Alternatibak Garoñaren bizitza luzatzeko aukera salatu du eta Gasteizen manifestatzera deitu du biharko

Alternatibako bozeramaile, eta alderdiko Mahai Ekologistako kide, Asier Vegak, irmo salatu du gaur Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak iragarritako erabakia, Garoñaren jabe Nuclenor enpresari urtebeteko epe berria eman diolako Garoñaren bizitza luzatzeko, orain arte behin betiko itxiera datorren uztailaren 6rako aurreikusita zegoen arren. Erabakia, esan duenez, “energiaren sektoreko enpresa handiekiko klase politikoak, eskumak bereziki, duen menpekotasunaren froga argia” da.

Alternatibak aurretik adierazi duenez, Garoñako zentral nuklearraren itxiera “ezinbestekoa bezain premiazkoa” da, dagoeneko amortizatua dagoelako eta, besteak beste, “zaharkitua dagoelako eta segurtasun gabeziak zein arrisku anitzak dituelako”. Vegak gogorarazi du argudiorik ez dagoela  zentrala zabalik mantentzeko: “une honetan eta azken urteetan egiaztatu denez, Espainiako Erresuman eskaintza energetikoak eskaera gainditzen du, eta esportatu ere egiten da; ezin daiteke, hartara, menpekotasun energetikoaren aitzakia erabili”.

Guzti horregatik, Alternatibatik bihar larunbata Gasteizen Araba Garoñarik gabe herri ekimenak deitutako kontzentrazioan masiboki parte hartzera deitu dute. Eguerdiko 12:00etan izango da elkarretaratzea, Aldundiaren aurrean, “Nuclenor, gobernua, PP ez izan lotsagabeak!” lemapean. Alternatibaren ordezkaritza zabala bertaratuko da protestara, besteak beste, Arabako koordinatzaile Josu Estarrona izango da bertan.

Petronorren koke plantaren inaugurazioa inposizio segida baten azken urratsa da

Petronorrek Muskizeko findegian eraiki duen koke planta gaur (apirilak 3) inauguratuko da eta urrats bat gehiago emango da, beraz, Eusko Jaurlaritzak 2008ko azaroan haren instalaziorako ingurumen baimena eman zuenetik, gaur arte eman den inposizio segidan.

Urte hartan, EAJko buruzagi ohi eta gaur Petronorreko presidente den Josu Jon Imazek Petronorren “etorkizun bideragarria”-rekin lotu zuen koke planta. Botere ekonomikoen asmoak agiri-agirian zeuden, kasu honetan petrolio enpresa baten interesak, %86a Repsolen esku eta %14a Kutxabanken esku dituena. Koke plantaren proiektuak, ordea, parez pare izan ditu bertako bizilagunen antolakuntza eta mugimendu ekologista. Osasunaren eta ingurugiroaren alde lan egin dute, biztanleria informatu, mobilizatu eta halako jarduerarekin lotutako instalaziorik etxe ondoan nahi duten ala ez erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

Petronorreko agintariek entzungor egin diete Muskiz eta inguruko biztanleriaren eskariei, koke plantaren proiektuari dagokionean hitza hartu eta haien jarrera argitu nahi izan duten bakoitzean. Are larriagoa da, ordea, Petronorreko agintariek hartu duten bidea. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak joan den martxoaren 1ean eman zuen epaia, plantaren eraikitzea eta jarduera bertan behera uzten zituena. Petronorreko arduradunek ez dute epaia onartu eta errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri dute. Epaitegiaren erabakiaren arabera, 853 milioi euroko kostua izan duen instalazio horrek ez zuen eraikia izan behar.

Petrolio enpresako agintariek inaugurazio ekitaldirako xehetasun guztiak ondo prestatu dituzte. Segurtasun neurriak indartu dituzte, hainbat langileri jai eman eta gainontzekoei ibilgailu propioan joateko aukera ukatuz. Instalazioaren itxura hobetzeko garbiketa lanak ere egin dituzte, bihar izango duten “ohorezko” gonbidatuari harrera egiteko, Espainiako Errege Etxeko ordezkari Borboiko Felipe, alegia. Espainiako printzea Muskizen izango da bihar 300dik gorako gonbidatu izango dituen ekitaldian. Espainiako Errege Etxeko ordezkariaren gonbitea, inposizio segida honen azken kapitulua da eta garbi erakusten du korporazio handiek halako negozioak ixteko darabilten jokabidea, haien interesak beste edozein konturen gainetik ipiniz beti.

Instalazio berriarekin batera hitz eman diren la postu berriak direla eta, azpimarratzekoa da Petronorrek hainbat langileren kontra erabili dituen mehatxuak. Joan den urtean findegiaren jarduera etenda egon zen erregaiaren prezioan margen nahikorik ez zegoela argudiatuta eta testuinguru horretan Petronorrek erregulazio espedientea aurkezteko asmoa iragarri zuen.

EH Bilduk dei egin nahi die herritar guztiei Muskizko bizilagunei inposatu zaien koke plantaren aurka eta Espainiako printzearen bisitaren kontra antolatuko diren mobilizazio guztietan parte hartzera. Proiektu horrek korporazio handien interesei bakarrik erantzuten die eta inolaz ere ez enpleguaren sorrerari edo eskualdearen beharretara egokitutako garapen ereduari. Petronorrek, inposizioaren bidez, sistema ekonomiko injustua eta ingurugiroaren aurkakoa ezarri nahi du poltsiko gutxi batzuk loditzearen truke.

http://alternatiba.net/old-files/keepcalm.jpg

Alternatibak errausketaren aurka larunbatean Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak martxoaren 16an Altsasuko (Nafarroa) kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egitera deitu du gaur, “Portland errauskailuaren inposaketari ez. Herritarron hitza errespetatu” lemapean abiatuko dena. Estarronak salatu duenez: “hondakinen errausketak ez da bakarrik Sakanako bailaran bizi direnen osasunaren kontrako arriskua, inguruko herrientzat ere bada, etorkizunean haien ibai, landa eta urtegien kutsadura ere ekar dezakeelako”.

Ildo horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak azpimarratu du “zaborren errausketak ingurumenarengan inpaktu handia eragin dezakeela, porlan fabrika Aizkorri-Aratz, Urbasa eta Aralar parke naturalen artean kokatuta dagoelako. Gainera, baliabide naturalei eraso egiteaz aparte, enpleguari ere kalte egingo dio, abeltzaintzari, nekazaritzari eta landa turismoari zuzenean eraso egiten dielako, bailarako populazio handia lanbide horietatik bizi baita. Are gehiago, Portland porlan fabrika Arabarekin mugan dagoela gogoratu du, Aguraindik 20 kilometro eskasetara, eta honek, “arabarren arazoa ere bihurtzen du”.

Hala, mobilizazioen beharra nabarmendu du, Nafarroako Gobernuak onartutako proiektua atzera eragiteko, baina ahaztu gabe Arabako Foru Aldundia ere presionatu beharra dagoela, Arabari kalte egiten dion heinean proiektuaren aurka egin eta bertan behera utz dezatela eskatzera behartuz. Estarronak errausketaren aldeko apustua lagatzeko galdegin dio Yolanda Barcinaren gobernuari, “ez baitu hondakinen arazoa konpontzen eta, gainera, enpresa pribatuen mesederako baino ez da”; horrez gain, exijitu dio “alternatibak bila ditzala, hondakinen berrerabilpenean, birziklapenean eta gutxitzean oinarritutako alternatibak, Gipuzkoako hamaika herrik dagoeneko bere egin duten atez ateko sistema arrakastaz bere eginda, esaterako”.

Alternatibaren militanteek Sakanako errausketaren aurkako 3 Mugak Batera plataformak deitutako manifestazioan izango da, Altsasuko Netto supermerkatutik abiatuko dena arratsaldeko seiretan abiatuko dena.

X