Makiaveloren handikiak
Diana Urrea eta Xabier Soto – Alternatiba
“Errepublika orotan daude kontrajarritako bi joera: handikienaeta herriarena”. Makiavelo izan zen esaldi honekin, duela bost mende, gizarte orok izango zuen interes gatazka aurreikusi zuena. Politika-ekonomia eliteak ezarritako jabetza pribatuak eta lege hauek amildegia ireki dute hierarkikoki oso bananduak dauden bi klaseen artean: Jabeek osatutako klasea, boteretsuen eta buruzagien klasea, jabetzarik ez duen klasearekin, pobreen eta langileen klasearekin kontrajarrita. Gutxi batzuen pribilegioak, ororen ongiaren kontra; herrian sortutako presioa alde batetik, eta handikiena bestetik.
Aurtengo, maiatzaren lehenarekin batera, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorraren atarian egonda, Gipuzkoa, duela hainbat mende iragarritakoklase borroka horren adibide bikainaren ikusle bihurtu da. Baina oraingo honetan, ñabardura desberdin bat dago. Zerbait aldatu da. Boteretsuek antzeman dute jada, eta urduri daude.
Lurraldeko hirugarren adinekoen egoitza guztietan lan egiten duten 4.800 pertsonak, lan hitzarmenaren negoziaketan haien eskubideak ez galtzeko borrokan ari dira. Borroka, langileek eskura dituzten arma bakarrekin egiten dute: kartelak, txilibituak, lemak, pankartak… Baina armak eskuan prest dituen erraldoi baten kontra ari dira. Makiaveloren handikiak, Adegi patronala kasu honetan, haien botere politiko, ekonomiko eta mediatiko osoarekin eraso egiten diote langileriari (sektoreko gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea).
Komunikazio talde boteretsuaz eta EAJ eta PP bezalako alderdiaz babestuta, Adegik probetxua hartu ez ezik, Madrileko konplizeek haien zerbitzura jarritako arma baliagarriena eta gaiztoena ere dute eskuragarri: Espainiako lan kontra-erreforma. Erreforma betez, eta Euskal Herriko dozenaka lan itunekin gertatu behar den bezala, bi aldeen arteko hitzarmena lortzen ez bada, uztailaren 7an sektoreari dagokion estatu hitzarmena indarrean sartuko da eta milaka dozena langilek dituzten lan baldintzak larri kaltetuak izango dira. Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek patronalaren baldintzak onartzen ez badituzte, bi hilabeteren buruan hau izango da haien egoera: 400 eurotako soldata jaitsiera eta 200 lanordutako igoera urteko.
Borroka ezin da desorekatuagoa izan. Txilibituak arrazoi osoarekin hots eginda ere, ezin dute botere politiko eta ekonomikoen artilleria astunaz jositako aliantzen kontra ezer egin. Lehenengo aldiz, ostera, zerbait ari da aldatzen. Gipuzkoako herritarrek erabaki dute, klaseen borroka horretan, botere instituzionala herriaren alde daudenek izan behar dutela. Eta EAJko gobernuarekin hamarkada luzez hitzarmenak egin ostean, orainhandikiek haien Gipuzkoako konplizea galdu dute. Bilduren Foru Gobernuak zerbitzu publikoen aldeko bandera goratzea eta lurraldeko zahar-etxeetan zein eguneko zentroetan lan egiten duten emakumeak babestea erabaki du. Argi eta ozen esan du: “Emakumeak babestuko ditugu”.
Espainiako lan erreformaren aurka eta herri honetako edozein langilek lortutako eskubideak kentzearen kontra dagoela aditzera eman dio mundu guztiari. Konpromiso hori ixteko eta langileen soldata igoerari eusteko, mahai gainean 8,2 milioi euro jarri ditu, langile hauen lan duina bermatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzu duinak eskaintzearekin lotuta dagoelako.
Adegiren suminduraz beteriko erantzuna Aldundiaren kontrako auzia jartzea izan da: “negoziaketa kolektiboan aurrekaririk gabeko esku sartzea” salatzeko. Hor dago koska: “aurrekaririk gabekoa”. Harrituta, patronalaren handikiek Aldundiari auzia jartzera behartuta sentitu diren historian lehenengo aldia dela ziurtatu dute. Txundituta esaten dute, norabidea galduta botere politikoaren eta enpresarien arteko ohiko adostasun hori galdu dutenean. Urteak eman dituzte Aldundian paseatzen, bostekoak elkarri ematen, diru publikoarekin tripa-festa ederrak egiten eta gorbatadun gizon boteretsuekin bilkurak ospatzen. Baina orain, epaimahaien babesa eskatu dute Foru Gobernuak haien poltsikoak betetzen jarraitzeari uko egin diolako.
Makiaveloren handikiak urduri daude. Bilduren Gobernuaren jarrera hain da ezohikoa, legez kanpokoa ere iruditzen zaiela. Orain arte, publikoaren eta langileriaren duintasunaren alde egiten duen Gobernu baten berririk ez zuten. Zaintza lanen, dagoeneko kolokan dagoen sektore feminizatuaren lan baldintzak okertzeko prest ez dagoen botere politikoa zegoenik ez zekiten. Lan ezegonkortasunaren biktima diren emakumeen eskubideak defendatzen dituen instituziorik dagoenik ez zekiten. Ez eta, enplegu prekarioa dutenen, zaintzaren ezkutuko ekonomian bizi direnen eta familia aurrera ateratzeko aldi baterako kontratuak dituzten ezkutuko langileen defentsan inor zegoenik.
Horregatik, Alternatibatik Aldundiaren Politika Soziala Sailaren eta bere ordezkari – militantzian kide dugun- Ander Rodriguezen jarrera txalotzen ditugu, baita bere lan-talde osoarena ere. Aldi berean, Gipuzkoako Aldundiak langileekiko berretsitako konpromisoa txalotzen dugu, diru publikoarekin ordaindutako obretan lan baldintzak eta hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresei zigorra ezarriko diela jakinarazi berri baitu.
Gaur lehenengo aldiz, emakumeek, langile klaseek eta sektore zapalduek aliatu bat dute Gobernuan. Klase borroka su gabe diraki, Gipuzkoan zein Euskal Herrian.