Urkulluk PSE eta PP nahi ditu bidelagun, eredu sozioekonomiko berbera defendatzen dutelako

Urkullu lehendakariak argi utzi du gaur goizean zein den EAJk eta bere gobernuak euskal herritarrei eskaintzen dieten etorkizuna, egungo egoera larri honetara ekarri gaituzten politiketan sakontzea eta hori PSEren eta PPren eskutik egitea, hain zuzen ere. Bere aurrekontu-proiektua bertan behera utzi ondoren, Urkulluk EH Bildurekiko akordioak lortzeko edozein aukera baztertu du, eta adostasuna PSErekin eta PPrekin soilik bilatuko duela aitortu du.

Marian Beitialarrangoitiak eta Oskar Matutek adierazi dutenez, “lehendakariak argi utzi du PSE eta PP direla politika egiteko berak nahi dituen bidelagunak eta modu horretan agerian utzi du zein den Jaurlaritzaren jardueraren norabidea”. EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, “Urkulluk bide horren aldeko apustua egin du EAJk, PSEk eta PPk eredu sozioekonomiko berbera defendatzen dutelako, eta jakin badakielako PSEren eta PPren eskutik ez dela sakoneko aldaketarik bultzatuko. Lehendakariak krisialdi honetara ekarri gaituzten politiken inguruan sortu nahi ditu gehiengoak, ez besterik, behar-beharrezkoa den sakoneko aldaketa saihesteko, eta horregatik uzten du albora EH Bildu”.

Beitialarrangoitiak eta Matutek iruzur egitea eta ardurak saihestea leporatu diote Urkulluri, “akordiorik nahi ez duena EH Bildu dela irudikatzen saiatzen ari baita”. Horren harira, koalizioa akordioetarako prest dagoela berretsi dute, betiere euskal herritarren lan eta gizarte eskubideak eta etorkizun duina bermatzeko. Horretarako ezinbestekotzat jo dute eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua egitea, gizartearen gehiengoak eskatzen duen sakoneko aldaketa gauzatzeko, “EAJk, PSEk eta PPk kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, gauzak egiteko modu bakarra ez dagoelako, bestelako bideak ere posible eta beharrezkoak direlako. Hori da gure konpromisoa euskal gizartearekiko, beste eredu baten alde lan egitea”.

Makiaveloren handikiak

Diana Urrea eta Xabier Soto – Alternatiba

“Errepublika orotan daude kontrajarritako bi joera: handikienaeta herriarena”. Makiavelo izan zen esaldi honekin, duela bost mende, gizarte orok izango zuen interes gatazka aurreikusi zuena. Politika-ekonomia eliteak ezarritako jabetza pribatuak eta lege hauek amildegia ireki dute hierarkikoki oso bananduak dauden bi klaseen artean: Jabeek osatutako klasea, boteretsuen eta buruzagien klasea, jabetzarik ez duen klasearekin, pobreen eta langileen klasearekin kontrajarrita. Gutxi batzuen pribilegioak, ororen ongiaren kontra; herrian sortutako presioa alde batetik, eta handikiena bestetik.

Aurtengo, maiatzaren lehenarekin batera, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorraren atarian egonda, Gipuzkoa, duela hainbat mende iragarritakoklase borroka horren adibide bikainaren ikusle bihurtu da. Baina oraingo honetan, ñabardura desberdin bat dago. Zerbait aldatu da. Boteretsuek antzeman dute jada, eta urduri daude.

Lurraldeko hirugarren adinekoen egoitza guztietan lan egiten duten 4.800 pertsonak, lan hitzarmenaren negoziaketan haien eskubideak ez galtzeko borrokan ari dira. Borroka, langileek eskura dituzten arma bakarrekin egiten dute: kartelak, txilibituak, lemak, pankartak… Baina armak eskuan prest dituen erraldoi baten kontra ari dira. Makiaveloren handikiak, Adegi patronala kasu honetan, haien botere politiko, ekonomiko eta mediatiko osoarekin eraso egiten diote langileriari (sektoreko gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea).

Komunikazio talde boteretsuaz eta EAJ eta PP bezalako alderdiaz babestuta, Adegik probetxua hartu ez ezik, Madrileko konplizeek haien zerbitzura jarritako arma baliagarriena eta gaiztoena ere dute eskuragarri: Espainiako lan kontra-erreforma. Erreforma betez, eta Euskal Herriko dozenaka lan itunekin gertatu behar den bezala, bi aldeen arteko hitzarmena lortzen ez bada, uztailaren 7an sektoreari dagokion estatu hitzarmena indarrean sartuko da eta milaka dozena langilek dituzten lan baldintzak larri kaltetuak izango dira. Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek patronalaren baldintzak onartzen ez badituzte, bi hilabeteren buruan hau izango da haien egoera: 400 eurotako soldata jaitsiera eta 200 lanordutako igoera urteko.

Borroka ezin da desorekatuagoa izan. Txilibituak arrazoi osoarekin hots eginda ere, ezin dute botere politiko eta ekonomikoen artilleria astunaz jositako aliantzen kontra ezer egin. Lehenengo aldiz, ostera, zerbait ari da aldatzen. Gipuzkoako herritarrek erabaki dute, klaseen borroka horretan, botere instituzionala herriaren alde daudenek izan behar dutela. Eta EAJko gobernuarekin hamarkada luzez hitzarmenak egin ostean, orainhandikiek haien Gipuzkoako konplizea galdu dute. Bilduren Foru Gobernuak zerbitzu publikoen aldeko bandera goratzea eta lurraldeko zahar-etxeetan zein eguneko zentroetan lan egiten duten emakumeak babestea erabaki du. Argi eta ozen esan du: “Emakumeak babestuko ditugu”.

Espainiako lan erreformaren aurka eta herri honetako edozein langilek lortutako eskubideak kentzearen kontra dagoela aditzera eman dio mundu guztiari. Konpromiso hori ixteko eta langileen soldata igoerari eusteko, mahai gainean 8,2 milioi euro jarri ditu, langile hauen lan duina bermatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzu duinak eskaintzearekin lotuta dagoelako.

Adegiren suminduraz beteriko erantzuna Aldundiaren kontrako auzia jartzea izan da: “negoziaketa kolektiboan aurrekaririk gabeko esku sartzea” salatzeko. Hor dago koska: “aurrekaririk gabekoa”. Harrituta, patronalaren handikiek Aldundiari auzia jartzera behartuta sentitu diren historian lehenengo aldia dela ziurtatu dute. Txundituta esaten dute, norabidea galduta botere politikoaren eta enpresarien arteko ohiko adostasun hori galdu dutenean. Urteak eman dituzte Aldundian paseatzen, bostekoak elkarri ematen, diru publikoarekin tripa-festa ederrak egiten eta gorbatadun gizon boteretsuekin bilkurak ospatzen. Baina orain, epaimahaien babesa eskatu dute Foru Gobernuak haien poltsikoak betetzen jarraitzeari uko egin diolako.

Makiaveloren handikiak urduri daude. Bilduren Gobernuaren jarrera hain da ezohikoa, legez kanpokoa ere iruditzen zaiela. Orain arte, publikoaren eta langileriaren duintasunaren alde egiten duen Gobernu baten berririk ez zuten. Zaintza lanen, dagoeneko kolokan dagoen sektore feminizatuaren lan baldintzak okertzeko prest ez dagoen botere politikoa zegoenik ez zekiten. Lan ezegonkortasunaren biktima diren emakumeen eskubideak defendatzen dituen instituziorik dagoenik ez zekiten. Ez eta, enplegu prekarioa dutenen, zaintzaren ezkutuko ekonomian bizi direnen eta familia aurrera ateratzeko aldi baterako kontratuak dituzten ezkutuko langileen defentsan inor zegoenik.  

Horregatik, Alternatibatik Aldundiaren Politika Soziala Sailaren eta bere ordezkari – militantzian kide dugun- Ander Rodriguezen jarrera txalotzen ditugu, baita bere lan-talde osoarena ere. Aldi berean, Gipuzkoako Aldundiak langileekiko berretsitako konpromisoa txalotzen dugu, diru publikoarekin ordaindutako obretan lan baldintzak eta hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresei zigorra ezarriko diela jakinarazi berri baitu.

Gaur lehenengo aldiz, emakumeek, langile klaseek eta sektore zapalduek aliatu bat dute Gobernuan. Klase borroka su gabe diraki, Gipuzkoan zein Euskal Herrian.

Aurrekontua: EAJren porrota agerikoa da, herri honen beharrei erantzuteko gai ez izateagatik

Jaurlaritzaren aurrekontuei buruzko eztabaida irekiz geroztik, EH Bilduk diru-sarreren atala handitu beharra nabarmendu du behin eta berriz. Besteak beste, espainiar Estatuak inposatutako defizit muga, EAJk ontzat eman duena, ez onartzea eta igotzea ezinbestekotzat jo du koalizioak, Jaurlaritzak euskal jendartearen beharrei modu egokian erantzuteko behar adina baliabide eskuratu ahal izateko. EAJk planteamendu hori errefusatu du etengabe, baina orain bere aurrekontu-proiektua bertan behera utziko duela iragartzen du, defizit muga igo behar dela onartuz, EH Bilduk eskatzen zioena, hain justu.

 

“Aurrekontu-proiektua bertan behera uztearekin EAJk bere porrota agerian utzi du, herri honen beharrei erantzuteko gai izan ez delako eta bere egitasmoa aurrera eramatearren behar zuen babes politikoa lortzeko gai izan ez delako”, Oskar Matutek eta Belen Arrondok adierazi dutenez. Defizit muga igotzearen aldeko koalizioaren apustua gogora ekarri du Matutek, eta salatu du Jaurlaritzatik zein Sabin Etxetik “utopikoak izatea eta errealitatetik kanpo bizitzea leporatu digutela horregatik; orain, aldiz, Urkulluk berak aitortzen du hori dela bidea eta, finean, guk arrazoia geneukala”.

Aurrekontu-proiektua erretiratzeak sortarazten duen egoeraren ardura osoa EAJri dagokiola azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta hemendik aurrera ere jeltzaleen ardura izango da Jaurlaritzaren politika ekonomikoa norabide egokian jartzea. “Eztabaidari beste parametro batzuetatik heltzeko aukera dauka orain Jaurlaritzak, eredu sozioekonomiko berri baten alde, eskubide sozialak babesteko eta bizi baldintza duinak bermatzeko, baina orain arteko ereduari eusten baldin badio, Troikak, Bruselak eta merkatuek nahi duten ereduaren aldeko apustua egiten badu, aurrez aurre izango gaitu”, ohartarazi dute Matutek eta Arrondok. Ido horri jarraituz, EH Bilduk emergentzia plana eskatzen dio Urkulluri, krisiaren ondorioei eraginkortasunez erantzuteko plan hori ezinbestekoa delakoan; are gehiago, Gobernuaren aurrekontuak berak plan orokor horren tresna izan behar du.

Azaldu dutenez, aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketa guztien bitartez EH Bilduk Jaurlaritzaren diskurtsoa gainditu du eta beste eredu bat egon badagoela argi utzi du, “posiblea dela diru publikoa beste modu batean erabiltzea, doktrina neoliberalarekin apurtuz eta erdian pertsonak jarriz, kalitatezko zerbitzu publikoak eta lan baldintza duinak bermatzeko eta ekonomia berpizteko”. Oskar Matuteren esanetan, “horixe da EAJk nahi ez duena, jendeak jakitea krisiari aurre egiteko beste modu bat dagoela; horregatik uko egin dio eztabaida horretan sartzeari, eta bere aurrekontua aukera posible bakarra balitz bezala aurkeztu du; akordioak bilatu beharrean, bere proiektua inposatu nahi izan du, azkenean bertan behera utzi behar izan duen arte”.

 

Onartezina da Bizkaiak saskibaloi talde bati 5,2 milioi euro ematea

Jakin bagenekien Jose Luis Bilbao eta PNV, saldu nahi digutenaren kontra, oso kudeatzaile txarrak direla. Bizkaitarrekiko behintzat, izan ere, haien adiskide bankari eta enpresaburu handika poz-pozik dituzte haien mesederako eginiko zerga politikarekin. Supersur errepidea dugu adibiderik onena, inork behar eta erabiltzen ez duen makro azpiegitura defizitarioa. Urtero gero eta zulo handiagoa eragiten dio Bizkaiko ekonomiari, baina hasieratik ere, Bilbaok berak aitortu zuen bizkaitarron hainbat belaunaldirako hipoteka zela obra hura… Baina aurrekari horiekin ere, ezin genuen espero Bizkaiko Foru Aldundiaren azken erabakia, kirol talde pribatu bati 5,2 milioi euro bideratzea. Noiz era politika sozialetarako dirurik ez dagoela esaten duenean. Honetaz ari ote zen duela hilabete batzuk “gastuak egokitu eta ekonomia sustatzeaz” hitz egin zuenean? Iruzurraren kontra duela gutxi aurkeztutako kanpaina berregin diogu Bilbaori: Adarra jotzen?

Oskar Matuteri elkarrizketa Radio Euskadin

EHBilduko legebiltzarkide Oskar Matuteri elkarrizketa Radio Euskadin. Matutek, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaz, maiatzaren 30eko Greba Orokorraz, bake prozesuaz eta zabor bilketa sistema desberdinen inguruko polemikaz hitz egin du. 

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektu “neoliberala eta atzeragarriak” “eskuinaren babesa” jasoko du, hau da, PPk eta UPyDk babestuko dute.

PPk osoko zuzenketa aurkeztuko badu ere, Antonio Basagoitiren alderdiak akordioa lortu arte horren “printzipioak aldatu” egingo dituela kritikatu du Matutek.

Legebiltzarkide abertzalearen esanetan, EAJk azaldu egin beharko du zergatik akordioa lortzeko “ahaleginak” PPri eta UPyDri zuzenduta dauden.

Matutek “muga gorriak” zeharkatu izana egotzi dio Jaurlaritzari, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte laguntzen arloetan murrizketak egin baititu. Hori dela eta, EH Bilduk “ezin du” proiektua babestu, eta PSE-EEk “nekez” egingo duela dirudiela gaineratu du.

Greba orokorra

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorra-ri dagokionez, Alternatibako buruak ukatu egin du “gutizia” dela, eta langileek soldataren parte bati uko egingo diotela gogorarazi du.

Matuteren aburuz, greba orokorra egitea herritarren desengainua adierazteko modu onena da, eta “hobe litzateke” gainerako sindikatuek ere bat egitea. CCOOk eta UGTk bat egiten ez badute ere, hori ezin dela greba egiteko “oztopo” izan iritzi dio.

X