Zein da atzerritarren parte-hartze politikoa? elkarrizketa Diana Urreari Info7n

Atzerritik etorririko euskal herritarren partehartze politikoaz eta boto eskubideaz solasaldia Alternatibako kide eta EH Bilduko Bizkaiko zerrendakide Diana Urrearekin. Gero eta nabariagoak dira atzerritik etorririko herritaren bozka  bilatzen duten hauteskunde kanpaina adierazpen eta estrategiak. Baina ezer gutxi dakigu atzerritik etorritako euskal herritarren boto eskubidearen inguruan. Entzun Info7n.

Irailaren 25ean ere egin dezagun herri

Ander Rodriguez – Alternatibako kide eta EH Bilduko Gipuzkoako zerrendakidea

Arnaldoren inhabilitazioarekin tokatu zaigu hauteskundeak hastea.

Gure herria iraganeko parametroetan mantentzeko asmoz ezarritako inposizioa. Inposizio bat gehiago beste askoren artean, eta ez da azkena izango herri bezala erantzuten ez dugun bitartean. 

EH Bildun argi daukagu hurrengo legealdia erabakiarena izan behar dela. Hemen bizi eta lan egiten dugunon artean adostu eta erabaki behar dugu etorkizuna, eta, horregatik, akordio zabalerako eskaintza luzatu diegu EAJ eta Ahal Dugu alderdiei, euskal gehiengo sindikalari eta eragile sozialei. 

Akordioa murrizketa sozialak desagertzeko, oinarrizko eskubideak bermatuak izan daitezen.

Akordioa burujabetza berreskuratzeko. Bizitza duina nahi badugu eskumen guztiak gureganatu behar ditugu, erabakitzeko eskubidearen bitartez.

Akordioa justizian oinarritutako bakea eskuratzeko. Gatazkak utzitako ondorio guztiak gainditzea gure esku dago.

Euskal Herriak behar dituen bermeak ez zaizkigu Madriletik etorriko, eta ezta Madrilekin adostuko ere, azken urteotako esperientziak erakusten digun bezala. Adostasunak hemen lortu behar ditugu, gure etorkizuna beste batzuen eskuetan utzi gabe. Hemen bai dago aukera akordio zabal eta eraginkorrak erdiesteko, eta EH Bildu prest dago horretarako.

Prest dago bertako eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialekin bide-orri bat adosteko. Prest ere herritarren babesa jaso dezan kontsulta bat antolatzeko. Prest ere, demokrazia printzipioari jarraiki, bide-orria Madrilera eraman eta berorren aplikazioa negoziatzeko, betiere, eta Madrileko balizko ezetzaren aurrean, lehenik bertakoen artean bide-orriaren aplikazioa adosten badugu.

EH Bilduk argi dauka bidea, mugarri bakarra euskal herritarren borondatea izanik, baina horretarako herritarren babesa behar dugu, zure babesa ezinbestekoa zaigu.

Goiena-n argitaratua

Matute: “Herritarrek bere lehendakaria, nahi dutena, aukeratzeko eskubidea duten ez edo ez eztabaidatzen ari gara”

Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak Arnaldo Otegiren aferaren inguruan hartutako erabakiaren aurrean EH Bilduk erabakia eskubide bortxaketa bat dela adierazi du, azpimarratuz ez dela soilik Arnaldo Otegik bere hautagaitza aurkezteko duen eskubidearen aurkako erabakia, gizarte osoaren aurkako erabaki bat baizik. Herritarren beraien lehendakaria nor izatea nahi duten erabakitzeko eskubidearen aurka doan erabakia dela adierazi dute Oihane Zabaleta eta Oskar Matute Alternatibako kide eta koalizioko diputatuak.

Ezbaian dagoena ez da Arnaldo Otegi bai edo ez, ez da EH Bildu bai edo ez, ezbaian dagoena demokrazia bera dela agertu dute. “Herritarrek bere lehendakaria, nahi dutena, aukeratzeko eskubidea duten ez edo ez eztabaidatzen ari gara”.

Hauteskundeen testuinguruan eztabaida afera honen baitan korapilatu nahi duenik baden arren, EH bilduk proposamen politikoez hitz egin eta eztabaidatu nahi duela azpimarratu du. “EH Bilduk proiektu politiko, sozial, ekonomiko, kultural ilusionagarri bat du. Herritarrentzako herri proiektu bat”, guztiekin eztabaidatu nahi dutena. Herri honen etorkizuna dela jokoan eta horri buruz eztabaidatzeko beharra dagoela adierazi dute, “proiektu hori eztabaidatzeko eskubidea” guztiek dutela eta Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiak, hain zuzen ere, hori bortxatzen duela salatuz.

EH Bilduk, hartu den erabakiaren aurrean errekurtsoa jarriko duela adierazi du “Arnaldo Otegi baita, eta izango da, gure lehendakarigaia, gure oinarriek horrela erabaki dutelako”.

EH Bildu

EH Bilduren oinarri sozialak Bizkaiko zerrenda bozkatzeko aukera izango du datozen uztailaren 28 eta 29an

Aste honetan iragarri bezala, Hauteskunde Autonomikoetarako Bizkaiko zerrendaburua eta zerrendakideak izateko EH Bilduko oinarri sozialak proposamenak egiteko aukera du uztailaren 27arte. Egun horretan, Bizkaiko mahai politikoak, bai bere proposamena, eta baita, proposatuak izaten ari diren pertsonekin egin beharreko kontrastea gauzatu ondoren, herrietatik jasotako proposamenak helaraziko dizkio militantziari.

Uztailaren 28 eta 29 bitartean, hau erabaki berria, EH Bilduren oinarri sozialak aukera izango du bozkatzeko dauden proposamenen artean. Bozketa hori aurrera eramateko, bide hauek erabiliko ditugu:

  • Bizkaiko EH Bilgunean (Buenos Aires, 2, Bilbo) eta koalizioko alderdien Bilboko egoitzetan, uztailaren 28an, 10:00etatik 19:00rarte, eta 29an, 10:00etatik 15:00rarte.
  • bizkaia@ehbildu.eus bidez jasoko duzuen inkesta baten erantzunez.
  • EH Bilduren Komunitatearen bitartez “Bizkaiko zerrenda” izena daukan taldean bozkatuz. Horretarako, Komunitatean erregistratuta egotea beharrezkoa da. http://ehbildu.eus/es/komunitatea-zabalik
  • eta whatsapp eta telegram 638522871 telefonora bidalitako mezuen bitartez.

Eh Bildu Bizkaia

X