Ekologia ate joka

Asier Vega eta Mikel Oseguera – Alternatibako Mahai Ekologista

Hondakinen inguruko egungo arazoa ezin da zabortegi eta erraustegietara mugatu, ezta birziklapenera ere ez, ez baita irtenbide integrala. Hondakinak kontsumo katearen azken maila besterik ez dira. Kontsumoak gidatutako sistema eta ekonomiak baliabide naturalak ustiatu, eraldatu, komertzializatu, kontsumitu eta desegin egiten ditu. Lurraren eredu lineal baten aurrean gaude, non gero eta zabor gehiago kudeatzearena arazo bakarra ez den. Eredu honek bere oinarrian ere huts egiten du, ama-lurraren baliabideak mugatuak baitira. Baita ereduaren korapiloan, ekoizpen eta kontsumo faseetan, hain zuzen ere. Non giza harreman desorekatuak ezartzen diren menpekotasunean oinarrituta. Bertan, gizarteak ez ditu lortzen zoriontasunaren eta orekaren helburu paradigmatikoak. Lurraren beroketa, gainezka egiten diguten zaborren kudeaketa, ohiko garapenerako funtsezkoak diren gasa edo petrolioa bezalako lehengaien urritasuna eta energiaren eskaera gero eta handiagoaren alarma zehatzak Lurraren eredu linealaren heriotzaren zantzu dira, ama-lurraren berezko izaera zirkularra eta iraunkorraren aurrean.

Ikuspegi orokor hau kontuan izanda, Europako Batasuneko administrazioak, 2008/98/CE zuzentarauaren bidez, zaborren inguruko eztabaidaren muina zaborren desagerpenetik aldentzen du. Apustu egiten du, aldiz, honako lehentasunekin, zaborren arazoari aurrea hartzeagatik (zabor gutxiago sortuz beste kontsumo kultura bat indartuz), berrerabilpenagatik eta birziklapenagatik. Azkenengo irtenbide moduan balio emate energetikoa eta suntsitzea. Era berean, hondakinen kudeaketak giza osasuna eta ingurugiroa ez kaltetzeak lerro gorri moduan ezartzen du.

Errausketak ez ditu hondakinak gutxitzen, ezta birziklapenak ere. Bestalde, giza osasuna eta ingurumenerako ondorio latzak dakartza airearen eta lurraren kutsadura dela medio. Gainera, betiko gutxi batzuen onurarako eta guztion kalterako negozio ilun eta nahasiak sustatzen ditu berriz. Orain inoiz baino gehiago gizarteak kudeaketa pribatuari oparitutako alorrak berreskuratzea premiazkoa denean errausketarekin herriak birritan ordaintzen du enpresa talde erraldoiek etekin bikoitza izateko. Erregai moduan erabiltzen duten zaborra kudeatzeagatik ordaintzen diegu hasiera batean, azkenengo urratsean gure hondakinekin sortutako energiagatik berriz ere ordaintzeko. Lan bakarra, etekin bikoitza, negozio pribatu biribila. Ingurumenerako kostuak, noski, guztion lepotik ordaintzen dira.

Atez atekoa hondakin bilketa moduen artean birziklapen emaitza hoberenak lortzen dituena izateaz gain (%80-85 birziklatze portzentaiak lortu dira) hondakinen gutxitzearen alorrean ere lan egiten du gizartea kontzientziatuz.

Atez ateko bilketaren aurka erabilitako argudioetako bat kostuena da. Demagogia guztiarekin bilketa kostuetan bakarrik erreparatzen dute. Inork ez du hitz egiten Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko behar diren 250 milioi eurotaz. Ezta zabortegiak eraiki eta kudeatzeko kostuen inguruan. Ezta errauts toxikoak kudeatzeko kostuez. Bestalde, inoiz kontuan izaten diren kostuak daude: Ingurugiro kostuak, gizarte kostuak… Zein da airea kutsatzearen prezioa?

Funtsezkoa da hondakinak baliabide moduan ikusten hastea zabor giza egin beharrean. Hondakina baliabide da sortzen denetik bereizten bada, zabor bihurtu ezean. Zergatik baliabide publiko honi uko egin? Zergatik alor pribatuaren esku beste alor estrategiko bat berriz laga? Ez diezaiegun utzi perspektibarik ez dutenei guri iruzur egiten, gure arreta poste batetik zintzilikatutako hondakin batzuetan jarrita. Irakatsi diezaiegun ez dela zaborra; baliabideak baizik: plastikoa, papera, materia organikoa…

Badakigu arazo globalak irtenbide integralak behar dituztela. Eredu aldaketa hain zuzen ere, zergatik ez hasi atez ate?

Alternatibak Garoñaren itxiera aldarrikatuko duen Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin du

“Garoña, itxi orain!”Alternatibako bozeramaile eta Bizkaiko batzarkide Asier Vegak Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatzeko Bilbon bihar egingo den martxarekin bat egiteko deia zabaldu dio gaur gizarteari, “zaharkitua eta arriskutsua izateaz gain, haren beharrik ez dagoelako”. Jesusen Bihotzetik 17:30tan abiatuko den manifestazioa Fukushimako istripu nuklear larriaren urtemugaren bezperan egingo da, “Alemania bezalako herrialdeek eredugarri hartu dutena zentral zaharrenak berehala itxi eta gainerakoen amaiera planifikatzeko”.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, Garoñako erreaktorea Fukushimakoaren berdina da, “bere arriskuaren berri ematen duena”. Bestaldetik, eta Euskal Herritik oso gertu dagoela aintzat hartuz, Vegak euskal gizarteak “energia nuklearraren kontra betidanik” izan duen jarrera berretsi du, “biharko martxan berriz egiaztatuko denez”.

Mega-azpiegitura gehiagorik ez Gipuzkoan, adierazpena

Lurralde txikia da Gipuzkoa baina azken urteotan, hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko atzera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak geldiaraztea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHT-a, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, tentsio handiko lineak…

Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak, ez! Eta ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jarri nahi dugu, inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki eta orain arteko gardentasun eza eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.

Herritarron ongizatea ardatz izango duen eredua da herritarrok nahi duguna. Ez interes enpresarialei erantzuten dien eredua, gutxi batzuen mesederako guztiok nozitzen dugun kaltea eragin eta jendartearen zati baten pobretzean oinarritzen dena. Gizarte premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste jarduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatzen ditu gaur arteko eredu antisozialak.

Ingurumenarekiko errespetua ardatz izango duen jendarte eredua nahi dugu. Eta ez, gure herrialdea etengabe hiritartu eta metropolizatuko duen eredua, natur baliabideak xahutuz, ingurumen naturalari eraso gogorrak eginez, landa inguruak jendez ustu eta nekazaritzarako behar ditugun lurrak atzera bueltarik gabe artifizialduz aurrera egingo duen eredua.

Zenbait ordezkari politikok gure eskariak, jendartearen ahotsa, instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu nahi dute, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak bultzatzen jarraitu. Eragile politiko hauek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak eta jarrera hori salatu nahi dugu. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.

Hala ere, erantzun guztiak ez daude instituzioetan, eta lorpenak erdiestekotan, ezinbestekoa dugu herritarren kontzientzia etengabe astintzea. Kontzientzia kolektibo honen aldaketan eta herritarron ekimenean dago gakoa. Beraz, lanean jarraitu behar dugu, azpiegitura handiak eta proiektu txikitzaileak geldiarazteko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia behin eta berriz azpimarratuz. Gipuzkoa desberdin bat nahi dugu, Euskal Herri desberdin bat nahi dugu. Geldi ditzagun lehenik azpiegitura lan handien proiektuak eta ireki diezaiogun bidea eztabaida sozialari. Beste jendarte eredu bat nahi dugu eta landuko dugu!

Gipuzkoak errauste planta gelditu eta zaborren inguruan eztabaida zabaltzea txalotu du Alternatibak

Gipuzkoa Sin IncineradoraAlternatibak bere poza agertu du  gaur  Donostiako  errauste  planta  gelditu  delako  eta  Gipuzkoako  Foru Aldundiak  gai  honen  azken  erabakia  sei  hilabetez  atzeratu  duelako,  zaborren inguruan herri eztabaida zabaltzeko aurrera pausu bat emanez.

Ezkerreko alderdiko bozeramaile  Oskar Matutek  “oso positibotzat”  jo du proiektu  hau  gelditzearen  erabakia:  “Gipuzkoako  Lurralde  Historikoan erabateko oposizioa jaso  izan  duen  tratamendu  sistema  hau  baztertzeko aukera  zabaldu  zaigu azkenik.  Eztabaida  serio,  zorrotza  eta  opakutasun gabekoa, gardena, irekiko da orain eta bertan, ingurumena eraikuntza enpresa potoloen interes ekonomikoaren gainetik jarriko da”.

Matuteren hitzetan, “analisiaren, informazio gardenaren eta eztabaidaren garaia heldu da, Gipuzkoako  Hondakinen  Partzuergoa Lurralderako  erabaki hoberena hartu dezan, ingurumena eta herritarren osasuna kontuan izanda”. Zentzu  honetan,  “zaborrak  tratatzeko  errauste  planta  baino  askoz  ere ekologikoagoak eta ez hain kutsatzaileak diren metodoak daudela azpimarratu du Alternatibako bozeramaileak. Matutek gaineratu du: “Errauste  planta ez da konponbidea”.

Nukleartegirik ez

Jakes Lafitte > Berria

Lema hori zekarten pegatina eta txartel andana bat agertu zen Euskal Herrian 1974. urtean, jadanik errekarantz zihoan Francoren diktaduraren azken urteetan. Baita « Nukleartegiak : Euskal Herrian hilerriak » izenburutzat zuen errebista berezia kaleratua izana zen. «Ama lurra hil da ez dago kanpairik», Maite Idirinek abestutako koplak nahiko ospetsuak ziren Euskal Herrian eta kanpoan bizi ziren gazte argi batzuen gogoetan. Garai haietako ezker abertzale edo xoraturik omen zeuden gazte ekologisten asmakeriak baizik ez omen ziren lema beltz eta pesimista horiek. Zeren-eta denboraldi honetan 1973. urtetik munduan hasi zen erregaien kinka zela , beste energia iturburuak eta independentzia energetikoa eskuratu behar zituzten herri garaitu eta industriatsuek. Ekidin ezin genezakeen aurrerapenaren ildoa omen ziren nukleartegiak.

1975 .urteko udaberrian geoteknika saio batzuk egin nituen eraikitzen ari ziren Dampierre en Burly nukleartegian. Hamabost egun geratu nintzen Frantziako toki hartan, baina jadanik zer-nolako tentsioak nabaritzen ziren ohartu nintzen: guardiez, txakurrez eta burdinazko hesiez inguraturik zegoen xantier erraldoi hori. Gerla denboran ginela bazirudien benetan. Obra horretaz arduratzen zen ingeniariarekin mintzatzen ari nintzelarik, azkarregi pentsaturiko irtenbide bat nukleartegiak zirela eta 30 urte iragan ondoren abandonatuko zela aitortu zidan hark. Baita jende gehiena horri buruz ezaxola zela adierazi zidan. Geroztik pentsatzen dut kuraia ez zitzaiola eskas gizon horri, zuen lanpostuarengatik izugarrizko aitorpenak egiten zizkidalako. Nukleartegien eraikuntzan lanpostu txikiago dutenek gizakiak menperatzen ez duen teknika berri horren defendatzaile porrokatuenak baitira.

Ameriketako Estatu Batuetan lehen nukleartegiak egin zituzten, baina bide zuhurrago batez, hiri handietatik urrun zeuden basamortuetan eraiki baitzituzten. Frankismoaren denboretan, aldiz, hirigintza azkarra dagoela Lemoiz eta Ispaster bereizi zituzten, herria probokatu nahi bailuten. Horretaz gainera, kontzientzia txarra zutelako seinale, izengoiti baten pean lurraldeak erosi zituen Iberduerok. Nukleartegiak lanjeros ez zirela kantatzen ziguten leku guztietan, etorkizunerako bide berria zela. baina Txernobileko istripua gertatu zen 1986. urtean eta aurten Fukushimakoa. Ukraniakoa komunisten « lan txarraren » emaitza baizik ez omen zen, eta Fukushimakoa itsasikarak eragindako uhin erraldoiak ondorioztatu zuen. Baina zergatik lurrikarak maiz gertatzen diren tokietan nukleartegien eraikitzea? Hori alferrik arriskuetan ibiltzea delakoan nago. Euskal Herria Auniamendietan izanik, lurrikarak gerta daitezkeen herrialde batean dago, eta askotan pentsa dezakegu zer katastrofe gertatuko zen Lemoizko zentral nuklearraren ondoan lurrikara edo itsasikara bat gertatu izan balitz. Borroka horretan jende zentzudun batzuk bizitza galdu dutela esan dezake batek baino gehiagok; baina hainbesteraino iritsi aitzin, ez ote zen elkarrizketan oinarritutako irtenbide bat atzeman ahal izan? Frankoren diktadurarekin ezin aski. Alderantziz, zapalkuntza bortitzagoz erantzun zuen diktadurak: Gladys del Estal militante gaztea erail zuten Tuteran, eta «nukleartegirik ez » arropan josia zuten euskal herritarrak kalean bertan belaunikaturik papera jan zezaten bortxatu zituzten guardia zibilek; herriari iraina eta umiliazioa. Baina « edozein eta zernahitarako indarkeria» kondenatzen duten apostolu horiek zer dioskute Txernobilekoak eta Fukushimakoak egin eta eginen dituen biktimez ?

Diktatura nagusitzen ez zen erresumetan bide demokratikorik bereizi ahal zuten nukleartegien aldeko gobernuek? Oroitzen naizenez, Giscard d’Estaing-en denboretan bailararen mailan Kaskoinako Golfechen erreferendum bat antolatu zuten bertakoek nukleartegia nahi zutenetz jakiteko; ezetza eman zuten arren, Pariseko Gobernuak ez zuen boto hori onartu nahi izan , «konstituzioaren araberakoa» ez zelakoan.

Austrian, aldiz, nazioaren mailan egindako erreferendum baten ondorioz, ez dute nukleartegirik egin, eta Suitzan bezala gaur ere hala jarraitzen du Vienako Gobernuak. Horida, nire ustez, benetako demokraziaren ezaugarrietako bat. Frantziako estatuan 1981. urtean ezkerraldekoek boterea lortu zutelarik murriztu zuten nukleartegien egitasmoa, baina ez osoki gelditu, eta gero berriz abiatu zuten Chiracen kideek.

Hala ere, Txernobil eta Fukushimaren katastrofak gertatu ondoren galdera asko egiten diote Europako zuzendariek euren buruei energi nuklearra abandonatu ala jarraitu behar denaz. Alemaniak, behintzat, 2024an nukleartegiak geldituko dituelako ebazpen zuhurra hartu du. Pariseko eta Londreseko Gobernuak, naski, ez dira horretan; bi makur handi gertatu arren, aitzina jo nahi dute; Sarkozyren ustez, Erdi Arora itzultzea bailitzateke nukleartegietatik ekoitzitako energia abandonatzea. Hala ere, energia nuklearra utzi arren, Austriako biztanleria ez da Frantzian eta Bretainia Handian baino okerrago bizitzen.

Nukleartegiek estatuen independentzia energetikoa sendotzen dutela dioskute; baina nondik etorriko da Frantziako nukleartegien ibilarazteko uraniuma? Frantziako estatuan zeuden meategi ia guztiak (Vendeekoa, Limusingoa eta Forezgoa) agorturik daude, non lurki arraroa kanpotik ekarri beharko baitute. Orain Nigereko basamortuan meatokiak kudeatzen ditu AREVA konpainiak, Al Qaida-ko aktibistak nagusiak diren herrialde batean, alegia. Eta etorkizunean nork pentsa lezake uraniorik duten Afrika eta Asiako herrialdeek petroliodunek egiten duten baino presio gehiago eginen ez dutenetz?

Dampierre en Burly-n ezagutu nuen ingeniari horrek arrazoia zuela gero eta konbentzituago nago; nukleartegia behin-behineko irtenbide bat da. Beste energia iturbururik bilatu behar ditugu, eta ekoitz dezakeguna gutxiago gastatu, eta ez alferrik.

X