Europarako B plana-ren alde

Elite ekonomiko eta finantziero boteretsuek kontrolatu eta zuzendutako Europar Batasuna. Banku eta multinazionalen esanetara dagoen Europar Batasuna, herri eta herrialdeak itotzen dituena, herritarren oinarri-oinarrizko eskubideak ere ukatuz. Lehen mailako herritarrak, bigarren mailakoak eta herritar ikusezinak dituen Europa. Egiteko eta betebeharrak bai, baina eskubide eta askatasunik ez duen Europa, munduaren aurrean harrokeriaz ongizatea goraipatzen duena, bere herritarrei ere halakorik bermatzen ez dien bitartean. Gaur egun, bertan bizi garen herritarren gehiengoak ukatzen dugun Europa.

Finantza sistemaren ez-arautzea, boterea euren interesen alde soilik egiten duten lobbien esku uztea, zerbitzu publikoak enpresa pribatuei saltzea, eurek sortutako zorra ordainaraziz estatu eta herriak itotzea… “Europako instituzio” deiturikoek hartutako neurrietako batzuk dira horiek, neurri horien ondorioak sufritzen ditugunoi galdetu ere egin gabe hartutako neurrietako batzuk. Horma eta harresi fisiko zein lege-bidezkoak eraikitzea, elkartasuna eta babesa behar duten errefuxiatuak kriminalizazio eta bazterkeriaren esku utziz. Askoren pobrezia, miseria eta bazterketa soziala handitzea gutxi batzuen pribilegioak mantentzeagatik. Hau da austeritate eta eskubide murrizketen Europaren argazkia, eta honen aurka egin behar dugu.

Asko gara urtetan zehar proiektu “komun” horren gezurra salatu dugunak. Orain, 23 urte beranduago, askoz gehiago gara gehiengoaren interesen aurka eraiki duten kapitalaren Europa hori aldatzeko beharra ikusten dugunak. Europa justu eta solidarioagoa aldarrikatzen dugu, oinarrizko eskubideak bermatuko dituena eta herritar guztiok bizitza duin bat garatu ahal izateko oinarriak ezarriko dituena. Bere baitako herri eta herritar guztiak erabakitzeko sujetu bilakatuko dituen bide demokratikoa abiatuko duen Europa. Gure instituzio eta ordezkari demokratikoak zuzenean guk geuk aukeratuko ditugun Europa berri bat.

Elkartasun eta internazionalismoaren printzipioen gainean eraikitako etorkizun berria balioan jartzeko garaia da. Egin nahi dugun bidea Herriek eta bertan bizi garen herritarrok erabakiko dugun etorkizun berria. Herri, nazio eta estatu bakoitzak, burujabetza osoz bere erabaki propioak hartzeko ahalmena izan dezan, horrek beste inor ekonomikoki ito gabe. Inor atzean utziko ez duen Europa bat eraiki nahi dugu, denontzako aurrerapen sozialaren berme izango dena. “Reset” bat behar dugu, lapurtutako burujabetza itzuliko diguna, modu horretan gure politika sozial eta ekonomikoak erabaki eta martxan jarri ahal izateko. Praktikan jarri nahi ditugu giza eskubide guztiak, eskubide sozial eta politiko guztiak, inork horregatik mehatxatuko ez gaituen ziurtasunaz. Gutxietsiak eta alboratuak izan garen guztiak eskubide osoko herritar izan nahi dugu; izan emakume, etorkin, gazte edo errefuxiatu.

Egungo europar sistema errotik aldatzeko asmotan lanean ari diren indar sozial zein politikoekin elkarlanean bidea egiteko prest gaude, gaur egun gobernatzen gaituztenen eredutik aldenduz, demokrazia maila guztietan berreskuratzeko asmoz. Aldaketa eraiki nahi dugu Euskal Herria herri hobe bat bilakatzeko Europa berri batean, pertsonak zentroan jarriko dituen Europa batean, bere baitako herrien nahi sozial, ekonomiko eta politikoak errespetatuko dituen Europan. Asko dugu elkarren artean hitz egin eta eztabaidatzeko gure herri txiki handi honek eta Europak behar duen aldaketari buruz. Gure arteko ezberdintasunak errespetatu eta aitortuz batzen gaituenari balioa emateko gai bagara, beraien interesen mesedetan burumakur eta otzan nahi gaituztenen aurrean irabazle izango gara.

Aldaketaren aldeko hamaika eragilek parte hartuko dugun “Europarako B plana” izeneko jardunaldiak aukera paregabea izango dira proiektu, asmo eta ikuspuntuak elkartrukatzeko. Horregatik, “Europarako B plana” dokumentua sinatzen dugunok jarrera eraikitzaile batekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, herritarron gehiengoari lapurtzen saiatu zirena itzultzeko asmoz lanean ari diren indar eraldatzaileekin elkarlanean.

Joseba Asirón, Marian Beitialarrangoitia, Sabino Cuadra, Miren Larrion y Aitziber Ibaibarriaga

EH Bildu

Matute: “Guztiok hobeto bizi ahal izateko, guztiok erabakitzea da bidea”

Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile eta Alternatibako kideak adierazi du hondoratzen ari den Espainiako estatuaren aurrean hurrengo igandean Euskal Herriko alternatiba indartu beharra dagoela. Alternatiba sendotzeko bidea herri honetako gizon eta emakumeei egunerokoan eragiten diguten gauza guztiez erabakitzeko gaitasuna ematea da. Nahi dugun gizarte eredua, hezkuntza sistema, osasun sistema, lan harremanak… Horretaz guztiaz erabakitzeko aukera izateak indartuko du alternatiba. Guztiok hobeto bizi ahal izateko, guztiok erabakitzea. Horixe da bidea”.

Gaur goizean, Donostian egindako ekitaldi politikoan esan duenez, “hauteskunde hauetan EH Bildu da herri honetako gizon eta emakume guztien erabakia errespetatu behar dela aldarrikatzen eta defendatzen duen aukera politiko bakarra”.

Euskal gizarteak aldaketa politiko eta soziala eskatzen duela azpimarratu du Matutek. “Herri honetako gizon eta emakumeek eskatzen dute beren lehentasunak lehenestea eta ez beren kezka eta arazoen konponbidearekin zerikusirik ez duten interesak bultzatzea. Eta Euskal Herrian aldaketa burujabetza deitzen da. Aldaketa EH Bildu da”.

EHBildu

Espainiako konstituzioaren aurkako manifestazioa abenduaren 6rako deitu du EH Bilduk Bilbon

Sabino Cuadra eta Maria Sierrak, azken honek gazte mugimenduaren izenean, datorren abenduaren seian Bilboko kaleak betetzera deitu dituzte herritarrak. “Espainiako konstituzioa inposatu egin digute, eta horretaz gain, konstituzio tranposoa da, zinikoa eta hipokrita”, esan dute.

Cuadrak adierazi duenez, “honek ez du gehiagorako ematen, ez Euskal Herrian, ezta Katalunian ere”. Horregatik gizarte, kultura, sindikalgintza, ekonomia eta politika arloko eragile guztiei dei egin diete “Madrilera begiratzeari utzi eta gure herrira begiratu dezaten”. Bere esanetan, “arima eta gihar indartsuak ditugu askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko”.

Sabino Cuadrak eta Maria Sierrak adierazi dutenez, “txikira jokatzeari utzi eta handira jokatzen hasteko garaia da, alegia, erabakitze eskubide exijitu eta praktikan jartzeko garaia da”.

Ildo horretan, Cuadrak esan du abenduaren 6an kalera irtengo garela “ez soilik herrien espetxea den konsituzio horri ezetz esatera, askatasuna eta burjabetza aldarrikatzera baizik”. “Gaurtik aurrera, gure bideari ekin, independentziara eta Euskal Errepublikara eramango gaituen bide horri ekin behar diogu”.

Manifestazioa eguerdian abiatuko Moiua plazatik Arriagara.

EH Bildu

Hasi dira hauteskunde orokorretarako EH Bilduren hautagaiak aukeratzeko tokiko batzarrak

EH Bilduk Estatuko hauteskundeei begira zabaldu zuen prozesuaren lehen fasea amaitu ondoren, gaur bertan bigarren faseari ekingo zaio. Orain arte egin diren batzarretan Amaiurrek egindako lana eta beste indar politikoekin konfluentziarako aukerak baloratzeaz gain, hautagaien zerrendak osatzeko izen proposamenak jaso dira. Gaurtik aurrera, herriz herri egingo diren batzarretan EH Bilduk aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak erabakiko dira.

Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dute Alternatibako kide eta Gasteizko legebiltzarkide Oskar Matutek, Nekane Perez EH Bilduko bozeramailearekin batera. “Hasieratik nahi izan dugu prozesua zabala, parte-hartzailea eta gardena izatea, alderdien eremua gaindituz eta EH Bilduren proiektuarekiko hurbiltasuna edota adostasuna sentitzen duen orori parte hartzeko aukera emanez. Prozesuaren hiru ezaugarri horiek izango dira, azken finean, aurrera begira EH Bildu herri honek behar duen aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko gizartearen zerbitzura egongo den interbentzioa politikorako tresna bilakatzeko oinarrizko zutabeak”, adierazi dute.

Bigarren fase  honetan, urriaren 30a arte zabalduko dena, EH Bilduko oinarriek Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aukeratuko dituzte, batzarretan proposatutako izenen artean. Beraz, batzarretan parte hartuko dutenen esku geratuko da EH Bilduren ordezkariak izendatzea.

“Prozesu parte hartzaile eta garden hau abian jarrita, zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmen emateko gure irizpidearekin. EH Bilduko oinarriek erabakiak hartzeko guneak behar dituztela uste dugu, eta aste hauetan abian jarri dugun ekimena bide horretan ematen dugun lehen urratsa da”, esan dute Matutek eta Perezek.

Hautaketa prozesuari dagokionez, nominala izango da; beraz,  izen bakoitzari emandako botoak zenbatuko dira. Eta horrekin batera, eta parekotasuna bermatzeko, batzarretan gizon bat eta emakume bat bozkatu beharko dira. Behin batzarrak amaituta, urriaren 31n, agerraldi publikoan iragarriko ditugu prozesuaren emaitza eta EH Bilduk Kongresu eta Senaturako aurkeztuko dituen zerrendaburuak.

EH Bilduk “gogoz eta arduraz” ekingo dio estatuko hauteskundeei, agertu dute Matutek eta Perezek. “Oso argi dugu egoerak, bai Euskal Herrian bai estatuan, euskal gizartearen gehiengo zabal baten aldarrikapen politiko eta sozialei konpromiso eta ekintza zehatzekin erantzungo dien interbentzio argia eta irmoa eskatzen duela”.

Benetako demokraziaren aldarrikapena, aldaketa politiko eta sozialaren beharra inoiz baino nabarmenagoa dela gizartean azpimarratu dute. “Zentzu horretan, EH Bilduren presentzia funtsezkoa izango da bakea, demokrazia eta normalizazioarako eszenatokiak eraikitzeko eta indartzeko. Baina ez bakarrik hori; aldarrikatzen dugu aldaketa politiko eta sozialean herri honen aitortza eta erabakitzeko eskubidearen onarpena bermatu beharko dira”.

EHBildu

Ahalduntzeko Legearen aurkezpena: gure eredu politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzea ahalbidetuko duen tresna da

EH Bilduk herritarrak eta eragileak elkartu ditu Portugaleteko El Solar plazan, Legebiltzarrean erregistratuko duen Herritarrak Ahalduntzeko Legearen edukiak azaldu eta haiekin eztabaidatzeko. Hurrengo azaroaren 4an erregistratuko du legea Legebiltzarrean, baina aurretik gaurkoa bezalako eztabaidarako eta ekarpenak jasotzeko lan-tailerrak egingo ditu Donostian eta Gasteizen. Oskar Matute eta Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileek azaldu dutenez, “ez dugu gure legea bakarrik izatea nahi, herri oso baten legea izango da Legebiltzarrean aurkeztuko duguna”.

EH Bilduko bozeramaileek azpimarratu dutenez, “erabakiak hartzeko unea da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek erabakiko dute zein izan behar den bere egitura politikoa, euskal lurraldeen arteko harremana edota Espainiako estatuarekiko harremana zein izan behar den. Baina ez hori bakarrik. Beraien egunerokoan zerikusia duten beste edozein arlotako erabakiak ere herritarren esku geratuko direla esan dute Matutek eta Uberak.

“Herritarrek erabakiko dute zein izan behar den gure eredu politikoa, baina eredu ekonomikoa eta soziala zein izan behar den ere erabakiko dute. Herritarrek erabakiko dute bankuak lagunduko diren edo etxebagabetzeak egingo diren; herritarrek erabakiko dute bizi dugun emergentzia sozial egoera honetatik ateratzeko neurririk eraginkorrenak zeintzuk diren edota zeintzuk sektore izan behar diren laguntza handiena jasoko dutenak; hezkuntza edota osasun sistema nola egituratuko den…”. Hori irudikatzeko, hain zuzen, erabaki du EH Bilduk Bizkaiko Ezkerraldean egitea legearen aurkezpen publikoa.

Erabaki horiek guztiak berme demokratiko guztiekin hartuko direla ahalbidetuko duen tresna Herritarrak Ahalduntzeko Legea dela esan dute Matutek eta Uberak. “Herritarrak beren buruen jabe dira eta hori praktikara eramatea nahi dugu. Herritarrak jarduera politikoaren erdigunean jarriko ditugu, beraiek izan daitezen herri honen etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala erabakien bidez eraikiko dutenak”.

EH Bildu

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/s960x960/12094834_1187444437939537_6383517178315967934_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/s960x960/10344118_1187444457939535_2984996903802366586_o.jpg

https://fbcdn-photos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/v/t1.0-0/p180x540/11217673_1187444347939546_6481486793201044463_n.jpg?oh=73e58c0f6e7fc6325c51f690fbd1ee00&oe=56CE4ADC&__gda__=1452839140_63cf7f7f1f4ec6f7487cee159d79a12f

https://fbcdn-photos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xal1/v/t1.0-0/p180x540/12143112_1187444354606212_2525980188682870580_n.jpg?oh=acb06b4f2db45d76d48de6192eb4201f&oe=569BE590&__gda__=1456340882_93f2a5f04750f04b246ef526b3ce37da

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xtp1/v/t1.0-0/p180x540/12118902_1187444311272883_254476754823862168_n.jpg?oh=8677b66f63eb410665203694f05025c7&oe=56938156

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xta1/v/t1.0-0/p180x540/12144721_1187444344606213_7316972102050364283_n.jpg?oh=a043479f7c4e49a821baaa5a0dbe74d5&oe=5696783D

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/s960x960/12080397_1187444384606209_5233814870784694322_o.jpg

X