Yayo Herrero López “Ecología, decrecimiento y ecofeminismo”

Video de la intervención de Yayo Herrero López en las jornadas sobre “Decrecimiento y Crisis Económica” organizadas por Alternatiba los pasados 9 y 10 de noviembre en el Aula de Cultura de Algorta (Getxo). La ponente, Co-cordinadora de Ecologistas en acción y profesora de la cátedra de educación ambiental de la UNED, ofreció una charla bajo el título “Ecología y decrecimiento como alternativa a la crisis ambiental, económica y política” ante una sala que se quedó pequeña, con cerca de 75 personas que siguieron la conferencia e intervinieron activamente en el turno de preguntas.

“Desazkundea eta Krisi Ekonomikoa” lemapean Alternatibak Algortan, Getxoko Kultur Etxean, antolatutako jardunaldietan Yayo Herrero Lopezek eskainitako hitzaldiaren bideoa, azaroaren 9an grabatutakoa. Hizlaria, Ekologistak en acción erakundeko koordinatzailea eta UNEDeko ingurumen hezkuntzako katedrako irakasleak, “Ekologia eta desazkundea ingurumen, ekonomia eta politikaren krisiei erantzuteko alternatiba gisa” izeneko hitzaldia eskaini zuen txiki gelditu zen aretoan, 75 lagun ingururen aurrean.

http://alternatiba.net/old-files/55989_549939098356744_570271344_o.jpg

Bizitza duinaren alde, kapitalismoa lurpera dezagun. A14 Greba Orokorra!

Bihar, Azaroaren 14an egingo den Nazioarteko Greba Orokorrera deitu du Alternatibak gizarte osoa, Europan eta Euskal Herrian herrialde ezberdinetako hainbat sindikatuk deitutakoa. Klase agintariaren kontra etengabeko mugimendu inkonformista eta borroka iraunkorra beharrezkoak direla uste dugu. Klase agintari honek, Europako banku handietako bulegoetatik euren politikak diseinatu eta ezarri egiten dituzte, agintari zuri eta koldar batzuen laguntzaz, beti ere, boteretsuen pribilegioak defendatuz pertsonen eskubideen gainetik.

Aurreko langile zein gizarte borroketara gehitu ginen bezala, oraingoan ere Alternatiba kalean izango da herriaren kontrako etengabeko erasoak salatzen, hain zuzen, lan erreformetan eta gizarte eskubideen murrizketetan azaldu zaizkigun erasoak salatzen. Ikuspuntu internazionalista batetik ere egin nahi dugu, ezinezko eskakizunak sufritzen dituzten herrialde batzuekiko elkartasuna erakusteko. Honen adibide Grezia dugu, murrizketak baino, Troikaren eraso antisozialak pairatzen dituenak. Baina Portugalekin batera ere gaude, mobilizazioen eta greben bitartez agintariak atzera egitera behartzera posible dela erakutsi baitigutelako.

Kalera aterako gara horma sendo bat eraikitzeko beharra dugula esatera; sistema menderatzaile guztien erasoei aurre egingo dien eta emakumeak makurtarazi eta euren eskubideak urratzen dizkieten patriarkatuari aurre egingo dien horma eraikitzera goaz. Kapitalismo krudel honi ere aurre egingo diogu, denboran irauteko bere burua irensteaz aparte, langileen duintasunaren lepotik egiten duelako; aurre egingo diogu ere ingurumenarekin akabatzen ari den garapen jasanezinari, gizarteak behar ez dituen makro azpiegiturak eraikitzen dituen sistema delako. Kolonialismoaren kontrako harresiak ere eraikitzera goaz, desagertzearen ordez, oraindik ere herritar eta herrialde ugari agortzen dituztelako euren subiranotasun eskakizunei kasurik egin gabe.

Harresi hau eraikitzeko  Euskal Herriko gehiengo sindikalaren garrantzia aitortzen dugu eta, horregatik, errespetutik baina erakunde bakoitzaren autonomiatik ere, kontinente osoan zehar hainbat herrialdeen ahotsak bateratuko dituen ezohiko greba honetara batuko gara. Alternatibatik, alabaina, berretsi egin nahi dugu kontzertazioan oinarritutako sindikalgintza baino, eredu sindikal konfrontatiboa eta aldarrikatzailea babesten jarraituko dugula, baita Euskal Herriko baliabideak berton erabakitzeko burujabetza zein euskal lan esparruaren defentsan gaudela, gure langileen eskubideak defendatzeko modurik eraginkorrena delako.

Jakinarazi ere, Euskal Herrian arrazoiak soberan ditugula kaleak bete eta grebara ateratzeko. Errudun asko ditugu oraindik seinalatzeko, adibidez, lehendakaritzarako bidean den EAJ eta alde egitera doan PSOE; lehenengoak, bere abstentzioaz eta bigarrenak bere bultzadaz, biek aurrekontuen egonkortasunaren legea onetsi zutelako, instituzioak eskuak lotuta utzi dituen legea, hain zuzen, zorpetuta egotea ere debekatzen diena instituzioei, bere helburua politika sozialak krisi ekonomikotik babestea izanda ere. Alderdi Popularra ere aipatu behar, Zapateroren lekukoa hartu eta pentsioak jaitsiko dituelako Europako bankuak kontentatzeko. Abortuaren legea ere aldatuko dute, emakumeek beren gorputzen gaineko erabakiak, modu libre eta doakoan, har ditzaten are gehiago oztopatzeko.

Inoiz baino garrantzitsuagoa dugu, gainera, borroka egin eta gure ahotsa entzunaraztea, oinarrizko eskubideak aldarrikatuz gobernuak gogaitzen ditugunerako lege formako mehatxuak egiten ari diren honetan. Alternatibarentzat, alabaina, ezinezkoa da isilik egotea herria ordezkatu beharrean zapaldu nahi dutenen aurrean; terrorismo finantzieroak Ezkerraldean pertsona bat hiltzea eta gaur Durangaldean lan istripuetan aurten hildako hamaikagarren behargina egotea ahalbidetu dutenen aurrean; eta baita egun berean mozkinak eta kaleratzeak iragartzeko kopeta dutenei.

Bizitza duinaren alde, kapitalismoa lurpera dezagun. Euskal Herrian eta Europan, Azaroak 14, Greba Orokorra!

Euskal Herrian, 2012ko Azaroaren 13an

http://alternatiba.net/old-files/A14N_0.jpg

EAJk kromo trukaketa besterik ez zuen nahi, eta EHBildu ez da halako jokoetan sartzen

  1. EAJk hasieratik erabakia hartua zeukan, bakarrik gobernatzekoa, alegia. Azken bi aste hauetan burutu diren bilkuretan, EAJ anbiguotasun osoz aritu da. Bi dokumentu helarazi dizkiogu, hitzarmen posibleetarako hainbat edukiren inguruan zehaztapenak jasotzen zituena. Era berean, hainbat galdera ere luzatu dizkiogu, erantzunik jaso gabe.

  1. Igandean buruturiko agerraldian esan bezala, gobernu berria osatzeko akordio bila baino, edukien inguruko hausnarketarik gabe instituzio ezberdinen aurrekontuen onarpena lortzen saiatu da EAJ. Hau da, aurrekontuek zer jasotzen duten aztertu gabe onartzeko eskaera egin du EAJk. Gu ez gatoz bat politika egiteko eredu horrekin, kromo-trukaketaren politikarekin. Edukien arabera lortu behar dira adostasunak.

  2. Era berean, arduraz adierazi nahi dugu, oraindik ez dugula ezagutzen EAJk krisitik ateratzeko, herritarrei eskaintzeko, dituen neurri zehatzak. Ez du inolako programarik edo proposamen zehatzik aurkeztu.

  3. Une honetan lehentasunezkoak diren gaietarako, hala krisiari herri eta herritarren ikuspegitik aurre egiteko zein normalizazio prozesuan, nola bakegintzan aurrera egiteko, proposamen eta neurri zehatzak proposatu ditugu. Izan ere, gure helburua herritarrei soluzioak ematea da. Horretarako, edukietan oinarritutako akordio zabalak bilatzen saiatuko gara.

  4. Une honetan, ezinbestekoa deritzogu herri ikuspegi batekin jardutea, herri gisako politikak eta akordioak gauzatzea eta herritarrak politika horien ardatzean kokatzea. Hori da gure borondatea eta hori izango da gure jardunaren ardatza.

  5. Horretarako datozen asteetan gure legebiltzarkide taldea gainontzeko indar politikoekin eta eragile sozialekin hartu-emanak izaten ahaleginduko da.

Azaroaren 14ko greba orokorrera deitzeko adierazpen bateratua

14aren mobilizazioa berezia da, europa mailako ekimen amankomun batean kokatzen delako. Herri guztietan, klase herrikoien manifestaldiak eta ekintzak izango dira. Eta bereziki Portugalen, Italian, Espainian, Belgican, Maltan, Chipren eta Grezian, krisialdi ekonomikoa eta Troikaren (EB, NDF, EBZ) austeritate politikak gehien pairatu dituzten herrietan, greba orokorren bitartez erantzungo da. Hori dela eta, 14a, kapitalak jadanik egin duen bezala, mugak gainditu egin behar dituen borrokaren hasiera izan behar du. Gaurko Europar Batasunaren muinaren kontra jo eginez.

Orain dela gutxi Espainian 2013ko aurrekontuen proiektua aurkeztu da, murrizketa berriekin. Aurrekontu hauetan larriena ez da azaltzen dena, baizik eta izkutuan dagoena. Krisian sakontzea ekarriko dutelako eta, ondorioz, diru-sarreren jeitsiera, hau da, aurrekontuen desoreka berria, eta berriro ere murrizketa gehiago “defizit publiko sakaratua” ez areagotzeko.

Espainiako eta EAEko gobernuen politikak multinazionalen eta korporazioen interesei bakarrik erantzuten diete, oligarkia politiko eta kapital handiei. Haien murrizketek krisian are gehiago murgiltzeko baino ez dute balio izan.

– Krisia dela medio bere buruaz beste egin dutenen kopuruak gora egin du, baina etsipenak jota bizi diren milioika pertsonen muturreko eredua besterik ez dira.

– Kredituei aurre egin ezinik pertsonak beren etxeetatik kaleratzen dituzten bankuek 60.000 milioi euro jaso dituzte aurten dagoeneko, zor publiko gisa ageri zaiguna.

– Menpekotasun legeari lotutako laguntzetan eginiko murrizketek emakumeek pairatzen duten patriarkatuaren ondorioetan sakondu egiten dute, zaintza  lanen aitortza sozialean eta ardura partekatuan atzerapauso larriak egiten direla.

– Pobrezia alderdi guztietan egin du gora, inolako diru sarrerarik ez dutenen familien kopuruak hazten den bitartean, hainbat eta hainbat pertsona kale gorrian daudela.

– Aberastasun handiak gero eta handiagoak dira eta arazorik izan duten guztietan gobernuak gure diruarekin erreskatatu ditu. Dirua badago, baina betikoen esku dago.

 – Ingurumenaren kontrako erasoak gero eta bortitzagoak dira (Kosten legea, Poloniari isurtze eskubideak erostea, aldaketa klimatikoaren ukapena, agroindustriaren sustapena, etab.)

Botere politikoa eta mediatikoaren zerbitzura dagoen botere ekonomikoak, grebek ezertarako balio ez dutela esaten digu, politika ekonomikoak ez direlako aldatuko. Baina, jakin badakigu, borrokaren eta elkartasunaren bitartez soilik, mantenduko ditugula, horrenbeste urtetan zehar kapitalismoaren sustraietatik ateratzea kostatu zaizkigun garaipen sozialak.

Adibidez, Portugaleko Gobernuak atzera bota behar izan du langileen kotizazio soziala igo eta modu horretara, enpresariei jaisteko proiektua, Krabelinen Iraultzatik izan diren manifestaldi handienen eraginez.

Egoera honen irteera ez da etorriko industri ekoizpena eta kontsumoaren igoeragatik. Enplegua eta aberastasuna banatzeko neurrien alde borrokatu beharra daukagu, fiskalitate justu eta mailakatu baten bitartez; enplegu publikoa sortuz, pertsonen zaintza eta jasangarriak diren sektoreetan.  Planetaren muga ekologikoen barruan, lan, ekoizpen eta kontsumorako modu berriak defendatu behar ditugu.

PSOE-eko  eta jarraitu dion PPko gobernuen  murrizketak zein lan-erreformak, ez ziren azaldu beraien hauteskunde programetan. Horregatik, gure herriaren gehiengoen ahotsa kalera eraman beharra daukagu, gizartea ordezkatzen dutela esaten duten erakunde horiek entzun dezaten eta demokrazia parte-hartzailea eta zuzena bermatuko duten formulak aplikatuz.

Krisialdia ez da egoera pasakorra. Gainerakoa bota beharra daukagu, gure eskubideen defentsarako eta alternatiba berriak proposatu beharko ditugu, guztion artean beste mundu posible batzuk eraikitzeko. Ez dugu gutxi bat jokuan jartzen; baizik eta guztia jartzen dugu jokuan. Datorren azaroak 14an guztiok, eredu sozial berri baten aldeko Greba Orokorrera.

Azaroak 14an Greba Orokorra.

Alternartiba, Antikapitalistak, EQUO, Ezker Anitza-IU, Gorripidea, PCE-EPK

http://alternatiba.net/old-files/NazioartekoGreba.jpg

EHBilduk euskal kutxen sorrera eragin zuten baina batzuek alde batera utzi nahi izan dituzten oinarriak aldarrikatu ditu

Ezarleen hauteskundeekin, urte hasieran egin beharrekoa zen Euskal Kutxetako Batzarrak berritzeko prozesua amaitu egin da.

Bezeroen talde honetan lortutako emaitzak BILTZEN plataformaren zerrendek izan duten babes garrantzitsua berrestera datoz, Udal eta Aldundietan duela urte eta erdi lortutako emaitzekin batera, azkenean, herritarren borondatea benetan ordezkatuko duten Batzarrak lortzea ekarriko duelako, azkenaldian gertutakoaren kontra beraz.

Gure premiazko balorazioan esan genuenez, Batzarra osatzen duten Taldeetan jaso dugun sostenguak ateak irekitzen dizkio hartu izan diren erabaki batzuen gainean norabide aldaketa egiteari, tamalez, onartu izan direnak eta gure ustez ekidin beharrekoak zirenak, horretarako aukerak ere bazirelako.

Etxe desjabetzen ugaritzeak, gehienak Kutxabank-en eskutik, kutxak eta Kutxabank alderdi politiko batzuen mesederako zuzendu nahi izan dutenen asmoen adibidea baino ez dira. Izan ere, herritarren beharrei bizkarra eman diete, Herri honetako ekonomia, enplegua sortzea eta krisi ekonomikoa gainditzeko politikak zeharo baztertuta.

Era berean, Pribatizazioarena bezalako asmoei aurre egingo diegu, kutxek beren izaera soziala eta publikoa gal ez dezaten gure esku dagoena eginda.

Hiru euskal kutxetako Batzarretako egoera berriak aukerak zabaldu ditu orain arte kontrolatu izan dituztenen asmoak baldintzatuko dituzten akordioetara heldu eta beharrezkoak dituzten aldaketak sustatzeko, euskal kutxen sorrera eragin zuten oinarriak berreskuratze aldera, inoiz laga behar ez zirenak: Euskal Herriko pertsona zein ekonomiarentzat Funtzio Soziala zuten finantza erakundeak izatea. Horretarako, alabaina, etxe desjabetzeekin bukatu beharra dago, benetako ekonomiari eta pertsonei begirako politika egin beharra dago, eta ez espekulazioari begira; Gizarte Ekintza mantendu eta bermatu beharra dago eta instituzioen zein enpresa txiki eta ertainen finantziazioari ateak ireki behar zaizkio, horren beharra baitute.

Horregatik, herrialde bakoitzeko emaitzak aztertu ondoren eta Gipuzkoan ordezkari gehien dituen indarra garela berretsita, izendatutako 79 Kontseilarietatik 37, honakoa diogu: Kutxaren Batzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin elkarrizketak ABIATZEKO lana GURE GAIN hartzen dugu, lehen azaldutako irizpideen arabera Kutxak babestu eta demokrazia zein gardentasuna bermatuko dituzten akordioak lortzeko asmoz. Espero dugu talde desberdinek, bezeroek eta eragile sozial zein politikoek Kutxen izpiritua babesteko beharra ulertuko dutela, batzuek bilatzen dituzten alderdikeria, espekulazioa eta asmo pribatizatzaileetatik salbu.

Era berean, Araban eta Bizkaian dagokigun erantzukizuna ere gure egiten dugu, hauetan baina, herrialde bakoitzean nagusi izan den indarrak kontaktuak hastearen zain geldituko gara. Ezinbestekoak dira kontaktuak Batzarreko errealitatea Kutxen eta Kutxabank-eko gainera organoetan islatzeko. Eta ez diogu uko egiten elkarrizketak abiatzeari gainerako indarrek egiten ez badute. Guztiekin negoziatzeko prest gaude, baina argi utzi nahi dugu gure abiapuntuak Kutxen Izaera Soziala eta Gizarte Ekintza direla, beren izaera publikoaren defentsa eta, ondorioz, pribatizazio asmoen eta etxe desjabetzen kontra egitea. Kutxak eta Kutxabank Euskal Herriaren eta pertsonen zerbitzura jarri behar ditugu, alderdikeria eta espekulazioaren bitarteaz sortu duten krisi honetatik ateratzeko baliagarriak diren erakundeak sortzeko.

EHBildurentzat kezkagarria da EAJk hona ekarri gaituen politika ekonomiko bera planteatzea

1.-Instituzio guztietarako aurrekontuen inguruko adostasuna planteatzen du dokumentuak. Nolabait instituzio guztiek aurrekontuak izatea duen garrantzia azpimarratzeko, baina puntu honen helburu nagusia Eusko Jaurlaritzako 2013ko aurrekontuak onartzea da eta jada iragartzen dituen irizpideak oso kezkagarriak dira:

-defizit publikoa murriztea du helburu, eta ez gure ekonomia berpiztea.

-Estura (austeritatea) eta gastu arruntaren murrizketa planteatzen du.

-Eta “arrazionaltasun” horren atzean sektore publikoaren murrizketarako eta indargabetzerako bidea irekitzen dela dirudi.

-Funtsean, eta gastu soziala mantentzea helburua dagoela esaten badu ere, EAJk proposatzen duen aurrekontu politikaren ezaugarriak zor publikoa bankuei ordaindu ahal izatea helburu duen “Aurrekontu egonkortasunerako legean” dago oinarritua. Alegia, lehen erreskatearen ondorioz Europako botere finantzarioa nagusiek estatu espainolari agindutako betetzea.

2.-EAJ-k aurrekontu politikaren oinarriak definitzerakoan muzin egiten dio EHBilduk proposatutako planteamendu ezberdinei:

-“Aurrekontuen Egonkortasun legearen” irakurketa propio eta aldebakarrekoa egitea. Gure herriak pairatzen duen krisi ekonomikotik aurrera ateratzeko aurrekontu espansiboak eta antiziklikoak behar dira eta EAJk planteatutako ezaugarriak azken urteetan sakontzea besterik ez dute planteatzen.

-Bestetik krisi egoera larri honetan hurrengo urteko aurrekontuetan estatu espainolari ordaindu beharko diogun kupoaren inguruko aipamenik ere ez dago. Kupo horren atal geroz eta garrantzitsuagoa berriro diogu bankuei zorraren interesak ordaintzeko erabiltzen denean.

-EAJk gure herriak burujabetza ekonomiko eta fiskal handiago baten norabidean lan egiteko konpromisoa azaltzen du, ez nola ordea. EHBilduk atal honetan eginiko proposamen zehatzari ez dio erantzuten nahiz eta egungo markotik abiatuko litzatekeen dinamika den (Finantza Kontseilu Nagusitik eta Kontzertuaren Batzorde Mixtotik, hain zuzen). Harrigarria benetan.

3.-EAJ-k erreforma fiskalerako deialdia egiten du. Pozten gara zinez, eztabaida hau Bilduk eta Gipuzkoako Aldundiak jada duela urte bete luze eskatu eta planteatu zutelako. Pozten gara era berean, progresibitatea eta sarreren nahikotasuna helburu duen erreforma planteatzea. Edonola ere, azken urteetan burutu diren erreforma fiskaletan (adib. 2008) edota lehengo urtean Gipuzkoan proposatutako aldaketetan EAJk beti uko egin dio progresibitateari. Eta iraunkorki izandako jarrerak mesfidati izateko arrazoiak ematen dizkigu, are gehiago aurkeztutako dokumentuan espreski Gipuzkoako Aldundiak aurkeztu berri duen Ondasun Handien gaineko zerga geldiarazteko saiakera oso garbi azaltzen denean. Edonola ere, ongi etorria izan dadila, erreforma fiskala eta progresibitatearen eztabaida, duela soilik aste batzuk Urkulluk gai hau demagogiatzat hartzen bai zuen.

4.-Argigarria da berriz ere zeharka bada ere, uko egiten diola hiru lurraldeen arteko iruzur fiskalaren kontrako plan bateratuei. Egia da, Aldundi bakoitzak bere egitasmoa egin behar duela, berez Gipuzkoakoak egin berri du jada, baina egia da ere hiruren arteko koordinazio eta elkarlana ezinbestekoa dela. Eta ez soilik “sentiberatze kanpainak” egiteko.

5.-Ekonomia biziberritzeko plana eta enpleguari dagokionez zera esan nahi dugu. Oro har, positiboak izan daitezkeen norabide ezberdinak ageri dira. Baina EAJk oso ondo daki “defizit publikoa murriztea helburu duen” aurrekontu batekin ezingo direla hor agertzen diren norabide orokorrak plan zehatzetan bideratu. Are gehiago, adibidez gastatzeko egongo den diru kopuruaren zati garrantzitsuena AHT bezalako inbertsio erraldoiak aurrera ateratzeko gastatzen badira. EAJk ez ditu ekimen zehatzak planteatzen atal honetan, jakin badakielako 2013tik aurrera Eusko Jaurlaritzak ez duela nahikotasun finantzariorik ekonomia biziberritzeko plan eta egitasmo zehatzak aurrera ateratzeko. Edonola ere, gure prestutasuna azaldu nahi dugu enplegua sortzeko helburu duten atal guztietan hitz egiteko.

6.-Azpimarratzekoa dokumentu osoan lehen sektoreak bizi duen krisiaz aipamenik ere ez egitea.

7.-Argigarria da ere enplegua sortzeko atal batez ari bagara ere, lan harremanetarako esparrua eskuratzeko edo praktikan lan erreformak gurean eragina izan ez dezaten hartu beharko liratekeen neurrien inguruan aipamenik ez egitea.

8.-Politika sozialak mantentzeko helburua begi onez ikusten ditugu nahiz eta “kontrola” hitzaren atzean zer dagoen ere imajinatu dezakegun eta guztiz kezkatzen gaituen. Hala ere, atal honetan ere hitz potoloetatik zehaztasunetara dagoen bidea ikusteko EH Bildu prest.

9.-Oro har esan daiteke egungo markoaren gabezien baitan eta egungo politika neoliberalek ezartzen duten margenen baitan (“Egonkortasun legea”) kokatutako planteamendua dela. Oinarria beraz arduratzekoa, hona ekarri gaituzten politika ekonomikoaren lerro nagusiak errepikatzea planteatzen delako. Hala ere, EH Bilduk planteatutako erreforma fiskala, enpleguaren sorrerarako ekimenak edota gastu soziala mantentzeko asmoa agertzen den neurrian hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu nahi du. Hori bai, edo sakoneko aldaketak egiteko prestutasuna dago edo sakona, oso sakona den krisi honetatik ateratzea ezinezkoa izango da.

Alternatibak neurriak exijitu ditu lan erreforma baliatuta enpresek langileen kontra darabilten xantaiarekin amaitzeko

Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak salatu egin du gaur milaka langileek egunero pairatzen duten egoera larria, haien enpresetan presionatu egiten baitituzte  beren lan baldintza eta soldatetan murrizketak onar ditzaten: “Azken urteotako lan erreforma desberdinak baliatuta, enpresen aldetik benetako xantaia pairatzen ari dira langileak, zigorrekin eta kaleratzeekin mehatxatzen baitituzte lan hitzarmenetan beherapenak onartzen ez badituzte”.

Hainbat enpresabururen jokabide “mafioso” horren adibide Guardian enpresako zuzendaritza jarri du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, Laudioko lantegian langileek hitzarmen duin baten alde hasitako mobilizazioei 120 lagun kaleratzeko mehatxuarekin erantzun baitie. Kasu honetan, “inolako argudiorik gabe kaleratzeak mahai gainean jarri ez ezik, langileak banan banan deitu dituzte lanuzteak laga ditzaten, enpresak greba oztopatzeko bere esku dagoen guztia egiten duen bitartean”.

Halako gertakarien aurrean, Alternatiba Arabatik erakunde guztiei, Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, dei egin diete, enpresaburuak lan erreformak ematen dien boterea gehiegikeriaz erabiltzen ari diren lan gatazketan inplikatu eta neurri eraginkorrak martxan jar ditzaten: “Erakunde publikoek xantaiak amaitzeko lan egin behar dute, bitartekaritza lanaren bidez eta haien esku dagoen guztia eginda Araban eta Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztien eskubideak babesteko”.

Era berean, eragile sozialei eta herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.

Maite Elizondo EH Bilduren Arabako zerrendakideak lagileen eskubideak lehentasuna izango direla adierazi du

http://www.alternatiba.net/sites/default/files/maite1.jpg

Maite Elizondo, EH Bilduren Arabako zerrendakideak, lagileen eskubideak lehentasuna izango direla adierazi du Gasteizen. Elizondok giza-eskubide eta askatasun sozialen kontrako eraso basatiena bizitzen ari garela nabarmendu nahi izan du.

Zerbitzu sozialen mozketak gogorazi eta pobreziak jasandako hazkundea ere aipatu nahi izan du. Arabak sufritzen duen egoera larriaz aritu da, lurraldean langabeziaren tasak kontrolik gabe gora egin baitu eta dagoeneko 25.000 arabar langabezian daudela azpimarratu du. Elizondo.”Egoera honen aurrean gizarte aldaketa bat aldarrikatzen dugu”.

 

http://alternatiba.net/old-files/maite1.jpg

Bidegurutzean

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak mugarri izango dira, euskal gizarteak asaldatze politikora egiten ari den bidean aukera direlako. Herritarrak mobilizatu, proposamen politiko eraldatzailea eta sistemarekin gero eta aspertuago dagoen gehiengo herritar eta sozialen zilegitasunean aurrera egiteko aukera da aurrean duguna. Hala, hauteskundeak ez dira berez helburua, Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko borroka luzearen etapa bat baizik.

Krisi sistemikoa pairatzen ari garela aurre egiten diegu hauteskundeei, munduan pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak direnean, merkatuek beren diktadura ezarri dutela eta planetaren muga fisikoak gainditzen ditugunean. Euskal Herria ez dago guzti honetatik salbu, herritarrek eskubide politiko, ekonomiko, kultural eta sozialen urraketa larriak jasaten baitituzte.

Kontrako norabidean doazen bi errepideen arteko gurutzebidea da hauteskunde prozesu hau: EHBilduk abiatu nahi duen bide berria eta gainerako alderdien galbidea; ñabardurak ñabardura, sistema sozioekonomiko berari eusteko apustu egiten baitute.

EHBilduren eredua aberastasunaren banaketa du helburu, zerga politika desberdinaren bidez eta honako lehentasunak ezarrita: politika sozialak sustatzea, ekonomiaren sektore estrategikoen kontrol publikoa, lan eskubideen bermea, ikuspegi feministatik gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna erdiestea, ingurumena errespetatzen duten azpiegiturak sustatzea, demokrazia zuzena eta parte-hartzailea, euskararen erabateko normalizazioa, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua, eraikuntza nazionala Europaren baitan eta herritartasun unibertsalaren izaera barneratzailea babestea. Neurri guzti hauek eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko aldaketa bilatzen dute, eta agerian uzten dute programarik eta proiekturik ez dugula dioten ahotsen diskurtso faltsua.

Eta zein da PPk, PSEk eta PNVk eskaintzen duten herri proiektua? Esanak esan, Espainiako patronalak asetzen duena, enpresaburuen presidente Juan Rosellek berak hiru alderdi horien programak publikoki bedeinkatu baititu. Alegia, betikoa: desarautzea eta neoliberalismoa, gutxiren mesederako mega proiektuak, eskubideak murrizten dituzten lan erreformak, atzerapausoak emakumeen egoeran, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta prekarizazioa, gizarteko sektorerik ahulenen kriminalizazioa eta estatutuan oinarritutako formula agortuak.

Alternatibatik argi daukagu itzulerarik gabeko bidea dela hau, herri honetako gehiengo politiko eta soziala amildegira daramana eta, horregatik egunero lan egiten dugu gero eta jende gehiagok bultzatzen duen EHBilduren proiektuan, joera politiko desberdinak baina helburu komuna dutenen elkarlanean oinarritutakoa: eredu politiko, ekonomiko eta sozial bidegabe hau gainditu asmo duena.

Jakin badakigu bide luzea dugula aurretik, eragile desberdinen laguntza eskatuko duena eta eguneroko ekintzetan gauzatu beharko duguna, kalean zein instituzioetan. Azken eremu honetan, beharrezkoa deritzogu hainbat arloetan akordioak egiteari, burujabetza politikoa, bestelako zerga politika, herritarren parte-hartzea, parekidetasuna eta jasangarritasun ekologikoa lortzeko. Baina era berean, badakigu ezinezkoa dela sistema iraunaraztea beste helbururik ez duten alderdi politikoekin inolako gobernu akordiorik egitea.

Eman dezake formula hauek jauzi kuantitatiboak egiteko autobideak izan daitezkeela burujabetza edota politika sozialak bultzatzeko baina, benetan, kale itsuak besterik ez dira, politika ekonomiko neoliberalen bidesaria ordaintzeko prest dauden bidaideak dituztenak, murrizketa sozialak edo autodeterminazio eskubidea ukatzea. Laburbilduz, ezin dugu bazter utzi gure helburuarekiko koherentzia, ezta prozesu honetan gurekin aurrera egiteko prest dauden eta itxaropenez beteta dauden pertsona guztiak, horiek bai daudelako gure bidean laguntzeko prest.

Alternatibak Urkulluri galdetu dio zein gizarte politikak desagerraraziko dituen AHTa ordaindu ahal izateko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek hauteskundeetan bakarrik pentsatzen aritzea leporatu dio gaur EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluri, Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren lanak ordaintzea proposatu ostean: “Kontraesan handia da hurrengo urteetako zor eta finantza-zama handiaz hitz egin eta, aldi berean, AHTak suposatuko duen dirutza ordaintzeko prest dagoela esatea”. Hori dela eta, Matutek Urkulluren inkoherentzia salatu nahi izan du; “kudeaketarako inolako gaitasunik ez duela eta edozer gauza saltzeko prest dagoela erakutsi du lehendakaritza eskuratzeko”.

Alternatibatik azpimarratu dutenez, “Alemaniako bankuetatik agindu eta Madriletik inposatutako murrizketa sozialak  geldiaraztea da gure lehentasuna” eta, horregatik, “arduragabekeria izugarria da euskal herritarrek gehiago ordaindu behar izatea aldez aurretik gizartean eztabaidatu ez den eta zalantza handiak dituen makro azpiegitura”, kontuan izanik Gasteiztik haratago joango den bermerik ez dagoela.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaile eta EHBilduko hautagaiak Urkulluri galdetu dio ea “AHTa ordaintzea nahiago duen osasungintzan, hezkuntzan eta politika sozialetan murrizketak eginda, kontuan izanik urriaren 21eko bozen ostean agintean izango den Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago izango duela”. Horrexegatik eta, azkenik, jeltzaleak “arlo guzti horietan murrizketak egingo dituen” argitu behar duela ziurtatu du, bestela, “herritarrekin gezurretan ariko” litzateke.

X