Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, kanpaina sexistak babestea oso larritzat jo du Alternatibako kidea eta EH Bildu Bilboko zinegotziak, Alba Fatuarte. Hain zuzen ere, Santutxu Stock kanpaina babesten dute erakunde bi horiek. Argitaratutako karteletan maniki itxurako zenbait emakume agertzen dira. Emakumea, algeia, arropa erostea ardura bakar bezala duen pertsona bat bezala irudikatzen dute.
Fatuarte zinegotziaren ustez, “Berdintasun Legea betearazi behar duenak ezin du horrelako kanpainei sostengurik eman. Merkatari txikiei babesa eta laguntza eskaini behar zaie. EH Bilduk ez dauka inolako zalantzarik eta hori da koalizioaren lehentasunetariko bat. Hala ere, babes hori ezin da inoiz sexismoan oinarritu”.
Horrek erakusten du, Fatuarteren ustez, “udal gobernuak zer nolako garrantzia ematen dion berdintasunari. Egun batean Emakume Mundu Martxari babesa ematen diote; hurrengoan horrelako kanpaina sexista bati”.
Beraz, EH Bildu Bilbok exijitzen du kanpaina bertan behera uztea du eta Bilbao Ekintzak afera horretan duen erantzukizuna bere gain hartzea gaur ospatu behar duen batzarrean.
Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eta Diana Urrea EH Bildu zein Alternatibako kideak eta Kolonbiako nazioarteko bake foroko partaideak agerraldia egin dute Kolonbian lortu duten bakerako akordioaren irakurketa egiteko. Arraizek eta Urreak Kolonbiako herria zoriondu dute, bakea ekarriko duen oinarriak ezartzeko gai izan direlako.
Kolonbiar-euskalduna izanik, “hunkituta” dagoela adierazi du Urreak. “Zorionak eman behar dizkiot Kolonbiako herriari, baina, batez ere, nirea bezalako milaka eta milaka familiei, etorkizun hobeago baten bila Kolonbiatik joan behar izan zuten familiei. Urrunetik bada ere, gatazka armatua amaitzen ari dela eta justizia sozialean oinarritutako bakea eraikitzeko lehen urratsa eman dela ikusten ari dira”.
“Kontrako interes asko egon arren, Kolonbian erakutsi dute bakea lortzea posible dela”, esan du Urreak. “Zoragarria litzateke Kolonbian bizitzen ari diren momentu historiko hau, guk ere Euskal Herrian etorkizun hurbil batean bizi ahal izatea, eta lortuko dugu”.
Arraizek, bere aldetik, adierazi duenez, “aldi baterako justizia ezartzeko eta 6 hilabeteko epean bakea erdiesteko Kolonbiako Gobernuak eta FARCek nazioarteko begiradapean erdietsi duten akordioaren edukietan sartu barik, Kolonbia behin betirako bakerako bidean jartzeko eraman duten prozedura eta irmotasuna eredugarriak dira”.
“Lehendabizi, zeuden zauriei begiratu gabe, gai izan dira alde guztiak mahai baten bueltan esertzeko. Gero, bidean izan diren oztopo guztiak gainditzeko gai izan dira. Eta amaitzeko, bi aldeak gai izan dira eskuzabaltasun osoz jokatzeko helburu baten bila: bakea”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.
“Inork ez du esaten gatazkak gainditzea erraza denik”, gaineratu du. “Jakitun gara bidean gaindiezinak diruditen mendiak aurkitzen direla, hangoek eta hemengoek prozesua zangotrabatzeko ahaleginak eta bi egingo dituztela… Euskal Herrian beste inon baino hobeto dakigu hori. Baina borondatea dagoenean, determinazio osoz jokatzen denean, eta alde guztiak eskuzabal jokatzeko heldutasuna dutenean, helburuak lortzen dira. Eta behin betiko bakea lortzen da”.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera “hipokrita” salatu du Arraizek, Kolonbiako bake prozesua babesten duelako, Euskal Herriko “zapuztu nahian” ari den bitartean. “Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera. Baina Kolonbiako bidea eta eredua hain da argigarria nazioarte mailan, Madrilgo gobernuak jendaurrean babestu behar izan zuela Kolonbiako bake prozesua. Hau da, Kolonbiarako balio duenak eta ona denak, Euskal Herriarentzat ez du balio. Hipokresia handiagorik?”.
EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “Euskal Herrian, Kolonbian egin duten bezala, gai izan behar gara bakea lortzeko erantzukizunak eskatzen duen mailan aritzeko. Erantzukizunez, tinkotasunez eta herri gisa jokatu behar dugu. Herri gisa dauden helburu guztiak bezala, bakea eta elkarbizitza egunero eraikitzen dira, egunero ematen ditugun urratsen bidez. Ondo dakigu hori Euskal Herrian, eta determinazio eta borondate osoz jarraitu behar dugu gure helburuaren bila. Bidean topatzen ditugun oztopo eta zangotraba guztien gainetik jauzi eginda”.
“Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du, eta horra heldu nahi du. Kolonbiako herriak lortu duen bezala”, azpimarratu du.
Bakea eta elkarbizitza egunero hartzen diren erabakien bidez eraikitzen dela adierazi du, eta “herri gisa” jokatuz. Era horretara, urriaren 3an ‘Bakea, Erabakia’ lelopean egingo den manifestazioa horretarako aukera paregabea dela agertu du. “Bakean bizi nahi duen eta elkarbizitza eraiki nahi duen herri oso bat dagoela erakutsi behar dugu, erantzukizun eta determinazio osoz jokatzen duena. Horrela bakarrik lortuko dugu bidean aurkitzen ari garen oztopo guztiak gainditzea eta gure helburua erdiestea: bakea”.
Diada egunaren ospakizunekin kointzidituz, Estatuko nazio eta herri desberdinetako 8 erakunde politikok Katalunian irekitako prozesuarekiko babes posizio amankomuna topatzera begira bilkura bat ospatu zuten Bartzelonan. Galiza, Castilla, Mallorka, Valentzia, Euskal Herria, Aragoi eta Asturiako ordezkariek irailaren 27an Principateko herritarren hartutako erabakiekiko errespetua aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten. Erakunde hauek, gainera, Estatuak Kataluinaren aurka hartu ditzakeen balizko neurrien aurrean koordinatzeko konpromisoa agertu zuten. Eta modu orokorrago batean, bakoitzak bere herrian aldarrikapen soberanistak aurrera egin dezan ekimenak elkarbanatzean. Nazio ezberdinetako ordezkarien bilkura Ciemen-en (Centre Internacional Esquerra per a les Minories Etniques e les Nacions ) egoitzan ospatu zen, eta topaketa horren anfitrioi eta ikuskatzaile gisa CUP eta ERCko ordezkariak egon ziren.
Begirada irailaren 27an Principatean ospatuko diren hauteskundeetan jarrita, Galiza, Euskal Herria, Castilla, Asturias, Aragon eta Pais Valencia eta Mallorkako erakundeek, espreski onartzen dute hauteskude horien izaera “plebiszitario eta/edo konstituziogilea”.
Era berean, Principat-eko prozesua Estatuko nazio eta herri desberdinetan etorkizunean eman daitezkeen aldarrikapenen plasmazioarekin lotzen dute, ikur desberdinetakoak izan arren, amankomunean haustura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea dituztenak.
Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego (BNG), Bloc Nacionalista Valencià (Bloc), Chunta Aragonesista ( CHA), Euskal Herria Bildu ( EH Bildu), Izquierda Castellana ( Izca), Mes per Mallorca (MES) eta Puyalón de Cuchas-ek argiki adierazten dute Catalunyako egoera eta nazioarteko komunitateak, Europar Batasunak eta Estatu espainiarrak egoerari aurre egingo dieten moduak “determinatuko dutela hein handi batean, gure nazioek euren etorkizunean eragingo duten erabakiak hartzeko errespetuzko marko bat bideratzeko aukerak”.
Era berean, manifestuaren sustatzaileek “borondate demokratikoaren errespetua eta herrien eskubideen errekonozimendua harreman justuago eta solidarioagoen marko baten oinarria izan behar dutela” ulertzen dute eta “justizia sozialean eta bizitze onean oinarrituta, herriak zorraren txantaiatik askatuko dituen eta oinarrizko eskubide sozialak eta askatasunak onartuko dituen Europa berri bat eraikitzeko” duten xedea adierazi dute.
Bilkuran parte hartu zuten erakundeak Katalunian irekitako prozesuaren inguruan interlokuzio iraunkorra izateko konpromisoa hartu zuten, bereziki “Estatutik mota guztietako ohartarazpen nahiz mehatxuak igortzen direnean”. Era berean, haustura demokratikoaren mesedetan “eztabaida eta kolaborazio” esparruak irekitzeko prestutasuna adierazi zuten; “aldaketa politikoa nazioetan eta hauen erabakitzeko eskubidean jokatzen dela” ulertzen baita.
Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile eta Alternatibako kideak Bilbon egindako agerraldian azaldu du EH Bilduk prozesu parte-hartzailea jarriko duela abian, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetara zein modutara eta zein zerrenda kiderekin aurkeztuko den militanteek erabaki dezaten. Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta gardena izango da, behetik gora gauzatuko dena”. Gaineratu duenez, “EH Bilduko militantziak erabakiguneak izatea eta erabakiak izatea da gure helburua, eta hurrengo egunetan abian jarriko dugun prozesura barne demokrazian sakontzeko lehen urratsa da”, agertu du.
Matutek gogorarazi duenez, joan den uztailean EH Bilduko bozeramaileek aurreratu zuten irailean erantzungo ziela hauteskunde orokorretan aldaketa politiko eta sozialaren alde lanean diharduten indar politikoei zerrenda bateratua osatzeko EHUko irakasle talde batek egindako eskaintzari. “Gainera, erabaki hori EH Bilduren militanteek hartuko zutela argi utzi genuen. Heldu da iraila, eta gure oinarriek erabaki hori hartzeko prozedura parte-hartzaile eta gardena abian jartzera goaz”.
Era horretara, hurrengo irailaren 16tik 24ra herri batzarrak egingo dira Hego Euskal Herriko udalerri guztietan, eta bertara deituak izango dira udalerri horretako EH Bilduko militante guztiak. Prozedura honetan ez dira aintzat hartuko herri batzar osoarekin erabakiak, baizik eta militante bakoitzak emandako botoa izango da kontuan, eta zenbaketa orokorra egingo da.
Baina ez da hori izango EH Bilduko oinarriek hauteskunde orokorrei begira hartu beharko duten erabaki bakarra. Urriaren 16tik 30ra herri batzarrak deituko dira berriro, kasu honetan Kongresurako eta Senaturako barruti bakoitzeko zerrendaburuak aukeratzeko.
Matutek azpimarratu duenez, “prozesu parte-hartzaile eta garden hau abian jarrita, zintzoak eta koherenteak izan nahi dugu herritarrei erabaki ahalmena emateko gure irizpidearekin. EH Bilduko militantziak erabakiak hartzeko guneak behar dituela uste dugu, eta hurrengo asteetan abian jarriko dugun ekimena bide horretan emango dugun lehen urratsa izango da”.
EH Bilduren agerraldia atzo Donostian, Alternatibako militanteen presentziarekin Gipuzkoako batzarkidea den Jon Albizu haien artean, koalizioaren konpromisua eraso sexisten kontra eta beren jarrera politikoa azpimarratzeko azken asteotan eman diren eraso sexisten aurrean.
Udara hasieran Gozo Goza Jaiak kanpaina aurkeztu genuenean Barañaingo jaietako eraso sexista azkena izan behar zuela aipatu genuen. Horrez geroztik, ugariak izan dira jai ezberdinetan izandako erasoak; Baionan, Gasteizen, Azpeitian, Getxon…
Desagertzetik urrun geure jendartean errotuta dagoen biolentzia matxista honek, aurpegi ugari ditu, tartean eraso fisiko eta sexualak, baina ekonomikoak eta hitzezkoak ere badaudelarik.
Horregatik diogu biolentzia matxistari aurre egiteko, bizitzaren esparru orotan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa ezinbestekoa dela.
Eta zentzu honetan diogu, biolentzia ez litzatekeela gauzatu ahalko, baldin eta onartzen eta posible egiten duen jendarteratze mekanismoak egongo ez balira; hainbatetan biolentzia kontziente edo inkontzienteki arrazoitutzat, beharrezkotzat edo saihets ezinezkotzat jotzen baita. Eta honela, erlijioak, hizkuntzak, komunikabideak, familiak eta hezkuntzak biolentzia egonkortu dadin, jendarteratze mekanismoen eragile bilakatzen dira.
Horregatik, emakumeok biolentzia matxistarik gabeko bizitza libreak bizi ahal izateko, burutu beharreko lan eta estrategiek ondorengo urratsetan behar dute izan oinarri:
Biolentzia matxistari aurre egiteko garaian, emakume eta gizonen arteko bazterkeria estrukturalaren kontrako lanketa hartu oinarri.
Biolentzia modu anitz eta ugariak bistaratu, biolentzia horiek gauzatzen diren espazio ugariak agerian uztearekin batera.
Baztertzaileak diren adierazpen eta gauzapen kulturalei aurre egin, eta biolentzia matxistaren eragiletzat jo halakotzat hartuak ez baina badiren fenomeno sozio-kultural eta sinbolikoak, hauen bitartez ematen baita gehienetan biolentzia matxistaren legitimazioa.
Agerian utzi, prebentzio lana egin eta emango bada aurre egin, beste biolentzia matxista moduei, transfobia, lesbofobia edo homofobiaren modukoei.
Biolentzia matxistaren aurrean gizonek duten protagonismoa eta jarrera hartzeak aztertzera bultzatu: erasoa zer den eta zer ez den identifikatzeko dituzten arazoak, emakumezkoekin eraikitzen dituzten harremanak, balizko jardunbide matxisten aurreko beraien jarrera, edo eraso matxista baten aurrean har lezaketen jarrera pasiboa erasoa babestu ez arren.
Prebentzioa ezinbesteko elementutzat hartu, berdintasuna oinarri izango duten harremanak sortu eta eraikitzeko garaian, hezkuntza formal eta ez formalean eragin beharko dugularik.
Honengatik guztiagatik, honako konpromisoa hartzen du bere eguneroko jardun politiko, sozial eta instituzionalean EH Bilduk:
Berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuz.
Ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.
Abian jarri, hedatu edo indartu, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.
Emakumeen enpoderamendua bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, enpoderamendu eskolak edo emakumeen etxeen modukoak.
Ez ezetz da eta indarkeriarik gabeko jai guneak eta bizitzak nahi ditugu!!!!