AHT-ren Zaratamoko biaduktorako 11 milioi euroko alperrikako gastua, kirtenkeria politikoaren ondorioa

AHTren zentzugabekeriak ez dauka mugarik. Orain arte ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik zentzugabekeria galanta bazen, Herri honen historian ezagutu den diru xahuketa handiena izateko bidean da.


 

AHT egiteko lanak hondamendi izugarria dira ingurumenaren aldetik. Zertarako, eta inondik inora joango ez den trenbide bat eraikitzeko. Baina, gainera, enpresa eraikitzaile handien mesedetan doazen milioietako gainkostuen eragilea ere bada, bat baino gehiago direlako modu irregularrean egindako kontratazioak. Kontratazio horiek egiterakoan, enpresa eraikitzaileen artean negozioa partekatzeko irizpideak gailendu direnaren zantzu guztiak daude; hau da, ez dira irizpide tekniko objektiboetan oinarritu. Eta hori ez dio EH Bilduk. 2009 eta 2011 artean egindako kontratazioei buruz Herri Kontuen Euskal Epaitegiak landutako txostenetan nabarmen geratzen da hori.

AHT eraikitzeko lanek 4.100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izan zuten bere garaian, baina behin amaituta, 10.000 milioi euroko inbertsioa eragingo du. Milioika euro horiek guztiak ez dira hezkuntzara, osasunera, kulturara edo beste premia handiago batzuetara bideratuko, nahiz eta AHTk baino dezenteko errentagarritasun sozial handiagoa izan.

Hori gutxi ez, eta diru publikoaren xahuketa arrazoitu gabeko gainkostu ekonomikoekin egiten ari dira. Aurreikusitako kostua baino askosaz diru gutxiagotan ematen dira lanak, baina azkenean, hasieran aurreikusitakoa edo gehiago ordaindu behar izaten da. Diru xahuketa horrekin batera, neurrigabeko txaupuzak ere egiten dira.

Zaratamon, Nerbioi ibaiaren gainean egindako biaduktuari buruz gaur hedabide batek argitaratutako informazioak agerian utzi du 11 milioi euro zakarrontzira bota direla. Baina, zoritxarrez, ez da kasu bakana; izebergaren tontorraz ari gara hizketan. Hori bai, horrelakoak egiten dituzte herritarren diruarekin. Milioika euro zakarretara botatzen dira eta, bitartean, oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egiten dira. Baina hemen ez da inor lotsatzen eta, are gutxiago, inork ez du inork dimisoa ematen.

11 milioi euro joan dira erabiliko ez den biaduktu batean; 11 milioi erabili dira kirtenkeria politikoari eskultura bat egiteko. Porlan tona mordoa erabili dira miloika euro publiko lurperatzeko, Espainian ustelkeriaren eta desfase inmobiliarioaren garaian egiten zenaren moduan. Horren adibide dira hegazkinik ez duten aireportuak edo bidaiaririk ez duten AVEren geltokiak. Gaizki egin zen proiektua eta hasieratik egokitu behar zen, baina 435 metroko obra baten, ibilbide aldaketetan 3 milioi euro gastatu behar izan ziren; eta amaitzeko, biaduktua. Bazekiten ez zela erabiliko, baina obrarekin amaitzea erabaki zuten. Arduragabekeria handiagorik!

EAJk, PSEk eta PPk hitzartua dute AHTren inguruko obretaz, eragindako gainkostuez eta milioika euroren erabilera okerraz ezer ez esatea, gizarteari gaia ezkutatzea. Ulergarria ere bada, guztiak daudelako diru xahuketaren lokatzetan murgilduta eta jakin badakitelako asko direla AHT eraikitzeko lanetan diru publikoarekin egindako irregulartasunak. Irregulartasunak eta gainkostuak, gainera, Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak kudeatutako zatietan ematen dira. Horretan ez dago diferentziarik.

Ingurumenean, gizartean eta ekonomian eragindako kaltea konponezina da iada, baina oraindik ere garaiz gaude erokeria hau gelditzeko eta sortu den ordain-agiri ekonomikoak altxortegi publikoa etorkizunean erabat ez hondoratzeko. EAJ, PSE eta PP irteerarik gabeko kalean sartuta daude; baliteke handik irteten ez jakitea, baina handik irtetea ere ez dutela nahi ematen du. Horregatik, beste behin euskal gizarteari eskatzen diogu beste ahalegin bat egin dezatela, eta exijitu diezaietela diru publikoarekin horrela ez jolastea. Gizarte honen eta etorriko diren belaunaldien ongizatea ezin da porlan tona mordo bat erabiliz lurperatu.

Amaitzeko, aurreko astean iragarri genizuen bezala, informazioa biltzen ari gara AHT eraikitzeko lanek eragindako gainkostuez eta kontratazioetan egondako irregulartasunez. Informazio hori guztia fiskaltzaren esku utziko dugu, honek ikerketa abian jarri dezan eta guztiok jakin ahal izateko nora joan diren milioika euro publiko horiek.

Gogoratzera gatoz EAJk 30 milioi euroko ordain-agiri bat daukala ordaindu gabe

Dei egiten diegu EAJri eta eurekin batera politika fiskala (PSOE eta PP) tartekatzen dutenei publikoki onartu dezaten euren erantzukizun politikoa opor fiskalen inguruan sortutako iruzurra, eta bere gain hartu dezaten heritarren aurrean euren ardura, azken finean eurek direlako isuna ordaindu beharko dutenak. Gogoratzera gatoz, EAJ-k 30 milioi euroko ordain-agiri bat daukala ordaindu gabe.

 

Orain, EAJ-k eginiko iruzur-fiskalak herritar ororen patriketan eragin zuzena izango du. EAJ-k laguntza fiskal hauek eman ahal izateko egitura juridiko-fiskal oso bat diseinatu zuen. Gure sektore ekonomikoarentzat planifikazio estrategiko ekonomiko bat egin beharrean, 90. hamarkadan enpresa zehatzeei sozietatearen gaineko zergaren inguruan salbuespenak ematera jardun zuen.

Orain, “salbuetsitako” diru guzti hori Ogasunari ordaindu behar zaio, diru hori instituzio publikoek jaso ez zuten diru guztia da, inolako progresio edota gizarte irizpiderik gabe eginak.

EAJ-k enpresa zehatz batzuei laguntzeko egitura juridiko oso bat martxan jarri zuen, gero Europak laguntzak legez kontrakoak zirela ezarri zuenean, diru horien bueltatzearen beharra etorri da.

Orain, herritar guztiok izango gara lege hausteen ondorioak pairatuko ditugunak. Lege haustearen helburu bakar izan da gutxi batzuen onura lortzea eta herritarren gainean erantzukizun fiskala osoa ipintzea. Hori da euren eredua, eta argi geratu da hori aurrera eramateko edozer gauza egiteko gai direla. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herritar bakoitzak ordaindu beharko du Urkullu eta Ortuzarren kudeaketa txarraren ondorioak, zeinek ondorioak izango dituen Lakua eta diputazioen aurrekontuetan.

Eta gure galdera da, nork ordainduko du miliokada hau? Ez zuten ordaindu beharko egitura hau sortu zutenak eta iruzur eta lege hauste guzti hauek egin zutenak? Jokaera hau ezin daiteke zigorrik gabe utzi. Kudeaketa ona egiten duen “ustezko” partiduak eraman gaitu inoiz egin den iruzur handiena egitera.

Ekintza hauek erantzule politiko zehatzak daukate, izen -abizen eta partiduaren babesa. Partidua da gertatutakoaren aurrean herritarren gain erantzukizuna onartu eta kontuak eman behar dituena. Argi eduki EAJko jaun-andreok zuen erantzukizuna izango dela milaka herritarrek pairatzen duten egoera lazgarriaren okertzearen erantzule bakarrak.

EHBildu

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/t31.0-8/10293675_869266546423996_8956976444312405528_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn1/t31.0-8/10257419_869266586423992_704109394154147635_o.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/t1.0-9/10173620_869266773090640_267273917233682826_n.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/t1.0-9/10259000_869266843090633_6746563119697629166_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/t31.0-8/10014393_869266979757286_7658459738006847270_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/t1.0-9/10302119_869266966423954_8393264164211584237_n.jpg

Matute: “Oregik azalpenak eman behar ditu berehala AHTren obretan justifikatu gabe dauden 9 milioiengatik”

Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren eledunak salatu du Euskal Herrian Corsan enpresa-elkartea egiten ari den obretan ere justifikatu gabeko 9 milioi euro daudela. Oregik erakutsitako arinkeriaren aurrean, errealitatea da hemen ere kezkatzeko arrazoi handiak daudela. Ez bakarrik AHTrentzat hainbeste milioi bideratzeagatik krisi garaietan, beste behar sozial eta ekonomiko larriagoak alde batera utziaz, baita Corsan enpresa eraikitzen ari den AHTren zatietan justifikatu gabe dauden gainkostuengatik ere.

“Gaurkoan, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Bergarako obretan eman diren irregulartasun berriak salatu nahi ditugu. Izan ere, Kataluniako obretako gain-kostu eta iruzurrarekin harremana duen Corsan Corvian konpainia azaltzen zaigu zati honen atzean.

Tolosa eta Hernialde arteko obretan irregulartasunak eman ziren obrak esleitzeko, ez zirelako horretarako irizpideak zehaztu eta erabilitakoak publikatu ez zirelako. Hala dio argi eta garbi Herri kontuen Euskal Epaitegiak 2010eko txosten batean. Baina bestetik, azalpenik gabe emandako kontratu honen hiru laurdenak amaituta, ia 14 milioi euroko gain-kostua zuten, eta horietatik BEZaren igoerak milioi eta erdi besterik ez du justifikatzen. Eta hori gertatu da norekin eta diru publikoarekin iruzurra egin duelakoan ikertua izaten ari den enpresarekin.

Dagoeneko zantzuak baino gehiago ditugu pentsatzeko hemen, autonomia erkidegoan, irregulartasunak baino gehiago eman direla AHTren lanetan eta diru publikoarekin ustelkeria egon dela. Eta euskal gizartearen aurrean Eusko Jaurlaritzari dagokio demostratzea guztion dirua bidegabe xahutu ez dela. Gero eta argiago dago sobreen jokoa gurean ere ematen dela, eta ezin larriagoa da hau  inoizko murrizketarik larrienak pairatzen dituen gizartearentzat”.

Oskar Matute “EAJ, PSE eta PPk ateak ireki dizkiote transnazionalek Europako botere politikoa eskuratzeari”

EAJ, PSE eta PPk ez dute oztopatu nahi izan Europako eta Estatu Batuetako agintariek egiten diharduten merkataritza askeko ituna. EH Bilduk aukera eman die Legebiltzarreko osoko bilkuran, amerikako transnazionalek kapitalismoaren izenean inpunitatez Europan sartzea gaitzesteko. Aldiz, jeltzale, sozialista eta popularrek nahiago izan dute “zuhurtziaren” izenean sinadura hori ez oztopatzea. Itunak ahalbidetuko du “enpleguan, ingurumenean, osasun publikoan eta elikadura segurtasunean ondorio suntsitzaileak” izatea, salatu du Oskar Matute legebiltzarkideak.

Koalizioak beste bide batetik jotzeko proposamen politikoa egin du Legebiltzarrean, hain zuzen, “Europako herrien burujabetza erreskatatzeko eta herritarrak enpoderatzeko bidean”. Hiru alderdiek guztiz kontrakoa egin dute, “kapitalismoaren izenean krisi sozioekonomikoan sartu gintuen Europara itzultzea, bidea irekiz transnazional eta lobbiek Europako botere politikoa eskuratzea, euren intereserako erabiltzeko”. “Estatu Batuen interes geoestrategikoen eta bere morrontzara dagoen Europa nahi duzue”, esan die Matutek, eta “hala ere, gai izango zarete kanpainan Europa demokratikoagoa eta sozialagoa nahi duzuela aldarrikatzeko”.

EHBildu

AHT ordaintzeko euskal herritarron poltsikoetatik aterako diren 5.000 milioi euroak, Urkulluren Gobernuaren kudeaketa politiko eta sozial zentzugabe eta arduragabearen adibide nabarienetarikoa

Indarrean dagoen sistema erdoilduaren gainbeheraren bi eredu adierazgarri ezagutu behar izan ditugu aste honetan. Lehenengo eta behin, langabeziaren datu kezkagarriak ezagutu genituen. Hego Euskal Herriko administrazio nagusietatik eta gobernu zentraletik kontrakoa saltzen ari zaizkigun arren, ekonomiaren berpizkunderik ez da gertatzen ari; herritar arruntok behintzat horren arrastorik ere ez dugu somatzen. Lehendabiziko danbateko horren ostean, pairatzen ari garen krisian murgildu gaituzten alderdiek beste urrats bat eman dute asteon, eta abian jarri dituzte beren irudia garbitu nahi duten marketing operazioak. Hor kokatu behar dugu AHTren Bergarako lotuneko lanak lizitatzeko Madrilgo Gobernuak hartutako erabakia.

PPren Gobernuak erabaki du beste 133 milioi euro gutunazalak banatzeko zaletasuna omen duten enpresa eraikitzaileei bideratzea, egoera larrian dauden milaka eta milaka herritarren premiak bigarren maila batean utzita. Hau da, herritar arrunten ikuspegitik, Madrilek erabaki du beste 133 milioi euro zakarretara botatzea. Ezin baita bestela definitu inondik inora joango ez den trenbide batean baliabide publikoak xahutzea. Ezin baita bestela ulertu euskal herritarren garraio gabeziak inondik inora konponduko ez dituen eta gure ingurumena suntsituko duen azpiegitura baten tamaina honetako inbertsioak egitea.

Gaur egun dauden aurreikuspenak betetzen badira, euskal herritarron poltsikoetatik aterako diren 5.000 milioi euro bideratuko dituzke azkenean Madrilgo Gobernuak eta Jaurlaritzak AHTra. Kudeaketa politiko eta sozial zentzugabe eta arduragabeagorik aurkitzea zaila da, zinez.

Urkulluren Jaurlaritzak pozarren hartu du albistea. Madril ere kritikatu du, baina ez inbertsioaren zentzugabekeriagatik. Alderantziz, lanen garapena azkarrago eta modu ordenatuagoan egitea eskatu du. Madriletik PPk egin bezala, hemen ere enpresa eraikitzaileen interesak lehenesten ditu EAJk, herritarrak eta beren premiak alboratuta.

Jaurlaritzarako aurtengo aurrekontuak prestatzerako orduan ere horrela jokatu zuten Urkulluk eta bere gobernu taldeak. 2014an, 366 milioi euro bideratuko ditu AHTra, horrek inbertsio sozialean izango dituen ondorioei erreparatu gabe. Hala, ongizate estatuaren bi oinarrietan, hezkuntzan eta osasun sisteman, murrizketak aplikatzen ari da aurten. Hezkuntzarako partidan aurreko urtean baino 166 milioi euro gutxiago izango dira eta osasunera bideratutako partidan 55 milioi euro gutxiago. Enplegua sustatzeko politiketarako, berriz, 121 milioi euro gutxiago izango dira. Beste behin, ‘Porlana helburu’ leloa erraietaraino sartuta daukala agertzen du EAJk.

Erabaki horien ondorioak nozitzen ari direnak herritarrak dira. Agerikoa da behinola eredugarria izan zitekeen osasun sistemaren gainbehera: ordezkapenetarako pertsonalik ez da kontratazen, itxaron zerrendak gero eta handiagoak dira… Eskainitako zerbitzuaren kalitatea behera eta behera egiten ari da, osasun sistemako langileen ezintasunaren aurrean. Antzeko zerbait esan dezakegu hezkuntzari buruz. Eta enplegua sortzeko politikei buruz zer? Agerraldi honen hasieran esan dugu. Langabezia tasak gora eta gora egiten ari dira, egoera honi aurre egiteko Jaurlaritzaren gaitasun falta agerian utzita. Urkulluren gobernuak ez du baliabide publiko nahikorik bideratzen gure gizarteko drama gordinetako bat konpontzera, eta gero eta nabariagoa da dirurik ez ezik, ideia berritzaitzailerik ere ez duela. Bide honetan, laster izango gara %20eko langabezia tasekin, Grezia, Espainia edota Kroaziaren parean.

Gure gizartea gero eta gehiago hondoratzen ari den AHTren gurpil ero honetatik lehenbailehen ateratzeko deia egiten diogu EHBildutik Urkulluri eta EAJri. Gure herria egoera sozial eta ekonomiko oso larrian egonda gure garraio premiak konponduko ez dituen azpiegitura batera tamaina horretako dirutza bideratzea iraina da herritarrentzat. Ez da onargarria gure gizartea gero eta txiroagoa denean, porlanera eta enpresa eraikitzaileen poltsikoetara gu denon lanetik sortutako dirua bideratzea. Gaur inoiz baino gehiago inbertsio soziala handitzeko unea da, herritar askoren beharrak ere inoiz baino handiagoak direlako. Diru faltaz baino gehiago, lehentasunak ezartzeaz ari gara. Eta EAJ, beste behin, porlana lehenesten ari da, herritarrak eta haien premiak bigarren maila batean utzita.

X