Bizkaia sozial eta justuagoa ahalik eta azkarren eraikitzeko ezinbestekoa den lan taldea aurkeztu dugu

EH Bilduren Bizkaiko hauteskunde programaren prestaketa lanak dinamizatuko duten pertsonak jendaurrean aurkeztu nahi ditugu. Nire ondoan dauden gizon-emakumeak izango dira gure programaren oinarriak jartzeaz gainera, Bizkaiko herritarren eta eragileen ekarpenak eta iritziak bideratuko dituztenak. Lantalde honen egitekoa izango da Bizkaian aldaketa ahalik eta azkarren gauzatzeko gizartean dagoen ilusioa, ezagutza eta ideia zaparrada jasotzea eta bideratzea.

Gure programa ez da bulego ilunetan egingo. Gure programa herritar eta eragileekin partekatuko dugu. Herritarren eta eragileen iritziak eta ekarpenak funtsezkoak izango dira gure programaren edukietan.

Herritarren interesak defendatu nahi baditugu, lehendabizi haien iritziak, beharrak eta ideiak zeintzuk diren lehen eskutik entzun behar ditugu. Hori da gure eredua; hori da gure estiloa. Bizkaitar guztientzat eta bizkaitar guztien interesak defendatzeko gaude politikan. Instituzioak gutxi batzuen interesen mesedetan jartzeko gehiegi irauten ari den garai ilun horri amaiera jartzen hasi behar gara berandu baino lehen. Bizkaiak eta bizkaitarrek behar dute eta merezi dute.

Datorren astean hasita, Bizkaiko eragile sozial, ekonomiko eta kulturalekin gure hausnarketak tartekatu eta haien iritziak entzuteko asmoa du talde honek. Puntuz puntu eraiki nahi dugu Bizkaia barria, eragile zein norbanakoen ekarpenak ezinbestekoak izango ditugu. Datorren astetik hasita eta hurrengo hilabeteetan konpromisoak hartzera goaz.

Bizkaiko EH Bilduren lantalde motoreko kideak

Josu Unanue Astoreka – Diputatu nagusirako hautagaia

Bermeon jaioa orain 56 urte. Arrantzale eta kontserberetako langile familikoa, Arrasaten “Matrizegintza – injekzioa eta trokelgintza” (Plastikoak) ikasi eta Fagor Garagarza eta Alecoop koperatibetan lan egin ostean arrantzale ibili zen urtetan atunontzietan, engrasadore eta makinista lanetan. Tartean Bermeo eta Pasaiako nautika eskoletan itsasontziko mekanikaria eta hotz teknikari ikasketak burutu zituen.

1985ean itsasoa utzi eta GIB/Hiesa zeukala eta urte biko bizia eman zioten, ikasketekin jarraitu eta Hiesaren kontrako dinamika eta eragile ezberdinen baitan buru belarri aritu da 1986. urtetik aurrrera, Bizkaiko Hiesaren aurkako herritar batzordean, BEDAEn, 1988an Txo-Hiesa sortzen lagundu zuen eta 1992an T-4. Hitzaldiak eman izan ditu eta iritzi artikuluak idatzi ere.

2000. urtetik aurrera Gernikako Lanbide ekimenak zentroan dago lanean eta LABeko delegatua izan da lau urtez. 2011Ko udal hauteskundeetan Bermeoko Bilduko zerrendetan aurkeztu zen eta Bermeoko alkateorde izan da ordutik. Udaletxean besteak beste Gizarte Ongizateko Udal Patronatuko lehendakari, Antolakuntza eta Euskerako zinegotzi arduraduna eta Langileria eta Partehartze Batzordeetako kidea ere bada.

Arantza Urkaregi – Politika sozialetarako arduraduna

Donostian jaioa, 60 urte. Matematika eta Estatistika Doktorea, UPV/EHUko irakaslea Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Ikasle garaian, Frankoren aurkako borrokan hasita, arlo ezberdinetako borrokalaria. Mugimendu feministan, Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea izanda; sindikalgintzan, STEE-EILASeko kidea eta delegatua UPV/EHUn. Bilboko zinegotzia Euskal Herritarrok-ekin (1999 – 2003).

Batzarkidea izan ez arren, Bizkaiko Batzar Nagusietako lan hurbiletik jarraitu du azken bi legegintzaldietan (ANV eta Bildurekin), Ogasun eta Gizarte Ekintza lan-taldeen partaidea izan baita.

Asier Vega – Ogasuna, fiskalitatea eta ingurumena

Mungian jaioa 1980. urtean. Ingurumen-Kimikako Goi-Mailako Teknikaria eta Uraren Kudeaketa Integralean espezializatua.

EH Bildu taldeko batzarkidea Bizkaiko Batzar Nagusietan 2011 urtetik, non bozeramaile ordea izateaz aparte; Ingurumena, Nekazaritza, Sustapen ekonomikoa eta Ogasuneko batzordeetako kidea da. Alternatiba alderdiaren Bizkaiko bozeramailea ere bada eta alderdi bereko Ekologia eta Elikadura Burujabetza mahaiko dinamizatzailea.

David Cobos Sarraoa – Natur Baliabideen arduraduna

1975an jaioa Elorrion, betidanik Atxondon bizitzen. Zuzenbide Lizentziatura Donostian, Trenton (Italia) eta Coimbran (Portugal) egin bitartean Ikasle Abertzaleak-eko militante izandakoa.

Hainbat sektoretan lan eskarmentuduna: ostalaritzan (EHn eta Galesen), industriako behargin moduan, banka-zuzenbideko teknikari lez (EHn eta Italian), arlo komertzialean eta Lan-Zuzenbidean abokatu moduan aritua LAB sindikatuan 2007 urtera arte. 2007-2011 Legegintzaldian Atxondoko alkate EAE-ANVren eskutik.

Ezkonduta eta hiru seme-alabaren aita. Azkeneko urteetan Elorrioko Txintxirri ikastolako artezkaritza kontseiluko kide eta, militante moduan, Fracking EZ eta AHT Gelditu taldeetan lanean.

Oiakue Azpiri Robles – Politika feministetarako arduraduna

1972 urtean jaioa eta Arrigorriagako herritarra. Soziologian lizentziatua eta etorkinak eta hezkuntzan gradu-ondoa. Urteetan Jendarte Hezitzaile lanak burutu ditu Astialdi Eskola eta?Gobernuz Kanpoko Erakundeetan. Arrigorriagan 1999-2003 zinegotzia izan zen, 18/98 makroepaiketan epaitu zuten eta egun EH Bilduko Politika Feministako arduraduna da.

Aitor Torre Urresti – Mugikortasuna eta garraioa

1975ean Bilbon jaioa. Lanbidez mekaniko, lan ugari egin ditu Gasteizen, Tuteran eta Bizkaibusen. Musika zalea eta Ekhi Txanpona eta Hika Ateneo bezalako proiektuetan parte-hartzailea.

2007tik Bizkaibuseko LAB ordezkaria. 2011tik Bizkaiko Batzarkidea, lanean, batez ere, mugikortasun eta azpiegitura alorrean, Bizkaian zein Euskal Herrian.

Meritxell Elgezabal – Kulturgintza eta euskara arduraduna

1976ean Galdakaon jaioa, Arte Ederretan lizentziatu eta espezialitatea diseinu grafikoan egin zuen. Arlo bereko masterra ere dauka eta argazkilaritzan aditua ez ezik, errealizazio eta edizio prozesuak ere menperatzen ditu.

Diseinu grafikoaren munduan ibili da lanean eta eskarmentu handia dauka komunikazio eta kultura alorrean. Lanean aritu bitartean, Galdakaoko udalean zinegotzi ibili da hainbat legegintzaldiz, gaur egun EH Bilduren zinegotzi izanik. Egun, 2013tik Udalbiltzan Nazio Gobernuko kidea ere bada.

Mikel Kormenzana Okeranza

Urduñan 1975an jaio. Baserritarra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nekazaritza Ingeniaritza ikasketak egindakoa (1994-1999). Ikasketak amaitu zituenetik baserria agroekologiaren bidetik bideratzen eta bere nekazaritza proiektu pertsonala aurrera eramatearekin batera, EHNE sindikatuan izan du militantzia.

Hasiera batean EHNE konfederazioan proiektu ezberdinak aurrera eramaten, eta 2004tik 2010ra EHNE bizkaiko lehendakari moduan sektorea dinamizatzen, aliantzak eraikitzen eta sektoreko proiektu estrategikoak bultzatzen exekutiba-kideekin batera, nekasarea, lankidetzarako proiektuak, baserritarren erakundeen arteko elkartrukeak, formakuntza….

Arlo lokalean urduñako abeltzainen elkarteko zuzendaritzan ibilitakoa da eta bertan urduñako herri garapeneko proiektuan parte hartze aktiboa izan du, elikadura burujabetzaren bidea Urduñako transizioa pausuz pausu eraikitzen.

Pello Otxandiano – Lurralde garapena eta enplegua

31 urteko otxandioarra. Telekomunikazioetan doktorea. Tokiko garapen esperientzietan aritua.

EHBildu Bizkaia

Araba berria eraikitzeko prest gaude

Aurkeztutako taldean Luis Maria Salgado Alternatibako kidea ere badago, politika sozialen lan taldeko dinamizatzaile lanetan, hain zuzen ere.

EH Bilduk gaur aurkeztu du programaren ildoak lantzen ari den pertsonen lan taldea. “Araba eraldatzea, Araba berria lortzea, sekulako erronka da. Horregatik, hilabeteak daramagu lanean eta maila handiko taldea dugu. Arabako lehen indarra izateko aukerak ditugu eta Araba berria burutzeko prest gaude”, adierazi du ahaldun nagusia izateko hautagaia den Kike Fernandez de Pinedo.

Gaur goizean Arabako lehentasunezko arloak dinamizatzen dauden pertsonek lan saioa burutu dute, idei nagusiak komunean jartzeko. Fernandez de Pinedok azaldu duen bezala, sozio-ekonomiak izango du garrantzia nabaria, gizartean kezka nagusia izanda, EH Bildurena ere badelako, eta ereduari buelta emateko oinarrizkoa delako. Aldi berean, fiskalitatea, politika soziala eta euskara Araba berriaren oinarriak ere izango dira. Bestalde ere, ingurumena, lurralde antolamendua, lehen sektorea eta toki erakundeen lan taldeetako arduradunak ere bildu dira, hauen komuneko lana izango baita herrialde iraultzeko bermea.

EH Bilduren indar garrantzitsuena bere proiektua osatzen duten lagunak direla nabarmendu dute gaur. “Jende asko dugu inguruan bere ekarpena egiteko gogoekin. Orain gure lan guzti hori Araba berria diseinatzera bideratuko dugu, jakinda ere, sortutako sare oso horrek Araba berria gauzatzen lan egingo duela”, iragarri du Fernandez de Pinedok.

Gaur agertutako dinamizatzaile bakoitzak lan talde osoa osatu du bere inguruan, arlo bakoitza sakonean eta ikuspegi anitzekin lantzeko. Hurrengo asteetan hainbat dinamika burutuko dira gaiez gai eta kuadrilaz kuadrila.

Gaur agertu diren lagunak hurrengoak ekarpena egiten ari dira lan taldeetan:

  • Kike Fernandez de Pinedo: lurralde antolamenduaren dinamizatzailea.
  • Eva Lopez de Arroyabe: lehen sektoreko dinamizatzailea.
  • Belen Arrondo eta Antxon Belakortu: sozioekonomia lan taldeko dinamizatzaileak. Patxi Martinez de Albeniz: toki erakundeen dinamizatzailea.
  • Luis Maria Salgado: politika sozialaren dinamizatzailea.
  • Miren Larrion: Gasteizko: ingurumen taldeko dinamizatzailea.
  • Gorka Ortiz de Guinea: fiskalitatearen lan taldearen dinamizatzailea
  • Eva Blanco eta Mikel Oraa: ikuspegi kualifikatua eskainiko dute lan talde bat baino gehiagotan.

EHBildu Araba

Oskar Matute “Aurrekontu hauek argi uzten dute Jaurlaritzaren eta EHBilduren gizarte ereduak desberdinak direla”

Alternatibaren ordezkari eta EHBilduren parlamentari Oskar Matuteren partehartzea osoko bilkuran EAEko 2014. urteko Aurrekontu Orokorren eztabaida eta ebazpenaren harira. Matutek PNVren aurrekontuen aurrean bere kezka plazaratu du, gizarteak bizi duen egoera larriari erantzun beharrean, murrizketetan oinarritutako aurrekontuak onartu dituelako EHBilduren proposamenari kasu egin gabe.

Presoak Euskal Herriratzeko presio politikoa biderkatu behar dugu

Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Oskar Matute eta bere koalizioko kide Maribi Ugartebururen partehartzea, hurrengo urtarrilaren 10eko euskal presoen herriratzearen aldeko mobilizaziora deitzeko.

Urgentea da presoen Euskal Herriratzea. Egungo egoeraren arduradun eta errudun nagusia Madrilgo gobernua da: presoekin giza eskubide urraketa nabarmena, sistematizatua eta, gainera, hauspo edo asmo politikoa daukana egiten ari da.

Madrilen asmoa presoen aurkako dinamikan soka tenkatzen jarraitzea da: bakearen etsaiek, PP buru dutela, bake prozesua kartzeletan korapilatu eta kolapsatu nahi dute, etengabean baldintza berriak asmatuz.

Madril ez da mugituko; guk mugiarazten behar dugu.Marraztutako egoera honen aurrean presio politikoan sakontzeko gai garela erakutsi behar dugu,  presoen Euskal Herriratzearen aldeko urrats berriak eta sakonak eginez.

Izan ere, bakeak eta soluziobideak presoen Euskal Herriratzea eskatzen du, hori da herri honen gehiengoaren aldarria eta gehiengo horren eskutik aurrera egiteko moduan asmatu behar dugu. Iritsi da horretarako ordua.

Norabide honetan kokatzen dugu euskal presoen kolektiboa hartzen ari den erabakiak, soluziobideetan aurrera egiteko funtsezkoak iruditzen zaizkigunak.

Eta Norabide honetan ere kokatzen dugu urtarrilaren 10eko mobilizazioa: Bakearen etsaiei urrats berriekin erantzun behar zaie, eta ziur gaude urtarrileko 10eko urrats historikoa izango dela.

Euskal Herria Bildu koalizioak erantzukizun osoz jokatuko du, orain arte bezala, sufrimendu oro desagerrarazi behar duelako herri honetatik, giza eskubideen urraketa ororekin amaitzea ezinbestekoa delako herri gisa aurrera egiteko. Koalizioak bere eskutan dagoen guztia egingo du hau honela izan dadin.

Bizkaiak ezinbesteko duen eredu aldaketa bizkortzeko unea dela argi utzi dute EAJ, PSE eta PPk onartutako aurrekontuek

Gutxi batzuen interesen zerbitzurako 2015-eko aurrekontuak onartu dira Bizkaian egunotan. EAJren kudeaketa ereduaren isla dira aurrekontu hoiek eta kudeatzen dituzten instituzioen jaun eta jabe sentitzen direnen eredu hori bertan behera uztea du helburu EH Bilduk.

Bizkaiak bizi duen egoera azken hamarkadetako txarrena izanik ere, aurrekontuek murrizketak mantendu, sektore publikoaren desegitea areagotu eta desberdintasun sozialak biderkatuko dituzte. Lau lehentasunei heltzea proposatu zuen EH Bilduk; gizarte politiken indartzea; enplegu sustapenerako plan estrategikoa; politika fiskal justua eta parte hartzerako eta gardentasunerako neurriak.

Aldundiak ez die lehentasun horiei erantzun. Aldiz, aurtengo aurrekontu eztabaidan EAJk, PSEk eta PPk ikuskizun lotsagarria eman dute.

http://alternatiba.net/old-files/bizkaia2015-eu-1.png

http://alternatiba.net/old-files/bizkaia2015-eu-2.png

http://alternatiba.net/old-files/bizkaia2015-eu-3.png

http://alternatiba.net/old-files/bizkaia2015-eu-4.png

http://alternatiba.net/old-files/infoak aurrekontuak.pdf

X