun urte luzez gurekin egon den eta nahitaez gure bizitzen parte bilakatutako estadioa eraisten hasi dira. San Mames obra-hondakin bihurtuko da San Mames Barriarengatik ordezkatua izan arte. San Mames zaharrean 39.750 ikusle sartzen ziren, San Mames berriak ordea, 53.332 pertsonentzako tokia izango du. Halere, leku guztiak batuta ere, ez litzateke tokia nahikorik egongo Bizkaian egun diren 100.188 langabeentzat.

Diru publikotik 121 milioi euro aterako dira enpresa eraikitzaile gutxi batzuen eskuetan jartzeko. Pozez zoratzen daude beren sozio politikoek, alegia PNVk, PSOEk eta PPk babestutakooperazioari esker, oraingoan abertzaletasun zuri-gorria erabili dutenak enpresari euskañolen poltsikoak betetzeko. San Mames zaharraren lurperatzaileak AHTaren lanak egiteko -aberatsentzako tren hori, pobreek ordainduta- azpilanetan aritutako berberak izan dira, instituzio publikoetatik hiru milioi euro baino gehiago xahutuko dituztenak eta euren kontu korronteetan pilatzeko. Bere izenak Balzola,Cycasa, Exbasa, Acciona, Altuna eta Uria, Viuda de Sainz edo Murias dira. Azken hiruak, Ester Koplowitzen FCCrekin batera, otoitz egiten dute egunen baten Bildu Gipuzkoatik jausteko eta azkenik Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatu ahal izateko, 263 milioi euroren truke.

Enpresa hauetako batzuk batzokiko partaide ospetsuak dira eta baita aurkezten diren lehiaketa publiko guztien irabazle susmagarriak ere. Viuda de Sainzek, adibidez, ez du Bizkaiko lan handietako bat bera ere galdu: BEC, Supersur edota Bilboko Metroak euren irabazien curriculuma osatzen dute hainbat eskandalu ezagunekin batera: esaterako, Karrantzako minda plantaren eraikuntzatik 10 milioi euro desagertzea edota Leioako Pinosolo polikiroldegiaren iruzurrezko esleipena, 58 milioi euroren truke.

Dudarik gabe, Balzola beste munstro jeltzaleetako bat da: Guggenheim Museoa, Iberdrola Dorrea edo BEC bere eskuetatik pasatu dira. Lezamako instalazioen berritze lanak ere bere gain egon ziren. Marcelo Bielsa entrenatzaileak berak lan hauek “engainu, lapurreta eta iruzurtzat” jo zituen, ondoren Athleticeko zuzendaritzak ohar bat bidali zuela, bere entrenatzailearen aurka eginez eta enpresa eraikitzaileari babesa emanez.

Eta estadio berria eraikitzen duen aldi baterako enpresa elkartearen buruan Acciona dugu, Ibex 35ean dagoena eta zeinaren zuzendaritza Jose Manuel Entrecanalesek 2004an jaso zuena, bere aitaren eskutik. Entrecanales Espainiako Vodafoneko presidente izandakoa da 1995 eta 2007 bitartean, Endesako presidente 2007tik 2009ra, eta 2012an Familia-enpresen Institutu (IEF) deritzon enpresarien lobbyaren presidentzia hartu zuen. Era berean, Lehiakortasunerako Enpresarien Kontseiluan (CEC) parte hartzen du, 2011an sortutako beste lobby batean alegia, Espainiako hamazazpi enpresa boteretsuenetako arduradunek osatutakoa, aberriko inbertitzaileen izen ona garbitzeko asmoz. Accionako presidenteak 2012an 4,2 milioi euroko diru-saria jaso duela jakin dugun egun berean, CEC-ek irmoki adierazi du “krisiaren txarrena pasa dela”.

Bielsak bere azken prentsaurrekoan esan zuen: “futbolak gero eta gutxiago du zaleen antza eta enpresariena gero eta gehiago hartuz doa”. Behar bada horregatik erotzat jotzen dute.

Agur, San Mames, agur, Bielsa.

Hautsi da Bilboko kudeaketa onaren mitoa

Aitziber Ibaibarriaga, Asier Gómez, Carmen Garcia, Unai Delgado – Bilboko EH Bildu
 
Kultura edota komunitate baten sinesmenaren parte dira mitoak. Eta nahiz inoiz gertatu ez diren fantasiazko istorioak izan, egiazkotzat jotzen dituzte kultura horretako kideek, Wikipediak dioenez. Baina mitoen jatorria joandako garaietako balentrietan kokatzen den arren, egungo errealitate faltsuekin lotzeko joera izan dute batzuek. Are, errealitatearekin zerikusirik ez duten gertaeretan oinarrituz eraiki dituzte mitoak, hedabideen laguntza ezinbestekoarekin, eta diru publiko andana inbertituz.

Bilbo ez dute joera horretatik aparte utzi. Azken urteetan, kudeaketa bikainarekin lotu izan dute, behin eta berriro, Bilboren izena. Asperduraraino lotu ere, Iñaki Azkuna Munduko Alkaterik Onena izendatzeraino.

«Bilbo=kudeaketa ona» dioen XXI. mendeko mito horrek bidea arrakastaz egin ahal izateko, hainbat faktorek bat egin dute azken urteetan: oparoaldi ekonomikoari lotu zaizkion boom espekulatzaileak eta ondare publikoaren salmenta etengabeak batetik, eta sariak sustatzeko eta, kasu batzuetan, erosteko ere, abilezia izan duen propaganda politiko egoki eta trebe batean dirua inbertitzeak bestetik. Hala, ondo neurturiko eta hornituriko propaganda estrategia horren ondorioz, sari andana iritsi da Bilbora. Baina dudarik ez dago: Munduko Alkate Onenaren izendapenarekin estrategia hori gorenera eraman dute, eta ofizialtasun traza ere eman diote, nahiz fundazio pribatu elitista batek emaniko saria izan.

Gauzak zer diren: aurrez ustezko beste mito batzuk bezala, Azkuna gidari duen Bilboko kudeaketa onaren mitoa ere behera etorri da: agerian geratu da lehendik ere sumatu zitekeena, helduleku sendorik ez duen fantasia bat izan dela. EH Bilduren udal taldeak eginiko ikerketek erakutsi dute Azkunaren gobernuak bolo-bolo zabalduriko zero zorraren ideiak, hau da, udalak defizitik ez duela dioenak egiaren batere antzik ez duela. Are, gezur handi bat dela. Hastapenean baino ez gaude, eta dagoeneko 84,5 milioi euroko zorra dagoela jakin dugu. Kudeaketa eskas eta ustel samar baten ondorioz eratorritako zorra da.

Jakin dugunez, Iberdrolak ordaindu beharko lituzkeen 20 milioi ordaintzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen udalak, tamaina horretako zuloa eraginez udal kontuetan. Iberdrolaren lehengo egoitzari, Gardoki kalekoari, luxuzko etxebizitzak egin ahal izateko izendapena aldatu zion udalak. Kromo aldaketa bat egin zuten: «Zuk dorrea eraikitzen didazu, eta nik 20 milioi euro oparitzen dizkizut». Zortzi urteren ondoren, kromo aldaketa horrek utzitako 20 milioiko zorrari KPIa gehitu behar zaio. Zuloa 25,5 milioi eurokoa da, horrenbestez. Zeinen, eta 2012an 2.841 milioi euro garbi irabazi zituen multinazionalaren alde jokatu zuen Azkunaren gobernuak. Legearen barruan arituta ere, etikaren muga guztietatik gaindi jokatu zuen udal gobernuak. Eta jokabide horrek kudeaketa eredu jakin batean ditu erroak, politika egiteko modu zehatz batean, hain justu Estatuko beste hainbat tokitan PPk sustaturiko horretan, zeina espekulazio finantzarioan oinarritzen den, eta egun nozitzen dugun krisiaren eragile nagusietako bat den.

84,5 milioi horiek, halaber, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren desegitean dute jatorria. Hiriaren eraldaketaren ustezko bandera ontzi izandakoa zama lazgarri bihurtu da herritarrentzat. 195 milioi euroko zuloa du, eta denen artean ordaindu beharko dugu orain hark utzitako zorra, gure kasuan Bilboko Udalari dagokiona: 29 milioi, zehatz-mehatz.

Eta bihar Ibon Areso egitekoa den agerraldiaren zain, honako galderak asaldatzen gaitu: ezin zuen udalak Iberdrolarekin hitzarmen bat adostu, zeinetan Iberdrolak uko egingo zion Gardokiko lursailaren salmentak eragindako superabitari? Huraxe egitera behartu ditu udalak beste hainbat, Pablo Alzola kaleko etxebizitza bateko jabeak, adibidez. Baina, eta zergatik ez zuen berdin jokatu Iberdrolarekin? Hartara, ez legoke zorrik.

Bada gehiago: Deustuko kanala irekitzeko lanak ordaintzeko beste 30 milioiko zorra hartuko du bere gain udalak. Areago zorpetuko da, zertarako eta Bilbon enegarren megaproiektu espekulatzaileari bide emateko. Hau da, herritarren egungo beharrizanekin inongo zerikusirik ez duten lan batzuk egiteko. Eta, gainera, 30 milioi horietatik bost Udal Etxebizitzetarako gordetako diru sailetik hartuko ditu.

Baina kudeaketa onaren mitoa ez dute soilik arrazoi ekonomikoek hautsi. Urte hauetan guztietan, abiadura biko Bilbo bat sortu dute. Hirigunea eta auzoak bereizten dituen pitzadura gero eta handiagoa da, gero eta mingarriagoa. Hala, udalaren eskariz Ikerfel enpresak eginiko inkestaren emaitzek ez dute dudarako tarterik uzten: herritarren %32k soilik uste dute udalak egoki kudeatzen dituela auzoei dagozkien arazo eta gaiak. Horrekin batera, gizarte pitzadura ere nabarmena da. Langabeziak marka historiko guztiak hautsi ditu: 32.559 langabe daude egun Bilbon, 2007an baino %117 gehiago.

EAJren inguruan eraikitako kudeaketa onaren mitoak hondoa jo du. Azken datuek garbi erakusten dute: Azkunaren gobernuaren kudeaketa ez da izan horren eraginkorra, eta are gutxiago, gardena. Hala, bestelako Bilbo bat posible dela uste duten bilbotar guztiei deia egiten diegu: orain dugu aukera historikoa aldaketa gauzatzen hasteko, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen eredua abian jartzeko. Bilbo aldatu nahi dugu, eta alda dezakegu. Horretarako, herritar guztiei irekita dauden jardunaldiak egingo ditugu, bihartik larunbatera, La Bolsan eta Areatzan. Azken hamarkadetan Bilbon ezarri duten hiri ereduaz hausnartzeko eremua sortu nahi dugu, eztabaidarako eta gogoetarako. Beste Bilbo bat posible delako, beste Bilbo bat premiazkoa delako.

X